Esperientzia

Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren bigarren deialdiak hobekuntza pedagogikoan eta ikerketan jarriko du arreta eta lanek eraldaketa pedagogikoan murgildu nahi duten ikastetxeei marko teorikoa eta bide orri metodologikoa eskaintzea izango da xedea. Urriaren 4an, Hernaniko Udalean egin zen deialdiaren aurkezpena. Proiektuak abenduaren 1erako entregatu beharko dira.

 

Hik Hasi egitasmo pedagogikoak, Hernaniko Udalaren laguntzarekin, Joxe Mari Auzmendiren hezkuntza balioak sustatzeko helburuarekin sortu zuen pedagogoaren izena daraman hezkuntza beka duela bi urte. Orain bigarren deialdia martxan da eta ezaugarri berezi bat izango du: ikerketari balioa emango zaio eta emaitzak Euskal Herri osoko ikastetxeak aberastuko ditu. Hala adierazi zuen Mikel Agirrezabala Hik Hasiko formazio arduradunak urriaren 4an Hernaniko udalean bekaren bigarren deialdia aurkeztu zutenean: “Euskal Herriko ikastetxeek, gaur egungo erronka sozial, etiko, teknologiko, pedagogiko eta abarrei erantzuteko, eraldaketa prozesuak egitea beharrezkoa dute. Eraldaketak marko teorikoa eta bide-orri metodologikoa behar ditu. Beka honen helburua, ikastetxeen beharrei erantzungo dien ikerketa eta azterketa egin ostean, eraldaketa prozesuan lagunduko duten oinarri teorikoak eta metodologikoak proposatzea izango da. Horrela, etengabeko hobekuntzarako bidean, beka honen emaitzak Euskal Herriko ikastetxe guztientzat lagungarria izan daitekeen bide-orri bat proposatuko du, bide-orri orientagarria, iradokitzailea eta praktikoa, hain zuzen ere, horren gainean, ikastetxe bakoitzak bere prozesua egin dezan ondoren”.

Bigarren bekaren deialdiko oinarriak www.hikhasi.eus webgunean daude ikusgai. Euskal Herrian Hezkuntza-hobekuntzan ari diren ikerlariei, ikerketa-taldeei, pedagogoei, hezitzaile taldeei edota unibertsitateei zuzendua dago. Bekaren zenbatekoa 12.000 eurokoa izango da eta proiektuak abenduaren 1erako entregatu beharko dira.

 

 

Eredu izango den eraldaketa prozesua 

Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren lehenengo deialdian Otxandioko eskola izan zen saritua.

Otxandioko eskolak jaso zuen lehendabiziko Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Beka, eraldaketa pedagogikoa egiten laguntzeko: “Baso eskolari ateak irekiz, naturaren integrazioan eta Haur Hezkuntzan ez ezik Lehen Hezkuntzan ere berrikuntza pedagogikoan proposatzen den jauzi kualitatiboagatik eta, batez ere, eskolaren eta komunitatearen hurbilpenari begira proposatzen duen proiektu integralagatik”, Joxe Mari Auzmendi Hezkuntza Bekaren epaimahaiak ebatzi zuen Otxandioko herri eskola zela aurkeztutako proiektu guztien artean Joxe Mari Auzmendi zenaren izpirituari ongien uztartzen zitzaion proiektua. 2021eko azaroaren 24an egin zuen epaimahaiak erabakia. Hernaniko udaletxean egin zen ekitaldia, eta han izan ziren Hernaniko alkate Xabier Lertxundi, hezkuntza zinegotzi Oier Agirresarobe, hezkuntza teknikari Malores Etxeberria, Hik Hasiko Mikel Agirrezabalak eta Otxandioko herri eskolako zuzendari Nagore Agirrebeitiak Lur Olabarri aholkularia eta Aloña Erauskin irakaslea, Joxe Mari Auzmendi zenaren familiarekin batera. Ordutik, bi urteko epean, eraldaketa pedagogikoa gauzatzeko urrats handiak egin ditu eskolak bekaren laguntzarekin, Otxandioko eskolarentzat aberasgarri izatez gain, “eraldaketa pedagogikoa egiten ari den edota egin behar duten ikastetxeentzako ispilu eta eredugarri izan den prozesua”, Mikel Agirrezabala Hik Hasiko formazio arduradunaren arabera, bekaren bokazioa beste ikastetxeentzat ere eredugarri izatea baita, “bai hobekuntza pedagogikoan eta baita herriaren eta eskolaren arteko harremanean ere”. 

