Administrazioen menpeko ez diren euskarazko komunikabideek HEKIMEN elkartea aurkeztu dute «ahots bateratua» izateko eta «eremu komunikatibo sendoa» garatzeko helburuarekin. Hik Hasi eta Hazi Hezi aldizkariak ere elkartearen partaide da.  

Tokikom elkarteko zuzendari Iban Arantzabal izango da presidentea. Postu hau urtero txandakatuko dute. Zortzi kideko zuzendaritza izango du Hekimenek, aipatutako Tokikom, Argia, Berria, Euskal Irratiak, Gaur 8, Gazteberri, Hamaika Telebista eta Xaloa Telebistako ordezkariekin.

Euskal hedabideen elkarlana bideratzeko sortu dute Hekimen, euskara hutsez aritu eta publikoak ez diren komunikabideen artekoa. «Beti pentsatu dugu euskararen komunikazio esparrua txikia dela, ahula eta hauskorra. Eta bada, ez gara engainatuko. Baina, aldi berean, asko gara eta pertsona askorengana iristen gara. 600 bat langile gara sektorean eta ehunka mila pertsonara iristen gara», azaldu dute.

Euskal Hedabideen elkarte bat sortzeko hainbat saio egon da azken hamarkadetan, eta azkenean bilgune bat egituratzea lortu dute, egoera latzak bultzatuta, bakarka baino, sektoreak bizi duen krisiari elkarrekin hobeto egin ahal zaiolako aurre. «Orain ahots bateratua izango dugu: gizartearen aurrean agertzeko, instituzioekin hitz egiteko, gure kezkak agertzeko, gure indarra… komeni zaigun guztietan bakarka baino, elkarrekin agertzeko», nabarmendu dute.

Erronkak ez direla makalak jakin badakite. «Esate baterako, egunotan ari da eratzen Eusko Jaurlaritza eta haren ordezkariekin harreman finkoa bideratzeko asmoa dugu. Serio berba egin beharko dugu diru laguntzez, publizitate instituzionalaz, mintzakidetza iraunkorraz eta abar. Uda aurretik, Jarduneko Jaurlaritzarekin eta EAEko hiru diputazioekin osatuta utzi genuen elkarrizketa mahaia eta lan-eremu hori emankorra izan dadin egingo dugu lan», esan dute.

Euskal Herri euskalduna nahi izanez gero, komunikabide esparru indartsua izatea ezinbestekoa dela ongi baino hobeto dakite. Administrazioa, hezkuntza eta hedabideak zutabe funtsezkoak dira hizkuntza garapenean, elkartearen sustatzaileen arabera. Baliabideei dagokienez, administrazioan eta hezkuntzan indar handia jarri da azken hamarkadatan, euskarazko hedabide publikoetan ere bai, «baina askoz gutxiago hedabide ez publikoetan», euren ustez. «Euskal gizarte moderno eta kohesionatua eratzeko, garaia da azken hamarkadetan sortutako gizarte hedabide sare zabala behar bezala babesteko», aldarrikatu dute.

Herri ekimeneko hedabideak gogor ari dira lanean: XXI. mendeko Euskal Herri euskaldun eta modernoa lortzeko xedearekin. «Gure herrietan, euskal gizartean, Europan, munduan gertatzen denaz ondo informatua egongo den euskal herritarra nahi dugu. Teknologia berriek eta internetek ekarritako aldaketetara egokitzen ari gara etengabe eta aurrera begira ere erronkak itzelak dira», adierazi dute.

Horregatik, besteak beste, Euskal Hedabideen Behatokia sortu nahi dutela aurreratu dute, Hekimen, unibertsitateak, instituzioak, eta hedabide publikoak bilduko dituena. Ikerketa jorratuko duena, audientziak, teknologia berriak, beste hizkuntzetako esperientziak aztertuko dituena… «Euskararen komunikazio esparru sendoa garatzeko behar dugun guztia dugu helburu. Ilusioz dator Hekimen, garai berriak bizi ditu euskal gizarteak eta, gure ekarpena egitera gatoz; berriz diogu, bizi dugun egoera gaitzari bakarrik baino elkarrekin hobeto erantzungo diogulako», erantsi dute.