Askotariko eragileak bildu zituen otsailaren 2an Euskalgintzaren Kontseiluak Bilbon Urteko irakurketa izeneko ekitaldian, 2021ak euskararen normalizazioan eta hizkuntza-politiken arloan emandakoa aztertu eta 2022ko erronkak aurkezteko. Ekitaldian izan ziren Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuorde eta Nafarroako Gobernuko Euskarabideko zuzendariaz gain, hiru Foru Aldundietako ordezkariak, UEMA, EUDEL eta Udalbiltzako ordezkariak. Halaber, EHUko, Deustuko Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko ordezkariak bertaratu dira, bai eta Arartekorik edota Etxepare Institututik ere. EAJko, EH Bilduko eta Elkarrekin Podemos-IUko ordezkariak ere izan dira. HIK HASIko kide Ainhoa Azpirotzek hezkuntza lege berriaren atarian dauden lehentasunak nabarmendu zituen.

Halaber, Kontseilua osatzen duten euskalgintzako gizarte erakunde ia guztiak presente egon ziren ekitaldian, baita Batuz Aldatu dinamikaren baitan dauden ELA, LAB eta STEILAS sindikatuetako ordezkariak edota bestelako eragileetako ordezkariak.

Urtearen balantzea

Lehenik eta behin, Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak urteak hizkuntza-politikaren esparruan eman duena azaldu zuen: «kontuan hartu behar dugu gure hizkuntza-komunitatea hiru administraziotan dagoela banatuta eta hizkuntza-politika hiru zutabek ardazten dutela: araugintza, plangintza eta baliabideak. Hartara, Kontseiluaren irakurketa ere horren arabera izan da».

Horrekin batera, Kontseiluak hiru gai azpimarratu izan ditu 2021eko gertakariei dagokienez: administrazioko langileen hizkuntza-gaitasuna jomugan egon izana, hezkuntzan zabaldutako aukerak eta ikus-entzunezkoen eremuan egindako lanketak. «Argi geratu da egoera gutxituan dagoen edozein hizkuntzaren normalizazio-prozesuan hezkuntza zutabea dela. Horren karira, EAEn Kontseiluak handira jokatzeko eskatu du alor horretako gehiengoarekin batera, Ipar Euskal Herrian txalotzeko modukoa da Seaskak eta eskola publikoek egindako lana, eta Nafarroan ohartzen ari gara oztopoak sistematikoki jartzen zaizkiola euskarazko irakaskuntzari» adierazi zuen Bilbaok.

Bestalde, botere judizialaren oldarraldiak ere hizpide izan ziren urteko irakurketan: «Kontseiluak berretsi nahi izan du botere judizialak epaien bidez ezarri nahi duela hizkuntza-politika berria Estatuan; are gehiago, botere judiziala hizkuntza-politika nahierara arautzen hasia dela jurisprudentzia baliatuz» esan zuen. Gainera, adibide gisa jarri zuen berriki Gasteizko epaileak hizkuntza-eskakizuna kentzeko euskararen zailtasuna aitzakia gisa erabili izana. «Horren aurrean modu bateratuan eta batasunean jardun beharra» aldarrikatu zuen galderen tartean ELKAR taldeko ordezkari eta Kontseiluko lehendakari den Joanmari Larrartek.

Urteko irakurketari amaiera emateko, Paul Bilbaok gogoan izan zuen iaz agindutakoa bete duela Kontseiluak, eta ekainean lortu egin zuela hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun soziala irudikatzea Batuz Aldatu lelopean.

Arloz arloko lehentasunak eta urgentziaz jarduteko eremuak

Ondoren, Kontseiluko eledunak 2022rako aurreikusitako erronken berri eman zuen. Horrela, lehenik eta behin Batuz Aldatu dinamikara eragile gehiago atxikitzeko lanketa berezitua egingo dutela aurreratu zuen.

Horrekin batera, Bilbaok azpimarratu zuen hizkuntza-politiken norabidetze orokorrak adostuta, orain eremuz eremu eta arloz arlo hizkuntza-politiketako lehentasunak definituko dituztela. «Adostasunaren bidean zehaztuko dugu zein diren administrazioan, kulturan, hezkuntzan, ingurune digitalean, aisialdian, hedabideetan… lehentasunak politiketan» adierazi zuen. Gainera, 2022 urteari begira urgentziaz jarduteko hiru eremu aurreikusi dira: administrazioa, eremu sozioekonomikoa eta hezkuntza. «Azken horri dagokionez, EAEn hezkuntza-legea berrian hizkuntzaren korapiloa askatzeko eragile nagusienekin egindako proposamena erdigunean kokatuko dugu, hain zuzen ere, legeak berariaz jaso dezala murgiltze-eredua oinarri duen ikasteredu bakar eta berria» azaldu zuen. Hezkuntzaren garrantziaz hainbat arrazoi partekatu zituen Hik Hasiko kide Ainhoa Azpirotzek. Horretaz gain, eremu sozioekonomikoan eta administrazioan eragileek elkarrekin jarduteko beharra adierazi dute ELHUYAR taldeko Maddi Etxebarriak eta LABeko Arantxa Vazquezek.

Jauzi politikarako urratsak

Amaitze aldera, Bilbaok gogoratu zuen adostasun sozialaren helburua adostasun politiko bihurtzea izango dela eta hor ere urratsak egiteko asmoa dagoela. «Jarraituko dugu hizkuntza-politiketako lehentasunak eragile sozialekin adosten, baina gure asmoa da udazken aldera adostasun politikorako jauziari ekitea, horixe baita gure azken helburua» esan zuen.