Elkarrizketa | Coral Elizondo, IDU-n aditua eta formatzailea

Irakaslea eta psikologoa da Coral Elizondo (Zaragoza, 1965), IDUn aditua, aholkularia eta formatzailea. Urtetan orientatzaile moduan lanean aritu ostean, orain hainbat ikastetxeren bidelagun bihurtu da eraldaketa pedagogikoa gauza dezaten. Iruñeko Mendigoiti ikastetxean formazio bat eskaini du eta bertan egin dio elkarrizketa Hik Hasik. Apirilean Donostian izango da Hik Hasiren jardunaldietan. 

 

Nola definituko zenuke IDU Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsala? Metodo bat da, paradigma bat, teoria bat… Zer da?

IDU marko teoriko moduan definituko dugu. Marko kontzeptual bat da eta oztopoak gutxitzeko baliabideak eta iradokizunak eskaintzen ditu. Hori da IDUren helburua: oztopoak minimizatzea. IDUk hiru hitz gako ditu: oztopoak, ikastun adituak eta aldakortasuna. Alde batetik, oztopoak gutxitzen ditu; bestetik, ikaskuntza maximizatzen du, jakina, oztopoak kenduz ikaskuntza aukerak ugaltzen dira. Helburua ikastun adituak sortzea da, euren ikasketa prozesua kudeatzeko gai direnak. Eta, hirugarrenik, neuro perspektiba dauka, aldakortasuna aintzat hartu behar da, hau da, une oro oso presente eduki behar da denok desberdinak garela. Horiek lirateke IDU marko kontzeptualaren ezaugarriak, eta gelako ikasle guztientzat proposamen malguagoak eta irekiagoak egiten laguntzen digu. IDU oinarrietan, pautetan eta egiaztapen puntuetan antolatua eta sistematizatua dago, eta hasieratik ikasketa eta irakaskuntza aukera aberats, ugari eta malguak planifikatzen laguntzen die hezitzaileei.  

 


"IDU begirada etiko bat da: fokua aldatzen dugunean, irakasteko modua aldatzen da eta ikasteko era ere bai"


 

Zein da IDUren jatorria? 

IDU abizenik gabe sortu zen. Diseinu Unibertsala zen hasieran, eta gero erantsi zioten Ikasketarako abizena. Diseinu Unibertsalaren kontzeptua arkitekturaren munduan sortu zen, esparru horretan hasi ziren oztopoei buruz hitz egiten, oztopo fisikoak ikaskuntzako oztopoak ikustea baino askoz errazagoa baita. 80ko hamarkadan, gurpildun aulkian ibiltzen zen arkitekto batek, Ronald Macek, proposatu zuen diseinatzeko momentuan bertan oztoporik gabe diseinatu behar zela, eskailerak dauden lekuan arrapalak edo igogailuak jartzea proposatu zuen. 90etatik aurrera, beraz, etxeak igogailuekin diseinatzen eta eraikitzen hasi ziren, ordura arte ez bezala. Garai berean neurozientziaren esparruan boom bat gertatu zen, eta aurrerapauso handiak egin ziren garunaren ikerketan eta ezagutzen. Diziplina anitzetako ikerlari talde batek, Psikologiatik, Pedagogiatik eta Informatikatik zetozenak, diseinu unibertsalaren kontzeptua hezkuntzara nola ekar zitekeen aztertzen hasi ziren, haur guztiei curriculuma irisgarriago egin nahi baitzieten. Neurozientziaren ekarpenak kontuan izan zituzten eta alderdi afektiboa, kognitiboa eta curricularra elkarrekin landu behar zituztela ikusi zuten, eta hainbat proposamen egiten hasi ziren, balioztaturiko proposamenak, eta horiek dira IDUk proposatzen dituen egiaztapen puntuak. Tony Booth eta Mel Ainscow izan ziren hezkuntzako oztopoei buruz hitz egiten lehendabizikoak, eta nabarmendu zuten ikasle batzuen desgaitasunak eta gabeziak euren hezkuntza prozesuko zailtasunen arrazoi nagusi moduan hartzeak arreta desbideratzen zigula testuinguru guztietan dauden oztopoen aurrean.

