“Jauzirako prest” izenburupean, ezagutzaren unibertsalizaziori buruzko jardunaldiak egin zituen Euskalgintzaren Kontseiluak Gasteizen, joan den azaroan, eta, besteak beste, ikastetxeetako hizkuntza proiektuak izan zituzten ahotan. Xede nagusia ikasle euskaldun eleaniztunak izatea baldin bada, berebiziko garrantzia du eskoletan, hizkuntza ereduaz gain, hizkuntza proiektua izateak. Hainbat alderdi jaso behar ditu hizkuntza proiektuak, horien artean hizkuntzaren trataerari dagokionez ikastetxeak egingo dituen hautuak. Ikastetxeak berak bilduko ditu irakasten dituen hizkuntzekin lortu nahi dituen helburuak —kasu honetan, ikasle euskaldun eleaniztunak—, landu nahi dituen konpetentziak, erabiliko duen metodologia edota hizkuntzen ikuspegia, eta ikastetxeak erabakiko du erabiliko dituen tresnak zein bitartekoak nola ebaluatuko dituen ere. Hizkuntza proiektuak integrala izan behar du eta txosten hutsa baino gehiago da.

Z

er izan behar dugu buruan hizkuntza proiektuaz ari garenean? Ikasle euskaldun eleaniztunak helburu, nola garatu hizkuntza proiektuak? Galdera horiei erantzun zien Karmele Perez Lizarraldek, Jauzirako prest izeneko jardunaldietan eskaini zuen hitzaldian. Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko (Huhezi) irakaslea, Miker ikerketa taldeko kidea eta Etengabeko Prestakuntzako zuzendaria da Perez, eta eskarmentu handia du hizkuntza proiektuen arloan. Hizkuntza proiektuak garatzeko, aholkularitza lanetan aritua da hainbat ikastetxetan.

 

Eskolak hizkuntzaren arloan ematen digun aukera baliatu beharra azpimarratu zuen Perezek: “Eskola gune pribilegiatua da, bertan elkartzen dira haur eta familia guztiak, eta hizkuntzei dagokien aniztasun eder hori aprobetxatu behar dugu. Eskolako kideok kontuan hartu beharko genuke zer-nolako aukerak eskaintzen dizkigun horrek. Egiten dugunak eragin ikaragarria izango du, onerako zein txarrerako”. Eskolaren eta hezkuntza komunitate osoaren arteko saretzea oso garrantzitsua dela adierazi zuen.  

 

Zer da hizkuntza proiektua?

 

Ikastetxeko Hizkuntza Proiektua (IHiP) hizkuntza politika definitzeko unea da. Hautuak egiteko eta ikastetxea eraldatzeko aukera da. Eskola eraldatzeko aukera emango du, bai hizkuntza politikari dagokionez eta baita hizkuntzak ikasteko eta irakasteko erabiltzen den pedagogiari dagokionez ere. 

 

Zer da, beraz? Hizkuntzekiko plangintza integrala da, eta hezkuntza formalean eta hezkuntza ez formalean egingo dena jasoko ditu bere baitan. Hizkuntzak irakasteari, ikasteari eta erabiltzeari lotutako alderdi guztien plangintza da, eta helburua, konpetentziak, metodologia eta ebaluazioa biltzen ditu. 

 

Hasierako diagnostikotik abiatzen da hizkuntza proiektua. Diagnostikoa egiteko, galdetegiak egiten dira gurasoei, ikasleei eta irakasleei galdetuz eta testuingurua nolakoa den aztertzen da, datu soziolinguistikoak zein diren… Ikasleen eta irakasleen profila nolakoa den ikusi beharko da, gelako eta gelaz kanpoko jarduerak eta egoerak nola gauzatzen diren, ikasleen irakurketa eta idazketa-maila zein den, material didaktikoen ezaugarriak zein diren, arlo ez-linguistikoetan hizkuntzari nola erreparatzen zaion… 

 

Ikastetxeak bere norabidea zein izango den erabaki dezake: euskara sustatzea izango den, ingelesa sustatzea izango den… Helburua euskara ardatz duen ikasle euskaldun eleaniztuna lortzea baldin bada, adibidez, hori lortzeko hizkuntza bakoitzari zer toki eskainiko zaien zehaztu beharko da. “Ahalik eta anbizio handiena izan behar dugu, baina kontua da helburu horiek lortzeko zer baliabide ditugun”, aipatu zuen Perezek.

 

Irteera profila, erronka nagusia

 

Ikasleen irteera profila da erronka nagusia, Perezek esan zuenez: “Guk uste dugu hizkuntza helburuekin ez dela nahikoa, harago joan behar dugula. Hizkuntza profilaren osaketari dagokionez, Europako markoak kontuan hartzen du gure identitatearen eta gure izaera linguistikoaren zati bat, baina ikuspegi soziolinguistikoa eta ikuspegi historiko, sozial eta kulturala ere behar ditugu. Corpusa eta kalitatea, erabilera, jarrera, errepertorioa eta sormena behar ditugu. Hiztun osoak nahi baldin baditugu, ezaugarri horiek bilduko dituzten ikasleak behar ditugu”. 

