Plaza Hutsak-ek herrigintzaz jarduteko jardunaldia burutu zuen pasa den larunbatean Burlatan, herrigintzaren aro berri baterako indarrak bildu eta saretu nahian. Herrigintzako hainbat esparru izan ziren hizpide antolatutako tailerretan, eta horietako bat izan zen hezkuntzakoa. Bertan, Finlandiako eta Reggio Emiliako (Italia) hezkuntza praktiken berri eman zuten Joseba Ossa itzultzaileak  eta Finlandiako hezkuntza ongi ezagutzen duenak eta Alfredo Hoyuelos Iruñeko Haur Eskoletako taileristak eta Reggioko ereduan aditua denak. Haien ondotik Nora Salbotx Amaiurko eskolako maistrak eta Hik Hasiko kideak Europako esperientziak eta Euskal Herriko ibilbidea alderatu zituen, esperientzia haietatik zerk balio duen eta guretik zer jarri daitekeen azalduz.

Ondoren, tailerreko partaideek hartu zuten hitza taldeka jarrita eta haietan esandakoa laburbilduz amaitu zen saioa. Ondoko asteetan ondorioak sakonago aztertu eta helaraziko dituzte.