Herri eta hiri askotan haurrek ezin dute euren kabuz ibili, ez auzoan bakarrik jolas egin. Autoek eta abiadurak hartu dute kalea. Gaur eguneko hiri-ereduak haurren autonomian eta sozializazioan eragiten du, haien hazieran eta heziketan, oro har. Haurrek hirian lekua izan dezaten, beraiei entzun eta haien premiak erdigunean jartzea izango litzateke bideetako bat.

Irla bat dirudi parkeak. Ezker-eskuin errepidez inguratua dago. Auto zenbait espaloietara igota daude, gaizki aparkaturik; errepidera jaitsi behar du haur-gurditxo batekin edo gurpildun aulkiarekin doan edonork. Autoak abailan doaz. Parketik atera eta errepideak gurutzatzeko, helduen laguntza behar dute haurrek. Donostiako parke bat da, baina Arrasateko bat izan zitekeen, edo Santurtzikoa edo Altsasukoa. Autoek hartu dituzte kaleak, eta haurrak parkeetara gorde dira, lubakietan babestuak bezala.

Kaleak —auzoak, herriak, hiriak— haurrari zer eskaintzen dion eta zer eskaini beharko liokeen hausnartu nahiko genuke hurrengo orriotan. Helduak pentsatzen ditu hiriak, baina haurrak ez du helduak bezala hautematen kalea, auzoa, herria.  Ibilaldi bakoitza garrantzitsua da haurrarentzat, arreta eskaintzen dio unean unekoari, gelditu eta harridura sortzen dio ikusten duen horrek: farola batek, afixa batek, lurrean botata dagoen plastikozko botila batek. Joan-etorri bakoitzean momentua eta lekua bizi ditu haurrak, horregatik denbora luzatu egiten da, sakelak harriz, hostoz eta paperez betetzen zaizkio umeari, burua irudiz, galderaz eta aurkikuntza berriez. Baina helduek ez dute ulertzen, eta “ez gelditu uneoro” esaten diote haurrari, “ez galdu denbora”. Baina horrelaxe heltzen da pertsona, “denbora galduz”, kaleak, espazioak eta uneak biziz eta deskubrituz. Gaur egun, ordea, ba al du haurrak lekurik kalean?

Ez haurrak, ez adinekoek, ez adinekoen zaintzaileek, ez emakumezkoek, ez elbarriek, ez beste kulturetako etorkinek...  Hiriak herritar askori bizkarra emanda garatu direla dio Hiria kolektiboko Koldo Telleria arkitektoak. Hiria kolektiboak gizakia erdigunean jartzen duen hiri-ereduaren alde egiten du lan, ikuspegi feministatik. Hiriak zeinen neurrira dauden pentsatuak eta eraikiak galdetu diogu Telleriari, eta “gizaki estandarrean” oinarritua dagoela erantzun digu. “Hiria lanean ari den gizon osasuntsu eta heterosexual batentzako pentsatua dago, familia-kargarik ez duena. Heterozentrismo kapitalista eta matxistan oinarritutako eredua da”. Gizaki estandar hori gainditu beharra dagoela dio arkitektoak, eredu horretatik at biztanle asko eta asko baitaude, eta haien-tzako guztientzako arazo bat da gaur eguneko antolamendua, “hiriak ez daudelako eguneroko bizitza kalitatezkoa egiteko pentsatuta, baizik eta ekoizpen ekonomikorako —produzi-tzeko eta kontsumitzeko—”.

40ko hamarkadan agertu ziren lehen iritzi kritikoak Europan, garatzen ari ziren hiriek haurrei bizkarra ematen zietela adieraziz. 1945ean ‘Hiriak haurrekin ahaztu dira’ izeneko artikulua argitaratu zuen Lewis Mumford arkitektoak. Kalearen erabilera soziala aldarrikatu zuen eta hiri modernoak espazioen eta belaunaldien arteko bereizketa ekarri zuela kritikatu zuen, Bigarren Mundu Gerraren amaieran. Gaur egun, Europako hainbat hiritan, Hego Amerikan eta Euskal Herrian bertan, Francesco Tonucci ‘Frato’ pedagogo eta marrazkilari italiarraren proposamena garatzen ari dira, hiri-eredu honek haurrari nola eragiten dion aztertu, eta hiriak berriro bizileku —topaleku eta jolasleku— izan daitezen. ‘La città dei bambini’ (Haurren hiria) liburuan hiria pentsatzeko beste politika bat proposatu zuen 90eko hamarkadan, haurrari entzun eta berau erdigunean jarriko zuen hiri-eredu bat.

