287 znb | Gai nagusia

Inklusioaren bidea saretzen izenburua izan zuen martxoaren 14an eta 15ean Donostian izandako nazioarteko kongresuak. Euskal Herriko Unibertsitateko Inkluni ikerketa taldeak antolatu zituen XIX. Nazioarteko Kongresua eta XXXIX. Unibertsitate eta Hezkuntza Inklusiboaren Jardunaldiak. Hezkuntza inklusiboa izango bada, ikasle guztiak aintzat hartzeaz gain, guztien parte hartzea bultzatu behar du. Horixe izan zen adituek azpimarratu zuten ideia nagusia. 

 

Hezkuntzan inklusioa eta ekitatea sustatzeko nazioarteko esperientzietatik jasotako irakaskuntzak izan zituen hizpide Mel Ainscowek kongresuaren amaiera hitzaldian. Hari egokitu zitzaion Inklusioaren bidea saretzen kongresuaren itxierako hitzaldia eskaintzea. Besteak beste, Manchesterreko unibertsitateko katedradun emeritua eta Glasgoweko unibertsitateko hezkuntza katedraduna da Ainscow, baina Unescorentzat egiten duen aholkularitza lanak egin du ezagun. Munduko hezkuntza sistemetan inklusioa eta ekitatea nola lor daitezkeen izan du ikerketa gai nagusi eta horretarako mundu osoko eskolak bisitatu ditu. Entzuleen barrenak astintzeko moduko datua eman zuen hitzaldia hasterako: munduan, hezkuntzarik jasotzen ez duten 260 milioi haur daude. Erronka handia da, beraz, haur horiek eskolatzeko aukera izatea. 

Eta badira, eskolara joan arren, Mendebaldeko gizarteetan ditugun baliabideak urrutitik ere ikusten ez dituzten pertsonak ere. Baliabide urriko ikastetxe bat ezagutu zuen Ainscowek Indian, Mumbai hiriko auzo txiro batean. Auzo hartako hainbat amek, haurrek eskolara joateak duen garrantziaz jabetuta, batzorde bat sortu zuten eta ikasgela bat eraiki zuten. “Gu bizi garen lekuetan baliabide zoragarriak ditugu: eraikinak, materialak, trebakuntza jaso duten irakasleak… Eta baliabide eskasak ditugulako kexatzen gara, baina munduko egoerari erreparatuz gero, aberatsa den zatian gaude. Beraz, dugun erronka baliabide materialak eta giza baliabideak modu egokian erabiltzea da. Bestalde, guztiontzako hezkuntza lor dezakegula azpimarratu nahiko nuke, baina horretarako, jakina, borondate kolektiboa behar da”, adierazi zuen Ainscowek.

Irakasleen lanari erreparatu zion ondoren: “Irakasleei haien lana gure gizarteko lanik garrantzitsuena dela esaten diet beti. Zer da hurrengo belaunaldiak prestatzea baino garrantzitsuagoa? Irakasleek egiten duten ekarpena ezinbestekoa da gizarte inklusiboak lortzeko”. Hori esanda, galdera plazaratu zuen Ainscowek: ikastetxeak inklusiboagoak baldin badira, haur guztien hezkuntza hobea izango al da? Hauxe erantzuna: “Bai. Inklusiboak diren ikastetxeek hezkuntza eraginkorragoa, hobea eskaintzen diete ikasle guztiei. Ez da erraza, baina ahalegina egiten denean, aurrerapausoak lortzen dira”. 

Ekitateaz ari garenean ez gara ari soilik haur guztiak barne hartzeaz, baizik eta guztiek bidezko harrera edo tratamendua jasotzeaz. Ikasle guztiek dute garrantzi bera. Baina nola sustatzen dira inklusioa eta ekitatea eskoletan? Munduan barna ikasitakoa ekarri zuen Ainscowek eta sei irakaspenen inguruan egituratu zuen bere bidaia. 

 

1. irakaspena: Dagoeneko badiren konpetentziak eta ezagutzak baliatzea

Txinan hasi zuen bidaia Ainscowek. Pekinen, hain zuzen ere. Hango ikastetxeetan ikusi zuen Lehen Hezkuntzan, 70 ikasleko taldeak zituztela: “Ingalaterran 30 haurrekin kexak izaten dira ikasle gehiegi direlakoan. Irakasleek egiten zutena behatzen eta entzuten aritu nintzen. Eta Txinako irakasleek tamaina horretako ikasgelak kudeatzeko trebetasun handia zutela ikusi nuen. Irakasleek galdera asko egiten zituzten. Haurrek, maiz, abesbatza baten moduan erantzuten zuten eta erantzuten ez zutenei, erantzuna eskatzen zieten. Inklusioa sustatzeko estrategia garbia ikusi nuen han: haurrek bazekiten entzun egin behar zutela eta parte hartu behar zutela, edozein momentutan ekarpenen bat egin beharko zutelako. Irakasleek esan zidaten Txinako tradizioaren arabera, arrakasta handia duten haurrek arrakasta hain handia ez dutenekin batera lan egin behar dutela haiei laguntzeko. Denek urrats bertsuak jarraitu behar dituztela eta haurrek elkarri lagundu behar diotela”. 

