Usurbileko Elhuyar Fundazioan IX. Zernola zientzia olinpiadaren sariak banatu diraLekeitioko R.M. Azkue ikastetxeko ikasleek jaso dute zientzia- eta teknologia-olinpiada honetako lehenengo saria. Bigarren saria Lazkaoko San Benito ikastolako ikasleek eskuratu dute, eta, hirugarrena, Gasteizko Jesus Obreroko ikastetxekoek

Usurbilen, 2011ko ekainaren 3an

Elhuyar Fundazioak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin antolatu duen zientzia eta teknologiaren inguruko Zernola Olinpiadari amaiera eman zaio gaur goizean egindako ekitaldian. Aurtengo sari-benaketa, bederatzigarrena, Itxaso Paia bertsolariak gidatu du, eta hauek izan dira irabazleak: lehenengo saria Lekeitiko R.M. Azkue ikastetxeko ikasleek eskuratu dute, eta Zuatzako uhartean bi eguneko egonaldia irabazi dute. Bigarren saria Lazkaoko San Benito ikastolara joan da, eta hari esker, Nafarroako Senda Viva parkean bi egun igaroko dituzte. Sailkapeneko hirugarren postua Jesus Obrero ikastetxeko ikasleek eskuratu dute, eta, hari esker, Sobronera txangoa egingo dute, non piraguismoan eta arku-tiroan arituko diren. Lehenengo bi saridunek Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendariaren eskutik jaso dituzte sariak. Jesus Obreroko ikasleak ezin izan dira etorri saria jasotzera.

 Goizeko 10etan iritsi dira Lekeitioko eta Lazkaoko gazteak Elhuyarrera, eta Zientzia Live! ikuskizunaz eta Itxaso Paiaren emanaldiaz gozatu ahal izan dute. Zozketak ere egon dira tartean, eta, azkenik, irabazleek sariak jaso dituzte. 

 IX. Zernola Olinpiada

IX. Zernola Olinpiada 2010-2011 ikasturtean zehar egin da, eta guztira Euskal Herriko 46 ikasgela aritu dira lehian. Zientziaren eta teknologiaren inguruko 5 proba gainditu behar izan dituzte, eta proba hauetan matematika, kimika, Internet, natura, eta ilusio optikoekin "blogeatzen" ibili dira.

 Babesleak

IX. Zernola Olinpiadako sari nagusiez honako erakunde hauek arduratu dira: Senda Viva, Arabako Foru Aldundia, Sobron Aventura taldea eta Aizpurua Autobusak. Bestalde, ikasturte osoan jaso dituzte sariak parte-hartzaileek, proba bakoitzaren ondoren. Sari horiek Eusko Jaurlaritzak, Berriak, Donostiako Aquariumek, Gaztezulo aldizkariak, Eureka zientzia-museoak, Kukuxumusuk, Astitzeko kobazuloak, Iruñeko Planetariumek, Elkarrek eta Karpin Abenturak eman dizkiete. VIII. Zernola Olinpiadak Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura eta Euskara Departamentuaren babesa jaso du.

 Argazkian: Irabazleak sariak jasotzen.