Elkarrizketa | Anna Luna Muns, Pedagogoa eta psikomotrizista

Pedagogo terapeuta, psikomotrizista eta ASEFOP elkarteko psikomotrizisten formatzailea da Anna Luna. Gaur egun ez du haurrekin lan egiten, baina formazioa eskaintzen jarraitzen du Bartzelonako AEC psikomotrizitate eskolarekin eta arreta goiztiarreko taldeak ere gainbegiratzen ditu. Hik Hasik antolatutako Hezitzailearen begirada jardunaldietan izango da azaroan.

 

Hezitzailearen begirada izenburua dute Hik Hasik antolatu dituen jardunaldiek. Nolakoa izan beharko luke begirada horrek? Nola begiratu beharko lioke hezitzaileak haurrari?

Haurrak kontuan hartzen dugula eta onartzen dugula sentitu behar du. Umeak oso ongi ulertzen du helduaren barneko begirada hori: badaki erreprimitzen duen begirada den, babesten duen begirada den, onartzen duen begirada den… Beraz, zenbaterainoko kontzientzia izan behar du hezitzaileak begirada horrekin? Hezitzaileak nola begiratzen duen aztertu behar du, zeren begirada horrek, hezitzailerekin, bere izateko erarekin, bere balioekin, bere jarrera sistemarekin… du zerikusia. Kanpotik begiratzera ohituta gaude eta ez gara jabetzen kanpoko begirada hori ez dela sekula objektiboa izango, begiratzen duen pertsona, bizitzen ari den momentuaren arabera, ez delako beti berdin egongo. Hezitzailearen begiradak babesa eskaini behar dio umeari; ulerkorra, lagungarria… izan behar du eta espazio bat utzi behar du umea zabaltzen joan dadin. Umeek gauza berriak transmititzen dizkigute, etengabe, eta gu begirada hori zabaltzen joan gaitezke.

 

Zein motatako behaketa egin beharko litzateke? Batzuetan hezitzailea ikas egoeratik kanpo kokatzen da eta apunteak hartzen edo galdetegiak betetzen joaten da. Behaketa egiteko modu egokia al da hori?

Bakoitzak jakin behar du zer jaso behar duen. Jakina, behatzen ari zarenari buruzko datuak jaso behar dituzu, baina lehenik zer behatu behar duzun, abiapuntua zein den, jakin behar duzu. Ume batzuen ondoan esertzen zaren unean euren garapenaren momentua zein den ezagutu behar duzu, eta ikasturteko zein unetan dauden eta bakoitzaren istorio pertsonala zein den kontuan hartu behar duzu. Begirada jakin batekin gerturatzen zara ume horiengana. Hori guztia aldez aurretik ezagutzen duzu, baina harritzeko eta sorpresak hartzeko prestutasuna ere izan behar duzu. Eskema oso itxiarekin baldin bazoaz, zerbait zehatzaren bila joango zara. Galdera eta gidoi itxi batekin baldin bazoaz, zerbait zehatza bilatuko duzu. Irekiago baldin bazoaz, informazio zabalagoa jasoko duzu, baina, ondoren, informazio horretatik interesatzen zaizuna ateratzen jakin behar duzu, bestela gauza askorekin nahastu zaitezkelako. Behaketa egiterakoan helburu batzuk izan behar ditugu eta esertzea eta gurutzetxoak egitea oso mugatua da. Ez digu uzten paperean ditugun item horietatik harago umeak adierazi dezakeena ikusten. Normalean ez da behaketa bakarra egiten, ikasturtean zehar hainbat egiten dira eta horrekin umeari buruz dugun hasierako informazioa zabaltzen, sakontzen joaten gara.

 

Beraz, behaketa interakzioan oinarritu beharko al litzateke kanpotik egin beharrean?

Kasuaren arabera eta hezitzaileak jokatzen duen rolaren arabera, modua ere aldatu egingo da. Badira oso onak diren kanpoko behaketak eta badira, baita ere, interakzioan oinarritutako behaketa bikainak. Ni Haur Hezkuntzako eskoletan lanean aritu naiz kanpoko behatzaile gisa, eta saioa amaituta, ikusitakoari buruzko informazioa ematen nion irakasleari. Irakaslearentzat positiboa izaten da ni kanpoan kokatzea eta beste ikuspuntu bat jasotzea. Gero, esandakoa kontrastatzen du zeren, agian, ez du berresten nik ikusitako zerbait. Hezitzailea umeekin dagoenean, interakzio horretan, egoera  manipulatu dezake. Agian, zerbait jakina bilatzen du ume horrengan eta konturatu gabe nahi duen lekura eraman dezake. Beraz, oso adi begiratu behar du bere barnera: umea zerbait zehatza egitera bideratu du? Espazioa utzi dio? Horregatik, behaketa mota bat ez da bestea baino hobea: informazio desberdina jasoko dugu, baina behaketa interaktiboa baldin bada, arreta handia jarri behar dio bere interakzioari ere. Umearengandik urrunago baldin badago, ezagutzen badu baina jarduera libre batean ikusteko aukera baldin badu, informazio hori zabaldu dezake. Eta kanpoko pertsona bat baldin badator eta ume jakin baten behaketa egiten baldin badu, hezitzaileari ekarpena egingo dio eta begirada zabaltzen lagunduko dio. Kasu horretan, oso interesgarria da bat non egiten duten ikustea.