 

“Irakasle talde batekin ariketa egin genuen: galdetu genien ea nola irudikatzen zuten ikasleek hamar urte barru biziko duten hizkuntza testuingurua eta zer gaitasun beharko dituzten, eta profil hau atera zen: argi zuten mundu eleaniztun batean, komunikazioaren munduan eta mundu digital batean biziko direla, eta gaitasun eleaniztuna, gaitasun soziolinguistikoa, gaitasun kulturala, gaitasun komunikatiboa, gaitasun linguistikoa, gaitasun metalinguistikoa eta gaitasun digitala beharko dituztela. Anbizio handia da hori. Nola lortuko dugu hori guztia? Eskolan, 2 urtetik 18ra bitarteko hiztunak ditugu, eta, beraz, denbora egon badago. Baina ba al dago norabide adosturik eta koherentziarik?”, galdetu zuen Perezek. Eta eremu soziolinguistikoa, eremu kulturala eta eremu diskurtsibo-testuala landu beharra azpimarratu zuen. 

 

Hizkuntza ikuspegiaren lanketa ere hizpide izan zuen Huheziko irakasleak: “D ereduan, murgiltze programaren kontzientzia izan behar dugu, eta batzuetan, ahaztu egiten zaigu murgiltze irakasleak garela. Horrek testuingurua eta egoera ulertzeko beste modu bat eta horri erantzuteko bestelako estrategiak eskatzen dizkigu”. 

 

Bada Perezen arabera oso garbi izan behar dugun ideia bat: hizkuntza proiektua ez da txosten hutsa. Askoz ere sakonagoa da. Hala zioen Perezek: “Prozesu bat da, eta, ongi bideratzeko, klaustroarekin batera egin behar da. Kontuan izan behar dugu prozesu guztiak, gutxienez, bi edo hiru urtekoak direla. Gainerako proiektuekin eta egitasmoekin lerrokatuta egon behar du, eta ingurunearekin eta herriarekin elkarlanean aritu behar dugu, hezkuntza komunitate hedatuaren ideia aintzat hartuta”. 

Hiru testuinguru, hiru esperientzia

 

Hizkuntza proiektuak nola garatu daitezkeen ikusteko, testuinguru desberdinetan
kokatutako hiru eskolatan egindako prozesuak azaldu zituzten “Jauzirako prest”
jardunaldietan: Donostiako Aitor ikastolan, Dimako Ugarana eskolan eta Iruñeko Iparralde DBHIn. Guztiek jaso zuten Karmele Perezen laguntza prozesua aurrera eramateko.

Euskalgintzaren Kontseiluak hezkuntza arloko eragile nagusiekin batera jorratutako Ikasle euskaldun eleaniztunak sortzen txostena oinarri hartuta garatu dituzte hizkuntza proiektuak Aitor ikastolak eta Ugarana eskolak. Eskolan euskara ikastetik eta euskaraz ikastetik eskolan euskaraz bizitzera egin zuten urratsa. Ikasle euskaldun eleaniztunak hezteaz gain, gaur egungo munduan eragiteko gai izango diren euskaldun eleaniztunak heztea izan zuten helburu bi kasuetan. 

 

Iruñeko Sanduzelai auzoko Iparralde DBHI, berriz, euskara ofiziala ez den eremuan dago kokatuta, bereziki erdalduna den eremu batean. Ikastetxe horretan, ikasleen eta familien errealitate linguistikoa aztertu zuten, eta irakasleen eremu pedagogikoari buruzko hausnarketa egin zuten. Ikasle eleaniztunak sortzeko eta euskara komunikaziorako hizkuntza gisa erabil dezaten bultzatzeko, hezkuntza eraldatzea hartu zuten helburu. 

 

Dimako Ugarana eskolan, 2012. urtean hasi ziren hizkuntza proiektua lantzen, eta 2018an amaitu zuten lehen zirriborroa. 1.500 biztanle ditu Dimak, eta horietatik
% 90 euskaldunak dira. Zefe Ziarrusta irakasleak eman zuen Dimako esperientziaren berri: “Herriko hezkuntza proiektua aintzat hartu behar du hizkuntza proiektuak. Eskolak, udalak, gurasoek eta herritarrek konpromisoa hartu zuten, eta hezkuntza batzordea osatu zuten denen artean. Diagnostikoa egitea izan zen hurrengo pausoa, eta hiru arlotan jarri genuen indarra. Lehenik, prestakuntzan. Bigarrenik, haurrak erdigunean jartzeari garrantzi handia eman genion. Haiek erabakietan parte hartzeak berebiziko garrantzia zuen, eta unitate didaktikoak ere diseinatu genituen. Hirugarrenik, helduengan jarri genuen arreta: herriko erabileran eragiteko lantegiak antolatu genituen gurasoekin”. Herri osoaren inplikazioa bultzatu zuten, beraz, Diman. 

