Ez da ohikoa azken bertsolari txapelketan aitaren roletik elortzak kantatu zituen bertsoen tankerakoak entzutea. “Ta orain besotan zauzkat nire alaba kuttuna”, ospitaletik, alabaren jaiotzaz abestu zuen bakarkakoan. aita izateak bere buruarenganako konfiantza eta askatasuna eman dizkiola dio. Sormenaz aritu zaigu. 

Sormenari lotu zitzaion Igor Elortza gaztetxoa zela. Bertsolari moduan ibilbide luzea egin du; gainera, Unai Iturriaga adiskidearekin batera, “Zazpi Eskale” eta “Gu ta Gutarrak” musika taldeetan hainbat abesti eder sortu ditu; eta azken urteotan Dida diseinu enpresan ari da lanean, beti, sormena ardatz.

Bertsolaritzari lotua, musikan abeslari aritua, zer moduz sentitzen zara sortzaile moduan?

Beti ere zentroa bertsoa da, eta gainerako proiektu inportanteenak edo neureen sentitzen ditudanak ere bertsoetan ardaztutakoak dira, kasurako “Gu ta Gutarrak”. Beti izan naiz musika edo kantu zalea, beraz eremu naturalean sentitu naiz, batez ere, “Gu ta Gutarrak” proiektuan, geure terrenora ekarri genuelako, bertso-kanta deitu genion. “Zazpi Eskale”-k musikatik gehiago zuen.

Zale moduan denetarik gustatzen zait, literatura, antzerkia, zinema eta abar. Eta tarteka suertatzen dira bestelako lanak. Unai eta biok duela bi urte “Errautsak” proiektuan gidoirako gaiak proposatzen eta dialogoak egiten jardutea, esaterako. Beste euskal artista batzuek ikusten gaituzte euren emanaldi edo proiektuetan eta harreman natural horretatik sortu daitezke gauzak; beti ere, norberaren ofizioa eta esparru nagusia zein dugun jakinda interesgarriak diren gauzetan parte hartzeko prest egon naiz beti.

Bizkaian, behintzat, gure belaunaldian sorkuntzarako nahi, bokazio, trebetasun eta beste geneuzkan hainbat neska-mutiko gaztetxo ginen. Bertsotan ezagutu nituen nik, besteak beste, orain aktore dabilen Ander Lipus; Urtzi Urrutikoetxea eta Leire Bilbao idazleak; nagusiki zinean baina beste saltsa askotan ere ari-tzen den Josu Martinez; Mikel Urdangarin abeslaria… eta beste hainbat. Batzuek nagusiki bertsotan jarraitu dugu; besteak, aldiz, beste diziplina batzuetan dabiltza.

Zer moduz Dida diseinu enpresan lanean? hor ere sortzaile? hitzarekin jolasean?

Nagusiki berben sorkuntzatik, berbagintzatik nator. Komunikazio arloan, publizitate sormenean, istoriotxo, spotetarako gidoi eta horrelako kontuetan hasi nintzen eta gero Didan, diseinu grafikoan aritzen direnekin. Mundu zorrotza da, sormen energia handia eskatzen duena: burua jarri egin behar da; beti ez da ateratzen, edo kosta egiten da; bezeroa konbentzitu behar da eta batzutan emozionalki gorabeheratsua da; zuk uste osoa izan eta bihotz handia jarri arren, bezeroak balio ez duela esaten badizu horretan geratzen da.

Oro har, gauza on dezente ditu. Ni berbazko mundutik nator, zaletasun aldetik ere bai, eta hor irudiarekin dihardutenekin lan egiten dut, egunero. Dezente ikasten nabil eta alde horretatik nire burua aberasten. Beste gauza on bat ere badauka: errepika-tzen diren gauzak badaude ere, aldiro lan berria da; eta beraz aldiro berri-tzen du grina hori.  

25 urte bertsotan, nolako esperientzia izan da?

Oso ona, bere gorabeherekin. Egun zoragarri asko eta baita egun ilun batzuk ere. Nire kasuan esperientzia baino ia-ia bizi-ibilbide bat bezala ikusten dut. Oso gaztetxo hasi nin-tzen plazetan, hasieran oso kontziente izan barik zehazki zertan sartzen nintzen edo bertsolari izan nahi nuen.
Gozamen hutsean ibiltzetik, konturatu nintzenerako –edota, nire buruari bertsolaria nintzen ala ez, edo benetan izan nahi nuen ala ez, planteatu nionerako–, dimentsioa hartu zuen jada. Askotan trebetasun batzuk dituzu, horretan ondo moldatzen zara, baina hori baino inportanteagoa da gehiago edo gutxiago menperatzen duzun adierazteko bide hori zuk zertarako erabili nahi duzun. Azken finean, zure buruari mundua esplikatzeko modu bat ere bihurtzen da, eta zeure buruari mundua ondoen esplikatzeko modua ere bai askotan. Kuriosoa da, batzutan berbaz hainbesteko zehaztasunez esaten lortzen ez duzun gauza batzuk adierazten dituzula bertsoen bidez,... “derrepente”.

