IRITZIA | Ane Labaka Mayoz, Bertsolaria

 

Inork ez zidan esan lehen aldiz bera gainean jarri zidaten unean zeharo izoztuta egongo nintzenik, ezer sentitzeko gai ez nintzela. Ez harrotasunik, ez euforiarik, ez negar egiteko gogorik... Arindua baino ez. Inork ez zidan esan Egun Handiaren segidan txiki sentiaraziko ninduten egun gehiago etorriko zirenik; Egun Handiaren osteko egunek egun luze-luze-luze bakar bat osatuko zutenik. Inork ez zidan esan horren intseguru sentituko nintzenik haurra besoetan hartu behar nuen bakoitzean, nondik eta nola heldu ez nekielako, eta “nik ez dakit hau egiten” pentsatuko nuenik aldiro. Beldurra izango nionik etxean berarekin bakarrik geratzeari. Nire bikotekideak guztia nik baino askoz ere hobeto egiten zuela sentituko nuenik. Inork ez zidan esan gure etxeko altzari eta zoru zati oro esne tantaz beteko zenik. Inork ez zidan esan bularra emateak min eman zezakeenik. Bularra emateak min, bai, hain argi eta hainbesteraino. Inork ez zidan esan neure burua zigortuko nuenik beste guztiek ba omen zuten amatasun sena falta zitzaidalako. Beste behin ere kulpak irentsiko ninduenik.

Inork ez zidan esan arreta mantentzeko gai izango ez nintzenik; inspirazioak ihes egingo zidanik eta hitzek itzuri. Hizketan ari nintzela trabatuta geratuko nintzenik. Noizbait zerbait demagun, artikulu hau idaztera itzulitakoan ezingo nintzela ondo eseri, norbait bularraldetik zintzilik izango nuelako. Inork ez zidan esan bi begi grisen presentzian joango nintzenik dutxara eta noranahira, bi begi grisen presentzian eseriko nintzenik komunean ere. Inork ez zidan esan bainuaren ondoren krema emateari utziko nionik; ilea behar bezala lehortzeko tarterik izango ez nuenik. Inork ez zidan esan irakurri nahi nituenen zerrendan sekula baino liburu gehiago pilatuko zitzaizkidanik. Irakurtzeko tarterik ez nuelako kexatzen nintzenean errudun sentituko nintzenik. Den-dena etenka eta zatika egin beharko nuenik. Inork ez zidan esan bera gabe geratu nintzen lehen aldianzer egin jakingo ez nuenik. Eta horregatik ere errudun sentituko nintzenik.

Inork ez zidan esan hau guztia eta askoz ere gehiago gerta zitekeenik. Ez zuela zertan hala izan, baina izan zitekeela. Inork ez zidan esan, hitzez hitz, eta uste dut izugarri eskertuko niokeela esan izan balit.