Euskal Herriko hainbat hezkuntza eragilek manifestaziora deitu dute urriaren 12rako Bilbon, LOMCE ez! Euskal Herrian, gure hezkuntza eraiki! lemapean. Deitzaileen artean, UEU, Ikastolen Elkartea, EHIGE, Sortzen-Ikasbatuaz, Ikasle Abertzaleak, NIZE, BIHE, Sarean, ELA, LAB, STEE-EILAS eta Hik Hasi eragileak daude. Beste hainbat eragilek ere babestuko dutela uste da. Izan ere, dagoeneko, Euskararen Kontseiluak eta CCOO sindikatuak bat egin dute deiarekin. Deitzaileek adostu duten idatzia, jarraian:

LOMCE EZ!     EUSKAL HERRIAN, GURE HEZKUNTZA ERAIKI!

Euskal Herriko hezkuntza eragile gehienok, ikasle, familia, langile eta beste hainbat elkarte eta erakundek argi adierazi dugu azken hilabete luzeetan Wert hezkuntza ministroak inposatu nahi duen LOMCE hezkuntza erreformarekiko gure aurkakotasuna. Zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista den lege hau bertan behera uztea exijitzen dugu eta inola ere ez dugu onartzen Euskal Herrian inposa dadin.

Hau honela, ekainean aurreratu moduan, hezkuntza komunitate osoari eta euskal herritarrei dei egiten diegu urriaren 12an Bilboko kaleak betetzera LOMCEri gure aurkakotasuna adierazi eta aurre egiteko eta hezkuntza sistema propioa aldarrikatzeko.

Mobilizazio honen bidez, gure desadostasuna agertzeaz gain, Euskal Herriko alderdi politikoei eta Nafarroa eta EAEko legebiltzar eta gobernuei eskatzen diegu LOMCEa gure herriko ikastetxeetan inola ere ez dezatela aplika eta horretarako bitarteko guztiak erabili ditzatela. Modu berean, hezkuntza eragileok gure konpromisoa berresten dugu LOMCEri aurre egin eta gure herrian aplika ez dadin estrategia amankomunak lantzeko.

Bestalde, azken hamarkada luzeetako bideari jarraituz, hezkuntzako eragile ezberdinok, eraso hauei guztiei aurre egin eta Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntzari erantzungo dion hezkuntza sistema propioa eraikitze bidean pauso berriak emateko gure konpromisoa adierazi nahi dugu.

Honegatik guztiagatik, dei berezia egiten diegu ikasle, familia, hezkuntzako langile eta herritar orori datorren urriaren 12an, arratsaldeko 17:30ean Jesusen Bihotzetik abiatuta, Bilboko kaleak bete eta ozen esan dezagun:

EUSKAL HERRIAN, GURE HEZKUNTZA ERAIKI!     LOMCE EZ!

 

Euskal Herrian, 2013ko irailaren 20ean