286 znb | Gai Nagusia

‘Kulturartekotasuna hezkuntzan’ izeneko jardunaldiak egin dituzte otsailean Bergaran. Biltzeneko teknikari Jeanne-Rolande Dacougna, Huheziko Amelia Barquin eta Marta Quintas eta Ndank-ndank elkarteko Eli Dominguez izan dira hizlariak. Gizarte kohesioari eusteko eta ikasle guztien aukera berdintasuna bermatzeko, hezkuntza anti-arrazistarantz joan behar dela nabarmendu dute.

 

Bergara, kohesio bila

Bergaran kulturartekotasuna hezkuntzan landu dute bi egunez bertako hezitzaileekin eta herritarrekin. 2021ean Hezkuntza Mahaia sortu zen Bergaran, herriko hezkuntza formaleko eta ez formaleko ikastetxe eta eragileez osatua. 2022an segregazioaren auziari konponbide bat emateko ibilbidea hasi zuen, lantalde bat sortuz. Herri kohesioa, aniztasuna eta partehartzea sustatzea eta eskola segregazioari aurre egitea dira erronka nagusiak.

 

Euskaldunak eta senegaldarrak batzen dituen Ndank-ndank elkarteko kide moduan, irakasle moduan eta hiru ume arrazializaturen ama moduan mintzatu zen Eli Dominguez Bergaran Kulturartekotasuna hezkuntzan jardunaldietan. Arazoaren muinera jo zuen, gogoetarako bide emanaz: “Gure seme-alabak bizitzan zehar jasango dituzten jarrera arrazistei eta diskriminazioei aurre egiteko hezten ari gara. Gogorra da, baina hori da bizi dugun errealitatea. Gaur gaurkoz, hemen, etorkinen seme-alaba izatea edo arrazializatua izatea, jazarpen eta diskriminazio iturri da, baita eskolan ere”.

Urteak dira hezkuntzan kulturartekotasunaz eta inklusioaz mintzo garela, baina nahikoa al da? Lortzen al dugu aurreiritziak eta estereotipoak gainditzea? Gure ikastetxeak espazio seguruak al dira etorkinen seme-alabentzat edo autoktonoak ez diren ezaugarriak dituzten ikasleentzat? Kulturartekotasuna hezkuntzan jardunaldietan parte hartu zuten lau hizlarien hausnarketak dira horiek. Eusko Jaurlaritzaren Biltzen kulturarteko bizikidetzaren zerbitzuko Jeanne-Rolande Dacougna, Mondragon Unibertsitateko Huhezi fakultateko Amelia Barquin eta Marta Quintas irakasleak eta Dominguez izan ziren hizlariak eta laurak bat etorri ziren, hezkuntzan ikasle guztien aukera eta eskubide berdintasuna bermatzeko, kulturartekotasunetik harago joan behar dela esatean: “Hezkuntzak anti-arrazismorantz egin behar du bidea”.

 


"Jende askok egunero egin behar dio aurre arrazismoari, kalean, legeetan, jarraipen polizialetan… Egiturazkoa den neurrian, eskolan ere badago arrazismoa"

Jeanne-Rolande Dacougna, Biltzen


 

Datuek ez dute beste aukerarik uzten: kulturartekotasuna lehen planora ekarri behar da hezkuntzan, Euskal Herrian bizi dugun eta biziko dugun aniztasunari erantzuteko. Barquinek Ikuspegi Immigraziorako Euskal Behategiaren datuak ekarri zituen: gaur egun, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen % 12,4 kanpoan jaiotakoak dira, 270.000 herritar inguru. Xabier Aierdi Ikuspegiko zuzendariak egiten duen aurreikuspenaren arabera, hemendik 30 urtera, zaintza arloan ez ezik industrian ere langileak beharko direla kontuan izanda, 400.000 pertsona etorkin beharko dira hutsune hori betetzeko. Beraz, Aierdiren arabera, erkidegoko biztanleriaren herena edo laurdena immigratzailea izango da 2050ean. “Datorkigun errealitateari begira, zubiak eraikitzen hasi beharko genuke, pertsona horien ongizatearen izenean, gure gizartearen ongizatearen izenean eta euskararen ongizatearen izenean”, ohartarazi zuen Barquinek.

