48 znb | Gaurkoa

Oihane Arriaran, Amaia Madariaga eta Nere Erkiaga, Gehiago gara ekimena

 

Hil Argi elkarteak sustatuta, haurren heriotzaz eta haurrekin heriotzaz dihardutenen sarea osatu nahi du Gehiago gara ekimenak. Amaia Madariagari eta Oihane Arriarani alaba bana hil zitzaien eta Nere Erkiaga Hil Argi elkarteko kidea da.

 

Ez da erraza alaba bana galdu duten amei elkarrizketa egitea. Ez dakigu nola zuzendu umea galdu duten familiengana…

Amaia Madariaga: Ausartu galdetzera. Norbaitek duda daukanean, galdetu ala ez, gerturatu ala ez, pausoa eman eta ausartu dadila galdetzera zer moduz gauden edo dauden hori gertatu zaien familiak; borondate onetik galdetzen denean ondo hartzen dugu. Gizarteak galera sentitzen du, baina ekidin egiten du heriotzari buruz lasai hitz egitea, beldurragatik. Dena den, isiltasuna batzuetan ez dago gaizki, entzuteko jarrera hartzea ere ondo dago, entzutea ere laguntzen egotea baita. 

 

Zuen alaben heriotzek elkartu zaituzte, Amaia eta Oihane.

A. M.: Guk gure minetik egin dugu bat, abiapuntua eta bidea berdina izan dira, heriotza eta dolua ulertzeko era berdintsua izan da. 

Oihane Arriaran: Gau batean Anette ez zen esnatu, kito. Bat-batean hil zen.

A. M.: Anette hil eta hilabete gutxira gure alaba Elene gaixotu zen. 2 urterekin, buruko tumore bat zeukala esan ziguten, eta hasieratik esan ziguten pronostikoa oso txarra izango zela, eta jakin genuen hil egingo zela. Orduan Oihanarengana gerturatu nintzen. 

O. A.: Ni doluan eta Noraz haurdun nengoen.

A. M.: Eta gu Jokinez haurdun eta Elene galtzen ari ginen.

O. A.: Zuek ere dolu bat egin zenuten diagnostikotik.

A. M.:  Diagnostikoa eman zigutenean Elene oso ondo zegoen, aurpegian paralisi txiki bat zeukan soilik, baina bagenekien okertu egingo zela. 21 hilabete egon zen bizirik, lehenengo 15 hilabeteak oso ondo eta, besteak, oso gaizki. Eta hor ezagutu genituen Oihane eta Ibon.

O. A.: Arazorik gabe hitz egin dugu bizi izan dugunaz. Ordu asko pasatzen genituen elkarrekin hizketan, gure bizitzen erritmoa pixka bat normaldu zen arte. 

 

Zergatik daukagu gizartean halako ezezagutza eta urruntzea heriotzaren gaitik, eta bereziki seme-alaben heriotzetik?

Nere Erkiaga: Heriotza ez dago egunerokotasunean. Jendea ospitaletan hiltzen da eta ez dugu berbarik egiten zelan izan den heriotza. Nork entzun du heriotza baten prozesua? Lehen, heriotzari buruz genuen informazio iturria erlijioa zen, eta infernuaz eta arimaz berba egiten zigun, eta orain heriotzaz daukagun informazioa ikus-entzunezkoetatik jasotzen dugu eta heriotza biolentoez berba egiten zaigu, gerra bateko heriotzez, hilketez... Inoiz ez dugu entzungo inor baketan eta maitasunez inguratuta hil denik. Gainera, pentsamendu magikoa daukagu: heriotzaz hitz eginez gero, erakarri egingo dugula dirudi. Ez jakituria hortik dator. 

 

Zuek bizi izan duzuen minetik eta dolu prozesutik, zer uste duzue aldatu beharko lukeela gizarteak heriotzaren aurrean?

O. A.: Haurren heriotzaren gaiari ikusgarritasuna eman behar zaio; hau gertatu egiten da. Heriotzaz hitz egiten hasten garenean, aldaketa dator.

A. M.: Ematen du heriotzak beti eten bat dakarrela, eta sentitzen duzu zure umea ez dela kontuan hartzen. Izan ziren: Anette ia bost hilabetez bizi izan zen gurekin eta Elene lau urtez; hori ezin da existitu ez balitz bezala utzi. Anettek eta Elenek gurekin jarraitzen dute beste modu batean, gure parte dira.

N. E.: Tabuak egiten duena da konbertsazioetan ez agertzea… Eleneren urtebetetzea izan bada, izendatu egin behar da, lehen defuntua aipatzen zen; orain isilik gelditzen gara. 

 

Gizarte moduan eta hezkuntza komunitate moduan, nola jokatu beharko genuke heriotzaren aurrean? 