Ibilbide emankorra izan da Joxe Mari Auzmendi beka jaso zutenetik gaur arte egindakoa, Otxandioko eskolarentzat. “Covid ostean, beka deialdiaren aurretik hasitan geunden metodologia eraldaketa prozesu bat nola gauzatu pentsatzen. HHn mugimendu autonomoan hasita zeuden urte batzuk aurretik, eta kanpo espazioa erabiltzen ere bai, LHn erabakita zegoen ikasleen interesetatik abiatutako diziplina arteko proiektuetan hasiko ginela eta kanpo espazioa erabiltzen hasi berriak ginen, baina, eraldaketa horretan kontziente ginen HHtik mugimendu autonomotik etortzen ziren umeak espazioetan mugitzeko aukera zeukatenak, adinez eta garapen mailaz nahasteko aukera zeukatenak , eta LHn eskaintzen genituen egitura pedagogikoekin hori dena ez geniela bermatzen. Koherentzia edo lotura falta zegoela ikusten genuen eta koomunitatearekin geneukan harremana indartzeko ahaleginetan ere ari ginen. Bekari esker eduki dugu hau guztia antolatu eta urratsak egiteko aukera”, adierazi du Erakuskinek. Horretarako, funtsezkoa izan da bekak eskaintzen duen aholkularitza pedagogikoa. Aritz Larreta Hik Hasitarraren aholkularitza pedagogikoa izan du eskolak. “kanpo begirada garrantzitsua da barruko lana eta gure jarduera hobeto antolatzeko”. Martxan jarrita,talde eragilea sortu zuten eskolan beka jasotakoan eraldaketari forma eman eta martxan jarraitzeko, espazioen, materialn esku-hartzeen irkasleen rolaz hausnartu eta diseinatzeko. Lekeitio, Ondarroa, edota Atxondoko ikastetxeetara bisitak ere egin zituzten. “Hausnarketa prozesuan eta izandako formazio eta aholkularitzarekin argi ikusi dugu metodologia edo egitura pedagogiko bakar batek ez diola ematen erantzunik dagoen aniztasun guztiari. Aniztasun horri erantzuna emango bazaio, egitura pedagogikoak ere anitzak izan behar dira”, adierazi du Erauskinek. 

 

"Hausnarketa partekatuak egiteko kultura sortzen saiatu gara” 

Aritz Larreta, Joxe Mari Auzmendi bekako hezkuntza aholkularia

 

Joxe Mari Auzmendi Bekaren ezaugarrietako bat aholkularitza pedagogikoa eskaintzea izan da. Zein izan da zure egitekoa prozesu horretan?
Nire egitekoa klaustrokideak elkarrekin hausnartzen jartzea izan da, alegia, egiten duten eta egin nahi luketen esku-hartzearen gainean hausnartzen jartzea. Irakasleok asko hausnartzen dugu gure esku-hartzeaz eta hausnarketa horiek lankideekin partekatu ere egiten ditugu, baina, askotan, hausnarketa oso informalak izan ohi dira. Otxandioko Eskolakoei eskainitako aholkularitzan, saiatu naiz taldeko hausnarketa pedagogikoari gune eta une jakin formal batzuk sistematikoki eskaintzen, nolabait esateko, hausnarketa partekatuak eta sistematikoak egiteko kultura sortzen.

Gisa horretako eraldaketa prozesu bat barrutik egin behar da, taldean. Baina zer plus eskaintzen dio kanpoko begiradak?
Kanpoko aholkulariari errazagoa zaio distantzia hartzea eta, beraz, enpatizatzea; izan ere, beti horrela ez bada ere, gerta liteke klaustrokideren batek horrelako prozesu bat gidatu ahal izateko nahikoa distantzia ez hartzea eta, beraz, klaustrokideekin behar beste enpatizatu ezina. Dena den, kanpoko aholkulariak ezin du distantzia handiegirik ere hartu, bestela, posible da klaustrokideekin ere ez konektatzea. Neurriko distantzia hartzea da gakoa.