Hezkuntza markoa, teorian, aniztasunari begira dago. “Ez da zer nahi dugun ala ez dugun nahi; gaur egun, hemen eta Europan, aitortua daukagun hezkuntza markoa eskola inklusiboarena da. Eskolaren egitekoa kohesio soziala eta gizarte anitz batean elkarbizitza sustatzea da”, argitu zuen Dacougnak. “Ikasle guztiek kalitatezko hezkuntza izateko eskubidea edukitzea eta ikasle guztien gaitasunak ahalik eta gehien garatzeko aukerak eskaintzea da gure eskolen egitekoa. Baina hori gertatzen al da gure ikastetxeetan? Kuskusaren eta txalapartaren interkulturalitatea oso ongi dago, baina harago joan behar dugu, eskubideak berma daitezen. Gaur eta hemen, pertsona arrazializatuek diskriminazioa jasaten dute, eta hori argi esan behar da”. Dacougnaren arabera, diskurtso teorikoak gauza bat baldin badio ere, praktika hegemonikoak eredu asimilazionista indartzen du: “Pertsona migratuei euren praktika kulturalak ezabatzea eskatzen zaie, nahiz eta markoak elkarrizketaz, elkarbizitzaz eta aukera berdintasunaz hitz egiten digun. Euskal gizartea akonfesionala da, baina gure jai guztiak katolikoak dira; erlijio askatasuna onartua dago, baina mezkita berri bat irekitzeak beti arazoak sortzen ditu gure gizartean”.

 

Eskola ere arrazista da, oro har

Sakoneko arazoa arrazismoa da; lau hizlariak bat etorri ziren horretan. “Ez dago arrazarik —argitu zuen Dacougnak—; gizaki guztiok arraza bat osatzen dugu, diferentzia genotipikoak egokitzapenezkoak dira, melaninak eraginak. Arrazak ez, baina arrazismoa badago, eta jende askok egunero egin behar dio aurre kalean, sare sozialetan, legeetan, jarraipen polizialetan… Egiturazkoa da eta, gizartean dagoen neurrian, eskolan ere badago arrazismoa”.

Eskolan dauden arrazakeria zantzuak detektatzea beharrezkoa da, Dacougnaren arabera, hobetzeko. Hausnarketa eta aldaketa behar dituen lehen puntua, hezkuntza antolaketa bera da: “Hezkuntza segregazioa praktika arrazista bat da. Ikasleen gehiengoa jatorri migratukoa eta baliabide ekonomiko mugatuak dituzten familietako haurrak dituzten ikastetxeetan ez dauzkate beste ikastetxe batzuetako umeen aukera berdinak”. Aukera desberdintasun horrek etorkinen seme-alaben etorkizuna nola baldintzatuko duen ohartarazi zuen: “Gaur egungo munduan zer lan etorkizun edukiko du prestakuntza egokirik jaso ez duen pertsona batek? Haur horiek, etorkizunean, hiru Pko lanetan jarraituko dute, haien gurasoek bezala: lan prekarioetan, penagarrietan eta peligrosoetan. Haurrei ez baldin badiegu prestakuntza egokia ematen, pobreziaren transmisio generaziolana gertatuko da”.  

Curriculuma ere begiratu behar da: “Kolonizazioak, esklabutza, lurraldeen espoliazioak... nola lantzen dira gai horiek curriculumean eta material didaktikoetan? Askotan material horiek jatorrizko herriei eta kulturei buruzko narratiba gutxiesgarriak eta deshumanizatzaileak sortzen dituzte eta jatorriaren gutxiespenak arazo larriak sortzen ditu haurren identitatearen eraikuntzan”. Dacougnak esandakoarekin bat dator Quintas:  “Arazo larria daukagu haur askorekin: ez dute beltzak izan nahi, eskolan jasotzen duten mezua beltza izatea txarra dela baita. Haur batek gurasoen jatorria eta kultura gutxiesten eta deshumanizatzen duten mezuak jasotzen baditu etengabe, nola eraikiko ditu bere jatorriarekiko lotura positiboak?”.

