Mass medien eraginez, gero eta gehiago dakigu urrutikoari buruz, baina inguratzen gaituenari buruzko transmisioa eten egin da azken hamarkadetan. Ezagutzen ez dena, ulertu eta maitatu ezin denez, berariaz heldu behar zaio transmisio-lanari. Hainbat herritan gertuko kultur ondarea jasotzeko eta ezagutarazteko baliabide pedagogikoak sortu dituzte, eta helburu berarekin, eskola eta herriko eragileak inplikatuko dituen bidea proposatu du Iñigo Ramirez de Okariz irakasleak idatzi duen tesiak.

Kultur ondarea ezagutarazteko proposamenak ugaltzen ari dira

Belaunaldiz belaunaldiko transmisioaren etenak, globalizazio azkarrak eta herritarren  mugikortasunak nork bere herria garai batean baino gutxiago ezagutzea ekarri du. Gainera, ikastetxe askotan irakasleen joan- etorria handia da, eta zail da tokian tokiko ondarea ezagutzea.

Ezagutzen ez dena maitatu ezin denez, eten hori josteko, tokian tokiko kultur ondarea ezagutu eta transmititzeko katebegi gisa, material pedagogikoa sortu dute hainbat herritan, besteak beste, Orereta-Errenterian, Arrasaten, Azpeitian eta Ordizian. Dibulgazioa helburu duten hezkuntza proiektu horiek hizkuntzaren eta kulturaren jabekuntza bermatzea ere badute xede eta gaitasunak lantzeari garrantzia handia ematen diote.

Aldi berean, Huheziko Iñigo Ramirez de Okariz irakasleak Gertuko kultura ondarearen transmisioa eta hezkuntza eragileak Lehen Hezkuntzan  izeneko doktorego tesia aurkeztu berri du. Doktorego tesi horrek ere Orereta-Errenterian, Arrasaten nahiz Azpeitian zuten kezkaren antzeko bati erantzuten dio. 

Perez de Okarizek bere tesian nabarmentzen duen eran, etxea izan da historikoki transmisio-gune garrantzitsuena, baina dagoeneko hemen ditugun gizarte aldaketen ondorioz, kultur transmisio ardura hori eskolaren esku gelditu da neurri handi batean. “Aldaketa soziologiko ikaragarria gertatu da, koiuntura kultural eta politikoa ikaragarri aldatu da eta mugikortasuna, berriz, handitu”. Egoera horretan, Ramirez de Okarizek ezinbesteko ikusten du hezkuntza prozesua ingurunearekin lotzea ingurua ulertu nahi baudugu, gaur egun aldaketak geroz eta bizkorragoak, zabalagoak eta estrukturalagoak baitira.

“Une honetan —dio irakasleak— gehiago dakigu ia-ia kanpokoaz bertakoaz baino, mass medien eraginez. Ikasleak gertukoa ezagutzen ez badu, ezingo du ulertu, ez sentsibilizatu, ez maitatu. Ezagutzatik maitatzera doan kate hori, gaur egun, eskolari dagokio, neurri handi batean”.

Turismo kulturala modan jartzeak, alde batetik, eta globalizazioak berak, bestetik, gure identitatea galtzeko arriskuan utzi izanak, Ramirez de Okarizen aburuz, “geurea denaz eta daukagunaz jabetu, zaindu eta mundu guztira zabaltzeko” hainbat ­egitasmo abian jartzea ekarri du: “Azken urteetan gizartea bere esparru itzetan jasaten ari den aldaketen eraginpean dago hezkuntza ere, eskola. Honen aurrean, noraezaren sentsazioa hautematen da eskoletan, eta hezkuntzaren inguruko diskurtso berri baten beharra ere hauteman daiteke. Eta horren baitan, gertuko kultura ondarearen transmisioari dagokionez, gure identitate hauskorrean barna osatzen dugun hezkuntza komunitate baten kezka da modu berezi batean hautematen dena. Horri aurre egiteko, erreferente berrien beharrean gaude hausnarketa berriak garatu ahal izateko, estrategia berriak diseinatu eta horrela etorkizuna hobeto bideratu ahal izateko”.