15 urterekin hasi nintzen bertsotan plazan eta pertsonen helduaroa geroago dator; beraz, pertsona mailako eitea eta bertsolari ibilbidearen eitea, nahiko batera gauzatu ziren, batak bestea osatzen, neurri berean ez nuke esango, baina, antzekoan, bai. Nire bizitza da, eta bizitzak denetarik dauka, baina, oro har, gustura, bestela ez genuke honetan segituko.

Zure bizitza izan da, nola bizi izan dituzu garai ezberdinak, aldaketarik egon al da?

Ibilbide horretan hiruzpalau sasoi nabarmenduko nituzke: leherketa moduko bat izan zen hasiera, alde guztietatik, espresatzeko bide eta ahalmen hori deskubritzea; horrek kanpoan eragina izatea; Durangoko ikastolako gela batean hasi zen jolasa beteta dagoen frontoi batera ailega-tzea; hori dena eztanda bat da. Ez dakit muga non jarriko nukeen, karrera bukatu ingurura arte edo, batetik deskubrimendu ikaragarri bat izan zen eta bestetik jai handi bat, ez bakarrik parrandaren aldetik, hori ere bai, baina baita beste gauza pila bat ere: miretsi duzun jendea ezagutzea; eurekin oholtza konpartitzea; leku mitikoetan kantatzea eta “Zazpi Eskale”-ren esperientzia bizitzea.

23 bat urterekin topografia karrera bukatu nuenerako ofizio bat ikasita baneukala esaten dut beti. Biak ez nituen bateragarriak ikusten eta apustu bat egiteko momentua ere ailegatu zen. Serio planteatzen duzunean bideragarri ere egin behar duzu eta zalantzekin, baina bertsoari erabat emanda plazaz plaza ofizioaren kontzientziarekin, ardurarekin, ibili nin-tzen denboraldi batean, 2005. urtera artean, beste hamar bat urtean edo.Mugatzat “Gu ta Gutarrak”-en garaia jarriko nuke, lan pila egin genuelako eta jendeak estimatu zuelako, sekulako asebetetzea izan zen. Horren ostean etorri zen krisitxoa, esan dezagun. Buelta ematea denbora dezente kosta zitzaidan niri, eta badakit Unairi ere baietz; berriro plazaz plazako ibilerara bueltatzea ez zen erraza izan.
 
Euskal Herriko 2009ko txapelketa etorri zen, eta bertsoen aldetik berriro kokatu beharrean neukan nire burua: bertso mailaz ondo nenbilen, baina bertsoekin zer egin nahi nuen ez neukan argi. Lehen alaba, Maddi, “Gu ta Gutarrak”-en bete beteko momentuan ekarri genuen, eta erabakita neukan, txapelketa abenduan bukatu eta, urtarrilean, Garazi, bigarrena jaiotzean, hurrengo udara arte etxekoekin egongo nintzela. Ondoren, beste modu batera ibili naiz urte batzutan, 2009ko finaletik kanpo geratzearen penarekin batera, nahiko kontziente nintzen, bigarren lerroan egoteak beste gauza batzuetarako astia emango zidala. Eta, orain, beste fase baten hasieran sentitzen naiz…

Aitatasunak zer eragin izan du zuregan, zer ekarri dizu bertsolari moduan, sormenaren aldetik? Agian, gauzak ikusteko beste era bat?

Oro har, edozeinentzat bizi aldaketa handia da, existentziala ere bai; bizitzako gauza dezente konplikatzen dituen bezala, beste batzuek sinplifikatu ere egiten dituela esango nuke, eta bertsolari moduan ere balio izan dit horrek, norberaren buruarengan konfiantza eta askatasun sentsazioa ematen du, kontraesankorra badirudi ere.

Norbere buruarekin ziurtasuna har-tzen da, segur aski gutxiago begi-ratzen diozulako mundu guztiari, gehiago zure buruari, zure inguruari, egunerokoa ere askoz gehiago konkretatzen da… eta horrek denak beste buelta bat ematen dio zure mundu ikuskerari eta sentikerari  orokorrean. Hori bertsotan ere agertu egiten da, nabaritzen da, bai esaten duzunean, baita jarreran ere.