Otxandioko esperientziatik zer estrapolatu daiteke eraldaketa prozesuan ari diren ikastetxeetara?
Kanpoko aholkulariaren eta eskolako berrikuntza arduradunaren arteko koordinazioa eta elkarlana aipatuko nituzke. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan berrikuntza arduradunak daude eskola publiko guztietan. Beraz, esan liteke, berez, badaudela eraldaketa edo hausnarketa pedagogikoaz arduratu beharko luketen profesionalak. Bada, kanpoko aholkulari gisa, ezinbestekoa izan da niretzat berrikuntza arduradunarekin batera diseinatzea eta inplementatzea aholkularitza-prozesua, azken batean, bera baita eskolan dituzten behar pedagogikoak hobekien ezagutzen dituena. Hortaz, eskolek kanpoko aholkularitza pedagogikoa baliatu nahiko balute, berrikuntza arduradunarekin aritu beharko lukete bai ala bai.

 

"Otxandioko eskolan eta herrian egiten ari diren aldaketa beste herrientzako inspiratzailea da” 

Maite Azpiazu, Oinherriko koordinatzailea

 

Auzmendi Hezkuntza Beka eskuratu ondoren, Otxandio Oinherri herri hezitzaileen sarean sartu da eta zuen bidelaguntza izan dute eskolak eta udalak. Zer egin duzue elkarrekin?
Otxandioko Udalaren eta Oinherriren arteko lankidetza harremana pasa den ikasturtean hasi zen, 2022an. Eskolak Hik Hasiren Joxe Mari Auzmendi beka lortu zuenean, ikusi zuelako udala Oinherrin sartuz eskolaren eta herriaren arteko zubia eraikitzeko baliagarria izan zitekeela. Guk Oinherritik planteatu genuen, Udala, eskola eta herriko hezkuntza ez formaleko eragileak batuko zituen hezkuntza foro bat sortzea, eta hor hasi ginen elkartzen, Udaletik alkatea eta zinegotzia, eskolatik zuzendaria eta ikasketa pedagogikoaren arduraduna, guraso elkarteko kideak eta eremu ez formalean, Gaztekintza kudeatzen duen Txatxilipurdi elkarteko arduradunak. Herri hezitzailearen filosofia aurkeztu genien, eta hezkuntzaren ardura eskolaz harago herrira zabaltzeko Otxandion zer egin genezakeen pentsatzen hasi ginen elkarrekin.  

Eskola-herria eta herria-eskola harremana da bekaren zutabeetako bat. Nola bultzatu duzue elkarlana bi norabideetan, kasu horretan?
Hiru saio egin genituen 2022an: diagnosia, “non gaude momentu honetan Otxandion? Nola daude eskolaren eta herriaren arteko zubiak?”. Bigarren saioan amestu egin genuen nolako Otxandio nahiko genukeen X urte barru herri hezitzailearen ikuspuntutik. Eta hirugarren saioan, jakinda non gauden eta nora joan nahi dugun elkarrekin, nola joan gaitezkeen pentsatzen hasi ginen. Hortik erabaki zuten haurren kontseilu bat sortzea eskolak bere baitan bazituelako barne parte-hartze kanal batzuk, baina horiek herrira jauzi egiteko sortu behar zen komunikazio kanal bat udalaren, haurren eta hezkuntza komunitatearen artean hainbat gairen inguruan hitz egiten hasteko.

Otxandioko esperientziak nola aberastu ditu Oinherriko beste herriak?
Otxandioko eskolan eta herrian bekaren laguntzarekin egiten ari diren aldaketa beste herrientzako inspiratzailea da. Aldaketa hori gero herri hezitzaileen sareko beste herrietako kideekin elkartrukatzeko aukera daukan neurrian, beste herriak eta ikastetxeak ere aberasten dira eta elkartrukeak inspiratzeko aukera ematen du. Sarean horrelako esperientziak izatea ezinbestekoa da sare horrek zentzua izan dezan.