48 | Astez aste, urtez urte | Lehen urteak

Mar Romera adimen emozionalean erreferentzia da nazioartean eta hitzaldia eskaini zuen Tolosan. Heziketaren zentzua aldatu behar dela nabarmendu zuen, haurrak arrakastarako hezi beharrean, porrotarekin bizitzen irakatsi behar zaiela adierazi zuen.  “Gure seme-alabak beti pozik egon daitezen tematzen gara, eta ez diegu mesederik egiten”.

 

Beldurturik eta haserre dagoen haurrak ez duela ikasten erakutsi digu heziketa emozionalak, eta ez dela osasuntsu garatzen. Baina askotan txanponaren beste aldea ahantzi egiten dugu gurasook: beti alai, gehiegizko poztasunean bizi den haurrak ere ez du ikasten eta ez ditu bere gaitasunak loratzen. Mar Romera heziketa emozionalean aditua den hezitzailea Tolosara etorri zen urtarrilean Herrikide ikastetxeak gonbidaturik, eta txanponaren beste aldea ekarri zuen: “Gure seme-alabak beti pozik egon daitezen tematzen gara gurasook, eta ez diegu batere mesederik egiten. Bizitza ez da hori”. 

Hausnarketarako gai asko ekarri zituen Mar Romerak Tolosara. Hitzaldi zuzena eta umoretsua egin zuen eta Hazi Hezira ekarri ditugu hainbat pasarte, gogoan izatekoak direlako. Romera, Pedagogian eta Psikopedagogian lizentziatua da, adimen emozionalean aditua da eta gaiari buruzko liburu asko ditu; era berean, Francesco Tonucci Elkarte Pedagogikoko presidentea da eta herrialde ugaritako ikastetxeetan berrikuntza programak ezartzeko aholkulari lanak egiten ditu. Haren ustetan, ez daude emozio positiboak eta emozio negatiboak, emozio egokiak eta desegokiak baizik, unean-unean egoerara egokitzen dakien haurra izango da emozionalki adimentsua, uneari dagokion emozioa bizitzen duena. “Katua hil zaionean negar egiten duen haurra emozionalki orekatuago dago negar egiten ez duena baino. Egokitasunean dago gakoa. Emozio guztiak dira beharrezkoak eta haurrek denak bizi behar dituzte, eta bizitzen utzi behar diegu”.

Funtsean, gure heziketa ereduaren zentzuaz hausnartzera gonbidatu zituen gurasoak eta hezitzaileak: “Nola ari gara hezten gure seme-alabak? Nola ari gara prestatzen gure haurrak? Gurasook onena nahi dugu gure seme-alabentzat, baina mundua izorratuta daukagu: 12 urtez azpiko hamar umetik zazpik pornografia txarra kontsumitzen du; lau umetik batek tratu txarrak jaso ditu; batez beste, lau ordu pasatzen dituzte haurrek egunero pantailen aurrean; TDH gora eta gora doa… bai, gauzak izorratuta dauzkagu, eta horren aurrean zer egiten dugu gurasook? gainbabestu. Mundua nola dagoen ikusten dugu, eta horren aurrean, gure seme-alabak gehiegi babesten ditugu, eta horrek haurrak ahuldu egiten ditu. Herriko alkateari eskatzen diogu parkeko zorua bigundu dezan, gure seme-alabek ez dezaten minik hartu erortzen direnean; pozik egon daitezen, opariak egiten dizkiegu, opari gehiegi; urtebetetzea iristen denean, orain galdera ez da ‘zer behar du nire haurrak?’, orain galdera da ‘zer ez dauka nire haurrak?’ Bai, mundua gaizki dago, ados; baina horren aurrean haurrak gehiegi babestu beharrean eta errua kanpoan bilatu beharrean, zer egin dezakegu gurasook?”. Erantzuna hegazkinetako instrukzio orrietan aurkitu zuen Romerak: “Despresurizazio kasuetan konpartimentuak ireki eta oxigeno maskarak erortzen direnean, lehendabizi maskara norberak jarri behar dugula esaten digute, eta ondoren haurrei jarri behar diegu. Horixe da guraso izatea: gu ondo baldin bagaude, umeak ondo egongo dira. Gure seme-alabak islatuko diren ispilua gurasook gara, beraz, lehendabizi geure iparrorratza erregulatu behar dugu, guk ongi egon behar dugu”. 

 


“Zertarako ari gara prestatzen gure haurrak? Arrakastarako ala bizitzarako? Arrakasta nahi dugu, arrakasta onena delakoan”


 

Irrati zaharren moduan, sintonizatzeko edo erregulatzeko, pantailak alde batera uzteko eta lehendabizi norbere barrura eta ondoren gure seme-alabei begiratzeko aholkatu zuen adimen emozionalean adituak: “Utzi pantailak eta egon zuen buruarekin eta zuen seme-alabekin, egon. Ez eraman sakelakoa parkera. Gurasoak gara benetan pantailetara engantxatuak gaudenak eta geure baitari eta umeen benetako premiei arreta jartzen ari ez garenak”. Horrek hezkuntzaren benetako zentzua distortsionatzen duela nabarmendu zuen. “Eta gero, arazoak datoz; etorriko ez dira ba!”.

