Hik Hasi eraldatua eta berritua dator, 28 urteko esperientzia eta eskarmentua soinean ditugula.

Etorkizuneko erronken aurrean irakasleen, hezitzaileen, gurasoen eta familien bidelagun izaten jarraitzeko asmoz darraigu; hezkuntza komunitatetik gertuago egonez, egungo gizartera egokituz eta hezkuntza eraldatzeko heldulekua eskainiz.

Hezkuntza komunitatetik gertuago egoteko helburuz egin du gogoeta Hik Hasik, irakasleengandik eta familiengandik gertuago egon nahi baitugu aurrerantzean. Hezkuntza eta pedagogia dira Hik Hasiren zutabeak eta arlo horietan lanean ari zaretenoi norabidea eskaini nahi dizuegu.

Informaziorako, elkarrizketarako eta eztabaidarako elkargune da Hik Hasi eta horretan jarraituko du aurrerantzean ere. Hik Hasik bidelagun izan behar duela uste dugu, helduleku bat eskaini behar duela eta batez ere, gertu, hezkuntza komunitatetik gertu egon behar duela. Beraz, eskua luzatu nahi dizuegu eta hezkuntza eraldatzen lagundu nahi dugu.

Horretarako, eguneratu egin gara eta eskaintza zabaldu dugu: Hik Hasi eta Hezi Hezi aldizkarien diseinuak berritu ditugu, webgunea berritu dugu, sare sozialetan dugun presentzia handitu dugu, idatzizkoari ikus-entzunezkoak gaineratuko dizkiogu, irakasleentzat mintegiak antolatuko ditugu, aholkularitza eskainiko dugu, formazio berriak eskainiko ditugu, bidaia pedagogikoak antolatuko ditugu, Joxe Mari Auzmendi beka bigarrenez emango dugu... Guztia, zuengandik gertuago egoteko, hezkuntza eraldatzeko heldulekua eskainiz.