Bilbon sortu nintzen 80. hamarkadan. Nagusiki erdalduna zen ingurunean, familia euskaldun eta euskaltzale batean jaiotzeak, betiko utzi zuen arrastoa nigan. Gurasoen ahalegin izugarri eta nekaezinari zor diot txikitatik euskal kultura nire bizitzaren erdigunean kokatu izana, argi izan baitzuten inguru erdaldun batean ere, posible zela bizi proiektu bat, euskaraz eta euskaratik eraikitzea. Hala pasa nuen haurtzaroa, euskaraz eginiko liburu, film, disko eta marrazki bizidunez inguratuta. Gauaren epelean kontatu zizkidaten gure hizkuntzak eta kulturak urteetan bizi izandakoak. Harriduraz begiratzen nien, behinola euskara debekatuta egon zela azaltzen zidatenean; ezin euskaraz egin eta ezin euskaraz libururik idatzi. Gure kulturak ere bazituen filmetan agertzeko moduko abenturak; halaxe jakin nuen, ordurako aski famatua zen euskal idazle batek, kartzelatik, presoentzako antolaturiko kontzertu batean, bafle baten kutxan ezkutaturik ihes egin zuenekoa. “Nik ere nahiko nuke” esaten nien. “Zer, bada, kartzelatik bafle batean ihes egin?”. “Ez, liburuak idatzi”.

 

Istorio eta bizipen haiek guztiek, literatur zaletasuna ez ezik, beste hainbat gauza eman zizkidaten: identitate bat, bizitzan egoteko jarrera bat eta batez ere, zapaldua zen, baina altxatzeko gaitasuna zuen komunitate bateko kide sentitzeko aukera. Haurtzaroan ez ezik, gaztaroan ere iraun zuen ondare hark eta egun, guraso naizen honetan, etxean ere antzera jokatzea ateratzen zait. Orain arte dena bere bidean joan dela iruditzen zaidan arren, ez dut gezurrik esango: adin batetik aurrera gerta daitekeenak beldurtzen nau.

 

Gazteen irakasle ere banaizen aldetik, hauek egun duten euskal kulturarekiko atxikimendu maila geroz eta urriagoa dela agerikoa da. Eta Hizkuntza eta Literaturako irakasle eta idazle izanik, literaturan are gehiago nabaritzen dut hutsune hori. Zaila zait, gazte hauen adinean niri hainbeste eman zidan hark, ekarpen handiegirik egiten ez diela sentitzen dutela onartzea, salbuespenak salbuespen. Belaunaldi bakoitzak bere bidea egin behar duela jakinda ere, ez naiz etsipenean erortzekoa. Gurasoek emandako altxor hura nirekin daramat beti.

 

Besteak beste, literatura eta hau ulertzeko nuen modua aldarazteko gai izan dira gazte hauek. Irakurtzea gauza bat da eta beste bat literatura. Batak bestea aberasten duen arren, irakurtzen dugun oro ez da literatura eta literatura guztia ere, ez da irakurtzekoa. Literaturak hainbat espresiobide izan ditzake gazteentzako erakargarri direnak. Hauen eguneroko bizitzan literatura baitago. Literaturari bestelako ikuspuntu zabalago batetik erreparatzea da kontua.

 

Bide honetan lagundu didaten irakurgaiak topatu ditut, jakina. Hala, tertulia literarioetarako bidelagun izan ditut, besteak beste, Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen Miñan, Uxue Alberdiren Jennisjoplin,  Kattalin Minerren Turista klasea edota Maddi Ane Txoperenaren Ene baitan bizi da lanak. Batzuetan liburu osoa irakurriz, honen atal edo kapitulu solteak bestetan.

