Gero eta guraso gehiagok erabakitzen dute beraien seme-alabak txiki-txikitatik hizkuntza-eskolara eramatea. Izan ere, uste orokorraren arabera, errazago eta hobeto ikasten dute haurrek hizkuntza, eta, gainera, abantaila emango die etorkizunean lan munduan. Gauzak horrela, urtebeteko haurrei eskolak ematen hasi dira hainbat akademia.   

Egun arrunt batean zehar, segur aski Euskal Herrian bizi den edozein haurrek gutxienez bi hizkuntza entzungo ditu. Baina ez litzateke harritzekoa hirugarren hizkuntza edo laugarren bat entzutea ere. Izan ere, segur aski ikasgelako lagunen batek edo bere gurasoek arabiera hitz egingo dute, edo txinera, edo... Ingelesaren kasuan, are ohikoagoa izango da oheratu baino lehen gutxienez bizpahiru esaldi entzutea hizkuntza horretan: bai irratian musika entzun duelako, telebistako iragarkiren batean egokitu zaiolako edo bere bideo-joko kuttuna ingelesezkoa delako. Herrialdeen arteko distantzia fisikoak bederen txikiago egin dituen mundu globalizatuaren errealitatea, haurrek ere euren azalean bizi dutena.

Gehienetan, haurrak entzuten dituen atzerriko hizkuntza horiek milioika hiztun dute; aipaturiko arabiera, txinera eta ingelesa, esaterako, hiztun gehien duten hizkuntzen artean daude eta lingua franca-tzat hartzen dira; komunitate desberdinetako kideen arteko komunikaziorako hizkuntza gisa, alegia. Gainera, lan harremanak ere globalizatu egin dira eta arrunta bilakatzen ari da lan kontuengatik atzerrira joan behar izatea eta, horrenbestez, hizkuntza horietako bat erabili behar izatea. Hainbat hizkuntza jakitea lan munduan aritzeko giltzarria izan daitekeeneko pertzepzioa dago gure jendartean.

Eta, paradigma berri honen aurrean, fenomeno berri bat sortu da: haur asko txiki-txikitan hasten dira atzerriko hizkuntza bat ikasten, eskola araututik kanpo. Izan ere, uste orokorraren arabera, zenbat eta lehenago hasi hizkuntza bat ikasten, hobe. Hori erakusten du hainbat ikerketak, hizkuntzak ikasteko orduan adinak duen eraginaz jendeak pentsatzen duena aztertzeko egin direnak. Adibidez, 1997an M.R. Torras, E. Tragant eta M.P. Garciak eginiko ikerketaren arabera, 8 urte baino lehenago ingelesa ikasten hasi ziren umeen gurasoek, % 92k hain zuzen, uste zuten irakaskuntza goiztiar horrek abantailak ekarriko zizkiola euren haurrari geroago hasitakoen aurrean.

Gauzak horrela, azkenaldi honetan urtebeteko haurrentzako eskolak eskaintzen dituzten hizkuntza-akademien iragarkiak ere entzuten ditugu irratian. Horren aurrean, gurasoen eta hezitzaileen artean askotariko jarrerak antzematen dira, baina nagusiki bi multzotan banatzeko modukoak: batzuen ustez, zenbat eta lehenago hasi ikasten, errazagoa izango da, hobeto ikasiko du eta, gainera, onurak ekarriko dizkio etorkizunean; besteen ustez, haurrak baditu bestelako premiak hain txikia denean, eta, gainera, atzerriko hiz-kuntzaren irakaskuntza goiztiarrak kalte egin diezaioke bestelako jakintza batzuk bereganatzeko orduan.

20 urte ingelesa haurrei irakasten

Atzerriko hizkuntzen irakaskuntza goiztiarra ez da berria hezkuntza arautuan. 90eko hamarkadan hasi zen Gipuzkoako Ikastolen Elkartea 4 urteko haurrei ingelesa irakasten. Laster zabaldu zen ekimena Euskal Herriko ikastola sare osora, baita eskola publikoen eta kristau-eskolen sarera ere. Beraz, ikastetxeetan urte luzeetako esperientzia dute kontu honetan. Hartutako eskarmentutik ez dute ondorio erabat argigarririk atera, ordea.

