Erreportaje honetan Ane Ablanedo eta Donna Apellaniz Nieto adituekin haurtzaroko etapetako pausuetan ibiliko gara. 

 

Erreportaje honetan Ane Ablanedo eta Donna Apellaniz Nieto adituekin haurtzaroko etapetako pausuetan ibiliko gara, fase bakoitzaren berezitasunak aletuz eta saihestu genitzakeen hanka sartzeetan arreta jarriz.

 

Haurtzaroa garai garrantzitsua da pertsonen garapenean eta arrasto sakona uzten du guztiongan. Hori horrela, hurrengo orrietan aro berezi honen ezaugarriez eta etapez hitz egingo da, Ane Ablanedo haurren neurosiaren prebentzioan aditu eta heziketa libreko aholkulariarekin eta Donna Apellaniz Nieto terapeuta emozional sistemiko eta adimen eta hezkuntza emozionaleko formatzailearekin.

Haurtzaroa zer ote den galdetuta, Ablanedok adinarekin lotu du, munduan egoteko modu jakin batekin eta garapenarekin: “Helduagoak garenean ere garatzen gara, baina haurtzaroko garapenak oso abiadura azkarra du, bizitakoek eragin zuzena eta sakona dute; dena egiten dugu lehen aldiz: ibili, erlazionatu, maitatu…”. Gure heldu izateko era haur izaera ukatuz eraiki dugula uste du eta beste planeta batean bizi garela dirudiela. Haurrak, berez, “plazeraren printzipioan” bizi dira eta helduak, berriz, errealitatean eta eginbeharrean jartzen dute pisua, bere esanetan. Mugimendua, espantsioa eta egozentrismoa ere haurtzaroaren ezaugarritzat ditu eta susmoa du, azken hori, berekoikeria, gehiegi zigortzen zaiela haurrei, haien garapenaren zati bat dela ulertu gabe. Helduaroan hainbeste egozentrismo egotea, haurtzaroan etapa hori bizi ez izanari egozten dio: “Lehenbailehen ekarri nahi ditugu gure planetara, helduarora, gure hori eredugarria balitz bezala, gainera, eta haurtzaroa osoki bizitzea galarazten diegu horrela; fase batzuk saltaraziz”. Haurtzaroa, batik bat, bizitzaren lehen 7 urteak dira Ane Ablanedorentzat eta 7 urte horiek bi garaitan bereizi ohi dira: 0-3 urte bitarteko garaia eta 3-7 bitartekoa.

 

“Mamuak pizten zaizkigu, tirano bat izango denaren kezka… Baina funtsean zer ari da loratzen hor? Ume baten nitasun zantzuak”

Ane Ablanedo, Haurren neurosiaren prebentzioan aditua

 

Ahotasunaren fasean, bizitzaren lehen hiru urteetan, haurrak oso mendeko izaten dira eta askotan amarekin hibridazio bat ematen da garai horretan. Lotura ongi egin baldin bada eta umea maitasunez ase bada, bereizketaren hasierari bide emango zaio etapa horren amaieran: “Gurasoen edo pertsona garrantzitsuen irudiak barruan eraman ditzakete ordutik aurrera eta gero edo bihar kontzeptuak ulertzen has liteke; ordura arte, presentzia da gakoa; bazaude edo ez zaude. Esfinterrak kontrolatzeko gaitasuna erdiesteak ere autonomia ematen dio eta afektiboki bere buruaren jabetzan trebatzen hasten da, izan duten lotura estu horrek segurtasuna eman diolako. Prebentzioaren ikuspegitik, 0-3 bitarteko fase hori zainduko bagenu, umeek gerora askoz independentzia handiagoa izango lukete eta ez lirateke hain mesfidatiak izango”.