Haurra herritar ahulena izaki, haren beharrak aseko dituen hiri batek gainontzeko herritarrenak ere ase ahal izango dituela nabarmen-tzen du Tonuccik liburuan: “Gizarte demokratiko bat baldin bagara, mugikortasunaren plan urbanistikoa ahulenetik sendoenera egin behar da; lehenik oinezkoaren beharrak izan behar dira kontuan; gero bizikleta zalearenak; ondoren, garraio publikoarenak, eta, azkenik, garraio pribatuarenak”.

Autoz beterik daude, ordea, kaleak. Haurrek badute lekua hirian, baina soilik leku espezifikoetan: parkeetan, ludoteketan edo haur eskolan eta eskolan. Hirian zehar barreiaturiko guneetan ematen dute eguna umeek; gune batetik bestera, eta etxetik gune horietara euren kabuz joateko aukerarik gabe. Herritarren hiriak beharrean, zerbitzuen hiriak dira gaur egunekoak, Tonucciren arabera. Bereizketa eta espezializazioa dira garapenerako hartu diren bi irizpideak: leku diferenteak pertsona diferenteentzako —leku diferenteak funtzio diferenteetarako—. “Erdigunea bankuentzat, dendentzat, dibertsio-guneentzat erreserbatua dago; periferia lo egiteko da. Haurrek euren lekuak dituzte: haurtzaindegiak, parkeak biblioteka; eta atso-agureek eurenak: eguneko ospitalea eta geriatrikoa. Hiriak bizia galdu du, herritarrak galdu ditu, eta zerbitzuen hiri bihurtu da”, dio liburuan.

Haurrak eta adinekoak gune espezializatuetan bereizteak familiei dakarzkien arazoen aurrean administrazioak proposatzen dituen soluzioak ere ez zaizkio egokiak iruditzen Tonucciri. Hala dio liburuan: “Hiri-gunetik, bulegoetatik, aisia-guneetatik eta kultura-guneetatik urrun bizi beharra daukazu? Ez arduratu, zure eskura jarriko ditut garraio publikoak, gero eta azkarragoak, gero eta efizienteagoak. Ez dakizu zer egin zure seme-alabekin, ez daukazu haiek hezteko denbora eta baliabiderik? Ez arduratu, haur-tzaindegi bat irekiko dut zuretzat, ludoteka bat, biblioteka… Ez dakizu nola artatu familiako adinekoak zure hamabigarren solairuko pisu txikian, eta zure lan ordutegiarekin? Ez arduratu, hirugarren adinekoentzako zentroak irekiko ditut, adinekoen-tzako bidaiak, oporrak eta erresidentziak jarriko ditut”. Gunerik gune, autoz eta beti helduez inguraturik, egoera hori gehien sufritzen dutenak haurrak dira, “helduak pentsaturiko zerbitzuak ez dira egokiak haurren-tzat”, dio Tonuccik.

Guraso beharrean, taxilari
“Zonifikazioa” deitzen dio Tonucciren “espezializazioari” Telleriak. Zonifikatzeak familiaren egituran eragiten duela nabarmendu du, “haurraren sozializazioan, autonomian eta hezkuntzan, azken batean”. Gaur egun gurasoek ume-zaintza baino gehiago “ume-garraioa” egiten dutela esan izan diote emakume askok arkitektoari, landa lanean, hainbat ikerketa egin dituenean; “umeak alde batetik bestera, jarduera batetik bestera eramaten pasatzen dituzte arratsaldeak guraso askok, taxilari lanetan”. Haurrek kalean ibili ezin dutenez, bestelako jarduerek bete-tzen dute astialdia. “Umearekiko harremana bizitza kapitalista baten barruan pentsatua dago, umeak eskolako lanak egin eta gero, beste mila gauzatara joaten dira (musika, kirola…), ordaindu beharreko gauzak dira asko, programatuak eta espazio itxietan egiten direnak, eta orokorrean, batetik bestera oinez joateko independentziarik ez du haurrak. Eta horrek bere ondorioak ditu: guraso bat edo zaintzaile bat behar du, eta, askotan, garraio pribatua erabiliz egiten da. Horrek ikaragarri eragiten dio haurraren sozializazioari eta autonomiari: gaur egun ume bat bere adinekoekin bakarrik sozializatzen da, eta helduen begiradapean; eta herriko espazioetara bakarrik joan ezinak lurraldearen ez-ezagutza areagotzen du”.

