Hezkuntza Plataformen Topaguneak Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari LOMCEren aplikazioa bertan behera uztea eskatzen die.

Jakin dugu LOMCE-ren aurrean hainbat Erkidegok erakutsiriko kontrako jarrerak, Gobernu Zentralak zituen asmo eta aurreikuspenak bertan behera uztera behartu duela. Kontuak honela, Madrilek 2017. urtean DBH eta batxilergoko errebalidak definituko duen dekretua atzeratzeko asmoa duela jakin dugu.

Cristina Uriartek aurrerapausotzat jo du atzerapen hau. Bestalde, Jose Luis Mendozak defendaturiko jarrera guztiz bestelakoa izan da. Alferrik eginiko lantzat jo du, hezkuntza komunitate osoa aintzat hartzen ez duen ezein lege edo egitasmo. Hau da momentu honetan PPrekin negoziatzea bidera ezina dela.

Aurrera egiteko garaia da. Hitzetatik ekintzetara pasatzeko unea iritsi da. Hezkuntza sistema propioaren bidean urratsak eman, adostasuna oinarri izanik, eta gizartea osatutasunean aintzat harturik eraikiko den sistema ahalbidetuko duen tresnak abian jartzeko unea iritsi da.

Horregatik, hain zuzen ere, Hezkuntza Plataformen Topaguneak eskatzen die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari Madrilen eskatutakoa berea egiteko, beraien eskuduntza markoetan:

  1. Hezkuntza komunitateak LOMCE ez aplikatzea eskatzen du. Honek dakar EAEn Heziberri martxan ez jartzea. Eta eskatzen die Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernuari batera lan egin dezatela hezkuntza sistema propioaren definizioan; adostasuna, kalitatezko hezkuntza herritar, parte hartzaile, hezkidetzaile, inklusibo, demokratiko, anitz, integratzaile eta euskaldun printzipioetan oinarriturik egongo dena.

  2. Hezkuntza erreformaren egutegia geldiaraztea. Eta ondorioz, Hezkuntza Sailek bidalitako Ikasturte hasierako ebazpenak egoera berrira moldatzea, bertatik hezkuntza erreformarekin lotutako guztia kenduz.

  3. Bertan behera uztea, Lehen Hezkuntzan iaz martxan jarri ziren 3. mailako ebaluazioa eta ikasturte honetan martxan jarri nahi den 6. mailako froga. Aurreko ikasturtean argi utzi genuelako kontra gaudela eta aldarri hau aho-batekoa da.

Neurri hauek aurrera eramateko, Hezkuntza Sailburuek hezkuntza komunitate osoaren sostengua izango dute. Garaia da hitzetatik ekintzetara pasatzeko.

HEZKUNTZA PLATAFORMEN TOPAGUNEA

hezkuntzaplataforma.topagunea@gmail.com www.hezkuntzaplataformatopagunea.blogspot.com.es