 

“Ezin duzu jasan zure haurra beste bati jostailua kentzen ikustea? Zer mugitzen du horrek zugan? Haurrarekin batera ikasten joan gaitezke"

Donna Apellaniz Nieto, Hezkuntza emozionaleko formatzailea

 

Lehen urteotan, Ablanedok funtsezkotzat jo du maitasuna era ukigarrian jasotzea (oso era oral, fisiko eta presentean), giro intimo bat eskaintzea, lehen harreman horiek era indartsuan sustraitzeko, eta “maitasunaren zakua” ongi betetzea; gerora, bizitza osoan gabezia horiek bete nahian jardun ez daitezen, zeharkako. Euren garapen erritmoa “gehiegi bortxatzen” delakoan dago eta umearen pausuak jarraitzearen garrantzia azpimarratu du, lorpenetik lorpenerako trantsizioak delikatuak izan daitezkeela eta, beraz, bereziki errespetatu behar direla argi dakusa: “Haur bat bere garapenean jauzi kualitatibo bat egiteko prest dagoenean berak esango digula pentsatzen dugu, eskolara joan nahi duela edo titia utzi nahi duela… Baina ez, bere modura adieraziko du eta, aukeran, hobe da etapak luzatzea, hurrengora pasatzera behartzea baino. Kontuan hartu behar da ume batek berez mundua jan nahi duela, handitu egin nahi duela… Bere programazioan dago hori, egingo du, baina une batean ez badu pausu bat emateko gaitasunik sentitzen, hobe da itxarotea; hala, bera sentituko da bere urratsen protagonista eta momentu horien jabe”.

0-3 urte bitartean sortzen diren hutsuneak sakonak izaten dira, haurrek oraindik egoerei erantzuteko baliabide arrazionalak ez dauzkatelako garatuta eta jendarte honek horren kalteak sufritzen dituela adierazi du; horietariko bat, kontsumismoa: gabezia emozionalak asetzeko ezintasunari alternatiba. Garai horretan pertsona jakinen presentzia, hurbiltasuna eta denbora behar da baina “banaketa luze eta sistematikoak” gertatzen dira maiz. Etapa horretan eskolatuz gero, pertsona erreferentzial bakarra izatea hobesten du, haur gutxiko taldeak izan daitezela eta gero, haurra ordu askoz gurasorik gabe egon bada, etxekoen aldetik konpentsatzeko jarrera bat egotea eta umeak bere haserrea adierazten badu, hori ulertzea eta jasotzea. 

Haurrek euren “ni-a konkistatzeko” bidea malkartsua izaten da etapa horren amaieran eta horren jakitun izatea komeni dela dio Ablanedok: “Zilborrestea mozteko indibiduazio prozesuan, mugarri asko izaten dira: lorpen motoreak, dena eurek bakarrik egin nahi izatea… Eta hori guztia bestearen ukaziotik egiten da normalean; berak ni propio bat duela adieraztetik, ‘ni ez naiz zu’ adierazteko beren modua da. Istiluak izan daitezke bolada horretan, jo egin lezake… Eta halakoetan mamuak pizten zaizkigu, tirano bat izango denaren kezka…. Baina funtsean zer ari da loratzen hor? Ume baten lehen nitasun zantzuak; beraz, noski ez zaiola jotzen utzi behar (bere burua eta besteak babesteko), baina ulertu eta lagundu egin behar zaio. Agresibitate natural hori asko ukatzen dugu umetan”.

2-3 urte bitartean oso egoskor jartzen dira haurrak baina 3 urtetatik aurrera burugogorkeriak beherantz egin behar luke normalean, sozializazioari esker. Hori errazteko, aberasgarria da heldu ezberdinekin harremantzea eta egoerak kudeatzeko baliabide eta jarrera ezberdinak ikus ditzatela, beti ere muga eta koherentzia baten barruan. Zentzu horretan uste du haurrak komunitate batean heziko balira, gurasoek askoz ere erru-karga gutxiago sentituko luketela heziketa prozesuan eta txikiak tresna gehiagorekin haziko liratekeela. 

