288 znb | Gai nagusia

Neurozientzian oinarriturik, IDU Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalaren marko teoriko praktikoa azaldu zuen Coral Elizondo adituak Hik Hasik antolatutako Lehen Hezkuntzako jardunaldietan. Ikaskuntza egoera malguak prestatzen laguntzeko jarraibideak eskaintzen ditu IDUk, ikaskuntzaren diseinuan ikasle guztiak aintzat hartuz eta ikasle guztien arrakasta helburu izanik. David Castrillok Iruñeko Mendigoiti eskolan IDU nola darabilten azaldu zuen.

 

Gaur egun kalean aurki ditzakegun oztopo fisikoak eta arkitektonikoak oso argi ikusten ditugu, eta eraikuntza berrienak oztopoak saihesteko moduan diseinatuak daude: maldak, igogailuak, eskailera mekanikoak... gure paisaiaren parte bihurtu dira. Gaur egun, espazio bat diseinatzen denean, arkitektoak buruan izan behar du hasieratik “herritar guztientzako” diseinatu behar duela. 1970eko hamarkadan AEBetan arkitekturaren esparruan sortu zen Diseinu Unibertsala kontzeptua eta gaur egun mundu mailan arautua dagoen ikuspegia da. Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalak arkitekturako begirada ­—hau da, guztiontzako diseinatzea— hezkuntzara ekarri zuen 80-90etan, eta orain, dekretuz, Hego Euskal Herrian txertatu beharreko begirada izango da hezkuntza planifikatzeko eta praktikara eramateko erreferentzia marko moduan. IDU azaltzeko eta praktikarako jarraibideak ezagutarazteko, Hik Hasik IDUri buruzko jardunaldia egin zuen apirilaren 20an, Andoaingo Bastero Kulturgunean, IDUn aditua den Coral Elizondo hezitzailearekin eta IDU erdigunean duen Iruñeko Mendigoiti ikastetxeko David Castrillo irakaslearekin.

“Gelan ditugun ikasle guzti-guztientzako irakasle izan behar dugu irakasleok”, esan zuen Coral Elizondok, gaur egun geletan daukagun aniztasunari erreferentzia eginaz; “ez ikasle gehienentzat, ezta batezbesteko ikasleentzat ere; guzti-guztientzat izan behar dugu irakasle”. Batezbesteko ikaslearen tiraniaz mintzatu zen, orientatzaile moduan egindako urtetako lana oinarri hartuta: “Erdigunean batezbesteko ikasleak jartzen ditugu, eta horrek ikasle asko bazterretan uzten ditu, iristen ez garen ikasle asko. Eta, gainera, gu iristen ez garen ikasle horiei etiketak jartzen dizkiegu, pertsona etiketa bat baino askoz gehiago dela ahaztuta”. Ez daude bi ikasle berdin; aurpegiz eta itxuraz ezberdinak diren moduan, ikasteko eran ere ikasleen artean desberdintasun handiak daudela adierazi zuen Elizondok. Michael Miller neurozientzialariak egindako ikerketa izan zuen aipagai: “Ikerketan parte hartu zuten pertsona guztien garunak oso desberdinak zirela ikusi zuen, hau da, ez dagoela normala edo araua den garunik; oinarrizko egitura bertsua izanagatik, pertsona guztien garunak desberdinak direla ohartu zen, eta horrek azaltzen duela pertsona bakoitzak ikasteko modu desberdina izatea. Eskolak, beraz, garun normal bat dagoela pentsatu eta ikaskuntza horren arabera diseinatu eta planifikatu beharrean, hasieratik neuroaniztasuna dagoela hartu beharko luke kontuan. Aniztasuna da araua”.