IDU marko teoriko baten moduan hartu beharko genuke, haur guztientzako inguruneak eta proposamen curricularrak diseinatzen lagunduko diguna. Baita espazioak ere; espazioak aski malguak izan behar dira gelako haur guztiak ez daitezen aldi berean ariketa bera modu berean egiten aritu derrigor. IDUk beraz, proposamen curricularrak, ariketak, ekintzak, materialak, espazioak eta abar malgutzen laguntzen digu. 

 

Malgutasuna al da beste hitz gakoetako bat?

Gaur egun, salbuespenak salbuespen, batezbesteko ikaslea hartzen da kontuan eta aparteko diferentziak, edo batezbesteko horretatik ateratzen diren ikasleak, konpondu beharreko arazotzat hartzen dira, oro har hitz eginda. Ikasle guztiei proposamen berdinak eskaintzen zaizkie, eta gelako haur guztiak aktibitate edo lan berdina egiten aritu behar dira une berean, denbora tarte berean. Instrukzioaren diseinu zurrun horrek ikasle asko bazterrean uzten ditu. Programazio bakar, estatiko eta homogeneo horrek ez du balio geletan dagoen aniztasunari erantzuteko, beharrezkoa da, beraz, antolakuntza eta praktika didaktikoak eta curricularrak berrikustea. Gaur egungo erronka kalitateko hezkuntza bermatzea da, ikasketarako espazioak eta kalitatezko pedagogiak eskainiko dizkiena ikasle guztiei. Horrek hezkuntzaren eraldaketa eskatzen du, neurohezkuntzaz hitz egingo duena, malgutasunez, maila anitzez, laguntza sareaz, pertsonalizazioa, oztopoak deusezteaz, ebaluazio hezigarri eta hezitzaileaz, ikasketa partehartzaile aktiboaz, pentsamendu kritikoaz… IDUk ikasketa eta irakaskuntza aukera aberatsak hasieratik planifikatzen laguntzen digu.  

 


"IDU marko kontzeptual bat da eta oztopoak gutxitzeko baliabideak eta iradokizunak eskaintzen ditu"


 

Oinarriak, pautak eta egiaztapen puntuak aipatu dituzu. Nola osatzen da IDUren mapa?

Ikaskuntzaren teoriak, ikerketa eta praktikak batzen dira IDUren mapan, alde batetik; eta, bestetik, teknologien eta neurozientziaren aurrerapenak. Irakaslearen praktika du jomugan. Diseinu unibertsalaren kontzeptutik abiatuta, hiru oinarri proposatzen ditu, neurozientziarekin loturiko hiru oinarri dira: lehena, alderdi emozionala edo afektiboa kontuan hartzen duena, eta berdez irudikatzen dena; alberjinia kolorez errekonozimendu sarea irudikatzen da, eta hor sartuko litzateke arlo curricularra edo kognitiboa: hizkuntza, matematika, pertzepzio aukerak, ulermena lantzea… Eta, hirugarrenik, estrategia sareari loturiko oinarria urdinez irudikatzen da, eta bertan funtzio exekutiboak biltzen dira, adierazpena —bere forma ugarietan— landuko litzateke hemen. Hiru oinarriak neurozientziarekin eta sare neuronalen taldeekin lotuak daude. 

 

Eta hiru oinarri edo multzo horien barruan, beste hiruna jarraibide daude, bederatzi pauta.