 

Donostiako Egia auzoan dago Aitor ikastola. Han, hiru familiatik bi euskaldunak dira, gurasoetako bat euskalduna dute, behintzat. Julen Etxeberria irakasleak eman zuen Aitor ikastolan egindakoaren berri: “Diagnostikoa egin ondoren, euskara erdigunean jarri beharra genuela ikusi genuen. Lehenik, hemengoa bertakoa bermatu behar genuela, eta, ondoren, beste hizkuntzetara zabaldu. Eta ezin genuela eskolara mugatu: hizkuntza proiektuak komunitatea ere kontuan hartu behar zuela”. Aitor ikastolan, hizkuntza batzordea osatu zuten, eta komunitate osoaren ordezkaritza bildu zuten batzorde horretan: udala, auzoko euskara batzordea, eskolak, aisialdi taldeak, irakasleak, ikasleak eta gurasoak. Ikasleei hitza ematea garrantzitsua dela azpimarratu zuen Etxeberriak: “Batzarrak egiten ditugu haiekin, eta haiek erabakitzen dute, adibidez, sarreretan zer musika jarriko dugun”. 

Iruñeko Iparralde DBHIn egindakoaren berri eman zuen Fertxu Izquierdo irakasleak. Oso bestelakoa da hango egoera. Historikoki auzo langilea izan da Sanduzelai. Gaur egun etorkin ugari bizi da han, eta nagusiki erdarazko ereduak hautatzen dituzte. Kalean, giroa ia guztiz erdalduna da, eta euskara ama hizkuntza duten etxeak % 10 baino ez dira. Ikasleek ez dute euskaraz egiten, eta inguruak ez die batere laguntzen. Gaztelaniaz aritzen dira beren artean, eta kasu askotan, irakasleei ere gaztelaniaz zuzentzen zaizkie, Izquierdok azaldu zuenez: “Ikasleak gaztelaniaz komunikatzen dira. Haiekin eskolan zaude, eta “cuello” nola esaten den galdetzen dizute, adibidez. Testuinguru horretan iritsi zitzaigun hizkuntza proiektua garatzeko aukera. Ikastetxean, 7-8 irakasleko taldea osatu genuen, eta, familiei eta ikasleei galdetegiak eginez, diagnosia egin genuen. Datuak etsigarriak izan ziren: aisialdian eta lagunekin zein hizkuntzatan aritzen diren galdetuta, soilik % 4k erantzun zuen euskaraz aritzen dela. Irakasleen jarduna ere aztertu genuen, hizkuntzak nola lantzen genituen ikusteko eta, modu horretan, gure hizkuntza proiektuaren erronkak identifikatu, eta helburuak markatu genituen. Ikasturte honetan jarri dugu abian hizkuntza proiektua”. 

 

Zailtasunak eta etorkizunerako erronkak

 

Bidean aurkitu dituzten zailtasunei buruz galdetuta, bitartekoak behar direla erantzun zuten hirurek. Etxeberriak azpimarratu zuen laguntza handiagoa beharko litzatekeela euskararen ezagutza eta erabilera bermatzeko, eta Ziarrustak giza baliabideen eta baliabide ekonomikoen beharra aipatu zuen: “Komunitatearekiko elkarlana bideratzeko, bitartekoak behar ditugu. Euskara oinarri izango duen hezkuntza sistema propioa betebehartzat dugu Ugarana eskolan, eta, norabide horretan, ezinbestekoak dira lege marko propioak, ereduen sistema gainditzea eta murgiltzea indartzea”. 

 

Izquierdok euskararen ofizialtasunik eza azpimarratu zuen: “Iruñean, euskara ez da ofiziala, eta hori da guretzat zailtasun nagusia. Gure ikasleek maiz ezin dute ikusi ere egin euskararen balio praktikoa; askorentzat, euskara ikastetxeko hizkuntza baino ez da. Bestalde, institutu berria garenez, aldi baterako langileen tasa oso altua da, eta urtero aldatzen da klaustroa. Horrek edozein proiektu garatzeko zailtasunak ekartzen dizkigu”.

 

Etorkizunera begira, Ziarrustak azaldu zuen hizkuntza eta kultura elkar harturik euskaraz bizitzeko ildoan aurrera egin nahi dutela, komunitateko eragileekin elkarlanean betiere: “Euskara komunitatearen euskarri eta kohesio tresna bihurtu nahi dugu”. Euskararen erabileran eragiteko nahia agertu zuen Izquierdok: “Baikorrak gara, familiek euskararekiko duten atxikimendua eta euskaltzaleen ehunekoa altua delako”. Etxeberriak, bere aldetik, ilusioz aurrera jotzeko nahia azpimarratu zuen: “Hizkuntzaren lanketa ez da sekula amaitzen; erronka zaila baina polita da, eta horretan jarraituko dugu”.