Haurren imaginarioarekiko sentsibilitate nabarmena erakutsi du bai musikagintzan bai literaturan egin duen sorkuntza-lanean. Oro har umeekin, eta, bereziki, bera izan zen umearekin harremanetan egoteko bidea eman dio sorkuntzak muguruzari.

Hamaika abizen jarri diezaizkiokegu Jabier Muguruzari: musikaria, musika-konposatzailea, musika-irakaslea, akordeoi-jolea, idazlea... Abizen horiek guztiak sormenari estuki lotuak; bihotz, buru eta eskuekin musika nahiz literatura sortzeari emanak. Hala ere, ez du gustuko sortzaile abizenik erabiltzerik beretzat. Hori, nahiz eta txikitatik sormenerako joera izan duela ohartzeak lagundu dion bere bokazioaren inguruko zalantzak eta kezkak argitzen.

Literatura eta musika, bi baratza horietan erein du nagusiki Muguruzak sormenaren hazia, eta bietaz hitz egin dugu berarekin, edo bien batuketaz. Baina, batik bat, sormen bide horietan haurren munduarekiko erakutsi duen sentsibilitatea izan dugu hizpide, kezka eta hausnarketa iturri baititu gurasotasuna, hezkuntza, pedagogia, eta umeen mundua. Izan ere, haurrak berriketan entzutean liluratuta gelditzen denak, haurrei ahotsa emateko bokazio nabarmena erakutsi du; eta, bokazio honi dagokionez, ez du zalantza edo kezka handirik erakusten. Gozo onartzen du haurrekiko sentsibilitatearen abizena.

Haur zinela, 5 urterekin, hasi zen zu eta musikaren arteko harremana; zehazki, zu eta akordeoiaren artekoa. Handik bi urtera, haurren kategorian Europako Txapeldun izan zinen akordeoian. Haur bezala, zer izan zen musika zuretzat?

Ez da gai erraza. Batetik, memoria, dakizunez, oso jostalaria delako, oso bihurria. Eta, bestetik, nire bizipenak kolore askotakoak izan direlako. Gutxienez esango nuke esperientzia hura izan zela oso bizia, onerako eta txarrerako. Txarrerako, presio bat ezartzen zidalako; presio estra bat, izan ere banituen bestelako presioak ere, ume guztiek bezala. Eta, onerako, bai lehenengo etapa hartan, bai nerabezaroan bertan, gogoratzen dudanez lagundu zidalako nire hainbat ezinegon, sufrimendu eta tentsio baretzen; sentimenduak eta emozioak transmititzen ere bai, jakina. Joan nintzen ikasten akordeoiak bazuela arima bat, eta arima hori hauspoan bizi zela. Eta, hauspo horretan asmatuz gero, instrumentuak egiten zuela hitz, negar, barre... dena.

Akordeoiaren ikaskuntza, musikaren pedagogiaren baitan nahiko manera tradizionalekin lotu ohi da. Nola oroitzen duzu ikaskuntza tradizional hura? Haurrari musikaz gozatzeko tarterik uzten al zion?

Garai hartan musika irakasteko metodoa oso atzeratua zegoen, pedagogiarekin-eta ez zuen zer ikusirik; oso-oso zurruna zen. Orduan, plazera, gozamena, zuk zeuk bilatu behar zenuen, nahiz eta modu naturalean ere etortzen zela uste dudan; beno, kasu askotan behintzat. Izan ere, orduan utzi egiten zuen jende askok, kasu askotan izan zitekeen hain sufrimenduzko bidea garaia hartan... 60ko hamarkadaz ari naiz, aspaldi. Beraz, erabiltzen zen sistemaz ari bagara bakarrik, nik uste ez zela batere egokia, baina zuk zeuk bilatzen zenituen bidezidor batzuk, eta, momenturen batean, batez ere ez bazegoen kontrolik eta presiorik inguruan, zuk zeuk aurkitzen zenuen gozamenerako tartea. Nik, adibidez, joera, konposatzekoa-eta, oso-oso txikitandik izan dut.

Dudak izan nituen nire bokazioa-edo dena delakoari buruz bolada batean, edo, hobeto esanda, urte dezentetan, eta halako batean akordatu nintzen nola 8-10 urterekin Agoitzera joan oporretara eta neskato batekin txoratua gelditu, eta kantu bat eta hitzak konposatu nituela. Gogoan dut hitzak lotsagarriak zirela, eta kantua ere nahiko txarra, baina erakusten du bazegoela joera bat, aspaldikoa; 8-10 urte izango nituen, mutil koskor bat. Hainbeste zalantza nire bokazioaz, hainbeste urtean... eta hortaz oroi-tzeak lagundu zidan zalantzak argitzen.

