Aitziber Estonba, Sexologoa

 

Gure 9 urteko semea oraindik ere irudimenean bizi da, (Olentzerorengan, Perez sagutxoarengan sinesten du), aldiz bere gelako pare batek sakelakoa dute eta eskolan arreta deitu diete partekatzen omen dituzten sexu bideoengatik. Adin bererako talka izugarria dela iruditzen zaigu. Gure semeak halako bideoak ikusi ditzakeela pentsatzeak asko arduratzen gaitu, hain haurra izanik. Guri sexualitateaz hizketan hasteko goiz iruditzen zaigu, baina bere inguruan sakelakoak daudela kontuan izanda, arduratuta gaude. Nola orekatu genezake egoera?

 

TAMALEZ, egoera hori gero eta ohikoagoa bilakatzen ari zaigu. Familia batzuk gure seme- alabek internet bidez jaso ditzaketen edukiekin arduraturik gaude (ez soilik sexuari loturikoak, baita biolentziarekin loturikoekin ere), gure seme-alabak babestu nahi ditugulako. Aldiz, beste familia batzuk ez dira konturatzen ari horrelako gailuak euren seme-alabei hain goiz emateak sor ditzakeen arazoez. 

Horixe da dugun errealitatea. Gailu horiek haurrentzat erakargarriak diren heinean, sakelakoa duten umeak eta haiek erakusten dutena oso deigarria egiten zaie eta guraso moduan, ezingo dugu ekidin gure seme-alabek ere haientzat desegokia den zerbait ikusiko dutenik.

Argi dagoena da 9 urteko ume bat (ezta helduagoak ere) ez dagoela prest hainbat irudi eta bideo ikusteko, eta hori ez dela haientzat batere osasungarria. Aldi berean, nire esperientziatik esango nuke, antzeko umeek euren artean erlazionatzeko ohitura dutela, hau da, beren tankerakoak bilatzen dituztela interes eta erosotasun irizpideak jarraituz. Beraz, ziurrenik  zuen semea, une zehatz batzuetan soilik aurkitu daiteke egoera horietan.

Beti bezala, garrantzitsuena etxean eskainiko dugun sexu hezkuntza izango da; hau da, umeak ikusi duen hori zuekin partekatzeko nahikoa konfiantza baldin badauka, aukera ezinhobea izango da irudi edota bideo horiek sortzen dizkioten emozioei buruz zuekin hitz egiteko, nazka, jakin-mina, tristura, kitzikadura... 

Horretan guztian giltzarria izango da umeak gurasoen epairik ez sentitzea. Bideo edo irudi horiek ikusi izana epaitzen badugu, hurrengoan ezkutuan gordeko du eta hori guztia jorratzeko aukerarik gabe geratuko gara. Nahiz eta hori gurasoentzat kezka eta haserre iturri izan, haien aurrean lasaitasunez hitz egiteko gai izan beharko genuke etxera ekarri duten gai horri buruz, haiekin komunikazio bide bat zabalduz. Noski, ez diegu inoiz esango hori egokia denik, baina ikusi izana ez dugu epaituko, ezta sentitu dutena ere. 

Horrez gain, autozaintzaren kontzeptua txertatu dezakegu elkarrizketan, hau da, saia gaitezen bere kasa pentsa dezan zerk egiten dion on eta zerk ez; pentsa dezala ea bideo eta irudi horiek lagungarriak zaizkion ala ez, zer sortzen dioten ikus dezala. Ideia ona izango litzateke, baita ere, gisa horretako irudietatik babesteko tresna batzuk eskaintzea; esate baterako, jakitea taldetik banatzen, taldeak proposatzen duen hori beretzat ez dela egokia ohartuz. Tresna hori oso baliogarria izango zaio biziko dituen hainbat egoeratara zabal daitekeelako. 

Momentuz, eta gailuak hain goiz ematearen debekua edo horren gaineko erregulaziorik egon ezean, familiei erneago egotea dagokigu eta baita etxean espazio bat zabaltzea ere, gure ustez osasungarria den sexu hezkuntza aurrera eramateko eta, era horretan, kanpoan jasotzen duten hori kontrastatzeko. 

Agian, irakasleari hori guztia komunikatzea ere ideia egokia izan daiteke, ea denon artean egoera horiek ekidin ditzakezuen. Interesgarria da jakitea Euskal Herrian hainbat ikastetxetan familiak elkartu egin direla denok nahi dugun babes horren alde antolatzeko. Badira mugikorra emateko adina atzeratzeko plataformak, baita ikasleekin zein familiekin horren gaineko formazioak egiteko aukerak ere. Uste duguna baino guraso gehiago gai horrekin sentsibilizaturik eta kezkaturik gaude, eman ditzagun pausoak denok elkarrekin haurtzaroa babesteko.