 

Hobetzeko proposamenak

Hezitzaileon praktika eta familien jarrerak ere aztertu egin behar dira, anti-arrazismorantz joateko. Guztiak mintzatu ziren Pigmalion efektuaz, jatorri atzerritarreko umeekin bete egiten baita, Dacougnak azaldu zuen moduan: “Aurreiritziak bete egiten direla dio Pigmalion efektuak; irakasleak uste badu jatorri etorkineko haurrek porrot  indize handiagoak izango dituztela, aurreiritzia bete egingo da, haurren gabezietan eta zailtasunetan jarriko baitu arreta, gaitasunak eta aukerak sustatu beharrean. Orduan, oinarrizko irteera profesionalak eskaintzen zaizkie aukera bakar gisa, eta porrota iristen da, profezia betez”. 

Familiekin ere elkarlanean jardun behar du eskolak, bai atzerritik etorritako familiak eskolan inplikatzeko egiturak sortuz, baina baita aurreiritziak gainditzeko ere. “Familiek etxean esaten dituzten mezu arrazistak ondoren haurrek eskolara eramaten dituzte, eta hortik etortzen dira ume arrazializatuek jasaten dituzten erasoak eta jazarpenak. Bullying arrazistaz hitz giteko ordua da. Ez da gai erraza izaten, baina gai horiei buruz ez badugu argi hitz egiten, ez dugu inoiz arazoa gaindituko. Iritzi arrazistek eragin negatiboa daukate haurtzaro migratu eta arrazializatuetan”.

 

 


"Betaurreko anti-arrazistak jartzeko ordua. Eskolan dauden jarrera arrazistak detektatzeko eta prebe-nitzeko, protokolo argiak sortu beharko genituzke"

Eli Dominguez, Ndank-ndank elkartea


 

Dominguezek egoera arrazistak gainditzeko proposamenetan jarri zuen arreta. Lehendabizi, narratiba berriak sortzeko beharra aldarrikatu zuen, “kolonialismoaz, Afrikaz eta beste herrialdeez ditugun narratiba eurozentristak gainditu behar ditugu, eta ikuspegi paternalistak baztertu”. Ndank-ndank elkartearen kasuan, Afrika lantzen dute hainbat ikastetxetan, lurraldearen aberastasun ugariak eta horien harira sortzen ari diren gatazka sozialak aztertzen dituzte eta migrazioaren gaia kritikotasunez jorratzen dute, besteak beste. 

Errepresentazioaren eta erreferentzia positiboen beharra nabarmendu zuen Dominguezek. “Zuritasuna da nagusi. Gure eskoletan oso zaila da pertsona arrazializatuak protagonista dituzten materialak aurkitzea. Testuliburuetan, ipuinetan, telebistan, administrazioan... presentzia zuria aurkitzen dugu etengabe. Aldiz, pertsona arrazializatuak agertzen direnean, lanbide prekarioetan, laguntza sozialak jasotzen edo pobreziarekin lotuta agertzen zaizkigu. Horrela, nola eraiki dezakete identitate indartsu bat? Oso zaila da erreferentzia gabe haztea; ez daukate beren burua ikusteko ispilurik eta horrek zailtasun, arazo eta gaitz asko ekartzen ditu. Etorkinen seme-alabek ere eskubidea daukate izan nahi duten hori izan daitezkeela sinesteko”. Horregatik, materialetako errepresentazioez gain, erreferentziak ekarri behar dira gelara, Dominguezen arabera: “Euskal Herrian ere baditugu erreferentziak, musikan, aktibismoan, kiroletan… eta horiek eskolara ekartzea inportantea da, eta ez soilik euren jatorriaz eta kulturaz hitz egiteko, baita bestelako ekintzak egiteko ere”.

 

Arrazakeria eta mikroarrazakeria 

Azken urteetan eskolek eta hezitzaileek betaurreko feministak jantzi dituzten moduan, “betaurreko anti-arrazistak jartzeko ordua” dela adierazi zuen Dominguezek: “Guk zuri moduan, inoiz ez dugu arrazakeria jasango, eta, beraz, ihes egiten digute arrazakeria eta mikroarrazakeria jokabide askok. Eskolan dauden jarrera arrazistak detektatzeko eta prebenitzeko, protokolo argiak sortu beharko genituzke, eta erreferentziazko pertsonak egon beharko lirateke gaiaz arduratuta eta formatuta, bereziki hemendik urte batzuetara aurreikusten den testuinguruari begira”.