Dena dela, haurtzaroko musika-irakaskuntzara itzulita, desastre bat zen hura. Nire andrea musika-irakaslea da, eta ikusten dut oraingoak ez duela zerikusirik lehenagoko estiloarekin-eta. Ez dut esaten hainbeste irakasleei kulpa botatzearren: pedagogikoki eta hezkuntza-munduan bestelako garaiak ziren, frankismoan geunden. Orduan, inori kulparik bota gabe, edo askorik bota gabe, nik uste hobera egin dugula ikaragarri, badakit beste modu batera ari direla gauzak egiten.

Ni ere izan nintzen musika-irakasle, Hondarribian; Pedagogia ikasketak utzita jada, pisu bat alokatu eta han egon nintzen 10 urtez-edo eskolak ematen. Eta, hasi nintzenean, saiatu nintzen beste modu batera egiten. Banituen nire ideiak eta planteamenduak irakasteko, oso oinarrizkoak. 20 urteko gazte bat nintzen, eta nire ideiak nahiko inuxenteak ziren. Gerora gauza asko irakurri eta ikasi ditut neure buruaz, ni nintzen umeaz, eta, orokorrean hartuta, umeei buruz.

Musika jo ez ezik, musika sortzeari ere ekin zenion urteekin. Nola egin zenuen sormenerako jauzi hura? Beti izan duzu, beraz, musika sortzeko grina?

Niretzako sorpresa bat izan zen: ari nintzen nire hausnarketa eternal horietan, eta, halako batean, konturatu nintzen “baina, umea zinela konposatu zenuen kantu bat, hitzak eta musika!” Horretaz ohartzea izan zen niretzat egiaztatzea ia betidanik izan dudala joera.

Akordeoiarekin jarraitu arren, nerabezaroan pianoa eta gitarra ikasten hasi nintzen, eta beti ari nintzen endredatzen. Gogoan dut pianoarekin hasi, eta, berehala, nik banituela nire konposaketak. Irakasleak, gainera, ez zidan sinesten abesti haiek nik egin nituenik, eta sekulako amorrua ematen zidan! Hori izango litzateke bigarren oroitzapena: 15-16 urterekin pianoarekin hasi eta berehala nik banituela nire piezatxoak. Horietako batzuk errekuperatu eta nire diskoetan daude, instrumental bezala eta akordeoiarekin jota.

Etxean izango zen halako musika giroa hiru anaiak sortzaileak izateko...

Pablo Nerudak esaten zuen idazle baten atzean negarrez dagoen ume bat dagoela.Ez dut nahi hartu biktimista papera, inondik inora, baina nik uste dut guk haurtzaro gogor samarra izan genuela, hirurok, bakoitzak bere modura. Musika giroarekin baino gehiago lotuko nuke horrekin.

Dena dela, etxean musika entzuten zen, bai; adibidez, akordeoia asko. Ideologiak alde batera utzita eta errealitatea jarrita, gu muga ondoan bizi ginen, eta mugaz beste aldeko eragina oso frantsesa zen. Muset musika, adibidez, asko entzuten zen, eta ez zen hain zuzen baserriko musika, frantsesa zen erabat; Yvette Horner eta horiek guztiak asko entzuten ziren gure etxean. Pop-a ere en-tzuten zen, Nino Bravo, Julio Iglesias...

Nerabezaroan jada gu geu hasi ginen diskoak erosten; orduan erosi egiten ziren diskoak, eta asko, gainera. Nire lehenengo xoxekin egin nuen lehenengo gauza, muga pasa eta musika-ekipo on bat erostea izan zen, oraindik etxean dudana. Pentsa ze kultura zegoen musikaren inguruan eta entzuketaren inguruan! Nola entzun musika, horrek asko arduratzen gintuen. Orain, adibidez, disko berria grabatzerakoan ni sufritzen ari naiz, erotu beharrean kontrabaxu hori nola sartu prentsatuz, eta gero gogora etortzen bazait norbaitek entzungo duela bere mugikorrean-edo... Hor galera bat dago, hartzailea ateratzen da hor galtzaile. Sonoritatearen bitartez lor daitekeen gozamena ikaragarria da. Eta horrek badu aplikazioa haurren munduan ere.