Zerbitzu publikoen hiriaren aurrean, pedagogoak eta arkitektoak bestelako proposamena egiten dute: espazio publikoak aldarrika-tzen dituzte. “Herritar guztiek, eta bereziki haurrek, hirian barrena sakabanaturiko espazio handi eta ekipatuak beharrean, euren etxetik gertu, adinekoak nahiz haur txikiak euren kabuz joateko distantzian, ibili, elkartu edo jolasteko espazio publiko egoki bat behar dute”, Koldo Telleriaren arabera. Tonucciren ustez, oso garrantzitsua da haurrak, lehen urtetatik, bakarrik irten ahal izatea kalera: “Etxeko segurtasuna atzean uztearen plazera bizitzeak eta arriskuaren bizipenak berebiziko inportantzia dute haurraren hazkundean eta garapenean; kalera jaitsi, lagun bat bilatu, ados jarri zein jolasetan eta nola ibiliko diren; edo naturarekin esperimentatuko duten, edo objek-tuekin; eta elkarrekin hitz egingo dute, helduei buruz edo nahi duten horri buruz; elkarrekin aurre egingo diete euren neurriko arriskuei, zailtasunak gaindituko dituzte, eta arazoak konponduko; etxera nekaturik iritsiko dira, agian zikinak, kitzikatuak, eta bizi izan dutena gurasoei kontatzeko gogo izugarriekin”.

Esperientziak bizitzeko aukera eman beharko lioke hiriak haurrari, norbere esperientziak bizitzekoa, Tonucciren arabera, euren kabuz gauza berriak deskubritzeko egokiera, eta ez soilik 10 urteko haurrari, baita 3-4 urtetik aurrerako haurrari ere, “euren garapen eta ikaste prozesuko garai biziena den aroan”.

Zergatik diote gurasoek beldurra haurrak kalean bakarrik ibiltzeari?
Haurra bere kabuz herrian ibiltzeak eta bereziki kalean aske jolasteak onurak dituela jakinagatik ere, helduengan beldurra nagusitzen da haurrak kalean bakarrik uztean. Beldurraren zergatia arriskuei egozten die Tonuccik. Eta horri, gizartea ez ezagutzea erantsi dio Telleriak. “Herri txiki batean, ezaguna zaren komunitate batean, begi asko dago ume horren gainean, eta helduek besteen umeak ere zain-tzen dituzte, nolabait. Herri handietan eta hirietan gauzak bestela dira, komunitaterik ez dago dagoeneko, eta horrek beldurra sortzen du”. Emakumeekin lan handia egin du Hiria kolektiboak, eta gurasoekin bezala, emakumeekin ere sarri agertzen da beldurra mahai gainera. Lan horietan ondorioztatu dute beldurra ez duela espazioak berak ematen, “jendea ez egoteak ematen digu beldurra. Munduko kale itsusi, ilun eta zikinena eduki dezakezu, baina bi taberna baldin badaude kale horretan, jendez beteta, eta gainera, ezagutzen duzun jendearekin, zuretzat munduko kalerik seguruena izango da. Alderantzizko kasuan, kale egin berri bat, argitua, garbia, baina batere bizitzarik gabea baldin bada, inor ez dagoela kalean, tokirik beldurgarriena bihurtzen da”. Tonuccik ere haurra ezartzen du kaleen segurtasunaren berme: “Haurrak kalean jolasean dabiltzanean, eurak bakarrik oinez ibil daitezkeenean, hiriak osasuntsu daudela esan nahi du; kalean ez baldin bada haurrik ikusten, berriz, kontrakoa: hiri hori gaixo dago”.