 


"Eskolak garun normal bat dagoela pentsatu eta ikaskuntza horren arabera diseinatu beharrean, hasieratik neuroaniztasuna hartu beharko luke kontuan"

Coral Elizondo, IDUn aditua


 

Ikuspegi horrek begirada aldaketa bat ekarri zuen hezkuntzara: batezbesteko ikaslea erdigunean jarri ordez, ikasle guztiak euren gaitasunekin, konpetentziekin eta ezaugarriekin hartzen ditu aintzat IDUk. “Dibertsitatearen eredutik inklusioaren eredura pasatzen gara, eta oztopoak pertsonak dituela pentsatzetik, oztopoak testuinguruan daudela ikustera pasatzen gara. Hasieratik gelan ditugun ikasle guztiengan pentsatuz diseinatzen eta planifikatzen dugu gure eskola, hala irakurle onarengan nola dislexia daukan ikaslearengan pentsatuz, esate baterako. Ikasle guztiei aukerak ematea eskatzen digu IDUk; ulertzeko, adierazteko, irudikatzeko edota ekiteko aukerak ugaritzea. Paradigma aldaketa bat proposatzen du IDUk: ikasteko oztopoak minimizatuz, ikasteko aukerak maximizatzea da IDUren proposamena”. Era berean, IDUri esker, desgaitasunak dituzten ikasleen eta desgaitasunik ez daukaten ikasleen arteko dikotomia hausten da, alternatiba ugari eskaintzen direnean, ikasle guztiek jasotzen baitituzte horren onurak. Esate baterako, testu bat idatziz soilik eskaini ordez, edukia entzuteko aukera ematen zaienean, ikusmen arazoak dituen ikasle batek hala behar duelako, adibidez, edukia hobeki bereganatuko du artean irakurtzeko zailtasunak dituen ikasleak ere, jardueraren helburua edukiaren jakintza barneratzea den kasu batean. 

 

Neurozientzia IDUren oinarrian

IDUren oinarrian neurozientzia dago. Izan ere, garunek ikasketa prozesuetan nola funtzionatzen duten azaldu dute neurozientziako ikerketek, eta horiek asko lagundu dute garunen egiturak eta funtzionamenduak ulertzen. Ikaskuntza prozesuetan bereziki hiru sare neuronalek garrantzia handia dutela erakutsi du neurozientziak: sare afektiboak, antzemateko sareak eta sare estrategikoak. Eta sare neuronal horiek eragiten dute zer, zergatik eta nola ikasten duen ikasle batek, hau da, sare neuronal bakoitzak zeregin espezifikoa dauka ikasketa prozesuan. “Sare afektiboan, antzemateko sarean eta sare estrategikoan dituzten desberdintasunengatik, ikasleen ikasteko moduak desberdinak dira. Ikaskuntza arrakastatsua izan dadin, ikasle guztien sare neuronalak aktibatu behar dira, bakoitzaren gaitasunen eta beharren arabera, ikaskuntza proposamen bakoitzean”. 

Sare afektiboa: zereginei zentzu emozionala ematen dien sarea da, motibazioarekin zerikusia du eta beraz, sare hori kontuan izanik ikaskuntzan inplikatzeko, motibatzeko eta ikaskuntzarekin konpromisoa hartzeko modu ugari eskaini behar zaizkie ikasleei.
Antzemateko sarea: informazioa antzematen eta esanahiak ulertzen espezializatutako sarea da. Elizondoren arabera, arlo curricularrarekin lotura handiena duen sarea da, eta “informazioa irudikatzeko modu ugari eskaintzea eskatzen du, ikasleak informazioa ulertu dezan, irisgarria egin behar zaio, oztoporik izan ez dezan”.
Sare estrategikoa: jarduera motriz eta mentalen planifikazioan, gauzatzean eta prozesuen monotorizazio-lanetan espezializatua dagoen sarea da. Ekintzarako eta adierazpenerako modu ugariak eskaini behar dira sare hori aktibatzeko. 

Ikusi IDUren eskema hemen

 

Hiru printzipio, bederatzi pautaeta 32 egiaztapen puntu

Sare neuronal horiek aktibatzeko, beraz, irudikatzeko modu ugari, askotariko ekintzak eta adierazpen modu ugari eskaini behar zaizkie ikasleei, bakoitzak bere modura funtzionatzen baitu. Adibide sinple batean: neurozientziak erakutsi du pertsona batzuek informazioa hobeto prozesatzen dutela bide auditibotik jasotzen dutenean, eta beste batzuek, aldiz, ikusizko bideetatik jasotzen dutenean. Oinarrizko diferentzia horretatik konplexuagoetaraino, euskarri ugari eskaini behar ditu ikasle guztiengana iritsi nahi duen irakasleak. Horregatik, testuliburuen arriskua aipatu zuen adituak: “Izan ere, euren gaitasunengatik eta ezaugarriengatik testu idatziekin ongi konpontzen ez diren ikasleen kasuan, oztopoak izango dituzte jakintza eraikitzeko eta berengantzatzeko”. 