 

Kanpoko begiradak ere lagundu dezake, beraz.

Bai, asko. Kanpotik datorrenak ikasgelan informaziorik gabe sartzeko aukera du, begien aurrean adin jakin bateko umea izango du eta harengan ikusten duena irakaslearekin kontrastatuko du ondoren. Behatzaileak objektiboagoa den informazioa emango dio irakasleari, irakaslearen inplikazioa handiagoa delako eta jasotzen duen informazioa subjektiboagoa izango delako, eta, beraz, kanpotik etorri den pertsona horrek begirada zabalagoa eskainiko dio. Umea zein unetan dagoen eta zer irakaslerekin dagoen ikusi behar dugu. Behatzaileak irakaslea ezagutzen badu, eskolan nola egongo den, giroa zein izango den eta umeari zer eskaintzen ari zaion jakingo du, pertsona horren gaitasunak eta mugak zein diren badakielako. Eta hori guztia ezagutzea lagungarri izango da ondoren egingo duen itzultze horretan. Gauza bat garbi izan behar dugu: behaketa sekula ez da objektiboa.

 

Pertsona batek egiten du eta, beraz, ezinezkoa da erabateko objektibotasuna, ezta?

Hori da. Hortik abiatu behar dugu: inoiz ez da objektiboa, baina barrurago edo kanporago kokatu gaitezke. Kontuan hartu behar dugu, baita ere, umeari eragin egiten diola norbait begira izateak. Gainean begirada bat duela nabaritzen du eta begiratua eta zaindua sentitzen da. Ikasgela batean sartzen garenean, egun horretan ume jakin batek normalean egiten dituen gauzak ez dituela egin esaten dizu askotan hezitzaileak, eta hala da; atentzioa jaso duelako gertatu da hori. Begira gaituela sentitu du eta horrek bere emozioak eta ondoezak eustera eraman du, akaso. Oso lotsatia baldin bada, berriz, lotsatuta egon daiteke eta gozotasunez begiratu behar diogu edo ez arduratzeko esan behar diogu, ikasgelan nola jolasten duten ikusteko gaudela eta ez diogula soilik berari begiratuko. Ez da soilik informazioa jasotzea, umearengan eta hezitzailearengan ere eragiten ari gara. Oso garrantzitsua da hezitzailearekin konfiantzazko harremana izatea. Bera ere lasai egon dadin, laguntza gisa hartu gaitzan eta ez ongi edo gaizki ari dela esango dion norbaiten moduan edota bere espazioa inbaditzen ari den norbaiten moduan. Oso garrantzitsua da behaketa horren itzultzea. Ez da hezitzailearengan errudun sentimendua bultzatzeko egiten, baizik eta laguntzeko. Eta hor ikusi behar dugu beste pertsonak zein puntutaraino onartu dezakeen guk esango dioguna edo noraino esan diezaiokegun zerbait.

 

Ikasgeletan behatzaile moduan aritu izan zarenean, aurrez harremana izan al duzu hezitzaileekin?

Bai. Normalean jarraipena duen lana da; ez naiz egun batean agertzen eta kito. Hezitzaileei ikasgelan lehen aldiz kanpoko norbait sartzen zaienean ez dakite nolako begirada duen, zer bilatzen duen. Baina ezagutzen badute, erlaxatu egiten dira eta haren laguntza gustura jasotzen dute. Harremanean oinarritutako lana da, lotura sortzen da eta kanpoko behatzaileak ekarpena egingo du, baina hezitzaileak ere alderdi askoren berri eman behar dio ume horrekin ordu asko pasatzen dituelako. Gero ikusi behar da behatzaileak esaten dion horretatik zerk balio dion eta zerk ez. Zeren litekeena da, behatzaileak, batzuetan, behaketa objektibo bat baino gehiago proiekzio bat egitea. Gure lanak osagarriak dira.

