Grebarako deialdia egindako sindikatuen arabera, atzo Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza sare publikoko langileen % 60k egin zuen bat greba deialdiarekin. Manifestazioak eta mobilizazioak egin zituzten hiriburuetan eskola “publikoa, euskalduna eta propioa” eskatzeko. Eusko Jaurlaritzak, berriz, esan du irakasleen % 35,2k egin zuela greba.

Hezkuntza lege aurreproiektu honi ezezkoa ematen diotela adierazi zuten eta baita legea langileekin erabakitzea aldarrikatu ere. ELA, LAB eta Steilas sindikatuek hamar aldarrikapen egin dituzte: publikoa ardatz izatea; segregazioari aurre egitea eta gizarte kohesioa bermatzea; publifikazio-marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea; hezkuntza lege propioa izatea; inbertsio eta baliabide nahikoa izatea; euskara erdigunean jartzea; betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak finkatzea; hezkuntza sistema osatzen duten langile guztien enplegua eta lan baldintza egokiak bermatzea; merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egotea; eta hezkuntza lege parte-hartzailea izatea.

Sindikatuekin batera, hezkuntzako beste hainbat eragilek ere  bat egin zuten atzo, besteak beste, EHIGEk, Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak, Ernaik, Elkarrekin Podemos-Iuk, Alternatibak, CNT, CGT eta ESK sindikatuek eta ikasle sindikatuak.

Abenduaren 14rako beste greba deialdi bat egin dute, aldarrikapen berarekin kalera ateratzeko.