Lagunarteko eztabaida pipertuenetakoak umeen zaintza eta hazkun-tzaren inguruan sumatu ditut azken boladan, zenbaitzutan betidaniko adiskidetasunak ozpintzeraino. Halaber, ohartu naiz eskola atari eta parkeetako guraso (tira, ama) bandoak ere irizpide horren arabera sortzen direla maiz: alegia, norberaren haurren ongizaterako, eta, batik bat, nor bere buruaren bake eta autoestimurako hautatzen den zaintza eta haz-kuntza ereduaren arabera –eta, noski, ugariak eta konplexuak dira barne bakea eta autoestimua lortzeko bideak–.

Horrela, umeak fular koloretsuetan bildutako ama titi-emaileak topatzen ditut multzo batean; lanetik ito beharrean ailegatu eta haurtzaindegi/amonei errelebo eman berriak beste batean; eta beren amen ereduari men egin dieten ama etxekoandretuak haruntzago, gaileta eta toallita hornitzaile. Gainera multzoetako bakoitzaren zaletasun nagusietakoa izaten da beste multzoetakoak egurtzea: bularra, eta, ondorioz, maitasuna, ukatzea leporatuko diete, esaterako, fulardunek besteei; umeak neurri eta araurik gabe haztea, berriz, besteek fulardunei; oihu gehiegi egitea eta ipurdikoak banatzea fulardunek eta ama profesionalek etxekoandretuei... Hara: ama on eta txarren definizioak, emakumetasun egoki eta desegokienak, borroka ankerrean... (aiten aipamena anekdotikoa izaten da).

Nolanahi ere, ez da txantxetako kontua, gure jendarte antolaketaren habeetako bi, biak elkarri estu-estu lotuak, baitaude jokoan parkeko dema horretan: batetik, nola gauzatu umeen zaintza –eta zaintza orokorrean–, eta, beraz, jendartearen beraren iraupena. Eta, bestetik –amatasun eta emakumetasun zuzen eta okerren definizioaren bidez– nola bideratu biogizon eta bioemakumeen arteko harremana, kontuan izanik harreman hori dikotomia gisa planteatzean dagoela botere harreman eta botere zapalkuntza oinarrizkoenaren gakoa: biogizonak ezaugarri eta egiteko zehatzekin batetik, eta bioemakumeak ezaugarri eta egiteko ia kontrajarriekin bestetik (eta subordinatuta).

Beraz, lehen mailako auzi soziopolitikoak ebazten dira parkeko eguneroko bizipen eta tentsioetan,  baina mendeetako jukutria, iruzur eta mozorro kontzeptualen bidez andre arteko liskar, etsaikeria per-tsonal eta txutxumutxuetara murriztuta
–kasurik onenetan, psikologiaren eremura igota–. Hona proposamena: has gaitezen multzoak eta esamesak apurtu eta haurren zaintza eta hazkuntzaz elkarrekin hizketan, iritzi, esperientzia eta helburuak adierazi eta partekatzen. Baina egiazko dimentsioa emanda: politikaz ari garela jabetuta, politika egiten.