Hain azkar doan mundu honetan gelditu eta geure bizitzen eta geure seme-alaben heziketaren uhalak hartzeko mezua zabaldu zuen. “Zertarako ari gara prestatzen gure haurrak? Arrakastarako ala bizitzarako? Gurasook arrakasta nahi dugu gure seme-alabentzat, arrakasta onena delakoan; karrera ona ikas dezaten nahi dugu; bikote ona izatea; lagun txarrik ez izatea… eta dena eginda ematen diegu: bizikleta onena erosten diegu, eta beharrezkoa bada, motorra jartzen diegu, azkarrago joateko. Gure ustez onena den ikastetxera eramaten ditugu, eta zailtasunen bat baldin badaukate, motorra jartzen diegu, hau da, klase partikularrak jartzen dizkiegu. Eta etengabe arrakastaranzko bidea errazten diegu, eta nahi duten hori guztia egin dezaketela sinetsarazten diegu, you can do it hori barneraino sartu digute eta sartu diegu; baina ez, ezin dugu dena egin. Bizitzan onartu egin behar dira ‘ezin dut!’ horiek. Zeren behin gure gehiegizko babesetik atera eta ‘zoaz errealitatera’ esaten diegunean, gure seme-alabak izorratuta egongo dira.Bizitza lerro zuzen bat zela esan genien eta ez da hala, bizitzan aldapak daude, zuloak, oztopoak, irristatu egiten dira… eta zertarako prestatu ditugu gure seme-alabak? Guk ez genuen nahi gure seme-alabek oztoporik bizi izan zezaten, baina bizitzan oztopoak daude, beraz, horretarako prestatu behar ditugu. Gure seme-alabak egun batean kalera aterako dira eta inutil hutsak izango dira, guk hala egin ditugulako”.

 


“Esan genien bizitza lerro zuzen bat zela eta ez da hala, bizitzan aldapak daude, zuloak, oztopoak… eta zertarako prestatu ditugu gure seme-alabak?”


 

Porrotarekin bizitzen 

Bizitza ez da arrakasta. Gauza argia da, baina Romerak gurasoei gogorarazi egin zien, izan ere, gure heziketa ereduaren zentzuari norabidea aldatzeko beharra ikusten du. Arrakastarako ez, porrotarekin bizitzen irakatsi behar zaie haurrei. “Bizitza ez da izan behar lukeen hori, bizitza benetan den hori da, eta bizitzen ikastea, huts egiten ikastea ere bada”, Romerak nabarmendu zuen moduan. “Gure umeak gehiegi babestu ditugu, gehiegi oparitu diegu, kotoi artean eduki ditugu, eta ez diegu inoiz erortzen utzi. Hortaz, horrela hezi ditugun haurrek, zertarako egingo diete aurre erronkei? Erronka bati aurre egitea, gaizki pasatzea da, eta gaur egungo haurrak ez daude horretarako prestatuak. Nahiago dute pantaila baten aurrean bideo-jokoetan jolastu, eta gauzak gaizki doazenean, itzali edo beste joko bat aukeratu. Zer premia daukate txandala jantzi, kalera irten, lagunak bilatu, korrika egin eta, gainera, galtzeko? Nahiago dute esperientzia hori ez bizi izan, gaizki pasatu behar baitute”.

Gaizki horretan sakondu zuen adimen emozionalean adituak, porrotean: “Bizitzako hainbat esperientziatan gaizki pasatzen dugu, baina gaizki hori fisiologikoa da: urduri gaude eta eskuak izerditzen zaizkigu eta ahoa lehortzen zaigu… Baina esperientzia horiek guztiak beharrezkoak dira, horiek bizi izan gabe, gure seme-alabak benetan errealitatera ateratzen direnean, orduan bai pasatzen dutela benetan gaizki, eta gaizki hori ez da soilik fisiologikoa izango, ondorioak handiagoak izango dira. Zertarako hezi nahi ditugu gure seme-alabak, gaizki ala benetan gaizki pasatzeko? Haurtzaroan frustrazioa bizitzea beharrezkoa dute, ondoren benetan gaizki pasatu nahi ez baldin badute”. 

 

Bizitzea erronkak bizitzea da

Gurasoon asmoa haurrei bizitza erraztea baldin bada, errealitatea arduratuko da bidean oztopoak jartzeaz. “Haur bat heztean, mendiko bidea aukeratu behar dugu, sekula ez autopista. Bizitza mendiko bidea bezalakoa da”. Sen onari eutsita, bide horretan gurasoei uhalak hartzeko deia egin zien: “Iritsi da momentua: ez eraman zuen seme-alaba kozkorrak eskutik helduta eskolara; ez iezaizkiozue arazoak konpondu, lagunekin eta eskolan dituen gatazkak konpondu ditzala berak; ez iezaiozue zuen seme-alabari bizitza konpondu; ume inutilak ari gara eraikitzen”. 

 


“Bizitzako hainbat esperientziatan, gaizki pasatzen da baina frustrazioa bizitzea beharrezkoa dute, ondoren benetan gaizki pasatu nahi ez baldin badute”


 

Frustrazioak saihesten dituen gehiegizko babes horren aurrean, erronka aukeratu behar dela esan zuen Romerak: “Eboluzio prozesu honetan, arriskua aukeratu behar dugu, betiere sen onarekin. Erronka aukeratzen badugu, berau gainditzeko aukera izango dugu; aldiz, erronkari aurre ez egitea erabakitzen badugu, benetan gaizki pasaraziko diegu. Horregatik, familiok, eskolak eta hezkuntza komunitateak, haurrek porrot egiten ikas dezaten utzi behar dugu. Gehiegitan jarri dugu fokua arrakastan, baina gure seme-alabek arrakasta izan dezaten, abiatuko dituzten hamar egitasmotatik bederatzitan porrot egingo dute. Bakar horretan arrakasta izateko, ordea,  hamar egitasmoak abiatu beharko dituzte. Gure seme-alabek ez dute beti gola sartuko; gustuko duten neskak edo mutilak ez die beti baiezkoa esango… eta porrot horiekin josiko dute erortzeko balioen koltxoia”.