47. znb |  Astez aste, urtez urte

 

Haurdunaldian sexu harremanak izatea ala ez izatea kezka iturri izaten da hainbat bikoterentzat, baina sexualitatea haurdunalditik kanpo bezalaxe bizi daiteke.

 

Haurdun dauden emakumeen artean askotariko egoerak aurkitu daitezke: batzuk nekatuta sentituko dira, ezertxo ere egiteko indarrik eta gogorik gabe, beste batzuen kasuan sexu desira handitu egingo da, batzuek beldurra sentituko dute eta beste batzuek lasaitasunez biziko dute euren sexualitatea baita haurdunaldian ere. Sexologoa eta Gestalt terapeuta da Aitziber Estonba eta sexualitatea oso anitza dela, eta orokortzea zaila dela dio: “Haurdunaldian sexu harremanak baldintzatuko dituzten faktore batzuk egongo dira, beharbada, baina, bikote heterosexualen kasuan, gehien baldintzatzen dena sarketa da. Eta sexu harremanak ez dira sarketa harremanak soilik, baizik eta pertsonek haien afektibotasuna eta emozioak bideratzeko dituzten harreman guztiak. Haurdunaldia arriskutsua denean, sexu harremanak ez ezik, bizitzako arlo guztiak baldintzatzen dira”. 

Haurdun dagoen emakumeak soilik ez, bikotekideak ere kezka edota beldurra sentitu ditzake hainbat kasutan Estonbak dioenez: “Gizon batzuek, sarketarekin fetuari min emateko beldurra izaten dute zenbait kasutan. Ezjakintasunak bultzatutako zerbait izaten da, normalean, eta umetokian dagoen muki-tapoiak fetua babesten duela azaltzen diegunean, lasaitu egiten dira”. Informazio faltarekin eta emakumea haurdunaldian zaurgarri ikusteko joerarekin lotzen du Estonbak beldur hori.

Arriskurik ez baldin badago, sexu harremanak onuragarriak direla defendatzen du Estonbak: “Plazera osasungarria izango da bai amarentzat eta baita umearentzat ere. Tarteka, hori bai, egokitzapenak egin beharko dira haurdun den emakumea eta bikotea lasaiago eta gusturago sentitu daitezen”. Sarketa gomendatzen ez den kasuetan ere, bikotean egin daitezkeen eta osasungarriak diren hamaika praktika daudela azpimarratzen du sexologoak.

 

Desiraren gorabeherak

Maiz esaten da lehen hiruhilekoan, dena ongi doala baieztatu arte nolabaiteko kezka eta beldurra izaten direla, hirugarren hiruhilekoan emakumea nekatuago eta fisikoki astunago dagoela… Eta desirak bigarren hiruhilekoan egiten duela gora, batez ere. Baina Estonba ez dago ados baieztapen horrekin: “Gauza asko hartu behar dira kontuan: emakumeak eta bikotekideak haurdunaldia nola eramaten duten, aurretik nolako harremanak zituzten…  Haurdunaldiak aldaketa handiak eragiten ditu emakumearen gorputzean eta baliteke, adibidez, lehen emakume horrentzat titiak plazer iturri handia izatea eta orain handituta eta minbera dituenez jada halako plazerik ez ematea. Beraz, bikoteak sexu harremanetan egokitzapenak egin beharko ditu eta bi aukera ditu: beste plazer iturri batzuen bila hastea edo hortxe trabatzea. Sarketa gomendatzen ez den kasuetan, bikote batzuek egoera berriari etekina ateratzen diote eta beste batzuk zer egin ez dakitela gelditzen dira. Horrek arazoak sor diezazkioke bikoteari”.

Denetariko kasuak ezagutu ditu Estonbak: “Desira biderkatu zaien emakumeak ikusi ditut eta baita sexu harremanen beharrik sentitzen ez dutenak ere. Gizon batzuen kasuan ere desirak behera egiten du haurdun dagoen emakumea babestu behar dutela pentsatzen dutelako eta emakumeari sexu harremanak eskatzea basakeria moduko bat iruditzen zaielako. Izan ere, joera dago emakumeari etiketa jakin bat jartzeko eta horren arabera tratatzeko: ama da, maitalea da… Baina pertsonak rol ezberdinak izan ditzake aldi berean eta emakumea, ama eta maitale izan daiteke, jakina. Eta bikotea berarekin plazerra partekatuz zaindu dezakezu”. Gauza bera gertatzen da maiz, haurdunaren bikotekidea emakumea denean ere.  

Horrek guztiak sexu moralarekin du zerikusia Estonbak azaldu duenez: “Zure sexu moralean erru sentimenduak gordetzen baldin badituzu, edo ez baduzu sexualitatea bizitzen bikotea osatzen eta aberasten duen zerbaiten moduan, haurdunaldian ere albo batera utziko duzu, eta bikotearen bizitza erotikoa nola eraiki den ere ikusi behar da”.

Edozein kasutan, haurdunaldia bikotearen sexualitatean une kritikoa da. Bai haurdunaldia bera eta baita erdiondoa ere. “Mugimendu handia dago, ez soilik emakumearen gorputzeko aldaketen ondorioz eta plazer iturri desberdinen bilaketan, baizik eta, lehenengo seme-alabaren kasuan, batez ere, guztia berriro kokatu behar delako. Jaioberria besoetan izan arte, bikotea elkarri begira egon da, baina bat-batean hirugarren pertsona bat iristen da eta ordura arteko sisteman iraultza gertatzen da. Horrek bikotekideak hainbat alderdi kudeatzera bultzatzen ditu: ez dira hain zainduak sentitzen, ez dute harreman erotikorik, ez dute bikotean lasai egoteko momenturik… Eta kontzientzia pixka batekin bizi ezean, momentu kritikoak izaten dira. Denbora aurrera doa eta, konturatzerako, umeak urtebete duenean bata besteari nor ote diren galdetzera iritsi daitezke bikotekideak. Behar handiak dituen pertsona bat iristen da eta hori guztia ongi, lasaitasunez eta komunikazio handiz landu eta eraiki behar da”, dio sexologoak.

 

Plazeraren onurak

Plazera sentitzea ona da, orokorrean, eta harreman erotikoek bikotea elikatzen dutela dio Estonbak: “Afektibotasun horrek eta partekatutako plazerak ematen duten konplizitatea handia da. Nik beti esaten dut harreman erotikoak bikotearentzat itsasgarri moduko bat direla. Plazer konpartitu horrek hormona batzuk pizten ditu eta bikotearentzat itsasgarria da. Horrek elkarbizitzan eta gure hezieran ere eragina izango du”. Harreman erotikoak, haurdunaldian ere, bikotea zaintzeko bitartekoa direla uste du Estonbak. 

“Plazer globalago baten bila joateko aukera ematen du haurdunaldiak. Izan ere, emakume batzuen kasuan euren joerak guztiz aldatzen dira haurdunaldian, janariarekin gerta daiteke eta baita sexuarekin ere. Eta bikoteak esperimentatzen eta probak egiten joan beharko du orain zerk funtzionatzen duen ikusteko”, dio sexologoak.