Herrietan hainbat interbentzio egiteko, haurren parte-hartze-prozesuak abiatu dituzte Arrasaten eta Oarsoaldean.

Kaleko espazioaren erabilerari eta haurren parte-hartzeari buruz hausnartzen eta ideiak praktikan jartzen ari dira Oarsoaldeko eskualdean eta Arrasaten, biak Gipuzkoan. Nahiz eta jatorrian abiapuntu arras desberdina duten bi esperientziek, antzeko bidera batu dira biak ala biak. Francesco Tonu-cciren filosofian oinarriturik, haurrak hiriaren eraldaketaren subjektu aktibo bilakatu nahi dituzte batean zein bestean.

Haurren heziketa herrira eta komunitatera zabaltzeko proiektua dute une honetan esku artean Arrasaten, baina horra iristeko abiapuntua Txatxilipurdi aisialdi elkarteak ludoteka-ereduari buruz eginiko hausnarketa bat izan zen. Erguin auzoko udal ludotekaren erabilera-datu baxuek piztu zuten txinparta. Eneko Barberena aisialdi elkarteko idazkariak azaldu duenez, “ludotekaren erabilera-datuak jaitsi izanaren atzean zein arrazoi zegoen arakatzen hasi ginen, eta ludotekaren ereduarekiko asperduraz gain, auzoaren heriotzaz, helduen esku-hartzeaz eta ekintza guztiak barruko espazioetara mugatu beharraz hausnartu genuen”.

Lehen eskuko informazio bila, haurrengana jo zuten. “Haurrei beraiei galdetu genien nola ikusten zuten ludoketa bera eta ludoteka kokatua zegoen auzoa, eta adierazi ziguten kokoteraino zeudela barruan egoteaz. Kanpoko plaza, berriz, grisa eta bizitza gutxikoa ikusten zuten, ez erakargarria”, azaldu du Mireia Baz Txatxilipurdiko hezitzaileak. Haurren beraien parte-hartzearekin hasi zen, beraz, Arrasateko eraldaketa prozesua. Dinamika horrek hezitzaileen rola guztiz aldatu zuen. “Lehen, haurren izenean helduok programatzen eta erabakitzen genuen zer egingo genuen haurrekin; ordutik aurrera, haurrekin adosten da asanblada bidez eta adin guztiak nahastuta, zer egingo den eta zer ez, eta hezitzailea behatzailea eta laguntzailea izango da prozesu horietan”. Hezitzaileen eta haurren parte-hartzeaz gain, gurasoena ere sustatu du Txatxilipurdik, ludoteka barruraino sartzera gonbidatuz nahiz kanpoko ekintzetan parte hartuz.

Ludoteka kokatua zegoen plaza bera biziberritzea izan zen herrian egin zuten lehen esku-hartze urbanistikoa. Haurrek plazan zer sumatzen zuten faltan azaldu zuten, marrazki-lehiaketa baten bidez. “Tirolina bat eta labirintoa gura zituztela esan ziguten; ados, baina hori nola lortzen da? Umeekin egin genuen prozesu guztia: udalean baimenak eskatu, bizilagunekin egon... eta hiru egunetan benetako labirinto erraldoi bat egin genuen, gurasoen parte-hartzearekin”. Ikasturteari amaiera emateko, tirolina egin zuten.

Ludoteka-ereduari buruz abiaturiko hausnarketak espazioaren erabileraz eta bizitzeaz gogoeta egitera eraman ditu Txatxilipurdikoak. Bazen arabera, “ekintzak kalera eraman ditugunean, kale-erabileraren inguruko hausnarketa egin behar izan dugu, eta, argi ikusi dugu, umeek gero eta leku gutxiago dutela kalean jolasteko; kotxeek irabazi dutela espazioa”.

Ludoteka kalera irekitzearen esperientzia honetatik harago joan da Arrasateko proiektua, eta kaleko arriskuez ere hausnartu behar izan dute: “Segituan agertzen dira beldurrak: gurasoek izua diote haurrak kalean ibiltzeari”, Garikoitz Iturbe hezitzailearen hitzetan. Beraz, lanketa bat egin behar izan dute gurasoekin. Plazatik harago, herrian ere esku-hartu dute, haurrak kalean ibil daitezen. Une honetan eskola-bidea haurrek euren kabuz egin dezaten lantzen ari dira Arrasateko bi ikastetxetan. Eskolara bakarrik joateak haurren autonomian, sozializazioan eta espazioaren ezagutzan ekartzen dituen onurak lantzen ari dira gurasoekin eta auzotarrekin. “Haurren heziketa herrira eta komunitatera zabaltzea da ideia”, laburbildu du Iturbek.

Oarsoaldeko proposamena
Oarsoaldean euskara biziberri-tzeko proiektu bat izan da haurrek batzarretan parte-hartzea eta hirietan interbenitzea ekarri duen prozesuaren jatorria. Oarsoaldeko mankomunitateak (Errenteria, Pasaia, Oiartzun eta Lezo herriek osatutakoa) familian euskararen transmisioa bermatzeko egindako lanaren ondoren, beste eremu batzuetara eta kalera zabaltzeko ahalegina egin du, eta hainbat eragile batu ditu proiektu honen inguruan: mankomunitateko herrietako euskara teknikariak, Irrien Lagunak kluba eta Huheziko Sorguneak ikertegia.  

Sorguneak taldeko ikerlari Lorea Agirrek azaldu duenez, lau herri horietan euskararen kale erabilera susta-tzeko eta tokian tokiko herri kultura biziberritzeko helburuarekin garatzen ari diren proiektuek haurra jartzen dute erdigunean: “Umeek bideratzen duten prozesu bat gainontzeko guztientzat ere ona baita; umearen begietatik begiratzea begirada humano bat da”. Azken batean, umeei zuzendutako proiektu bat den arren,  eta emai-tza umeei zuzendutako egitarau edo interbentzio bat izango den arren, herritar guztiak hartzen ditu aintzako.

Interbentzioak edo egitarauak prestatzeko, umeen parte har-tze prozesuak abiatu dituzte lau herrietan. Tokian toki ari dira erabakitzen umeen batzarren antolamendua eta forma: ikastetxean eskola orduetan egiten dute batzuek, jangela orduan beste batzuek, eta ikastetxetik kanpo, kalean, gainerakoek. Errenterian, 6 eta 12 urte arteko 300 umek hartu dute parte; Lezon 50 ume inguruk; Oiartzunen 150 umek...

Haurren batzarrez gain, helduen herri batzarrak ere antolatu dituzte, non herritarrek eta udaletako ordezkariek maila berean funtzionatzen duten, haurrak erdigunean jarriko dituzten proiektuak gara-tzeko. Une honetan, umeen partehartze prozesua eta herri batzarrak uztartu nahi dituzte, haurren parte-hartzea “zerbait erreala” izan dadin, eta euren ahotsa benetan entzuna izan dadin.

Haurren prozesu parte-hartzaileetan aisialdi hezitzailea landuko duten egitasmoak prestaten ari dira, eta umeak eurak ari dira erabakitzen non eta zer nolako interbentzioak egingo dituzten. Beti ere, erdigunean euskara jarriko duten egitasmoak izango dira, eta auzolanean eta herriko jendearen parte hartzearekin egin ahal izango direnak. Lehen emaitza iazko urte bukaeran ikusi ahal izan zuten: auzolanean jai bat antolatu zuten Oiartzunen, haur, guraso eta eragileek. Emaitza konkretuetatik harago,  eragileentzat prozesua bera da balio handikoa, umeek  eurek bideraturiko prozesua.