Hezkuntza jendartearen aldaketarako esparru gisa ulertzen duenez, Bilgune Feministak hezkuntza hezkide­tzailea sustatzeko helburuarekin hezkuntzari tarte berezia eskainiko dio martxoaren 2an, 3an eta 4an ­Leitzan ­egingo dituen Emakume ­Abertzaleon V. Topaketa Feministen barruan.

Emakume abertzaleon topaketa Bilgune Feministaren hamargarren urteurrenarekin batera etorriko da, eta bertan 10 urte hauetan egindako ibilbidearen balorazioa egiteaz gain, aurrera begira Bilgunearen eskaintza politikoa zein izango den zehazteko unea izango da, eta eskaintza horretan, hezkun­tzaren ildoak berebiziko pisua izango du. Topaketen bigarren egunean, hain zuzen ere, hezkuntzako hainbat eragileren esperientziak jasoko dira, mahai-inguru batean eta paneletan. Ondoren, Bilgune Feministak landu duen Hezkidetza lau haizetara  egitasmoa aurkeztuko du eta baita hezkuntzari buruz sortu berri duen bloga ere (http://hezkuntzasarea.wordpress.com/).

Hezkidetza lau haizetara egitasmoak ikuspegi feminista txertatu nahi du ­ikastetxeetan, parekidetasunean oinarritutako hezkuntza sistema ez sexista eraiki ahal izateko, “kontzientzia feminista zabaldu eta emakumeon arteko komunikazioa ezinbestekoa ikusten dugulako”. Aurreiritzi sexistak azter­tzetik hasi eta estereotipoak baztertu ­eta hezkidetzarekin lotutako gaiez prestakuntzaren garrantzia nabarmendu nahi du, eredu anitzak ezagutaraziz eta hedatuz. Azken batean, egitasmo honen bidez, jendarte parekide, euskaldun eta justuagoa eraiki nahi da, ­“egun gure herrian, eremu desberdinetan ematen diren eskubide urraketak ­identifikatu eta pixkanaka gaindituko dituzten pertsona autonomoak eta osoak heztea da helburua”.

Martxoko lehen asteburuan Leitzan egingo diren topaketa horietan, hezkuntzako mahai-inguru eta aurkezpenez gain, hainbat ardatz landuko dira hiru egunetan. Euskal Herri feminista ­eraikitzeko bidean, Zertarako behar dugu emakumeok eta feministok independentzia? galderari erantzunez azken urteetan Bilguneren barruan egin duten eztabaidaren ondorio nagusiak plazaratuko dituzte. Egoera politikoa aztertu eta datozen urteetan Euskal Herrian abiatutako prozesu demokratikoan emakumeen hitza bermatzeko zein tresna behar diren zehazteko, hausnartzeko eta eztabaidatzeko parada ere izango dute topaketan. Horretarako, kanpoko esperientziak ezagutaraziko dira.

Eredu ekonomiko eta sozialaren gaineko hausnarketak ere leku garran­tzitsua izango du topaketetan, botere harremanak zein eremutan eta nola ­ematen diren hausnartzeko parada ­izango da, eta eremu zehatz batzuk aztertuko dira, hala nola, zaintza, elikadura subirautza, osasuna, prostituzioa eta emakume presoena.