 

Azken urteotan bestelako hizkuntzatan gazteen artean hain arrakastatsuak izaten ari diren zientzia fikzioa edo nobela beltzak ere badu geurean harribitxirik. Yolanda Arrietaren Ataria eta Txokolategia distopiak esaterako, edo Garazi Albizuaren Izadia edo Geun lanak. Nobela Beltzari dagokionean, aipatzekoa da (H)Ilbeltza beka, Baztango Udalak eta Txalaparta argitaletxeak bultzatuta antolatzen dena, urtero genero honetako liburu bat plazaratzen delarik.

 

Galtzagorri Elkartearen Booktuberboom eta Liburu Gaztea egitasmoak ere txalogarriak dira, gazteei literatura modu aktiboagoan bizitzeko aukera ematen baitiete, Gonagorri gazte literaturaren podcast berriarekin batera. Poztekoa baita ere, elkarte honek Pamiela argitaletxearekin eta Kiribil konpainiarekin batera antolaturiko Ikusi Mikusi haur eta gazteentzako Euskal Herriko lehen liburu azoka, aurtengo udazkenean Saran ospatua.

 

Antzerkia ere bada adin tarte hau erakartzen duen zerbait. Artedramaren Atzerrian lurra garratzAldatzen laguntzenen Bi aldiz bortxatua, Artedrama, Axut! Eta Dejaburen Zaldi urdina edota Formol laborategiaren Album lanak gomendatuko nituzke.

 

Eta nola ez, haien bizitzetan hainbeste leku betetzen duen musika ere ezin alde batera utzi. Asko eta anitzak izan dira azken urteetan jada baziren talde eta bakarlariei batu zaizkien proiektuak. Batzuk aho-zabalik geratzen dira, kantuon letrak literatura ere badirela entzuten dutenean. Badok Berriaren euskal musikaren atarian denetarik aurki daiteke. Asko aukera nitzakeen, hainbat estilo eta garaitakoak, baina hiru aipatuko ditut haien letrak maiz erabili ditudalako: Anari, Olatz Salvador eta Ningra raplaria. Euskaraz abesten den musika entzuteko aukera eta espazio ugari daude, baina ez nuke nahi auzolanean antolaturiko Euskal Herria Zuzenean musika jaialdia aipatu gabe utzi. Asteburu baterako, haur, gazte zein helduontzat plan paregabea.

 

Askotariko disziplina artistikoak uztartuta literatura egin daiteke ere. Horra hor Gorria, Miren Amuriza eta Askoa Etxebarrietaren ikuskizuna, bertsolaritza eta flamenkoa biltzen dituena edo Txakur Gorria sormen taldeak eskaintzen dituen tailerrak, hizkuntza, diseinua, ilustrazioa... landuz. Literaturaren eta ahozkotasunaren inguruan ardazten den Hi(zki)bridoak, literatura mutanteak kultur zikloa ere, hizkuntzarekin jolasteko bide berriak arakatzeko era polita eta berritzailea da. 

 

Literaturaren ikaskuntzak bizipenetan oinarritu beharko lukeela uste dut. Zer dira ba bestela, literatura edo kultura bera, bizipena ez badira? Bide honetan ezinbestekoa da gazteei sormenerako espazioak ezagutzera ematea. Euskal Herrian zenbait egitasmo sortu dira azken urteetan zehar: Oreretako Lekuona fabrika, Aiaraldea Ekintzen faktoria, Bilboko Bira kultur gunea, Ozaetako Garaion naturArtea edo Hendaiako Borderline Fabrika dira hauetako batzuk.

 

Sentitzeko eta gozatzeko. Askotan plazeretik baina baita deserosotasunetik ere. Literaturak eta kulturak norberaren barrua astintzeko balio dutelako eta baita talde bateko kide sentitzeko ere. Gazteek euskal kulturara joko dute, baldin eta zerbait ematen badie. Afektiboki eta sozialki. Ez dezatela helduok inposatzen diegun zerbait bezala ulertu, kulturak, izatekotan, askatzailea behar duelako izan. Norberaren etxeko intimitatetik, herri oso bateko komunitatera.