Bai, IDUren marko teorikoa hiru oinarri eta bederatzi jarraibidetan antolatzen da. Gainera, jarraibide bakoitzak hainbat puntu ditu, egiaztapen puntuak deitzen zaienak, eta praktikarako proposamenak eta iradokizunak dira. Egiaztapen puntu horiek guztiak ikertuak eta egiaztatuak daude neurozientziaren eta psikologia kognitiboaren ikuspegitik. Baina hiru oinarri horiek, bederatzi jarraibideak eta 31 egiaztapen puntuak ez dira errezeta moduan hartu behar, oztopoak txikitzeko eta ikasle guztien aukerak handitzeko iradokizun moduan baizik. Ikasketa helburu zehatzen arabera, puntu horiek nahastu eta konbinatu egin daitezke, eta testuinguru edo ingurune partikularretan aplikatu daitezke. Proposamen horiek guztiak sekuentzia didaktikoaren diseinuan ikus daitezke: ekintzetan, baliabideetan, ebaluazio inklusiboan eta justuan, metodologia parte-hartzaileetan, hau da, curriculumeko elementu guztietan, ez baitago IDU atal berezi bat. 

 


"Aldatzen ari den eta globalizatua den gizarte baten premia da gela bateko ikasle guztiei erantzutea. Kontua ez da hezkuntza inklusiboa posible dela; kontua da beharrezkoa eta urgentea dela"


 

Marko teoriko horrek, nola hartzen du lur? Nola ezartzen dugu gure gelan edo ikastetxean?

Nik, abiapuntu moduan, egiten duten guztia, egiten dituzten proposamen guztiak, ikasle guztiengan pentsatuta egiteko esango nieke irakasleei. Horregatik, azken liburuari Diseña hasta los límites (Mugetara arte diseina ezazu) izenburua jarri nion: hartu ezazu laguntza handiena beharko duen ikaslea, zailtasun handienak izango dituena, eta hasieratik berarentzat ere diseinatu ezazu, ez a posteriori. Diseinu unibertsala guztientzako diseinua da. Horrez gain, irisgarria izatea kontuan izan behar dugu, eta irisgarri edo eskuragarri diogunean, zentzu zabalean ari gara, hasi letra tipotik eta motibaziora arte. Testuliburu bat agian oztopo bat izan daiteke hizkuntza ezagutzen ez duen pertsona batentzat, eta liburu digital batek edo Genially batek laguntza gehiago eskainiko dizkio, irakurtzen ari den hori nola ahoskatzen den entzun baitezake, adibidez. Lehenengo, eskuragarria. Bigarren, aldamioak. Ikasleek, ezagutza eraiki dezaten, aldamioak behar dituzte, hau da, laguntza eta euskarriak behar dituzte, batzuek besteek baino gehiago. Proposamen bat diseinatzen dugunean, kontuan izan behar dugu ikasle guztiengana iritsi behar dugula eta manipulagarria izan behar dela. Eta, azkenik, ez ahaztu metakognizioa; ezagutza barneratzea, nork bere buruarekin gogoeta egitea, edo baita taldean planifikatzea eta antolatzea ere. 

 

IDU erantzun inklusibo baten moduan sortu zen, eta zuk hezkuntza inklusiboaren aktibista moduan definitzen duzu zeure burua.

Hezkuntza inklusiboa behar bat da, gizarte anitz batek daukan premia da, aldatzen ari den eta globalizatua den gizarte baten premia da gela bateko ikasle guztiei erantzutea. Kontua ez da posible dela; kontua da beharrezkoa eta urgentea dela. Gure geletan interes diferenteak dituzten haurrak ditugu, motibazio ezberdinak dituztenak, gaitasun ezberdinak dituztenak, kezka ezberdinak dituztenak, ikasketa eredu ezberdinak dituztenak… Pertsona zoragarriak dauzkagu, ikasteko, elkarrekin bizitzeko, barre egiteko eta kantatzeko gogo ikaragarria dutenak, eta behin eta berriro atsekabetzen ditugu ariketa monotonoekin, aulki deserosoetan orduak eta orduak pasarazten dizkiegu, mugitzeko aukerarik gabe, paperarekin eta arkatzarekin egin beharreko azterketak jartzen dizkiegu, diskurtso aspergarriak botatzen dizkiegu eduki abstraktuarekin, haiek manipulatzeko aukerarik gabe, eta zentzurik aurkitu gabe… Aldatzeko garaia da, eta posible da. 