 

Hemengo eta hango

Etorkinen seme-alabek identitate indartsua eraikitzeko mesedegarria da eskolan nortasun plurala garatzeko aukerak izatea, Huheziko irakasle Marta Quintasen hitzetan.

Noiz uzten diote etorkinen seme-alabek etorkin izateari? Galdetu zuen Marta Quintas Huheziko irakasle eta ikerlariak. Erantzuna “inoiz ez” da, etorkinen haurrek ez diote inoiz utziko etorkin izateari ez direlako etorkinak.  “Haurrak guraso etorkinak baldin baditu eta hemen jaio baldin bada, edo beste leku batean jaio eta  gurasoekin etorri baldin bada ere, ez da etorkina; haurrek ez dutelako migratzea erabakitzen”. Are gehiago, eskolak ez lituzke etorkintzat hartu behar: “Hezitzaileok sinetsi eta transmititu behar dugu etorkinen seme-alabak ez direla etorkinak; hemengoak dira, euskaldunak dira”.

Hezitzailearen begiradak eta begirunezko jarrerak lagundu egingo dio ikasleari eta haren nortasunaren eraikuntzari. Izan ere, etorkinen seme-alabek euren garapen prozesuan identitate krisi handi bat bizi ohi dute, hizlariak azaldu zuenez: “Nongoa naiz?” galderari erantzun beharrak eragiten diena. Identitate pluralaren ideia ekarri zuen Quintasek, Maloof pentsalariak onduriko ideia da eta Huhezi Fakultatean sakon landu dutena: “Badirudi identitatea bakarra dela, baina Maloofek ekarri zuen identitate bakarretik harago joateko aukera, hau da, identitate pluralak garatzeko aukera. Leku bakar bateko sentitu beharrean, bitako edo ugaritako senti gaitezke”. Hezitzaile moduan esanguratasun handia dugu identitate bakar horretarik harago joateko eta haurrei hemengo eta hango sentiarazten laguntzeko. “Ez diegu aukeratzeko eskatu behar, euskaldun ala hango? Bata aukeratzean, besteari traizio egiten diotela sentitzen dute. Ez, hemengo eta hango izan daitezke, biak, hala nahi badute”.

Ikasleentzako ez ezik, kohesio sozialerako ere garrantzitsutzat jo zuen identitate pluralak eraikitzeko aukera izatea, eta ez soilik etorkinen seme-alaben kasuan: “Kulturartekotasunaren helburua denok elkarrekin, baina bakoitzaren berezitasunak onartuz jokatzea den neurrian, garrantzitsua da denok desberdinak garela aitortzea, baina baita alderdi komunak eta batzen gaituzten ezaugarriak ditugula nabarmentzea ere, hau da, euskaldunak eta talde berekoak garela azpimarratzea, adibidez. Aniztasunaz hitz egitean, garrantzitsua da berdintasunak ere nabarmentzea”. 

Nortasun plurala eraikitzen laguntzeko estrategia moduan, etorkinen seme-alabei “nongoa zara?” galdetzeari uztea proposatu zuen. “Hemengo sentiarazi behar ditugu eta hemengo kultura bizitzeko aukera eman behar diegu; nabarmendu egin behar diegu haiek ere euskaldunak direla, eta euskaldun anitzen erreferentziak eskaini behar dizkiegu eskolan, euskaldun izateko modu ugari daudela ikus dezaten”. 

 

Euskara, eskubide

Hizkuntza aniztasunaz eta euskarari buruz mintzatu zen Amelia Barquin, Huheziko irakaslea: “Etorkinen seme-alabek euskara behar dute eta euskarak etorkinen seme-alabak behar ditu, baina baldintzak jarri behar ditugu”.

Iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan jaio ziren 13.000 haurretatik herenak jatorri atzerritarreko ama dauka, Maroko, Kolonbia, Nikaragua, Errumania, Pakistan, Bolivia… eta horiek izango dira datozen urteetan eskoletara etorriko diren umeak. Haur horiek ikaragarrizko hizkuntza aniztasuna ekarriko dute eskoletara. Ia haur guztiak D ereduan matrikulatuko dira, duela urte batzuk ez bezala, dagoeneko etorkinen seme-alabak D ereduak matrikulatzen baitira orokorki. “Eta pozten gara— adierazi zuen Amelia Barquinek—. Lehen A ereduan eskolatzen ziren eta ikusi genuen horrek desabantailan jartzen zituela eta gizarte arrakala eragiten zuela, kohesio terminoetan eta euskarari lotuta, desastre bat zela. Orain 2006az geroztik, A eredutik, D ereduko ikastetxe publikoetara bideratu da etorkinen seme-alaben matrikulazioa. D ereduan daude eta pozten gara, baina nola daude D ereduan?”. 