 

0-6 adin tarteaz hitz egiten ari gara. Ume bakoitzaren garapen unea oso desberdina da tarte zabala delako, eta horrek behaketa markatzen du, baina ba al da ezaugarri komunik behaketa horretan?

Behaketak zerikusi zuzena du umearen garapenaren unearekin. 0-1 umeei ez diegu interakziorik eskatuko, baina 4-5 urteko umeei interakzioa eta partekatutako jolasetan aritzea eskatuko diegu. 2 urteko ume batek oraindik bere burua erregulatzen ez dakienez, batzuetan jokabide agresiboa izan dezake interakzioan eta hori ulertu egingo dugu. Beraz, garapenaren uneak oso ongi ezagutu behar ditugu eta gertatzen ari dena bere garapen unearen parte dela jakin behar dugu. Lehenengo urtean autonomia nola konkistatzen duen begiratuko dugu, ingurunea nola esploratzen duen, helduarengana nola gerturatzen den… Aldiz, 4-5 urteko haurrekin, bata bestea entzuten ari direnean, ‘zu nire laguna zara eta zu ez’ esaten ari direnean, beste batekin egoteko gogoa edukitzeko euren identitatea konkistatzen joan direla ulertuko dugu. Hezitzaileak oso ongi ezagutu behar du umea zein momentutan dagoen. Eta gero ikasle talde bakoitzak ere bere ezaugarriak ditu; batzuk oso mugituak dira, beste batzuk lasaiagoak, batzuetan ume gehiago daude, zaurgarriak diren familiak egon daitezke… Alderdi asko hartu behar dira kontuan eta sentsibilitate handia behar da. Umea errespetatzea, laguntzea eta bakoitzaren erritmoari lekua egitea gakoa dira. Jaiotzen direnetik subjektu gisa onartu behar ditugu. Behaketak, hezitzaileen inplikazio handia eskatzen du pertsonalki zein emozionalki.

 

Behaketa egiteko ba al da besteak baino egokiagoa den unerik?

Ez. Jaso nahi dugunaren araberakoa izango da. Adibidez, 4-5 urteko umeak gelan hezitzaileak proposatutako jarduera bat egiten ari badira, hori ez da unerik egokiena izango eta, agian, egokiagoa izango da behaketa jarduera librean ari direnean egitea. Baina, interesatzen zaiguna ume hori jarraibide batzuk segitzeko eta taldeko jarduera bat egiteko gai den ikustea baldin bada, horretarako une aproposa izan liteke. Haurtxoen kasuan, momentu guztiak dira interesgarriak: jaten dutenean, pardela aldatzen dietenean, lotara doazenean, gurasoak eskolan uzten dituenean… Horietako edozein momentuk informazio asko eman diezaguke. Helduarengandik banatzen den unean angustia hori nola bizi duen ikusiko du, ematen dioten janaria nola onartzen duen, jateko gogoa duen ala ez, gustuko duen ala ez, beti gauza bera nahi duen ala ez… Horrek guztiak kanpokoa nola jasotzen duen adieraziko digu. Eta ez da gauza bera ume bat goizeko lehen orduan ikustea edo geroago ikustea. Goizean goiz, agian, erlaxatuago egongo da edo, kontrara, baliteke gurasoa joan delako eta horrek asko eragiten diolako ezinegon handiagoa adieraztea. Aldiz, ordu bete geroago ikusten badugu, kokatuago eta lasaiago egon daiteke. Horregatik hartu behar dugu kontuan behaketa zein unetan egiten ari garen edo umea une ezberdinetan behatu nahi ote dugun.

 

Ebaluazioak zer leku du horretan guztian? Behaketa horrek izan behar al du ebaluazioaren oinarria?

Ikasturte amaierako ebaluazioa behaketek osatzen dute. 0-6 etapan ebaluazioa behaketa horietan oinarrituko da, batez ere, ikasturtean zehar ikusi duguna eta nora heldu den begiratuta, nola garatu den ebaluatuko dugu. Ebaluazioa jarraia da. Lehen Hezkuntzako ebaluazioaz hitz egiten baldin badugu, ikasketa helburu zehatzak ere izango dira. Haur Hezkuntzan behaketa luzeagoak egiten dira, ibilbidea ikusteko aukera ematen dute eta ebaluazioa horietan oinarritu daiteke. Hezitzailea ikasgela batean lanean hasten denean, helburu batzuk ditu: 0-1 aldian, agian, umeak desplazamendua lortzea izango du helburu. Garai horretan batzuk oinez hasiko dira eta besteek lau hankatan jarraituko dute, baina garrantzia du baita ere nora eta zeren bila doazen eta inguruarekin nolako interakzioa duten ikustea, eta errespetatu beharko dugu denek gauza bera une berean ez egitea. Zeren badira oinez hasten diren umeak, baina inora ez doazenak, noraezean dabiltzanak. Eta batzuetan interesgarriagoa da oraindik altxatu ez den baina zerbaiten bila doan umea, antolatzen dena, zerbaitekin jolasten ari dena eta begiratzen nauena, oinez edo korrika hasi baina begiratu ere egiten ez nauena eta helburu gisa soilik mugitzea duena baino. Ni gehiago kezkatuko nau ume horrek oraindik zutik jarri ez denak baino.