Heziketa inklusiboaren eredu hau desgaitasunaren eredu sozialetan oinarritzen da. Bereziki 80ko hamarkadan hartu zuen indarra. Ez dio defizitari begiratzen, ezta desgaitasunari ere, testuinguruari baizik; oztopoei, aurreiritziei, jarrera negatiboei eta esklusioari begiratzen die, aldatzeko. Ikuspegi hori hezkuntzara eramaten baldin badugu, arreta testuinguruan jarri behar dugula ikusiko dugu, oztopoak deuseztu behar ditugula, eta ikasle guztiei begirada inklusiboa, ekitatiboa eta kalitatezkoa eskaini behar diegula.

 


"Neurodibertsitateaz hitz egin behar dugu, baina kontuan izanda guztiok garela anitzak, ez soilik etiketa bat dutenak"


 

Neurozientziak zer ekarpen egiten dio IDUri?

Oso gauza oinarrizko batekin hasiko naiz hori azaltzen: garun guztiak bakarrak dira. Gaur elkartu garen 50 pertsonak ikasteko modu ezberdina daukagu, garun bakoitzak funtzionamendu ezberdina dauka, eta horrek dibertsitate funtzionalaren eredu sozialera garamatza, ez soilik hezkuntza eredura. Zer esan nahi du horrek? 2006az geroztik gaindituta egon beharko lukeela gaitasun/ezgaitasun dikotomiak, eta onartuta pertsona guztiak desberdinak garela. Abiapuntu horretatik egin behar dugu guztia: aldamioak jartzea, modelaketa, maila anitzak eskaintzea… Neurodibertsitateaz hitz egin behar dugu, baina kontuan izanda guztiok garela anitzak, ez soilik etiketa bat dutenak.

Hortik aurrera, eta zimendu neurozientifikoetan oinarrituta, IDUk hiru sare neuronalak hiru oinarrirekin eta horien pautekin eta egiaztapen puntuekin lotzen ditu, eta horrek egin ditzakeen egokitzapenak ikusten laguntzen dio irakasleari. Hauek dira hiru printzipioak: batetik, motibazioa; irakasleak ikasleei inplikatzeko modu ugari eskaini behar dizkie bere praktikan. Horrek motibazioari egiten dio erreferentzia, motibazioa elementu nagusia baita ikasketan, ikasketaren zergatian. Horregatik, irakasle moduan, hainbat galdera egin behar dizkiot neure buruari: “Nola motibatuko ditut ikasleak? Eta bereziki, nola eutsiko diot haien arretari?”. Alderdi hori oso garrantzitsua da, ez baita soilik kanpoko motibazioa eduki behar kontuan, baita barneko motibazioa ere. Printzipio horrek esaten digu programazioan autoerregulazio estrategiak kontuan eduki behar ditugula, baita ikasketa autonomoa eta metakognizioa bultzatzen duten estrategiak ere. Akatsak aitortzeari buruz hitz egiten dugu, eta akatsetatik ikasteari buruz. Ebaluazioa ikasketa prozesuan bertan sartzeaz ari gara, autoebaluaziorako eta koebaluaziorako proposamenak behar ditugu horretarako, egunerokoak idaztea, portfolioekin lan egiteaz ari gara hitz egiten. Printzipio horrek talde lana ere kontuan dauka, eta baita emozioen kudeaketa ere… 