Etorkinen seme-alabek beste hizkuntza batzuk ekartzeaz gain, askotan errepikatzen diren ezaugarriak ekartzen dituzte eskoletara, eta horiek ikasketarako eta bereziki euskararen ikasketarako zailtasun bihur daitezke, ongi kudeatu ezean. “Etorri berrien seme-alabek euskara ikas dezaten nahi dugu; euskarak immigranteen seme-alabak behar ditu, eta etorkinen seme-alabek euskara behar dute, baina baldintzak hobetu behar dira horretarako. Ondo ikasteko baldintzak jartzen ez badizkiegu, tranpa egiten diegu”. Euskararen ikasketan eragin dezaketen oztopoak zerrendatu zituen, hausnartzeko, eta hobetzeko. ”Irakasleok sekulako lana daukagu egoera horretan dauden ikasleekin. Asko daukagu egiteko, baina bide polita izango da”. 

 

Euskararen ikasketan eragiten duten oztopoak

· Segregazioa: D ereduan daude etorkinen seme-alabak, baina ikastetxe segregatuetan. Erronka edukatiboari, sozialari, linguistikoari, kulturalari egiten diote aurre ikastetxe horiek eta prestigioa aitortu behar zaie, gaur egun ez baitaukate. 

· Baliabide gutxi: Daukaten dibertsitateari erantzuteko nahikoa errekurtsorik ez daukaten ikastetxeetan daude.

· Irakasleen formazioa: Jatorri atzerritarreko ikasleekin dauden irakasleek prestakuntza eta gogoeta gehiago behar dute.

· Eskolako hizkuntza: Familiakoa ez den hizkuntza batean ari dira ikasten. 

· Familiako hizkuntza: Irakasleek ezagutzen ez dituzten hizkuntzak dauzkate umeen erdiek, gizartean hegemonikoak ez direnak eta aitortuak ez daudenak.

· Kultura ezaugarri minorizatuak dituzten familietako umeak dira. Ezaugarri minorizatu horiek desabantaila bihurtzen dira. 

· Ingurunea: Sarritan eremu ez oso euskaldunetan bizi eta ikasten dute.

· Sistema: Familiek, sarri, ez dituzte ongi ezagutzen gizartea eta eskola sistema. 

· Familien parte-hartzea: Ikastetxeetan modu mugatuan parte hartzen dute familiek, oro har, beste alor batzuetan lan handiak dituztelako familia etorkin askok. 

· Familien laguntza jasotzeko aukera mugatuak izan ohi dituzte, adibidez, etxerako lanetan. 

· Partikularrik ez: Klase ertaineko familia zuriok, gure seme-alabak partikularrera bidaltzen ditugu, baina familia batzuek ezin dituzte ordaindu. Eskolaz kanpoko errefortzuek arrakala sortzen dute ikasleen artean.

· Euskara errefortzua gutxitan jasotzen dute.

· Aisialdi diferentzialak arrakala eragiten du. Klase sozial desberdinetako umeak leku desberdinetan daude eskola bukatzean. Partikularrez gain, batzuek kirol jardueretan edo ludikoetan daude, dantzan, futbolean… eta jarduera horiek onura handiak egingo lizkiekete etorkinen seme-alabei, ez soilik alor psiko-sozialean, baita hizkuntzari loturikoan ere, baina ezin dituzte ordaindu.

· Pantailak: Non daude desabaintailan dauden umeak besteak ingelesean edo pianoan daudenean? Zoritxarrez, pantaila txikien aurrean daude. 

· Egoera sozial eta ekonomiko zailak dituzte familia askok. Familia osoa gela batean bizi bada, zer etxeko lan egingo du haur horrek? 

· Arrazakeriari eta diskriminazioari aurre egin behar diote, beren gurasoek bezala. 

· Atzerritar tratua ematen zaie etorkinen haurrei, eta ez dira hemengotzat hartzen.