Irakasleak, zehazki, Debagoieneko hainbat hezkuntza eremu aintzat hartuta (formala, ez-formala eta informala), gertuko kultura ondarearen transmisioa zertan den hauteman du, eta horrez gain, gertuko kultura ondarearen sustapena eta hedapenerako ezinbesteko den hezkuntza-eremu ­eta eragile guztien elkarrekintza, osagarritasuna eta parte-hartzea sustatzeko bideak eskaini ditu tesian. Zehazki, Lehen Hezkuntzako etapan gertuko kultura ondarearen transmisioan hainbat hezkuntza eragileren zeregina ikertu du irakasleak.

 

Kultur ondarea, LHko irakaskuntzaren abiapuntuan

Huheziko irakasleak dio kultura ondarea erreminta indartsua eta eraginkorra izan daitekeela Gizarte Zientzien irakaskuntza-ikasketa prozesuan. Aldi berean, irakaslearen aburuz, ingurunea eta bere baitan lantzen dituen proposamena ikasleariaren pentsamendu sozial eta kritikoa eraikitzeko lagungarri izan liteke, baita datuak bilatzeko, ordenatu eta baloratzeko; iragana eta orainaren ­arteko harremana aurkitzeko; aldaketa eta jarraipen historikoak ulertzeko; gertakarien zergatiak eta ondorioak identifikatzeko; ezagutza historiko eta sozialaren ezagutzak euren ­errealitatea ezagutzeko eta erabiltzeko; gizartean parte hartu eta kokatzeko, eta kultur ondarea baloratzeko.

Kultur ondarea dioenean, irakaslea ez da ari XIX. mendean ondareaz erabiltzen zen ikuspegi mugatutik, zeinak historiari eta arteari soilik egiten zien erreferentzia. Ondarea eraikuntza sozial bat bezala planteatzen du Ramirez de Okarizek, kontzeptu dinamiko, aldakor, ireki gisa eta, oinordetzatik jasotako jabetza bezala ulertuagatik ere, oinordetza kultura honen transmisioak ez du derrigorrez antzinako ondarearen transmisioa soilik adierazten, dimentsio anitzekoa baita ondarea: materiala, inmateriala (hizkuntza, usadio-ohiturak, sinesmenak, toki eta monumentu historikoak...) eta espirituala. Gainera, ondarea hautaketa bezala planteatzen du irakasleak, hau da, kultura ondare zehatz batetik jasotako ondasun eta balioen bilduma bat dela onarturik, banako nahiz kolektibitate baten identitatea eraikitzeko faktoretzat hartzen du. Kultura ondarea ingurune natural eta sozial batean gizakiok eragindako prozesu baten emaitza dela onartzen du eta, era berean, hurbileko ingurunearen ikasketa abiapuntu ontzat hartzen du urrutiago dauden beste testuinguru batzuk era errealean eta esanguratsuan ulertzeko. “Kolektibitate edota komunitate kultural bateko identitate propioa ­adierazten du ondareak”.

Gertuko kultura ondarea, beraz, norberaren identitatea ezagutzen hasteko eta proiektatzeko baliabide paregabea da eskolarentzat, Ramirez de Okarizen aburuz. Identitatea, baina, gizabanakoak era indibidualean eta kolektiboan bere burua onartzen duen erreferente multzo bat bezala ­ulertzen du irakasleak: “Izan ere, pertsonaren baitan bi identitate mota garatzen direla ikusten dugu. Alde batetik, gizabanakoarena, era intuitiboan eta afektiboan lortzen duguna eta gure ingurune hurbilenarekin harremanak egiten lortzen duguna. Bestetik, identitate kolektiboa,  nahiz eta bere osagarriak ere izan, aberasten dena, adibidez, ikasketen bidez, eskolak eman liezaiokeen curriculum tratamendu sistematiko eta espezifikoaren bidez”.

