Seiehun hezitzailetik gora batu ziren azaroaren 24an Bilbon eta 25ean Donostian antolatutako Haur Hezkuntzako jardunaldietara.

 

Hezitzailearen begiradari eskaini dizkio Hik Hasik aurtengo Haur Hezkuntzako jardunaldiak. Nola ikusten ditugu haurrak? Zer ikuspegi daukagu haurtzaroaz? Eta Haur Hezkuntzaz? Haurra garatzeko gaitasunak dituen subjektu aktibo gisa behatzen du gure soak ala helduak edukiz bete behar duen objektu pasibo moduan? Horra hor guztiaren abiapuntua. Hezitzailearen begirada tradizionala (instruktibista) ala berritzailea izan (konstruktibista), oso desberdina izango da hezitzaileak hartuko duen rola, egingo dituen esku-hartzeak, eskainiko duen heziketa eredua, eta baita, beraz, haurraren bizipena eta garapena ere subjektu ala objektu sentitu. Nola begiratzen diogun haurrari, hala ikusiko dugu haurra; eta harago, hala ikusia sentituko da haurra. Huheziko Eider Salegi eta Itziar Arregi ikerlariak eta irakasleak, Anna Luna pedagogo eta psikomotrizista katalana, eta Iruñerriko San Fermin ikastolako Uxue Escribano, Begoña Usoz eta Itsaso Etxarri irakasleak izan ziren hizlariak. Abenduko aldizkariak jardunaldien laburpena izango du gai nagusitzat.