Sortzaile gisa aurkeztu zenuen lehen diskoa, hain zuzen, haurrei zuzenduriko disko bat izan zen: ‘Ja, ja’, 1989n. Zergatik haurrentzat zure lehen sormen lan hura?

Nire seme-alabak orduan oso txikiak ziren, 4 eta 2 urte zituzten, eta ez nituen oso gogoko garai hartan umeentzat zeuden gauzak; Juan Carlos Perezen Flanery eta bere astakiloak kenduta. Bestalde, Xabier Lete eta Imanol eta hauekin jotzen ari nin-tzen; rockeroekin ere bai, Kortatu, Zarama eta horiekin, baina jada banuen barruan galdera: “Eta, Jabier, zuk zer? Ondo dago jotzearena, baina...” Orduan, nik uste dut elkartu zirela zerbait neurea egiteko behar hori-edo, eta umeentzako zerbait egiteko gogoa.

Erritmo aldetik zerbait bizia eta dinamikoa egin nahi nuen. Dena dela, orain beste letra batzuk egingo nituzke, izan ere, 89ko kontuez ari gara hitz egiten. Orain dela bospasei urte Nire gorputza diskoa atera nuenean, jada bestelako letrak ziren, beste bide batetik jo nuen. Hain zuzen, Juan Kruz Igerabideren letrak erabili nituen. Jada ez nuen ikuspegi bera haurtzaroari edo hezkuntzari buruz, jada ez nin-tzen 1989ko ganberro hura. Ganberro diot, Ja, ja diskoan hitzak zirelako nahiko punkiak. Oso ondo funtzionatu zuen; nola ez, Euskal Herrian, hemen gauza punkiak behar ditugu. Baina urteekin ikusi dut hori baino aberatsagoak garela umeak, pertsonak; ez dela dena kolpe hori, haustura.

Zer eman nahi izan zenien ‘Nire gorputza’ diskoan, aurrekoak ez zuena?

Bigarren disko horretan askoz gehiago interesatzen zitzaidan Juan Kruz Igerabide batek edo Mari Asun Landa batek planteatzen duen haurraren ikuspegia, ikuspegi punkia baino. Emozioak, mundu emozionala gehiago agertzen da. Izan ere, ordurako ikasia nuen umea ez dela bakarrik presiopean bizi zen hori, Ja,ja-n agertzen den hura. Hori ere bada, baina baita bestelako kezkak, beharrak eta buruhausteak dituena ere.

Dena dela, Ja, ja errebindikatzen dut; gainera, arrakasta bat izan zen, eta nik arrakasta horietakoak gutxi izan ditut nire bizitzan. Izan dut prestigioa, eta nire lanak estimatuak izan dira eta abar, baina Ja, ja-k lortu zuen arrakasta horietakoak gutxi. Gainera, arrakasta kurioso bat izan zen; gauez txosnetan, goizeko ordubietan, helduak ere ari ziren dantzatzen Ja, ja, zerbeza eskuan hartuta. Uste dut disko oso alaia zela. Hori errebindikatzen nuen eta errebindikatzen dut: umeentzat alaitasuna. Nik haurtzaroan ezagutu nuen garaia oso iluna izan zen, dena zen iluna: musika, eskola... La Salle frankista hura, ez dut gogoratu ere egin nahi. Orduan banuen desio handi bat, oraindik ere mantentzen dena: eusten diot umeentzat zerbait alaia egiteko gogo horri. Baina, alaitasunaz gain, beste elementu batzuk gehitu ditut urteekin haurrentzako abestietan. Nire gorputza diskoan, Juan Kruzen testuetan topatu dezakezun aberastasuna dago. Gorputza, adibidez, guretzat izan zen zerbait zikina, tabua.... Juan Kruzen testuekin lortu dut gorputza, sexua, oso modu ederrean, naturalean, aurkeztea; hori zoragarria da. Hori bezala, esango nuke Nire gorputza diskoan samurtasuna dagoela. Beno, Ja, ja-n ere bazegoen; Ja, ja-rekin adiskidetzen ari naiz elkarrizketa honetan!

Haurrei zuzendu ez ezik, haurrei ahotsa eman diezu zure hainbat abestitan. Aipaturiko ‘Ja, ja’ diskoan, nagusiki, baina baita hainbeste gorazarre jaso duen ‘Aise’ diskoko “Benino edo Benito” edo “Gaueko bederatziak” abestietan, adibidez. Alegia, hartzaile pasibo gisa hartu baino, rol aktibo bat eman diozu haurrari. Haurrak parte-hartzaileago behar al lukete gure gizartean?