 

Hezkuntza-sistemaren hastapenetako egitekoa

Hezkuntzak, sistemaren hastapenetatik, berarekin dakarren egitekoa izan da kultur ondarearen transmisioa. Irakasleak gogoratzen duen eran: “Ideologia liberalak, progresistak zein kontserbadoreak, XIX-XX. mendeetan zehar saiatu ziren eurek asmatutako hezkuntza nazionala zabaltzen osatu berriak ziren Europako estatu-nazio moderno guztietako lurraldeetan. Horrela, hezkuntza eta hizkuntza ofiziala izan ziren —monarkia, bandera, himno eta ejertzitoarekin batera— estatu berrien sinboloak. Baina baita hezkuntza formal eta arautuaren zabalkuntza, orokortzea eta homogeneizazioa burutzeko ardura zeukatenak ere.

Eskolaren kudeaketa eta antolaketa estatuari zegokion jarduera zen. Alegia ‘estatu-nazio’ izaera horren babesleku eta transmisioa bermatuko lukeen lehentasunezko erakundea bihurtu zen hezkuntza-sistema. Hezkuntza-sistema curriculumaz baliatu zen eta baliatzen da gaur egun ere bere estatu-nazio izaerarekiko ondo atxikitzen den gizarte-ikuspegi sozial, ekonomiko eta kulturala transmititzeko”. Ramirez de Okarizek nabarmentzen du curriculuma ez dela corpus neutroa: “Curriculumak berak egitura sozio-ekonomiko eta kultural bat transmititu nahian, egun tesi kapitalistekin bat datorrena, gizarteak berak dituen gatazka askoren isla ere bada, eta ez maila sozialetik soilik begiratuta, baita gu bezalako herrientzako nazio tratamendu ikuspegitik ere. Horrela, curriculuma identitateen arteko gatazka-gune da, izan ere, batzuek beraien pentsamendu hegemonikoa transmititu nahi izaten dute, identitate nazionala; eta, beste batzuek, berriz, ideologia horri aurre egin nahi diotelako”. 

Sarean lan egiteko premia

Kultur ondarearen transmisioan, alabaina, ez du eskolak bakarrik egon behar, Ramirez de Okarizen iritziz, eta horixe da, hain zuzen ere, defendatu duen tesiaren iparrorratza: “Eskolak ez du bakarrik egin behar bidea, baizik eta euren zeregina kultura (gure kasuan, gertuko kultura ondarea) transmititzea eta eraikitzea duten gertuko erakundeekin elkarlanean aurkitzen da, nahitaez”. Politikari, hezitzaile, museologo eta herritar orok bultza ditzaketen elkarrekintzek, soilik, eragingo dute herrien ondarearen kontserbazioan, irakaslearen arabera, “eta baita hezkuntzaren zerbitzurako benetako erreminta boteretsua bihurtzen ere”.

“Zer eskain diezaioket eskolari bere intereskoa dena?”

Irakaslearen aburuz, eskolak herrietako eragileekin nahiz udalarekin sarean lan egin dezan ordua iritsi da.  Udal hezkuntza batzordeei egiteko garrantzitsua aitortzen die ikerlariak, “Uste dugu udal hezkuntza batzordeak —eta baita udaleko gainontzeko batzordeek ere— hezkuntza komunitatearen baitan ezinbestean aintzat hartu behar direla”. Ikerlariaren aburuz, udalek lidertza hartu behar dute tokian tokiko hezkuntza proiektuan.

Udalaz eta eskolaz gain, bestelako eragileen artean, berriz, museoek, interpretazio-zentroek, natur eta ingurugiro eskolek, turismo bulegoek duten egitekoa lantzen du bere tesian, baina oso garrantzitsu jotzen ditu kultura ondarearen transmisiorako  herriko musika-taldeak, dantza taldeak, bertso eskolak... eta familiak ere. “Gero eta gehiago atera behar dira haurrak eskoletatik —eta ez soilik noizbehinka egiten den irteerara—”.