0-3 urte bitartekoa, pertsona baten segurtasun emozionala zedarritzen den garaia da. Gero, ume guztiek izan behar lukete bizitzaren erronkei aurre egiteko sendotasuna; hain naturaltzat ematen ditugun binkulatzeko gaitasuna, besteengan konfiantza izateko gaitasuna… Hor zimendatzen dira, adituaren hitzetan: “Jaiotzean era mugagabean maite gaituen norbait topatzen ez badugu, izateagatik bakarrik maite gaituena, zulo handi batekin abiatzen dugu bizi bidaia”.

3 urterekin hasten da gutxi gorabehera identitatearen aroa, sozializazioa, eta adin horretan sexualitateak garrantzia handia hartzen du; plazerak, diferentzia anatomikoek… Munduratu ahala lehen identitatea eraikitzen dute, mozorrotu, jolas sinbolikoa praktikatu eta nerabezaro txiki baten parekoa da; identitate sexualaren garaitzat ere har liteke. Honela deskribatzen du Ablanedok: “4 urterekin hasten dira lagun taldearekin jolasten eta hor zentzu handiagoa hartzen diote mugari, harremana arautu beharra sentitzen dutelako; pixkana-pixkana plazeraren printzipiotik irten eta errealitatearen forma ulertzen hasi litezke, beraz hezitzaileek muga esplizituagoak jarri ditzakete orduan, baita adostuagoak ere. Sexualitate genitala indartzen da (lehendik sexualitatea orala baitzen: azala, titia…) eta esplizituagoa da: harro daude euren gorputzaz eta erakutsi egin nahi dute, agian gurekin ezkondu nahi dute, ukitu… Aro horretan gerta liteke sexualitate hasiberri hori gehiegi moztea, helduen begirada beldurtutik, ala heldua bera jokoan gehiegi sartzea. Zer egin? Sexualitate hori berretsi (guk ere plazera zer den badakigula esan eta bere deskubrimenduak pozten gaituela jakinarazi), ukatu gabe eta aldi berean bere lagunekin esperimentatzera bideratu. Hori horrela izateko, jolas hori era librean eta natural bizitzeko, guraso edo hezitzaile moduan hori posible egingo duten harreman sareak edo familiak bilatu behar lirateke, eta hezkuntza bide osorako opari handia da haurrarentzat kide-eredu aberatsak eta konfiantzazkoak eskaintzea. Sasoi horretan umea etengabe zapuzten edo blokeatzen baldin badugu, neurosi batzuk gara ditzake helduaroan”. Jendartean sumatzen diren gabezia emozionalak eta errepresio sexuala haurtzaro asebete gabeen seinale direla uste du adituak. 

0-6 urte bitarteko bizi denboran, sozializazio primarioa gertatzen da eta Ablanedok dio bermatu behar dena “etengabeko jolasa” dela, aire librean denbora pasatzea, mundua topatzea eta egitura gehiegi gabe gozatzea, era kaotikoan, esperientziaz blaitzea. Hortik aurrera, 7-8 urte dituztenean, baretasun batera iristen ei dira eta gorputzaren eztanda edo eskaera etengabe hori apur bat erlaxatzen denez, momentu aproposa omen da komunitate batean txertatu eta jakintza jasotzen hasteko: “Jakintza hori, lehenago topatu dituzten enigma horiek sortutako jakin-minetik eratorriko litzateke; ikasi nahi izatetik. Lehen hiru urteak oso arautuak ez izatea funtsezkoa da, taldera eramanez gero sozializazio arrazoiengatik izan dadila, edo materialen kalitateagatik, benetako ikasketa gero baitator, garapenaren bukaeran, 6-7-8 urte tarte horretan, orduan daude jasotzeko unean”. Adin horretatik 12 urte inguru arte, egituraketa garai bat dakusa, non ordura arteko konfigurazio psikologiko hori egonkortzen den, onerako zein txarrerako. Adi egoteko moduko garaia da hargatik, patroi batzuk instalatu baldin badira errebisatzeko eta gaitasun integralak ote dauzkaten aztertzeko: “Gauza batzuei une batzuetan baietz esaten dietela eta besteei ezetz, afera batean amore ematen dutela baina bestean ezetz… Oreka hori baldin badago, gaitasun operazionala, integrala eta nortasuna izango dituzte helduen komunitatean txertatzeko”. Batzuk identitatea oso era ezkorrean lantzen dutela ikusteak kezkatzen du, gai ez izatearen sentimendu identitarioz, eta beste batzuk, aldiz, ikasle onaren profilaren arabera lantzen dutela identitatea. Biak ala biak ikusten ditu helduen maitasuna lortzeko bide gisa, nahiz eta jarrera ezkorra dutenek bakarrik kezkatzen gaituzten maiz: “Guraso askok, horri buruz hitz egindakoan, esaten didate eurek berdin maite dutela euren alaba/semea nota onak atera ala ez, baina kontua da umeak ezin dituela espektatibak eta maitasuna bereizi; pentsa lezake gurasoen espektatibak asetzeko gai ez bada, ez dutela maiteko. Eta denok sentitu dugu hori noizbait”.