Nire obra osoan, bai literaturan bai musikan, dago interes berezi bat ni izan nintzen ume horrekiko, eta orokorrean umeekiko. Saiatu naiz ni izan nintzen umeari ahotsa ematen, presente edukitzen, eta, bidez batez, beste ume batzuei ere bai. Aise disko horretan Beñat, gure semea dago Gaueko bederatziak abestian, eta Benito edo Benino-n Txema Garces baxulariaren semea, Alberto. Orduan haurrak ziren.

Ni ez naiz izan aita eredugarria, batez ere lehenengo etapan, oso gaztea nintzen. Gero, nerabezaroan-eta, errebalida bat egoten da gurasoentzat, eta hor uste dut aprobatu nuela. Oso harro nago bigarren etapaz; sekulako zortea izan genuen, Irungo Ikastolako Guraso Eskolan izan genituelako profesional batzuk oso onak. Saiatu naiz seme-alabei entzuten, beraiekin harreman bat sortzen. Tamainaz handia izan naiz txikitatik, eta beti saiatu naiz makurtzen eta beraien altueran jartzen; baina ez jolasteko eta bi txiste egiteko bakarrik, baizik eta jasotzeko; beraiengandik jaso daitekeena asko da. Nire obran hori islatzen da, dudarik gabe; musikan asko, haurrak dezentetan ateratzen baitira nire kantuetan. Eta literaturan dudarik gabe, gehien-gehiena haurrentzat idatzi baitut. Bi ume ikusten ditut hizketan eta txoratuta gelditzen naiz; ikaragarri gustatzen zait hori adibidez, umeei hizketan entzutea.

Eta, bide horretatik, helduok zer erreminta eman behar diegu haurrei, sortzaile izateko, eta ez edukien har-tzaile eta erreproduzitzaile soil? Edo sortzeko grina pizteko, bederen.

Sortzaile hitza ez zait sobera gustatzen; saiatzen naiz saihesten nire diskurtsoan, pentsa. Pedagogiaren ikuspegitik begiratuta, segur aski gure etxea izango zen oso etxe desegokia sortzaileak sortzeko, hazitzeko edo hezteko. Baina hirutik hiru atera ginen. Beraz, horretan zalantzak ditut, haurrei eman beharreko baldintzei buruz, sortzeko grina izan dezaten. Horrekin ez dut esan nahi egurra eta presioa eman behar zaienik, baina zalantza handiak ditut.

Beste gai batzuetan, gurasotasunaren inguruan, adibidez, ez dut zalan-tzarik, argi ditut gauzak. Horregatik, gaur egungo egoerak kezka handiak sortzen dizkit. Joaten naizenean, adibidez, areto batera, bukatzen dugu soinu-froga, eta galdetzen diet antolatzaileei ea arazorik ba al dagoen bertan uzteko instrumentuak, eta erantzuten didate “kontuz, orain igoko dira umeak eta hasiko dira instrumentuak jotzen, eta gurasoek ez diete ezer esango”. Uste dut adibide esanguratsua dela. Oso kuriosoa da, honetaz hitz egiten dut guraso gazte batzuekin eta esaten didate “nik ezin dut hori kudeatu”. Horrek zer pentsa handia ematen dit: ez gara gai esateko gure semeari “hori ezin da ukitu”? Nik uste dut bi gako daudela heziketan: mugak eta maitasuna, eta biak ondo uztartuta badoaz, umea aise doa aurrerantz.

Oso esperientzia ederra izan genuen iaz Camprodon-en, Kataluniako Gironan. Erreferente pedagogiko garrantzitsua omen da bertako eskola. Helduentzako kontzertu bat ematera joan, eta eskatu ziguten goizean eskolako umeentzat ere kontzertu bat emateko. Nire kezka zen ea aguantatuko ote zuten, gainera ulertzen ez zuten hizkuntza batean... “Lasai, zuk esplikatu kantuak”, esaten zidaten. Azkenean egin genuen eta etorri ziren 300-400 pertsona, umeak. Ez dakit txikienak zenbat urtekoak izango ziren, baina oso txikiak ziren, pigmeo batzuk. Atera ginen eszenatokira Mikel Aspiroz eta biok, eta pentsa-tzen nuen “hau izango da katastrofe bat, hasiko dira oihuka...” Sinestu iezadazu ordu eta gehiagoko emanaldia izan zela eta denak, baita pigmeoak ere, egon zirela erne, adi; abestu zuten nirekin leloa euskaraz! Hitz egiten duzu eskola horretako jendearekin, ikusten duzu nolako dinamikak jarri dituzten martxan gurasoekin... Eta esaten duzu, “hemen daude islatuta nire kezkak!”.