Jasone Cenoz EHUren Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko kidea eta Eleaniztasunaren Nazioarteko Elkarteko lehendakaria da. Hainbat ikerketa egin du eleaniztasunaren inguruan, baita eskoletan eleaniztasun goiztiarrak izan dituen emaitzen inguruan ere, eta artikulu ugari eman du argitara. Bi eremu bereizten ditu gaia aztertzeko: eremu formala eta eremu naturala. Azken honetan, zeinetan hizkuntza modu masiboan eta etengabean jasotzen duen haurrak, egia da zabalduta dagoen ustea: hobeto eta errazago ikasiko du hizkuntza 4 urteko haur batek 10 urteko senide zaharragoak baino. Baina, eremu formalean, hau da, ikastetxean edo hizkuntza-eskolan ikasten badu, ez dago zantzurik esateko hobeto ikasiko duela 4 urterekin hasita, 8 urterekin hasita baino. Ez behintzat eskolatik kanpo hizkuntza horrekin kontaktu masibo eta etengabekorik ez badauka egunerokoan.

Ildo beretik mintzo da Angelika Kubanek-German, Alemaniako Eichstätt unibertsitateko katedraduna. Hizkuntzen irakaskuntza goiztiarraren inguruan Europako Batasunean eginiko ikerketak aztertu, eta horien laburpena osatu du. Ondorio nagusia honakoa da: atzerriko hizkun-tza txikitan ikasten hastea ez da ezinbestean abantaila izango, beste faktore batzuekin indartzen ez bada behintzat; adibidez, hizkuntza horrekin duen kontaktua areagotuta edo kalitatezko irakaskuntza bermatuta.

Beraz, hezkuntza arautuko esperientziaren arabera, atzerriko hizkun-tzarekin harreman handirik izan gabe, ez dago zantzurik esateko goiz hasita hobeto ikasiko duenik haurrak. Hala ere, gero eta gehigo dira haurrak txikitatik hizkuntzak ikastera eramaten dituzten gurasoak.

Haur txikientzako hizkuntza-eskolak

Errealitate hori ezagutzeko asmoz, Gipuzkoako Txinatar Institutua eta Zarauzko Kids&Us akademia bisitatu ditu HAZI HEZIk. Gipuzkoako Txinatar Institutuan 6 eta 14 urte bitarteko ia 200 ikasle dituzte txinera ikasten, 6 eta10 kide arteko taldeetan banatuta. 6 urtetik aurrera “eraginkorra” da atzerriko hizkun-tzak irakastea haurrei, baina “ideala” txiki-txikitatik hastea iruditzen zaio Institutuko komunikazio arduradun Rakel Rodriguezi. Dena dela, horretarako “egoera aldatu egin beharko litzateke”, aitortzen duenez: “Gustatuko litzaiguke 6 urte baino lehenago hastea, baina txinera ez dago finkatuta gure eguneroko bizitzan, oraindik oso hizkuntza ezezaguna da. Guraso batzuk ausartzen dira haurra 2 urterekin txinera ikastera eramaten beste akademia batzuetara, baina urteak pasatzen dira eta ez dago emaitzarik, diru pila bat gastatu ondoren”. Izan ere, “txinera ez da ingelesa bezala, ez dago aukerarik gure inguruan hizkuntzarekin halako harremanik izateko. Hori kontuan hartuta egiten dugu lan: saiatzen gara marrazki bizidunak txineraz ikusten, webguneak proposatzen, etxerako lanak ematen... hizkuntzarekin kontaktu gehiago izan dezaten.”

Baina, egoera horretan, hain urruneko hizkuntza izanik eta gurean ez presente egonda, ba al du zentzurik hizkuntza hain txikitatik irakasteak? Eraginkorra eta komenigarria al da? “Frogatuta dugu eraginkorra dela: urtero-urtero ume askok ikasten dute gurean txinera. Azterketetako emaitzak hor daude”. Izan ere, 8 urte betetzean, alegia, eskolak hartzen hasi eta 2 urtera, YCT azterketara (Young Chinese Test edo Gazteentzako Txinera Azterketa) aurkezten dira ikasle asko: “Ordurako martxa hasi dute eta barneratzen hasi dira hizkuntza, prest daude egiteko”.

Dena dela, Rodriguezek badaki gaiak harridura edo kezka sor dezakeela. “Norbaitek pentsa dezake ‘ez al da gehiegi 8 urterekin, gaixoa, azterketekin hastea?’ Gure ustez positiboa da. Beldurra galtzen diote azterketei eta erronka txikiak bere gain hartzen ikasten dute. Gainera, gurasoentzat ere oso garrantzitsuak dira azterketa hauek: nabaritzen dute ordaintzen ari diren eskolak efektua dutela, test modukoa da beraientzat”. Berehala gakoetako batekin egin dugu topo: gurasoen nahia.