Umeentzat bertso-saiorik egin al duzu?

Ez saio berezirik; bertso-txotxongilo eta horrelakoak egiten dira, baina nik ez. Bertsotan oso gaztetxotan hasi ginenez, Jon Lopategirekin ikastolaz ikastola ibiltzen ginen, baina gerora… Tarteka tokatzen da, baina gaztetxoentzat gehiago aritzen gara.

Bertsoa, kantua, eta berba ere bada. Ez dut gai honetan larregi sakondu, baina umeei uste dut gehiago gustatzen zaiela parte-hartzaile izatea, hartzaile soil izatea baino. 10 urtetik beherako umeak bertsoak entzuten ordu bete edukitzea… larregi izango da.

Bertsolaritza ikastea lagungarri izan al daiteke haurrengan sormenerako grina pizteko?

Posibilitateetako bat izan daiteke. Ni hezitzaile munduan ez nabil, baina etxean ikusten dut umeei gustatzen zaiena jolastea dela. Askotan konturatzen naiz bateragarriak direla musika, dantza, antzerkia, bertsoa eta berben munduaren deskubrimendu hori. Asier Mendizabali irakurri nion edukiak deskontestualizatu eta nahastearen jolas hori, kolaxa; eta umeengan naturala eta deskubrimenduaren parte dela esango nuke. Segituan oroitu nintzen, aspaldi irakurritako Gianni Rodariren “Gramatica de la fantasia” ipuinaz; berak binomio fantastikoa deitzen dio: bi poltsatan berbak (kontzeptuak) ipini, ausaz atera eta nahasketa horretatik sortzen den istoriotxoari.

Bertsolari moduan interesatzen zait hori: “Gu Ta Gutarrak”-en “Historiaren tabernan” kantuan ere egin genuen hori. Esaldi indartsu bi gurutzatzen dituzunean... misterioa gertatzen da.
Ipuin klasiko asko ez dakizkit buruz eta berriak sortzeko, egiten dudan jolasetako bat, alabei leku bat, per-tsonaia eta objektua esanaraztea da. Batzutan gauza zoragarriak ateratzen dira. Umeengan sormena berezkoa dela ikusten dut. Adibidez, bi urteko haurrak, ilgora edo ilbeheran, esaten dizunean, ilargia “apurtuta” dagoela eta “nahiago duela konponduta”.

Kantu-zaleak ere bagara, etxean musika sarri entzuten dugu eta haurrek azkar ikasten dituzte kantuak. Bertso eskolan askotan esaten dut, bertsogintza ez dela silabak zenbatzea, baizik eta berbak notetan sartzea. Umeak hori berez egiten du; kantu tarte bat ez badaki asmatu egiten du, eta gero konturatzen da aitari txalo egiten diotela hori egiten duenean. Jolastea gustuko dut, umeekin nahiko pailazoa naiz eta hizkuntzak erdi asmatzen ere aritzen naiz etxean. Keinuei esker harrapatzen dute esan nahi dudana.

Asto bat hegoekin marrazten dutenean antzeko jolasa gertatzen da. Bertsoengatik galdetu duzu, baina uste dut denean dela, berezkoa dutela sormena.

Jon Lopategi Durangoko ikastolara etortzeak harrapatu gintuen gu, baina, Bernardo Atxaga etorri balitz beharbada ipuinak idatziko genituen. Ez hain ume, 11 urterekin hasi nintzen, baina ordurako bertso zalea nintzen.

Nola ikusten dituzu bertso eskolak?  

Bertso eskolak oso ondo ari dira lanean, bete-beteko aziertoa da ber-tsolaritza eskola arautuan egotea, ikasgelaz ikasgela afektibitateaz lan-tzea; hain juxtu, transmisiorako beti biderik indartsuena etxea eta familia izan baitira faktore horrengatik. Gero bertso eskoletan lan zehatzagoa ere egiten da.
 
Bertsolarioi sarri galdetzen zaigu, zer ekarpen egin diezaiokegun bertsotik beste adierazpenei, eta niri kontrako galdera interesatzen zait. Ofizio bat nahiko dominatuta daukazunean, hori besteekin aberasteko eta berri-tzeko, adi izan behar beti, begi, belarri, eta gorputz osoa. Hala, teatreroekin elkartzen zarenean, antzerki gidoigintza eta pertsonaien gorpuztetik seguru ikasi daitekeela zerbait, baita zutabegintzatik edo kantugintzatik... edozertatik. Gaur egungo bertsolari dezenteren “almazena” bertso mundutik baino gehiago, edo hortik beste, beste diziplina pilatatik elikatu da eta horrek azaltzen du gure bertsokera. Eta gaur egungo bertsozaleen kasuan ere beste horrenbeste…. Ez da bakarrik guk egiten duguna. Kode horiek jada ulertzen dira.