Haurtzaroaren arabera dakarren nerabezaroko hormona lurrikara handiak, beste aukera bat dakarrela gogorarazi du Ablanedok. Haurtzaroko oreka apur bat desorekatzen den garaitzat du nerabezaroa, baina oinarria “zenbat eta sendoagoa” izan lurrikara txikiagoa izaten dela argi du. Nerabeak oreka ahul samarrekoak baldin badira, hormona lurrikarari sistemaren eskakizunak gehituta, “garai nahasia” izaten dela dio. Egonkortu egin litezke gabezia eta hutsuneak, baina “bigarren aukera” moduan ere bizi lezakete gurasoek: “Sintomak azaltzen diren garaia da krisi garai hori, eta sintoma horiek helduok interpelatzen gaituzte, guraso edo jendarte moduan. Lanketarako aro interesgarria da, ez dira umetan bezain plastikoak, baina heldutan baino aukera gehiago dago eragiteko”. Plastikotasun hori arduraz erabili beharraz ohartarazi du, “ez manipulaziotik”. 

Ablanedoren begiradan, helduaroan heldu jokatzea edo ez baldintzatuta dago: “Bi faseak zenbateraino ase diren hor ikusten da; ahotasun fasean jaso ez badut behar nuen maitasun guztia, utzikeriagatik edo moduan asmatu ez dutelako, helduaroan bila nezake ez dakit zenbat amoranterekin konektatzea edo erlijio batean itsuki sinestea… Edo kontrakora, agian, inoren ezer behar ez dudala sinets nezake, neure beharrekiko kontaktuan erabat gogortu naizelako eta ez naizelako behar horiek sentitzeko ere gauza… Gabezia horiek ondorio nabarmena izaten dute gure joeretan”:

Bizitzan funtsezkoena pertsona baten ongizatea eta zoriontasuna (ez-idealizatua) da Ablanedoren arabera, bizitza ona ematea. Hargatik defendatzen du ezerk ez duela ume baten zoriontasunaren prezioa merezi. Ikasketa guztien gainetik garrantzia ematen dio umea ongi egoteari eta berekiko harremana zaintzeari: “Harremana kaltetzen duten gauzak neurtu beharra daude, gatazkak aukeratu, pazientziaz hitz egin eta denbora eskaini. Haurraren gaitasunak loratuko dira, lehenago edo polikiago, baldintzak eskainiz gero; letxuga batek badakar letxuga handi izateko gaitasuna beregan, baina ura eman behar diozu, lur egoki bat… Bada, umeekin berdin, baditu gaitasunak, baina abortatu egingo dira baldintza egokirik ezean”.