Hiru sare neuronalen araberako hiru printzipiotan oinarritzen da IDUren eskema: ikaskuntzan inplikatzeko modu ugari eskaini; informazioa irudikatzeko modu ugari eskaini eta ekintzarako eta adierazpenerako modu ugari eskaini. Eta hiru printzipioek beste hiruna pauta edo estrategia multzo zehazten dituzte (bederatzi beraz) eta bederatzi pautek jarraibide praktikoak eskaintzen dituzte, orotara 32 jarraibide edo egiaztapen puntu praktiko, irakasleari curriculuma ikasle guztientzako eskuragarria dela ziurtatzen laguntzen diotenak eta oztopoak deusezten ari dela ziurtatzen diotenak. “Zergatik ikasi? zer ikasi? eta nola ikasi? galderei erantzuteko marko teorikoa ez ezik, ekintza konkretuak eskaintzen ditu IDUk”. Jennifer Levine IDUren teorizatzaileetako baten hitzak ekarri zituen puntu horretan, IDUren definizioan sakontzeko: “IDU hezkuntza marko bat da, metodoetan, materialetan eta ingurune malguetan oinarritzen dena, oztopoak minimizatzen dituena eta guztion aniztasuna kontuan duena ikasle adituak garatzeko”.

 


IDU: oinarrizko 3 kontzeptu

IDUren marko kontzeptuala ulertzeko, hiru kontzeptu argitu behar dira, Elizondoren arabera: 

Oztopoak diseinuan daude, ez pertsonengan. Ikaskuntzako testuinguruetan dauden oztopoak (fisikoak, sentsorialak, afektiboak edo kognitiboak) identifikatzen, aurreikusten eta minimizatzen direnean deuseztu daitezke. “Hezkuntza erakunde baten alderdi guztietan aurkitu ditzakegu oztopoak: hezkuntza politikan, eskolako kulturan, hezitzailearen praktikan... Oztopo guztiak deusezten ditugunean hasiko gara ikasle guztien sarbidea, partaidetza eta ikaskuntza bermatzen”.

Aniztasuna da araua: “Batezbesteko ikaslea erdigunean izatetik ikasle guztien aniztasuna kontuan hartzera igaro behar gara, gure ikasleek ikasteko modu anitzak dituztela kontuan izan behar dugu irakaskuntza planifikatzen dugunean”.

Ikaskuntza aditua da helburua: “Jarraibideak metakognizioa lortzeko diseinatuak daude, jakintzaren barneratzea lortzeko”. 


 

Aldamioak versus egokitzapenak 

“IDUren helburua ikasle adituak erdiestea da. Horretarako, ikasle guztiekiko espektatiba altuak izan behar ditugu, guzti-guztiekiko. Irakasle batek ikasle batekiko espektatiba baxuak edukitzea oztopo bat da ikasleak bere ikaskuntza prozesuan aurrera egin dezan”. Egokitzapen curricularrak egin beharrean, IDUk aldamioak edo behar diren laguntzak eskaintzea proposatzen du: “Ikasle bakoitzari ahal duena edo maila bat gorago eskatu behar zaio, baina bere onena eman dezan behar duen laguntza eman behar dio hezitzaileak”. Aldamio horiek praktikoak dira, eta, bereziki, alor digitalak estrategia ugari eskaintzen dizkie ikasleei. “Antzemateko sareari loturik, informazioa irudikatzeko modu ugari eskaini behar ditudala esaten dit IDUk. Beraz, testu idatziaren alternatibak eskaini behar ditut, entzumenezkoak edo irudiak, informazioa aberasteko QR kodeak, irakurketa errazeko estrategiak... Testua bera ere, ahalik eta irisgarrien egin behar dut, letra tipoa zainduz (kurtsiba gabe, arial edo verdana tipoetan, eta 12ko tamainan) eta testuak interpretatzeko ere behar diren aldamioak eskainiko ditut jarduera bakoitzean, testuak interpretatzen laguntzen duten grafikoak, mapa mentalak, visual thinking-eko estrategiak… Edo testutik harago, manipulazioa ahalbidetzen duten materialak eskainiko ditut.  Eta horrela, pauta guztiak izan behar ditut kontuan, ondoren egokitzapenik egin beharrik ez izateko”.  