Beldurraren aurrean, kaleko arriskuen aurrean, familiek bi soluziotara jotzen dutela ikusi du Tonuccik. Soluzio bat defentsa da: “Gure gizarteak, komunikabideen, ekoizpen komertzialaren, bere teknikoen (psikologo, hezitzaile, familia aholkulariak) bidez zabaltzen duen mezua indibidualista da, soluzio pribatua. Gaur eguneko egoera justifikatzen duen soluzioa da, garapenaren ondorio eta kostu gisa aurkezten digute. Kalea arriskua da: gaizkileak, trafikoa, droga, biolentzia, baso ilun eta mehatxugilea; barruan —etxean— segurtasuna, autonomia, lasaitasuna ditugu, hiru txerritxoen etxea, edo, nahi-ago baldin bada, erdi aroko gaztelua da gaur eguneko gure etxea, bere harresi eta zubi zintziliekin. Behatxulodun ate blindatuak ditugu, begira dezagun baina ikus ez gaitzaten; bideodun txirrinak eta alarmak”.

Kalea abandonatu eta etxean defentsa bilatu dugula ikusten du Tonuccik, eta kale abandonatua are arriskutsuagoa dela ohartarazten du, gizatasun gutxiagokoa, erasokorragoa. “Ondorioz, gaur egungo arrisku horiei aurre egiteko, militarizatu egin dira hiri garatuak: udaltzainak armak erabiltzen hasi dira; zaindari pribatuak ikusten dira banketxe, erakunde publiko eta pribatuetan. Ugaritu egin dira kontrol-neurriak, metal detektagailuak, bai aireportu, udaletxe edo banketxeetan, baina baita kontrol elektronikoak denda, liburutegi eta supermerkatuetan ere. Kristal blindatuen beste aldetik eskatu behar ditugu billeteak estazioetan, segurtasun handiko kartzeletako lokutorioetan bezala”. Soluzio pribatuaren muturreko adierazle gisa, AEBetako gizartea aipatzen du Tonuccik “ate blindatuak ezarri ostean, hiritarrak armatu egin dira”.

Soluzio pribatutik harago, etxean gelditzetik harago, soluzio soziala, parte hartzearena proposatzen du pedagogo italiarrak; “bigarren bide horrek etsimendua baztertzen du eta presazko aurrerapen hori gaitzesten du —batzuek hainbeste desira duten eredu hori, ongizate publikoarekin, familien zoriontasunarekin eta bizi kalitatearekin batere zerikusirik ez duten interes ba-tzuen zerbitzura dagoen ‘aurrerapen’ hori—”. Arazoa ez dela indibiduala eta pertsonala dio Tonuccik, soziala eta politikoa baino. Eta soluzioak ere hala izan behar duela, jarrera alda dadin, hiria alda dadin. “Ez dugu atzera egitea nahi, baina beste era batera egin nahi da aurrera, era berri batean, gaur eguneko munduaren aberastasun eta konplexutasunaren neurrira, elkartasunari, zoriontasunari eta gizarteari bizkar eman gabe”. Deshazkundeaz mintzo da Telleria ere. “Deshazkundea ez da atzera bueltatzea; atzera begiratzea baizik”, zehaztu du. “Goazen ikustera gaur egun ezarri den pentsamendu kapitalista honek garatu duen lurralde-ereduaren aurretik zer modelo zegoen; eredu haren alde onak hartu eta gaur egun ditugun jakintza eta baliabideekin zer sortu daitekeen”.

Soluzioa soziala izango bada, parte-hartzailea izan behar da prozesua, Tonucciren arabera. Hiria kolektiboak ere hiri partehartzaile bat proposa-tzen du, gizaki estandarrean oinarritua dagoen eta haurrak, adinekoak, elbarriak, emakumeak eta etorkinak kanpoan uzten dituen gaur eguneko hiri-ereduaren alternatiba gisa. “Tokian tokiko jendeak ezagutzen ditu toki bakoitzeko beharrak, eta haiek dute jakintza. Ondare immaterial hori guztia kontuan eduki behar da, eta jakintza teknikoarekin uztartu behar da soluzioak bilatzeko, parte-hartze erreal baten bidez”. Hiri-eredua aldatzeko prozesuan, parte hartzaileek, formatu eta hausnartu ondoren, erabakiak hartuko dituzte, iritzi kolektibo bat eraikiz.

