IKERBASQUEk ERC grants delako laguntzei buruzko jardunaldiak antolatu ditu, euskadiko 250 ikertzaile baino gehiagoren partaidetzaz. Bilbon eta Donostian egindako saio horietan, Europako Ikerkuntza Kontseiluko (ERC) National Contact Point delakoak, ERCko panelen ebaluatzaileek eta gaur egun laguntza horietako bat duten ikertzaileek parte hartu dute.

·       ERC Grants Europako Batzordeak proiektu zientifiko garrantzitsuak bost urtez garatzeko ematen dituen 2,5 milioi euro arteko dirulaguntzak dira.

 

·       Euskadik 13 ERC Grant ditu gaur egun, eta guztien artean, ikertzaile berriak kontratatu, azpiegitura zientifikoak erosi eta ikerketa-talde ospetsuak finkatzea errazten duten inbertitzeko 21 milioi euro baino gehiago biltzen dituzte.

 

Bilbon, 2014ko urtarrilak 16.– IKERBASQUEk lan-jardunaldiak antolatu ditu ERC Grants delako laguntzei buruz (ikerketa-proiektuetarako banakako laguntzarik ospetsuenak eta Europan ongien finantzatuta daudenak), eta jardunaldi horietara, Euskadiko ikerketa-zentro guztietako 250 ikertzaile baino gehiago bildu dira, Esther Rodriguez ERCko (European Research Council) National Contact Point delakoaren ahotik programaren azken berrikuntzak ezagutzeko asmoz.

 

ERC Grants, Europako Batzordeak proiektu zientifiko garrantzitsuak bost urtez garatzeko ematen dituen 2,5 milioi euro arteko dirulaguntzak dira. Jakintza-arlo guztietako zientzialariei ematen zaizkien banakako laguntzak dira, “europar ikerketaren bikaintasuna, dinamismoa eta sormena indartzea” xede dutenak. ERCk 13.000 milioi euroko finatzaketa dauka 2014-2020 epealdirako, eta honek aukera paregabea eskaintzen du ikerketa zientifikoa bultzatzeko.

Bi lan-jardunaldiak UPV/EHUren Bilboko eta Donostiako instalazioetan egin dira, Bizkaia Aretoan eta Korta Eraikinean hurrenez hurren, Miren Begoñe Urrutia (Eusko Jaurlaritzako Zientzia Politikarako Zuzendaria), Fernando Plazaola (UPV/EHUko Ikerketa arloko Errektoreordea) eta Fernando Cossío (Ikerbasqueko Zuzendari Zientifikoa) tarteko zirela.

Topaketa horietan, Esther Rodriguez ERCko (European Research Council) National Contact Point delakoak ERCko dirulaguntzen ezaugarririk garrantzitsuenak zehaztu eta 2014ko berrikuntzak eta eskaera-prozesuen xehetasunak argitu ditu. Era berean, ERCko panelen ebaluatzaileek eta dirulaguntza horiek jaso dituzten ikertzaileek mahainguru batean parte hartu eta beren esperientziak partekatu dituzte bertaratutakoekin.

Ondoren, tailer indibidualizatua egin da, ateak itxia, proposamen aurreratuak dituzten hainbat zentrotako 20 ikertzaile baino gehiagoren partaidetzaz, eta bertan, proposamen horiek nola hobetu ikasi dute, laguntza estimatu horietako bat eskuratzeko aukerak areagotzeko asmoz.

Euskadiko komunitate zientifikoari ERC Grants laguntzek eskaintzen duten finantzaketa-aukera ezagutarazi eta eskaera-prozesua erraztea da IKERBASQUEk antolatutako jardunaldi hauen helburu nagusia, Euskadin laguntza horiek jasotzen dituzten zientzialarien kopurua handitzeko asmoz.

 

Euskadik 13 ERC Grant ditu gaur egun, eta guztien artean, ikertzaile berriak kontratatu, azpiegitura zientifikoak erosi eta ikerketa-talde ospetsuak finkatzea errazten duten inbertitzeko 21 milioi euro baino gehiago biltzen dituzte. Laguntza horietako hamar, Euskadiko ikerketa-zentro desberdinetan lanean diharduten IKERBASQUEko ikertzaileei dagozkie.

 

IKERBASQUEri buruz

Ikerbasque, Eusko Jaurlaritzak ikerketa zientifikoaren alde egindako apustuaren eta autonomia erkidegoko administrazioek, unibertsitateek eta enpresek duela zenbait urtez geroztik mamitutako aliantzaren emaitza da. Euskadi I+G arloko potentzia garrantzitsuenen artean kokatzeko ahaleginean lagundu nahian, ikerketa arloko talentua erakartzeko gunea izatea da Ikerbasqueren jardunaren ardatz nagusia.