IDUren aurretik, hala hezkuntzan nola arkitekturan, behin batezbesteko pertsonentzat diseinatu ondoren, a posteriori egokitzapenak egiten ziren bestelako beharrak zituzten ikasleentzako —eta egiten dira oraindik ere—. Egokitzapen horiek ikasleentzat egokiak eta erakargarriak ez izateaz gain —“ikasleei beste ikaskideek egiten dituzten ekintzak proposatu beharrean, berezi batzuk eskaintzeak bazterketa eta desmotibazioa eragin dezakete”—, irakasleentzat ahalegin eta denbora xahutzea dakar, “behin planifikazioa diseinaturik dagoenean, pertsona bakoitzarentzat egokitzapenak egiteak lan handia baitakar”. Proposamenak dibertsifikatuak eta mailakatuak izatea gomendatzen du adituak, metodologia aktiboak lehenesten ditu, parte hartzaileak eta sozialak, irakasleen hitzaldi magistralen eta ikasleen parte hartze gutxiko metodo tradizionalen aldean; “proiektuetan oinarrituko ikaskuntza, esate baterako, lagungarriagoa da IDUren ikuspegitik eta inklusioaren ikuspegitik”.

IDUk marko teoriko eta jarraibide praktikoak uztartzen dituen begirada eskaintzen du, baina Elizondo jabetzen da lehen hartu-emanean abstraktua eta konplexua dirudiela. “Liseriketa behar duen markoa da, baina guztiok ari zarete IDU egiten, horren jakitun ez izan arren”, esan zien jardunaldian batu ziren hezitzaileei. IDUrekin hasteko, irisgarritasuna zaintzea eta gertukotik hastea gomendatu zien irakasleei: “Ikasleekin egin behar dugun guztia aurrez azaldu behar diegu beti, zer, nola eta zertarako egingo dugun. Bidean baliabide ugari eskaini, eta, era berean, metakognizioa sustatu behar dugu: zer ikasi duzu gaur? Ikasitakotik zerekin gelditzen zara?”.

Iruñeko Mendigoiti ikastetxea IDUren eredu da. Eskolak inklusioa du oinarri eta berau gauzatzeko IDU baliatzen du, nola planifikazioan hala praktikan. Iritzien gainetik, ebidentzia zientifikoek eta neurohezkuntzak ikertuak dituzten ekarpenak hartzen dituzte oinarri, eta horregatik baliatzen dute IDU. Castrillok honela laburbildu zuen IDU: “Modu ugari, modu ugari, modu ugari eskaini ikasleei aldi berean”. Gelan proposamen dibertsifikatuak eta mailakatuak eskaintzen dituzte, horietako batzuk derrigorrezkoak dira, ikasleek beste batzuk aukeran dituzte eta beste batzuk borondatezkoak dira. “Eta funtzionatzen du”.

 


Neurozientziaz eta IDUz esanak

 

"Batezbesteko pertsonen gainean eraikitako diseinuak porrotera kondenatuak daude. Beharrezkoa da ingurunearen diseinua aldatzea: inguruneak egokitu behar dira pertsonetara eta ez pertsonak batezbesteko ingurunera”.
(Gilbert S. Daniels 1952, The average man?)

 

"Ez dago ganbara batean garun perfektuki normalik gordeta, eta ezin dira, beraz, beste garunak garun perfektuki normal horrekin konparatu. Garun normalik ez dagoela onartu behar dugu, lore normalik, talde kultural edo arraza talde normalik ez dagoen moduan”.
(Armstrong 2012, The Power of Neurodiversity)