Bigarren printzipioak honela dio: irudikatzeko modu ugari eskaini, pertsona guztiok ez baitugu modu berean hautematen eta ulertzen informazioa. Irakasleak ikasle guztiek ulertzen dutela ziurtatu behar du eta eskainitako informazioa jasotzen dutela. Horretarako, programazioa diseinatzen ari garen momentuan, informazioaren aurkezpena zaindu behar dugu, datuak zentzumen guztietatik jaso ditzaten; jakintzaren transferentzia antolatzaile grafikoen bidez egin dezakegu, aurretiazko ezagutzak aktibatzeko edo informazioa multzokatzeko; testu idatziaz gain, informazioa aurkezteko formatu gehiago erabili behar ditugu, irakurketa errazeko baliabideak, audioak, bideoak… Bigarren printzipio horren markoan leudeke, flipped classroom eredua, errealitate areagotuko aukerak edo Visual Thinking-a, memoria, transferentzia eta orokortzea indartzeko. Hirugarren printzipioak dio ekintza eta adierazpen forma ugaritarako aukerak eskaini behar direla, printzipio horrek arreta jartzen baitu nola? galderan, nola ikasten den. Printzipio horrek ahalbidetzen du ikasle guztiek informazioarekin elkar eragiteko aukera izatea eta ikasitakoa erakusteko norbere gaitasunen araberako estrategiak erabiltzeko aukera izatea. Informazioa emateko teknologiak, marrazkiak, gorputza… erabil ditzakete eta ikasle guztien funtzio exekutiboak lantzeko ahalegina egiten da, eta programazioa diseinatzen dugunean nabarmentzen da, informazioa aurkezteko komunikazio bide eta baliabide teknologiko ugariak landu behar direla.

 


"Irakasle guztiei esango nieke dagoeneko ari direla IDU egiten. Dagoeneko IDU egiten ari gara! Kontua da batzuetan ikasle zehatz batzuentzako egiten dugula eta ez gara ohartzen, modu batean edo bestean, guztiek behar dutela laguntza espezifikoren bat"


 

IDU marko kontzeptual bat da, gutxi- asko nahiko erraz barnera daitekeena, baina jarraibideak barneratu eta erabiltzeko, formazioa beharrezkoa da, ezta?

Irakaskuntzan formazioa funtsezkoa da, beti, eta baita IDUren kasuan ere. Baina irakasle guztiei esango nieke dagoeneko ari direla IDU egiten. Dagoeneko IDU egiten ari gara! Kontua da batzuetan ikasle zehatz batzuentzako egiten dugula eta ez gara ohartzen, modu batean edo bestean, guztiek behar dutela laguntza espezifikoren bat. Oroz gain, IDU begirada etiko bat da. Orientatzaile lanetan nenbilela, hirugarren mailako neskato bat oso mugitua omen zen, eta hala esan zidan irakasleak: “Coral,  neska hau ez baldin bada geldi egoten, ez du ikasgaia ikasiko”. Irakasle hura non ari zen begirada jartzen? Bere hizkuntzarekin, haurrari egozten ari zitzaion ikasketa ez ikastearen ardura. IDUk pentsarazten digu nola egokitu behar dugun testuingurua, nolako ekintzak eskaini behar dizkiogun haur horri berak ikasketa barnera dezan; fokua aldatzen dugunean, irakasteko modua aldatzen da eta ikasteko modua ere bai. 

 

Galdera laburrak

01. Eskola garaiko oroitzapen on eta txar bana? 

Nire oroitzapen guztiak onak dira. Ikastuna nintzen, jakin-min handikoa, ikasteko gogo handia neukan eta daukat oraindik ere. 

02. Nolako eskola amesten duzu? 

Nire ametsetako eskolak Mendigoiti eskolaren antza dauka. Errespetuzko eskola bat, irekia, gizatiarra eta oinarri pedagogiko sendokoa. Aniztasuna errespetatzen eta balioesten duen eskola bat, bizitza osoan bidelagun izango duzuna.  

03. Zuretzat garrantzitsua den balore bat?

Eskertza. Jasotzen duzuna, laguntzen dizuna, babesten zaituena...eskertu. Umiltasuna, ardura, maitasuna, askatasuna, justizia... nire bizitzaren erdigunean dauden balioak dira. 

04. Hezkuntzari buruzko film bat edo liburu bat? 

Paulo Freireren liburuak ezagutu beharrekoak dira. Philippe Meirieu, Perrenoud edota Freinet ere irakurri beharrekoak dira. Nire liburuen artean, idatzi dudan azkena gomendatuko nuke, Diseñar hasta los límites.