Ondare-hezkuntzan, hezkuntza ez-formala eragin handia duen eremua da. Horregatik, irakaslearen arabera, eskolaren eta eremu ez-formalaren artean koordinazioa landu behar da. Baina tesiak jasotzen duenez, eremu ez-formaleko ikasketei buruz egindako azken ikerketek diotenez,  irakasle gutxi batzuek soilik programatzen, planifikatzen eta integratzen dituzte curriculumean eskolaz kanpoko ekintzak.

Horren adibide gisa, museoen eta eskolen arteko harremana aipatzen du, izan ere, tradizionalki bi erakunde horien gain egon da gertuko kultura ondarearen difusioa. Ramirez de Okarizen arabera, bi erakunde horien arteko harremana ez da erraza ­izan ezta osagarria ere. “Europan (Italia, Erresuma Batua eta Europa iparraldeko beste hainbatetan —Danimarka izan daiteke bat—) duela hamarkada dezente ezarri dira ondare-hezkuntzarekin loturiko programak, eta ohikoa da museoak, gune historikoak eta aztarnategi arkeologikoak zerbait erakargarri eta didaktiko bezala aurkeztea, araketa eta ikasketa asko egiteko aukera emanez”. 

Eskolak ezagutzeko eta ikasteko beste era batzuk arakatu behar dituela azaldu du tesian Huheziko irakasleak, eta gela edo eskolak kanpoko irakaskuntzara ireki behar direla, baina, aldi berean, museoek eta interpretatazio zentroek “zer eskain diezaioket eskolari bere interesekoa dena?” galdetu beharko luketeela. “Museok ezinbestean behar dute eskolekin elkarrekintza, museoetan gorde eta babesten diren ondare-ondasunak eskolan ematen den transmisioari esker legitimatzen direlako”.

 

Herriaren berri, modu dibulgatiboan

Orereta-Errenterian eta Arrasaten lehendabizi, eta orain Azpeitian ari dira egiten tokian tokiko ondare kulturala jaso eta ezagutarazteko lana, hik hasi-ren aholkularitzarekin. Guztiak kezka berberetik abiatzen dira: gero eta globalizatuago dagoen gizarte honetan herri kohesioa bultzatzeko beharrezkoa da herria ezagutzea, bertako kultur ondarea balioestea eta ­herritarren arteko eta elkarteen arteko ­ezagutza sustatzea. Hezkuntza proiektu hori unitate didaktiko, gida pedagogiko eta ibilbide didaktikoak osatzen dute. Lehen Hezkuntzako ­ikasleei zuzenduriko lan dibulgatiboa da berez, baina bai Errenterian ­eta baita Arrasaten ere helduentzako hezkuntzan nahiz euskalduntze-eskoletan ere erabiltzen dituzte.

Lehen lana 2008an abiatu zuen hik hasik, Errenterian. Hango euskara teknikariak izan ziren hik hasira ­etorri zirenak, eta Arantxa Urbe irakasle eta hik hasiko kide oreretarrak diseinatu eta ondu zuen egitasmoa. Historiaurretik hasi, Neolitikora, Nafarroako Erresumara, industrializaziora, 36ko gerrara eta etorkizunean nahiko luketen herrira arte, historian barrena ­—eta historiografia ofizialak bazter utzi dituen pasarteak eta pertsonaiak berreskuratuz—, euskara ardatz harturik jaso zuen herriko kultura ondarea Urbek, hiru urteko ikerketa lanaren eta herriko elkarte eta eragileekin hamaika elkarrizketa egin ostean. Berdintasun ikuspegiak pisu handia izan du proiektuan eta Urbek lan handia egin zuen historiografia ­ofizialak ahaztu dituen emakumeak berreskuratzeko, hala nola, Mari Zozaiako, sorgin izateagatik kartzelan hila izan zen herritarra; Joxepa Antoni Aranberri bertsolaria edota Sara Carracel Joko paralinpikoetan aritutako igerilaria nabarmendu zituen. Buruz ikastea ez eta sormena, irudimena, kritikotasuna eta hausnarketa bultzatzen duen pedagogia eredua jarraitu du Urbek Oreretako lana egiteko.