Ez dut ikusten benetako konpromisorik gurasoen aldetik. Eta berriro diot, ni ez nintzen izan eredugarria. Baina orain badirudi haur denak direla gatazkatsuak, eta bitartean ari dira saiatzen edozein modutara gurasoen arreta erakartzen. Ez diegu nahiko arreta eskaintzen, ez dira sentitzen maitatuak. Alde horretatik, kezka handia daukat, baina beno, musikaria naiz, zer egingo dut nik?

Segi dezagun sortzaile gisa zure bigarren hankarekin: literatura. Zure lan literarioa, nagusiki, haurrei zuzendua izan da. Zer istorio mota kontatu nahi izan diezu? Eta zer kontatu nahi izan diezu istorio horiekin?

Nire lehenengo liburua izan zen Sei lagun, sei sekretu, eta niretzat sekreturik handiena da urteak pasa eta zergatik segitzen duen izaten hainbesteko arrakasta, besteek izan ez dutena. Oraindik ere eskoletatik deitzen didatenean askotan izaten da Sei lagun, sei sekretu-taz hitz egiteko. Liburu hartan saiatu nintzen nire hainbat kezka islatzen. Sei lagun daude, koadrilatxo bat, eta pertsonaia oso desberdinak daude. Nik uste dut ni izandako umearen sei alderdi islatzen zirela. Mundu emozionala agertzen da oso modu nabarmenean, eta identifikatu egiten dira horrekin. Joaten naiz eskoletara eta hizketan egoten naiz umeekin, oso esperientzia ederra izaten da. Nahi dut, batik bat, umeekin harremanetan egon; beraiekin eta ni izan nintzen umearekin.

Adibidez, orain publikatu dut Tonetti anaiak izeneko diskoa. Tonetti anaiak pailazo oso famatuak izan ziren, eta, kanta batean kontatzen dudanez, haurra nintzela Tonetti anaiekin beraien rulotean egon nintzen, zirkoan, gure aitaren lagunak zirela eta. Oliver pailazoaren papera egiten zuena galtzontzillotan hantxe gurekin... eta ni txoratuta, ume kozkorra nintzela. Diskoaren portadan agertuko naiz galtza motxetan beraiekin, Tonetti anaiekin. Baina, handik urte gutxira Oliver-en papera egiten zuenak bere buruaz beste egin zuen, eta ni ezin ulerturik gelditu nintzen: nola da posible pailazoak bere buruaz beste egitea? Kantuan kontatzen dudanez, Oscar Alegriaren Emak bakia etxea pelikulan esaten da pailazo bat ez dela sekula hiltzen, eta pelikula horri eskerrak ikasi dut pailazo bat ez dela sekula hiltzen, eta horrekin zama handi bat kendu dut gainetik. Beraz, saiatzen naiz hori konpartitzen, nire haurtzaroko zerbait oso inportantea.

Haur literaturan ere ni izandako umearekin jolas moduko batean sartzen naiz, eta gainerako umeekin ere bai; hori da nire helburua. Eta aukera baduzu hori zuzenekora eramateko, eskoletan adibidez, zoragarria da. Zoratzen nau haurrek nola hitz egiten duten, harrigarria da zein sakonak diren! Sartzen bazara beraien erregistroan, izugarri jasotzen duzu.

2005ean Mara-mara diskak jarri zenuen martxan, haur disketxea. Hu-tsunea ikusten al duzu haurrentzako ekoizpenean eta sorkuntzan?

Handia. Disketxearena oso proiektu polita zen, baina ez dut gauza gehiegi hartu nahi, nire obsesioetako bat da nire diskoetan transmititu nahi dudan sosegua, lasaitasuna eta barneko tempoa benetakoak izatea. Dena dela, gustura asko jarraituko nuke disketxearekin, gainera uste dut kategoria handiko idazleak ditugula Euskal Herrian Haur Literaturan. Horretaz aprobetxatuz jarraitu nahi nuke, baina egoera ekonomikoak ez du laguntzen. Dena dela, hutsunea handia da, ez dut ikusten umearen mundutik eta bere sentsibilitatetik idatzitako, kantaturiko eta egindako lanik.