Haurraren beharrak asetzea berebizikoa dela argi dakusa, baita behar horiek emozionalak direnean ere. Apur bat handitu ahala, beharra geroratzen edo pixka bat itxaroten irakastearen alde agertu da, helduak ere bere beharrak dauzkala ikasteko, baina beti ulermenetik eta komunikaziotik. Mugei dagokionean,“kontsistenteak” izatearen garrantzia azpimarratu du, baina sendotasun hori ez dadila zurruna izan, malgutasun tanta batez lagundua baizik: “Mugak jartzea automatizatuta dugu eta uste dut hobe dela gutxi baina tinko jartzea, maiz gehiegi itotzen baititugu. Muga horiek ezartzean lagundu egin behar diegu, ez dugu pentsatu behar ulertu eta onartu egingo dituztenik, plazeraren printzipiopean baitaude. Espero dugu eurak jartzea euren buruei mugak, guk jarri beharrik ez izateko eta gatazka saihesteko, baina ez dira gai, eta egiten badute, gu ez goibeltzeko eta gure maitasuna bermatzeko egingo dute.” Haserrea ulertzea, aitortzea eta ondoren muga betearaztea litzateke helburua. Sinplea da batzuetan formula, Ablanedoren sentieran: “Pentsatu ea guk zer behar izaten dugun amorratuta gaudenean… Normalean afektua eta muga. Bada, horixe da eman beharrekoa; garapenaren etaparen arabera mugatik edo afektutik gehiago, baina biak. Rebeca Wildek esaten zuen ongi dauden umeak ongi portatzen direla eta horretan jarri behar dugu arreta, umeak ongi egotean, baina ahaztu gabe, ume bat ongi egotea ez dela isilik, geldi eta gure esanetara egotea etengabe”. 

 

 

Kezkatik ekintzara

Etaparik etapa ez badago trantsiziorik edo gatazka bat urtebetez-edo bere horretan mantentzen edo okerrera joaten bada, komeni da profesionalki laguntzea, Donna Apellanizen ustez: “Guk jaso dugun hezkuntza edozein delarik ere, haurraren jarrera ez epaitzea eta emozioa onartzea landu genezake, emozio hori ikusten eta onartzen dugula adierazte hutsak haurra lasaitu egiten baitu”.

Krisi normatiboak eta erregresioak arruntak dira fase aldaketetan, has litezke hatza berriz ahoan sartzen, biberoia eskatzen, ahotsa umetzen; salto handia egin behar baitute eta itzuli egiten dira aurreko etapara etapa horretan dena ikasia dutela eta aspergarri zaiela ikusteko: “Gero aurrera egiten dute, normalean. Krisi edo erregresio ez ohikoak ere badira, pizgarri izan litezke dibortzio bat, etxe aldaketa, haurdunaldi bat, gaixotasunen bat edo zaintza errutinetan aldaketa handiren bat gertatzen denean. Une horietan, estres handia senti lezakete egoera berrian berdin maitatuak izango direla ziurtatu arte”. Erregresio kasuetan, funtsezkotzat jo du haurra “gehiago ez umetzea”, krisia onartuz, baina bere adina gogoraraziz. Urduritasun hori ateratzeko aukerak eskaini geniezazkioke.

Beldurrak ere oso arruntak dira haurtzaroan, Apellanizen esanetan eta ezezagunari aurre egin beharrak pizten ditu. Sinbolikoki, otso edo munstroen bitartez irudikatzen dituzte askotan euren kezkak: “Ama nigandik urruntzeari beldurra badiot ohe azpian munstro bat dagoela esango dut nirekin gera dadin”. Beldurrei aurre egiteko tresnak eskaintzea bide edertzat du: “Kapa bat egin dezakezu haurrarekin, mamuaz babesteko, edo ezpata bat eman eta horrekin beldurretik defendatuko da; kanpotik tresna sinbolikoak eskaini genitzake eurek euren burua sostengatzen ikas dezaten”.