Txinan beste zerbait ere ikusi zuen Ainscowek: jarduera inklusiboak egiteko ez dela beharrezkoa kanpoko elementurik txertatzea. “Bertan dagoen horretatik ikasi behar duzu eta bertan duzuna baliatu behar duzu. Benetan behatzen baduzu, beti duzu abiapuntu bat ikastetxean bertan”, adierazi zuen. 

 


"Zer da hurrengo belaunaldiak prestatzea baino garrantzitsuagoa? Irakasleek egiten duten lana ezinbestekoa da gizarte inklusiboak lortzeko"

Mel Ainscow, inklusioan aditua


 

2. Desberdintasunak balioan jartzea

Ghanan egin zuen hurrengo geldialdia. Ikastetxe bakarra zuen herrixka bat ezagutu zuen bertan, baliabide xumeak, ikasgela txikiak eta ikasle kopuru txikia zituena. Ikasle batzuek euren aulkia etxetik eramaten zuten, eskolan ez zegoelako denentzako aulkirik. “Han bazen ezintasuna zuen ikasle bat, makil baten laguntzaz ibiltzen zen eta eskolaraino nola joaten zen galdetu nion irakasleari. ‘Eta hona ez badator, nora joango da ba? Gure haurretako bat da eta!’ erantzun zidan. Jakina, nik Europako ikuspuntutik egin nion galdera hura. Horrelako esperientziak ditugunean agerian geratzen da desberdintasunak nola ikusten ditugun eta hortik ateratzen dut bigarren irakaspena: desberdintasunak balioan jartzea, alegia. Desberdintasunak akuilu gisa erabil ditzakegu ikasgelako jardunbideak inklusiboagoak izan daitezen”. 

 

3. Parte hartzeko eta ikasteko dauden oztopoak identifikatzea eta gainditzea

Austriara joan zen ondoren. Vienatik gertu dagoen ikastetxe batean ikusitakoa ekarri zuen Ainscowek. Ikasgelan 17 haur zeuden eta urte berriari buruz eta egutegien diseinuari buruz hitz egiten ari ziren. Irakaslea eta irakasle laguntzailea zeuden gela hartan: “Behar bereziak dituzten haurren artean sailkatutako haur bat baldin baduzu, irakasle bat emango dizute. A zer ideia zoragarria! Giza baliabide gehiago daude, baina ez da inklusiorik gertatzen. Haur hori beste ikaskideekin batera, ikasgela berean dago eta laguntza du, baina ikasgela berean egon arren, bereizita dago eta beste lan batzuk egiten ari da. Jardunbide inklusiboak garatu nahi ditugunean, oztopoei heldu behar diegu. Oztopoak testuinguruan daude eta, tamalez, irakasle gehigarri hori oztopo bat da nire ustez. Haur guztiei laguntzeko egon beharko litzateke eta ez bakarrari arreta berezia eskaintzeko”. 

Ikasgelaren barruan jardunbide inklusiboak garatzeko, gure ikasleek zer oztopo dituzten jakin behar dugu eta hainbat oztopo egon daitezke: ebaluatzeko modua haur guztien aurrerabideak neurtzeko egokia ez izatea, saioaren diseinua, gure irakasteko metodoa… Horiek guztiak oztopo izan litezke. “Haur guztiak barne har ditzakegula sinesten ez badugu, oztopoa geu izango gara eta ez dugu aurrerapausorik emango”, adierazi zuen Ainscowek.

 

4. Ditugun baliabideak (batez ere giza baliabideak) modu eraginkorrean erabiltzea

Hurrengo geltokia: Vientian, Laosen. Irakasleak gaia aurkeztu zien ikasleei: natura. Ikasleei 10 minutuz gaiari buruz hitz egin zien (zuhaitzak, loreak, animaliak…) eta, ondoren, taldeka jarrita gaiari buruz hitz egiteko eskatu zien. Une horretatik aurrera ikasgela erabat aldatu zela azaldu zuen Ainscowek: “Berehala antolatu ziren, bistan zen taldeka nola antolatu behar zuten irakatsi zietela. Hasieran haurrak modu pasiboan zeuden eta bat-batean ikasgela ikaskuntza eremu bihurtu zen. Ikasleak oso gogotsu agertu ziren. Ikasgelan ongi trebatutako irakasleak baldin badituzu, lankidetzazko metodologiak noiz eta nola erabili jakingo dute eta, modu horretan, ikasle guztien ikaskuntza prozesuak hobera egingo du. Eskura ditugun baliabideen bitartez, beraz, inklusioa lor dezakegu”. 