Izan ere, 6 urteko haurra ez dator bere kabuz hizkuntza ikastera, gurasoek ekarri dute. Zein motibazioarekin, ordea, zergatik eta zertarako? “Txina potentzia mundiala da, gero eta gehiago ari da hedatzen. Haurrak direnean errazago ikasten dutenez, 6 urterekin hasiz gero Batxilergoa amaitzerako maila ona izan dezaketela iruditzen zaie gurasoei. Eta, txinera maila ona badu, aukera oso onak izango ditu lan merkatura ateratzeko orduan; gehienek etorkizuneko lan mundura begira ekartzen dituzte haurrak”. Metodologiari dagokionez, ahozkoari garrantzia handia ematen diote eta 2 orduko klasearen erdia hori lan-tzen ematen dute. Gramatika ohiko ikasgeletan lantzen dute: “Jolasten ikastea oso inportantea da, baina beste zerbait ere behar da. Txinera bezalako hizkuntza bat ikasteko ezin zintezke jolasekin bakarrik ari, diziplina bat behar da.”

Aldiz, jolasa du protagonista Kid&Us zentroan ingelesa irakasteko erabiltzen duten metodoak. Urtebete eta 7 urte bitartean izan behar dute haurrek eskolan hasi ahal izateko; ez dute hartzen adin horretatik aurrerako haurrik. Izan ere, ama hizkuntza ikasteko jarraitzen dugun prozesuan oinarritzen dira ingelesa irakasteko, eta, beraz, ahalik eta goizen hastea proposatzen dute, “hizkuntzak ikasteko haur txikiek duten berezko gaitasuna” ahalik eta gehien aprobetxatzeko. “Ama hizkuntza ikasteko prozesu hori imita-tzen dugu: ulermena eta mintzamena landuko ditugu bere lehen urteetan. Gauzei izenik jarri beharrik gabe: haur txiki euskaldun batek ez dauka ideiarik ere zer den nor-nori-nork. Ingelesarekin ere berdin”, dio Erika Rodriguezek, Zarauzko Kid&Us zentroaren arduradunak: “Haur jaioberriak ez du ulertzen gurasoen hizkuntza, baina haiek hainbat esaldi-egitura behin eta berriz errepikatzen dizkiote, testuinguru desberdinetan, eta pixkanaka haurrak ulertu egingo ditu.”

Haurrak, ordea, astean bitan datoz eskolara, astean behin urtebete edo bi urte dituztenak. Cenon-en hitzak gogoratuz, hizkuntzarekin kontaktu masiboa eta jarraia izan ezean, zaila izango da haurrak ikasteko duen gaitasun hori baliatzea. Txinatar Institutuan bezala, Kid&Us-en ere horren jakitun dira, eta gelan egindako lanari etxean jarraipena eman behar diote gurasoek: ikasturte bakoitzean pertsonaia bat dute, haurren adin berekoa; gurasoek, pertsonaia honen istorioa kontatzen duen CD bat jarri behar diete haurrei, hainbat abestirekin batera, egunero-egunero. Ondoren, ikasgelan, CDan entzundako istorio horiek “bizitzen” dituzte, irakaslearekin laguntzarekin. Pixkanaka, hizkuntzarekin eguneroko harreman horren bidez, entzumenetik ulermenerako jauzia egiten doaz, eta, Erika Rodriguezen arabera, ondoren ulermenetik hitz egitera oso modu naturalean egiten dute jauzi. Idazketa eta irakurketa, aldiz, haurrak 8 urte betetzen dituenerako uzten dute.

Horretan dabiltzan profesionalek, beraz, esaten dute baietz, eraginkorra dela hizkuntzak hain goiz irakastea. Baina, beste galderak airean jarraitzen du: erangikorra izanda ere, komenigarria al da?

 

Alvaro Beñaran, haur-garapenean aditua

“Fakoa komunikatzea da, ez hizkuntza asko ikastea”

Hikuntzak txikitan irakastea eraginkorra den edo ez, parametro horietan kokatzen da askotan eztabaida. Baina, komenigarria al da umearentzat?

Hainbat gogoeta datorkit burura: bizitzaren lehen urteetan zer da inportanteena, haurrak asko ikastea? Alegia, ikasle bilakatzea? Guraso bezala erabaki baduzu haurrak bere denboraren zati bat ikastera dedikatuko duela, umea ikasle bezala kokatzen ari zara. Eta, niretzat, gakoa da nola uler-tzen dugun umea pertsona gisa. Ez dakit gehiago edo gutxiago ikasiko duen, kontua da ea umea errespetatzen ari al garen.