Transmisioa beste era batekoa zen lehen, beste toki eta egoera batzuetan ikasten zen, orain bertsolari gazteen 100etik 99 eskolatik pasa dira, nola ikusten duzu sormena eskolan erakustea? Norberetik zenbat du horrek?  

Gu izan ginen bertso eskoletan hasitako lehenengotarikoak. Bertso eskolak sortu arte, kakotx artean, “modu naturalean”, transmititzen zen adierazpen bat asko zabaltzea eta demokratizatzea ekarri du; garai bateko “jaio egiten da ala ikasi egin daiteke” eztabaidaz, beti esaten dut kasualitatea ezin dela izan jaiotzen diren denak eremu jakin batekoak izatea, gutxienez entzuten ikasi egingo zuten, diot nik.

Eskolak gauza on asko eduki du. Gu izan gara lehenengo adierazle, maila tekniko oso ona nahiko arin hartu genuen lehenengo generazioa; geroztik hori gero eta gehiagora joan da, gero eta arinago dira bertsotan ondo egiteko kapaz, eta gaur egun 20 urterekin, txapelketa nagusi bateko kanporaketan dagoen edonork hori oso ondo egiten du.

Neskak hurbildu ziren plazara duela urte batzuk, orain amak ere ari dira… Zer ekarri dute batzuek eta besteek?  

Oro har, ez nuke jada dena oso ondo dagoela esan eta berdintasun irudi bat eman nahi, baina bai uste dut, gure belaunaldiarekin batera pasa-tzen ari den dena nahiko natural bizi dugula. Gero egia da norberarentzat bitxiagoak direla beste kontu ba-tzuk, esaterako Rosi Lazkano hiru ume dauzkan emakumea, 50 urterekin ateratzea plazara, ama, nagusia, esango nuke Joxe Agirrek zuen solturarekin edozein gairi buruz kantuan… hori harrigarriagoa egiten zaigu.

Laguntzarik izan al duzu etxeko bizi-tza eta bertsogintza uztartzeko?

Bai. Asteburuetan bertsotan asko zabiltzanean, garbi dago ez zaudela etxean, eta ume bi badaude, bikoteak hartu behar izaten duela kargu, lagundu baino gehiago, beraz. Aurre-ikusia nuen eta pozten naiz biak txiki-txikiak izan diren bitartean, plazan horrenbeste ez naizenez ibili, hor egon eta gozatzeko aukera izan dudalako.

Orain nahiko bero nabil. 2009an bigarrena jaio eta lehen sei hilabeteetan, etxean gehiago egon nahi nuela garbi neukan moduan, eta hurrengo bi urteetan etxerako denbora hartuta gustura egon naizen moduan, orain gogoarekin naiz, moldatze garaian topatzen dut nire burua. Neurria har-tzen.

Parte hartu al duzu beraien heziketan?

Bai. Nik uste, hor bakoitzak bere rola daukala; aita hezitzaile bat da, baina ez da eskolako hezitzailea. Irakurri ditut liburu batzuk; ikusi dut “la educación prohibida” eta irakurri horren inguruan dabiltzan pedagogoen elkarrizketak; aita egiten zarenean elikadura kontuei ere buelta bat ematen hasten zara; zeure buruari eta munduari ere bai; sorkuntzari garrantzia handia ematen diot nik...

Dena den, ni utzi egiten naiz maitasunak gida nazan, sentimendurik oinarrizkoenak, eta iruditzen zait informatu behar dela gauza guztiei buruz, ardura horrekin jokatu behar dela, baina aldi berean ez naiz gauzak gehiegi erabakitzearen aldekoa. Mila gai daude, sortzen direnetik, non eta zein erditze mota, bularra eman ala ez, zenbat denbora, non sartu eskolara, noiz, bakunak eman ala ez, zer jan...

Ez naiz ez “Duermete niño” ez “Bésame mucho” liburuetako irizpideak erabiltzearen aldekoa. Biak irakurri ditut, adibide bat jartzearren, baina nire burua ez dago horien arabera. Hor daude, baina bihotzarekin joka-tzearen aldekoa naiz. Uste dut inportantea dela aita eta ama, biak pozik egotea. Askotan pentsatzen dut eta beldurra diot, umeentzat onena delakoan, hainbeste gauza egitea eta ailegatu ezinik ibiltzea, estu, eta umeari berari urduritasun, larritasun edo egonezina transmititzea. Hor ere oreka behar dela uste dut.