Gurasoek helburu askoz markatuagoak izaten dituzte eta umeek lortzen ez dituztenean kezkatu egiten dira, ez dituztelako garapenari buruz guk ezagutzen ditugun zertzeladak ezagutzen. Umeak, zorionez, osotasunean hazten dira euren kabuz, baina gurasoek ez dute profesionalek adina xehetasunik. Eta ume batek urtea beteta oinez ez badaki, gurasoek oinez egin dezan jartzen dute, adibidez. Guk esan behar diegu euren giharrek nahiko indar ez dutenean oinez jartzen badituzte, beldur handia sentituko dutela eta eurentzat hori ez dela konkista bat izango, sufrimendua baizik. Izan ere, gurasoek garapenaren egutegiei begiratzen diete maiz, eta seme-alabek bertan markatzen diren helburuak bete ezean, antsietatez bizitzen dituzte une horiek.

 

Zure hitzaldian behaketari eta emozioei buruz hitz egingo duzu. Aurreratuko al diguzu hitzaldiaren nondik norakoa?

Behaketaren garrantziari buruz hitz egingo dut. Norbere buruarekin zerikusia duen behaketa horri buruz, behaketan gertatzen den interakzioari buruz eta behaketa egiten dugunean zein helburu ditugun kontuan hartzeak duen garrantziaz arituko naiz. Zein funtzio izan dezakeen behaketak: detekziorako den, ebaluaziorako duen… Ez baita informazioa jasotzea soilik, helduaren jarrerak behaketa markatuko duela ere kontuan izan behar dugu. Ni adi egoten naiz, zabalik, eta ondoren lehenbailehen jasoketa egiteko espazioa izaten saiatzen naiz. Zeren begirada jaitsi eta oharren bat idazten dudan bakoitzean, zerbait galtzen dut. Hainbat item betetzea eskatzen badidate, gero ikusiko dut nola beteko ditudan. Batzuetan dena xurgatu nahi izaten dugu eta geure buruari onartu behar diogu ez dugula dena behatuko. Baina zirrara eragiten diguna barneratuko dugu eta alderdi zehatzak bilatzen ez baditugu, informazio aberatsagoa jasoko dugu. Norbere buruarengan konfiantza izatea oso garrantzitsua da.

 

Behaketak instintiboagoa izan behar al du, orduan?

Jakina. Ezagutza oso garrantzitsua da baina intuitiboa dena ere bai, eta intuizioa eta ezagutza elkartzen baditugu, lana osoagoa izango da. Hezitzaileek, hasieran, formazioa amaitzen dutenean, patroi asko behar izaten dituzte ziur sentitzeko, baina gero intuizioari lekua egiten joan daitezke eta interakzioa eta informazio zabalagoa jasoko dituzte. Modu horretan, behaketa harago joango da, eta ez da soilik datuak jasotzera mugatuko.

 

 

Galdera laburrak:

01. Eskola garaiko oroitzapen on bat? 

Beste ume batzuekin egoteko aukera ederra gogoratzen dut. Amak eskolara eraman ninduen eta nire tamainako aulkiak eta mahaiak zeuden. Nik ez nuen handik joan nahi. Oso ongi gogoratzen dut niretzako espazio apropos hura.

02. Eskola garaiko oroitzapen txar bat? 

Zaindua sentitzen ez nintzen uneak. Begirada beste batzuei bideratzen zietenean haiek nabarmentzen zirelako.

03. Nolako eskola amesten duzu? 

Ume oso ezberdinak dauden eskolarekin amesten dut. Eskola publikoa gustuko dut familia askori aukerak eman diezazkiokeela uste dudalako. Gobernuaren ardura da eskolak ume guztiei tokia egitea eta eskola kalitatezko lekua izatea. Horrek guztiok aberasten gaitu.

04. Zuretzat garrantzitsua den balore bat?

Bestea onartzea, babestea eta begirada zabala izatea.

05. Hezkuntzari buruzko film bat edo liburu bat? 

20.000 especies de abejas filma, haurrak euren nortasunaren bilaketan elkarri nola laguntzen dioten erakusten duelako, eta La psicomotricidad en la escuela liburua, Iolanda Vivesek idatzia.