Bizitzaren hasieran, pertsonaren oinarriak zaintzea da inportanteena. Alegia, konturatzea gakoa komunikatzea dela, eta ez hizkun-tza asko ikastea; ume hori bere ingurukoekin egoki komunikatzen den ikustea. Ez zerbait ikasteko asmoz, gizaki bihurtzeko baizik; hain zuzen, seguru sentitzen den gizaki bat bihurtzeko.  Aurrerago bai, pixkanaka garatuko ditu gaitasun kognitiboak eta iritsiko da ikasle bihurtzeko unea, baina hori 7 edo 8 urtetik aurrera izango da. Horrek ez du esan nahi lehen urteetan ezin ditzakeenik gauza pila bat ikasi; noski, baina gaitasuna izateak ez du esan nahi egin behar duenik. Lehen 0-3 urteetan, inportanteena haurrak bizi dituen esperientziak dira, ez ikasitakoa. Ume txikiek esperientzia positiboak eduki behar dituzte, sentitzeko mundua segurua dela. Bizipena atsegina bada eta, bide batez, hizkuntza ikasten badu, primeran. Baina ikastea ondorioa izango da, ez helburua.

Beraz, niretzat eztabaida ez da gehiago edo gutxiago ikasi. Eztabaida horrela planteatzean, pertsona ez dugu kontuan hartzen: robot bat bezala hartzen ari gara umea. Baina gure umeak gizakiak dira, eta batzuetan itxaron egin behar da pertsonak prozesu bat egin arte: ezin da ikaste-prozesua txertatu ia-ia pertsona bilakatu aurretik. Kontu honek arrisku bat du: garrantzia jartzea edukietan, helburuetan... eta pertsonaz ahaztea.

Entzun izan dizugu gurasoen nahien edo frustrazioen isla izaten direla umeak zenbaitetan. Gai honetan arrisku hori egon al daiteke?

Honen atzean gurasoen espek-tatibak daude, bai. Eta ez dago gaizki espektatibak izatea. Baina, inposatu beharrean, gakoa da zure gogoak eta zaletasunak transmititzea. Noski, oso kirolaria bazara, haurrari transmititu egingo diozu zaletasun hori. Baina haurrak jakin behar du aukera bat dela; hau da, espektatiba hori ez badu betetzen ere berdin maiteko duzula.

Bestalde, espektatiba horien harira, zer nahi du gurasoak? Haurra izatea arrakasta handiko pertsona? Diskurtso bat sortu da gure jendartean, esaten duena: ‘Denok izan gaitezke bikainak. Ahalegintzen bazara, nahi duzun guztia lor dezakezu’. Edo ez. Noski, ondo dago ahalegina egitea, baina horrek ez du esan nahi derrigorrez lortu egingo duzunik. Igoal ez, igoal ez duzu gaitasunik horretarako, eta beste zerbait aukeratu behar duzu. Iruditzen zait lehiakortasunaren eremuan sartzen garela.

Gainera, zer espero duzu haurrarengandik? Emaitza nahiko dute, bestela zertarako eramaten dute zerbait ikastera? Alegia, exijentzia bat doa haurrarekiko: urtebeteko haurra ingelesera eramaten badut, helburua da ondoren berak ondo hitz egitea ingelesa. Kontuz dinamika horrekin, hain txikia izanik gehiegizko exijentzia izan daiteke. Iritsiko da horretarako momentua.

Nola eragin dezake umearengan?

Azken finean, umeak honakoa ikusten du: ‘Pertsona hau nirekin jolasten ari da, baina beste zer edo zer nahi du; ez naiz ni inportanteena. Gainera, ez badut aurrera egiten, badirudi ez dela gustura gelditzen’. Haur horrek ezin du, besterik gabe, harremana egin ingurukoekin: badago beste helburu bat. Ikasketa-prozesua jartzen badugu erdigunean, tentsioa sortzen da; sergutasun-falta eragin dezake.

Gainera, gurasoek ez badute ezagutzen atzerriko hizkuntza, beste norbaiten esku utzi beharko dute irakaspen hori. Eta beraiek konpetenteak izan eta sentitu behar dute beraien umeekin. Funtsean badago arazo bat: gurasoak ez dira sentitzen konpetente haurrarekin egoteko, dirudienez, eta delegatu egiten dute. Helburua bihurtzen da haurra lekuetara eramatea gauzak ikas ditzan. Guraso horiei esan behar zaie gai direla beraien haurrarekin egoteko, denok ditugula hutsuneak. Eta, batez ere, gozatzeko umeetaz, orain eta hemen.

Izan ere, uste badugu egiten dugun guztiaren zentzua dela haurrak etorkizunean zerbait lortzea, oraina galtzen ari gara. Ezin dugu dena egin etorkizuneko helburuen arabera, gurasoak ezin dira izan profesionalak. Noizbehinka gozatu behar dute haurrarekin, zertarako den pentsatu gabe. Ekarri helburuak une honetara bertara: haurra txikia denean funtsezkoa da orain eta hemen egotea.