 

 

Emozionalki lagunduz

Donna Apellaniz Nietok haurtzaroa garai berezitzat du. Bizitzan 7 urtero aldaketa handi bat bizi ohi dela dion teoriaren zalea da eta lehen 7 urteok, haurtzaroaren esentzia  dira, hain zuzen. Genetikak eta gurasoen edo hezitzaileen historiak haurra markatzen duela uste du, inor ez dela orri zuri baten gisan jaiotzen, baina haurtzaroa, zurian dagoen zati horretan marrak edo laukitxoak marrazten diren garaia dela dio. Gizakiaren “faserik inkonszienteena” denez, bizitakoa inbutuz zuzenean irensten dela gogorarazi du. 

Laguntza hori nola eman litekeen galdetuta, kontzientziaren inportantzia azpimarratu du; kontzientzia hezitzaile moduan dugun eragina neurtzeko eta bideratzeko, eta kontzientzia, bestetik, umearen garapen-etapa bakoitzaren berezitasunak ulertzeko: “2-3 urte bitartean agresibitatea azaltzen da, gorputzaren bidez harremantzen baitira, frustrazioak eta errebeldia ere orduan loratzen dira eta ez da erraza hori eramatea, baina ez dugu gure kontrako zerbaiten moduan hartu behar; haurra ez da gu desafiatzen ari, behar dituen tresnak lantzen ari da helduagoa denean zer nahi duen eta zer ez komunikatzeko gai izateko. 3-4 urtetik aurrera, logika erabiltzen hastean, hizkuntzari esker, erregulazio emozionalerako baliabideak garatzen hasiko da, baina kanpotik jaso behar du erregulazioa, gero bere kabuz egiten ikasteko”. Laburtuz, ez zaie beren gaitasunetatik at dagoen ezer eskatu behar.

Haur bat 3 urte bitartean deskubrimendu fase betean dago eta ezin dugu espero ezarritako mugak gogo onez hartzerik: “Zerbait egitea nahi badugu, merienda edo jostailu bat partekatzea- edo, lagundu egin behar dugu ekintzan; maitasun osoz, esan badakigula ez duela eman nahi, baina guk baietz eta leun-leun eskuetatik kendu geniezaioke; bere buruak agian bai baitaki partekatu egin behar duela baina gorputzak oraindik ez, beraz gorputzetik lagundu behar diogu”. Bide horretatik dio, mugak jartzeko ez dela beharrezkoa zakar hitz egitea edo haserretzea. Haurra haserretzen bada, ezin da berarengan ardura handiegirik ezarri: “Ezin diogu eskatu bera bakarrik deshaserretzeko, oraindik behar gaitu, nahiz berak agian ezetz esan; erregulazioa behar dute”. Erregulazio horrek, bi norabidekoa izan behar duela gogorarazten du; helduak ere aztertu egin behar duela nola dagoen, haserretzen ari den, nekatuta edo urduri dagoen… Auto-kontzientzia horren baitan, etxera sartu aurretik edo umearekin elkartu aurretik gutxienez minutu bateko auto-behaketa egitea proposatzen du: “Agian ezin dugu haurrarekin % 100 egon, gu % 20an gaudelako. Bada, hori jakitea da lehen pausua, dugun % 20 horren %100 emateko behintzat. Hala egiten ez badugu, automatismoetan jausten bagara, haurrari eskatuko diogu gu egiteko gai ez garena berak egiteko, gure haserrean laguntzeko, eta hor deserregularizazio emozional, sistemiko eta harremanezko bat gara liteke.” Maitatzea ez da aski; praktika, zintzotasuna eta lanketa behar dira bidelaguntzarako, norbere burua entzuten eta era asertiboan erantzuten ikasteko: “Ezin duzu jasan zure haurra beste bati jostailua kentzen ikustea? Zerk mugitzen du horrek zugan? Haurrarekin ikasten joan gaitezke, espektatibak kudeatzen eta agian aitortu egin behar dugu zaila zaigula umearen emozioak onartzea triste edo haserre dagoenean eta ez da ezer gertatzen”.