Haurren parte-hartzea, ezinbesteko
Prozesu parte-hartzaileetan haurrek ere ahotsa eduki behar dutela dio Tonuccik. Haurra erdigunean jarriko duen hiri-eredu bat pentsatzeko garaian, lehen egitekoa haiei ahotsa eman eta entzutea da, pedagogoaren arabera, eta horixe da Fratoren ‘Haurren Hiria’ proposamenaren bigarren puntu nagusia: “Aurreneko ekintza eta garrantzitsuena, haurrei rol protagonista ematea izango da, hitza ematea, euren iritziak adierazteko aukera ematea; eta helduak haiei entzuteko jarrera hartzea, ulertu eta kontuan izateko jarrera edukitzea. Inork ezin ditu haurrak ordezkatu haiek kontuan eduki gabe, haiei galdetu gabe, entzun gabe, inplikatu gabe”.

Haurren ahotsa entzuteko, Haurren Kontseilu bat sortu zuten Tonucciren jaioterrian, Fanon. Kontseilua Haurren Hiria izeneko Laborategiari aholku emateko sortu zen, eta Laborategia bera, haurrak hiriaren erdigunean jarri nahi dituen hiritarren erreferentzia-gunea da, udalak —alkate eta zinegotziek— parte hartzen du bertan, haurrekin, elkarteetako ordezkariekin eta interesatuak dauden hiritar guztiekin. Laborategian parte hartzeko premisa bakarra hiria haurraren begietatik ikusteko prest egotea da, eta Haurren Kontseiluak emango dizkion aholkuak aintzat hartzea. Kontseiluetan ikastetxe bakoitzeko bi haurrek parte har-tzen dute bi urteko epean, eta euren ideiak, kezkak eta proposamenak aurkezten dituzte Laborategian jorratzen ari diren gaiei buruz, hala nola, trafiko arazoei buruz, jolaslekuei buruz, adinekoekiko harremanei buruz, eskolaz, hotel eta jatetxeetan eurek izan dezaketen lekuaz, ingurugiroaz, edota osasungintza-zerbitzuez.

Kontseilu horren helburua hiria aldatzea da: hiria eraldatu, helduen kultura aldatuz; eta helduen kultura aldatu haurrei entzunez. Ondorioz, ‘Haurren Hiria’ proposamenak, umeei ahotsa emateaz gain, helduei ere uneoro haurrak gogoan eta presente edukitzea eskatzen die, hiria antolatzeko eta administratzeko orduan, bakoitzak bere lekutik. Haurrak bere autonomia berreskura dezan, hiriko agente guztiek, alkateak, udaltzainek, adinekoek, medikuek, dendariek, tabernariek, gizarte-langileek euren jarrera aldatu behar dute, eta ikuspuntua apur bat jaitsi: haurraren begiradaren pareraino. “Gure hiriak bizitzeko aproposa izan daitezen ikuspuntua aldatu egin behar dugu, eta haurra erdigunean jarri.  Orduan, hiri hori haurrarentzat egokia denean, aproposa izango da biztanle guzti-guztionzat, eta bizigarria”.

---------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

JOLASAREN GARRANTZIA

Hiria jolasteko leku bat izan behar da, Francesco Tonucciren arabera. Jolasak berebiziko garrantzia duelako haurrarengan, eta, ondorioz, pertsonarengan. “Haurrak jolasean, helduarentzako oso ezohikoa den esperientzia bizi izaten du: bere kabuz munduaren konplexutasunari aurre egin diezaioke; haurra, bere jakin-min etengabearekin, dakien guztiarekin eta egiten dakien guztiarekin, ez dakien guztiarekin eta jakin nahi duen guztiarekin, munduaren aurrean jartzen du jolasak, bere estimulu, berritasun eta lilura guztiarekin. Eta jolasteak, aldiko, mundu horri detaile bat moztea esan nahi du: lagun bat ulertzen lagunduko duen detaile bat, objektuak, arauak ulertaraziko dizkiona; okupatu behar den espazio bat, administratu beharreko denbora, aurre egin beharreko arriskuak. Hori guzti hori da jolasa. Askatasun osoz, ezin egin daitekeena asmatu egiten baita jolasean. Jolastea esperientziak bizitzea da. Konplexutasun horrexegatik, lehen urteetan egiten dira bizitzako ikaskuntza garrantzitsuenak”. Jolasa, beraz, munduarekin elkartzea da, harremantzea, harreman kitzikagarri, misteriotsu, arriskutsu eta abenturazko bat. Denik eta motorerik indartsuena: plazera da jolasa. “Horrexegatik —dio Tonuccik— jateaz ere ahaztu daiteke haur bat, jolasten jarraitzeagatik”.

