287 znb | Hileko Irudia

Ozen entzun da azken egunotan euskararen aldeko aldarria Euskal Herriko txoko guztietan. Eta, horrekin batera, baita azterketak euskaraz egiteko eskubidearen aldarrikapena ere. Azterketak Euskaraz kolektiboa omendu baitu Korrikak bere 23. edizioan. 2024 urtean, oraindk ere, gazte euskaldun askok ez baitute azterketak euren hizkuntzan egiteko eskubiderik. Korrika joan da, eta ohi duen moduan, zirrara berezia eragin digu, hunkitu gaitu, herriaren indarra eta harrotasuna sentitu ditugu eta, orain, bultzada hori probestu eta gure ekosistema zaintzen jarraitzea dagokigu. Lekukoak hamar egunez zabaldu duen mezuan Garazi Arrulak esan zuen moduan, zozoen elean jarraituko dugu. Eguneko eta gaueko harrapakariengandik urrun, aske bizi nahi duten zozo hegalarien antzera. "Udaberrian ere kantatuko dugu zozook. Bizi gareino kantatuko dugu; bizi deino, herri honek euskara dantzatuko du. Esna dadila piztia, zeren kea usaindu duelako izanen da, eta guk badakigu sua egiten", amaitu zuen Arrulak. Kantuan eta dantzan jarraituko dugu, beraz, sua goxo zaintzen.