Bi egunez, Donostiako Kursaalen bilduta egon gara "Herri hezitzailea, eskola herritarra" jardunaldietan. Francesco Tonucci 'Frato' psikopedagogo italiarra izan dugu gurekin bi egunetan, "Haurren hiria" proiektuaz mintzatu zitzaigun lehen egunean, eta "Guztiontzako eskolaz" bigarrengoan. Ezagutu ditugu, halaber, Euskal Herriko hainbat esperientzia, hala nola,  Arrasateko Txatxilipurdi euskara eta aisialdi elkartearen proiektua, Oarsoko Irrien Klubekoa, Ordizia hiri hezitzailekoa, Gipuzkoako eskola txikietakoa, Ipar Euskal Herriko ikastolen egoera...

Lorea Agirrek eman zien hasiera jardunaldiei,haurrei entzun beharraz eta hitza emateaz aritu zitzaigun MUko Sorguneak ikertegiko ikerlaria, eta, ondoren, hari horri heldurik, Tonuccik jolasteko premiaz, kontrolik gabe eta libre jolastearen garrantziaz, parkeez, arriskuez gogoeta egin zuen. Gogoeta horiek Euskal Herrira, zehazki Donostiara, ekarri zituzten ondoren Alfredo Hoyuelosek eta Txusma Azkonak.

Hurrengo egunean, Koldo Telleria Hiria kolektiboko arkitektoak hirigintzari buruzko hausnarketa egin zuen, eta Tonuccik hartu zuen hitza jarraian, guztiontzako eskolaz mintzatzeko. Tonucciren ondoren, Hur Gorostiagak  Iparraldeko ikastolen egoeraren erretratua egin zuen, eta jarraian Gipuzkoako Eskola Txikietako esperientziak eta Dima eta Aitor ikastolakoak ezagutu genituen.