---------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

FRANCESCO TONUCCIREN HAUSNARKETAK

Eskola
“Eskolak ez dauzka haurrak kontuan. Inor ez da arduratzen haien iritzia ezagutzeaz. Inori ez zaio harrigarria egiten —ez irakasleei, ez gurasoei, ez haurrei beraiei— ikasleei euren eskola ez gustatzea, goizero gogo txarrez joatea eta atseden ordua, igandea edo oporrak iristeko desiratzen egotea”.

“Pedagogo eta maistra onen arabera, eskolak izan behar zuen haurren esperientzia pertsonalak aurrez aurre jartzen ziren lekua, eta, hortik, elkarrekin —ikasleek eta irakasleek elkarrekin— jakintza berriak erdiesten zituzten. Baina, haurrek esperientzia kolektiboak, organizatuak eta kontrolatuak bakarrik bizi baldin badituzte euren ikastaroetan, eta gainerako denbora telebistak hartzen badu, ze esperientziaren gainean egin dezake lan eskolak?”

“Eskolak ere aukerak sortu beharko lituzke haurren parte har-tzea erreala eta demokratikoa izan dadin eskolaren gestioan”.

Parkeak
“Parkeak adibide interesgarriak dira ikusteko nola helduek helduentzako pentsatzen dituzten zerbitzuak, nahiz eta, ofizialki, haurrak diren leku horien erabiltzaileak. Haurrentzako espazio horiek berdinak dira mundu osoan, bai behintzat Mendebaldean: perfektuki nibelatuak, sarri hesituak eta beti, txirrista, kulunka eta zaldiko-maldikoekin".

"Haurrentzako parkea egiteko, lehenik eta behin alper zapalgailu bat hasten da lanean. Badirudi, helduen arabera, haurrei leku leunak gustatzen zaizkiela jolasteko, nahiz eta, bene-benetan, espazio horizontalek ezkutatzeko aukera kentzen dieten, eta horixe da, ezkutatzea, jolasaren alderdi inportante bat. Baina eremu lauak ez du beila-lan handia eskatzen. Haurrak zain-tzapean egin behar duela jolas uste dugu, helduok ahaztu egin baitugu, azkar batean, jolasa plazerari lotua dagoela, eta plazera oso gaizki lotzen zaiola kontrolari eta zaintzapean egoteari (pentsa ditzagun heldu gisa ditugun plazer esperientzietan!)".

"Parkeei loturiko bigarren alderdi kezkagarria zera da, helduok zehazten ditugula espazio horietan ze joko egon behar diren haurrentzat. Joko espezifikoetarako aukera ematen duten jos-tailuak dira, kulunkariak eta errepikagarriak sarri, eta haurrak, maiz, aspertu egiten dira, eta berrikuntza bat sartu nahian modu ez ortodoxoan erabiltzen dituzte, arriskutsu ere gerta daitezkeen eran”.

Saltoki handiak 
“Hiri txiki, autonomo, efiziente eta gozagarri gisa proposatzen digute saltoki handia. Autorik gabeko hiria, kale eta plazatxoekin, haurrentzako segurua dena, eta haientzako espazio espezifiko eta asistituak dituena da merkataritza-gunea, non jan egin litekeen, bankuko ariketak egin, ile-apaindegira joan, eta, noski, erosi, denetik erosi. Gune hauek leku politak dira familia askorentzat, zapatu arratsaldea elkarrekin igarotzeko. Narriadurak jasangaitz bilakatu du hiria eta hortik babesten gara leku seguru eta babestuak eraikiz, eta gure denbora librea, lasai, han igaroz”.