N. E.: Guk, besteren artean, haurren heriotzaz eta haurrekin heriotzaz berba egin behar dela esaten dugu. Doluaren interbentzioa egiten jakitea eta haurrekin heriotzaz hitz egitea legoke batetik, eta, bestetik, heriotzaren pedagogia. Hezkuntza komunitatean ume baten, guraso baten, irakasle baten edo hezkuntza komunitateko figura garrantzitsu baten heriotzaren aurrean, gaia naturaltasunez lantzeko protokolo bat behar dugu. Nor egongo da familiarekin hartu-emanean? Nor arduratuko da arreta egiteaz? Hori guztia doluaren interbentziorako protokoloa da eta eskola guztiek eduki beharko lukete, zeren eskola komunitate guztiek biziko baitituzte heriotzak, izan ezusteko heriotzak, aitita-amamak…  Guk horrez gain, heriotzaren pedagogia egitea proposatzen dugu. Hau da, heriotzarik ez dagoenean, lanketa egitea eta formatzea. 

 

Nolako esperientzia izan zenuten zuek Elene hil zenean eskolan, Amaia?

A. M.: Guk Eleneren tutoreagaz zorte handia eduki genuen. Berari alaba bat hil zitzaion haurtzaroan minbiziagaz eta, ondorioz, pedagogia asko ekarri zuen gelara. Beti galdetzen zidan, “Amaia zer iruditzen zaizu hau egiten badugu?”. Landare bat jarri zuten txoko batean, arropa eskatu zidan… eta egun berezietan Eleneren kolore gustukoena urdina zenez, gelakide batek globo urdin bat ateratzen zuen eskutan eta gu horrek asko bete gintuen. Beste irakasle batzuengan beldurra ikusi dut. 

O. A.: Orokorrean beldurra ikusten duzu, eta beldurrak tabua eta gaia ekiditea ekartzen du. Baina hau guzti hau hezkuntzatik lantzea klabea da. Eskolatik ikaragarrizko lana egin daiteke.

N. E.: Talde modura beste era batera bizi daitezke heriotza, dolua eta pedagogia. Bakarrik, irakasle edo tutore modura gai honi heltzea oso gogorra da, baina talde modura gauza asko egin daitezke, taldeak indarra ematen baitu. Prozesu gogorrak izaten dira baina sakonak, politak eta biziak. 

 

Heriotzaren kultura aldaketa da Hil Argiren helburuetako bat. Nola irudikatzen duzue heriotzaren bizipen sanoago bat?

N. E.: Ohitu ez gara inoiz heriotzera ohituko, gure izatea ez ohitzea baita. Baina heriotza ikusteko modua aldatu nahi dugu: batetik, tokatzen denean, ez dugu heriotzari buruz hitz egiteko beldurrik izan nahi. Bigarrena, ondoan egoteko gai izatea garrantzitsua da, heriotza prozesua gertatzen ari denean ondoan egotea eta gaiaz hitz egiteko gai izatea, ez ikaratuta alde egitea, gaia ezkutatzea eta saihestea. Eta hirugarrena, norberaren heriotza onartzea edo, kasu honetan, norbere seme-alabaren heriotzean ez apurtzea garrantzitsua da. Horretan Oihane eta Amaia ikaragarrizko eredu dira, bizi filosofia handia dute, dolua gaindituta, mina bizita ere, bizipoz handia dute.

 


"Haurren heriotzaren gainean lan handia egiten ari den jende asko dago, hezkuntzan pedagogia eginaz edo osasungintzan, baina irla moduan ari dira lanean”

Amaia Madariaga, Gehiago gara ekimeneko kidea


 

Eta hori nola egiten da? Irudika dezakegun minik handienetakoa da seme-alaba hiltzea...

A. M.: Gure alaben heriotza oso integratua daukagu. Mina ez da inoiz joaten, baina eramangarri bihurtzen da. Bizipoza daukagu eta bizitzeko ilusioa daukagu. Gure beste umeak ikaragarrizko laguntza izan dira horretan. Orain sentitzen dut ondo gaudela. Gu egon gaitezke zu besteko zoriontsu, eta hori zaila izan daiteke kanpotik ulertzeko. 

O. A.: Suerte txarra eduki dute Annettek eta Elenek, baina guk ez dugu eduki suerte txarrik, nahiz eta haien galera oso gogorra izan den. Ikaragarrizko lanketa pertsonala egin dugu prozesuan zehar; oso gauza aberasgarriak bizi izan ditugu eta pertsona moduan asko garatu gara. Ez gara min horretan ataskatu. Guk honekin aurrera egin nahi dugu, bizipozarekin eta ongi biziz. Alaba galdu ondoren, ondo egoteak ikaragarrizko lana dakar, baina posible da.  

 

Zein da Gehiago gara kanpainaren funtsa?

O. A.: Gehiago garela adierazi nahi dugu, izenetik hasita. Hemen ikusten dena baino gehiago gara, hiru mailatan: umeak daude, gehiago gara; mina baino gehiago gara; minarekin baina bizipozarekin bizi gaitezke; kate horretan gehiago dira “gehiago gara” jarrerarekin eta sare handi bat egin nahi dugu. 

A. M.: Haurren heriotzaren gainean lan handia egiten ari den ende asko dago, hezkuntzan pedagogia eginaz edo osasungintzan, baina irla moduan ari dira lanean. Egituratu eta ezagutarazi egin nahi ditugu.