Hezkuntza Legea oztopo diren hizkuntza-ereduetan ez oinarritzeko eskatu du Kontseiluak.

Agerraldia egin du gaur goizean Kontseiluak eta bertan izan dira euskalgintzako eta hezkuntza komunitateko eragile nagusiak: euskararen aldeko 30 gizarte eragile batzen dituen Euskalgintzaren Kontseilua bera; hezkuntzako eragile Euskal Herriko Ikastolak, HEIZE eta Hik Hasi; hezkuntzako gehiengo sindikala ELA, LAB eta Steilas; eta Kontseiluko zuzendaritzakide diren Elkar, AEK, Berria eta Euskal Herrian Euskaraz.

Hezkuntza Lege berriak hizkuntza-ereduak mantentzeko duen arriskuaren aurrean, irakurketa eta eskaera bateratua egin dute, azpimarratuz normalizazioan eta biziberritzean aurrera egiten jarraitzeko eta euskarak eta euskal hiztunen komunitateak aurrera begira dituzten erronkei behar bezala heldu ahal izateko berrikuspen sakona behar duela hezkuntzak, ezinbestekoa dela orain 40 urte, oso bestelako testuinguru batean sortutako tresneria berritzea”.

Legearen eztabaida eta onarpen prozesua azken txanpan da, “eta, hain justu, une kritikora iritsitakoan, ezustekoa hartu dugu aurkeztu diren hainbat zuzenketa justu kontrako noranzkoan doazelako. Ezustekoa hartu dugu, datozen hamarkadetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren bizkar hezurra izan daitekeen legea jada zaharkituak dauden hizkuntza-ereduen gainean eraikitzeko aukera zabaltzen dela ikusita. Kezka sakona eragin digu, atzerapauso handia litzatekeelako”.

Agerraldian azpimarratu dute hizkuntza-ereduetan oinarritutako sistema hori jada iraungita dagoela. “Ez dugu guk esaten: orain arteko esperientziak eta ibilbideak, eta gaur egungo ikasgeletako errealitateak, frogatu du ereduak zaharkitutako tresnak direla. Hezkuntza komunitatean adostasun zabala dago horren inguruan; Jaurlaritza beretik ere adierazi da errealitateak berak utzi dituela atzera. Finean, hizkuntza-ereduak gaindituta daude eta ez dira eragingarriak ikasleek hezkuntza itunean zein lege egitasmoan bertan ezartzen diren hizkuntza helburuak lor ditzaten”.

Ereduen mantentzeak ondorengo belaunaldietan milaka ikasle euskaldundu gabe uztea eragingo duela uste dute, ateak itxiz. “Milaka haur eta gazteri euskara menderatzeko aukera eragotziko zaie, haiei kalte nabarmena eraginez, aukera sozial eta profesionalak areagotzeko tresna garrantzitsua ukatzea den heinean. Eta, orokorrean, euskararen normalizazioa kaltetuz, eta horrenbestez, gizarte kohesioa eta bizikidetza”.

Kontseiluak epe luzeko begirada proposatzen du, hamarkada batzuk barru euskal gizartea euskaldun eta eleaniztuna izan dadin. Hau da, belaunaldi berriek bi hizkuntza ofizialak eta gutxienez atzerriko bat menderatu dezaten, Hezkuntza Itunean adostu zen bezala. Horregatik, eta eztabaidaren une kritikoan gaudela iritzita, Kontseiluak eta batutako beste eragileek, elkarrekin, arduraz jokatzeko eskatzen diete alderdi politikoei, eta iraganeko hizkuntza-ereduak atzera utzita hel diezaiotela etorkizunari, “Hezkuntza Legea datozen belaunaldiak euskalduntzeko berme eta giltza izan dadin behar diren eduki eta zehaztasunekin hornituz, euskara ardatz duen ikasteredu orokortua eta euskal curriculuma erdigunean jarriz”.