Eredu horretatik abiaturik, gauzatu dute Arrasateko proiektua eta ari dira Azpeitian.Arrasaten denbora zeramaten herriko kultur ondarea transmititzeko eskolaren egitekoaz hausnartzen. ­“Egun, teknologia berrien bidez, eskuragarri dugu mundu osoko informazioa. Klik batzuk eginez, gai gara modu birtualean ikusteko urrutiko munduak, baina, aldi berean, sarri konturatzen gara gure herria ezagutu ere ez dugula egiten. Herria ezagutzen egitasmoaren bidez, izan ginenaz, garenaz eta izango garenaz jabetzeko aukera eman nahi dugu”,  azaldu du Juanito Barberan Arrasateko hezkuntza teknikariak. Hasiera batean, LHko 3. mailako ikasleei zuzenduriko unitate didaktikoa zuten buruan, eta zirriborro bat ere egina zeukaten herriko historia eta toponimia jasotzen zuena, baina nahi baino memoristikoagoa zen lana.  hik hasi-ren Herria ezagutzen egitasmoa ikusirik, eredu horri heldu zioten, eta proiektua 6tik 12 urtera bitarteko haurrei zabaldu zieten, eta hik hasi-ren aholkularitzarekin gauzatu dute lana.

Arrasateko historiari buruz material asko zegoen jasoa, baina modu pedagogiko eta dibulgatibo batean lantzeko tresna falta zitzaien. Udaleko Hezkuntza Sailaren egitekoa izan zen, bada, herriaren iraganaz eta orainaz dauden liburuak jaso eta hustuketa lana egitea, unitateak diseinatu ahal izateko. “Ikasleengan eta herritarrengan beren herriarekiko interesa sortzea izan da gure helburuetako bat”, adierazi du Barberanek. Santxa eta Martin pertsonaiak dira, izan ere, Arrasateko historian barnako bidaia hau gidatzen dutenak. Biak ala biak herriko historiako pertsonaia ezagunak dira, Martin Bañez de Artzubiaga oinaztar batzuek hil zuten 1464an, eta haren emazte Santxa Otxoa de Ozaeta Marzana berriz, heriotza horrek ­eragindako minak hil omen zuen, ­eresi batek dioenez.

Herriko bi ikastetxeetako irakasle talde batek parte hartu dute lanketa ­osoan zehar. Udalak gidatu du proiektua, lehen unitate didaktikoa bertako Oihana Aranburu zinegotziak egin zuen eta gainontzeko bostak Barberanek berak ondu ditu, eta ­ikastetxeetako hezitzaileek euren ­ekarpenak egin dituzte, bai gaiez, bai ariketen ereduaz, ­egokitasunaz...

Sei unitate didaktikoez eta irakasleentzako gida pedagogikoaz gain, ­ibilbide didaktikoa prestatu dute ­Arrasaten. Historiaurrea ezagutzeko ibilbidea, hiribilduarena, auzoetan eskolaren kokapenaren araberakoa; kultura eta kirol instalazioen araberakoa; desagerturiko lantegien ingurukoa eta  herriko historiako pasarteak ezagutzeko ibilbideak osatu dituzte, eta herriko web gunean daude ikusgai guztiak.

2010ean bi unitate didaktiko egin zituzten, 2011n beste bi, eta 2012an ­eta 2013an bana. Ikastetxeetan dagoeneko erabiltzen ari dira lehen bost ­unitateak, eta ikasturte honetan hasi berri dira seigarrenarekin. Ikastetxe bakoitzak erabiltzen du bere hezkuntza proiektuaren barruan nola garatu gaitegi eta ordutegiaren barruan. ­Ikastetxeez gain, herriko eragileei zabaldu diete materiala. “Herrian ahalik eta zabalkunde handiena izan dezan nahi dugu”.