 


"Haur guztiak barne har ditzakegula sinesten ez badugu, oztopoa geu izango gara eta ez dugu aurrerapausorik emango"

Mel Ainscow, inklusioan aditua


 

5. Lengoaia praktikoa eta esperimentaziorako kultura garatzea

Indiara gerturatu zen ondoren. New Delhin, ikastetxe publiko batean izan zen Ainscow, hiriko eremu oso pobre batean: “Ikaskuntza oso aktiboa ikusi nuen. Ikaskuntza aktiboko metodo ugari ikusten ziren aldi berean. Ikasleak, taldeka rolak betetzen ari ziren eta ikasle bakoitzak rol jakin bat zuen: aita edo ama ziren eta arazo bat ebatzi behar zuten. Ikasgelan sekulako iskanbila zegoen, baina metodologia oso inklusiboa zen. Irakaslea ikasle bakoitzarengana joaten zen eta zer ikasi zuen, zer ikasten ari zen, galdetzen zion. Kasu honetan, zera ikusten dugu: irakasleek, guk ditugun baliabideak eduki gabe ere, sormena dutenean, beren kasa ikaskuntza aktiboa bultzatzeko oso modu baliagarriak aurkitzen dituztela: talde lana, roletan lan egitea…”. Hainbat momentutan ikasleak irakasle bihurtzen ziren eta, besteari irakatsiz, ikasitakoa finkatzen zuten. 

“Txundituta gelditu nintzen eta horra nola iritsi ziren galdetu nien. Zuzendari berri bat iritsi zela eta politika aldaketa batzuk proposatu zituela azaldu zidaten. Lidergoa ezinbestekoa baita giroa eta aldaketak bultzatzeko. Besteak beste, hilean behin larunbatez, irakasle guztiak ikastetxera joaten ziren tailerrak egitera. Tailerrak zuzendariak bideratzen zituen eta zailtasunak zituzten ikasleak barne hartzeko moduei buruz hitz egiten zuten. Tailer haiek euren jardunbideei buruz hausnartzeko eta bide berriak esploratzeko aukera ematen zieten”, jarraitu zuen. 

Bestalde, irakasleek plangintza elkarrekin egiten zuten eta ikasgelan binaka sartzen ziren: batek irakatsi egiten zuen, besteak behatzaile lana egiten zuen eta ondoren esperientzia hura partekatzen zuten. Ikasgelako espazioa txiki geldituz gero, kanpora ateratzen ziren. “Arazoak konpontzeko jarrera hori behar dugu, hain zuzen ere: arazoa identifikatu eta irtenbidea bilatu behar dugu, eta irakasle haiek sormena erabiltzen zuten elkarlanean aritzeko. Oso garrantzitsua da irakasleek elkarrekin lan egitea eta elkarrekin planifikatzea”, nabarmendu zuen Ainscowek. 

 

6. Beste ikastetxe batzuengandik ikastea

Azken geldialdia: Eskozia. “Azken hiru urteotan Dundeen, Eskozian izan naiz lanean. Oztopoei heldu nahi diete eta ikastetxe guztietan daude ikerketez arduratzen diren taldeak. Horrez gain, lankidetza bultzatzen da: ikastetxeak hirunaka antolatzen dira eta sare horietan elkarrengandik ikasteko ideiak eta esperientziak partekatzen dituzte. Beste ikastetxeetara bisitak egiten dituzte han zer egiten ari diren ikusteko eta ikertzeko. Beste ikastetxeetako bi pertsona hirugarren ikastetxera joaten dira bertan lan nola egiten duten ikustera eta horrek indar handia du, oso eraldatzailea da. Zergatik? Besteen praktika zertan den ikus dezakezulako. Ispilu batean begiratzearen modukoa da eta zure ikastetxeari eta jardunbideari buruzko gogoeta egitera bultzatzen zaitu. Ongi bideratu behar da, konfiantza behar da, denbora eskatzen du, jakina, baina indar eraldatzaile handia du”, aipatu zuen irakasleak. Eta, hortik, beraz, seigarren irakaspena: beste ikastetxe batzuengandik ikastearen indarra.

Pertsona guztiak aintzat hartuko dituen hezkuntzaren aldeko mezua helarazi zuen Ainscowek bere hitzaldian: “Ikastetxe inklusiboak eginez gero, ikasle guztiengana iritsiko gara eta guztien hezkuntza garatuko litzateke. Ikasle guztiek garrantzi bera izan behar dute, ezin ditugu ikusezin egin. Eta kontuz ibili behar dugu etiketak jartzearekin: haurrei etiketak jartzen dizkiegun momentutik, haiek baztertzen ari gara. Kategorizazio hori oztoporik handiena izan liteke”.

 

Inklusioa, transformaziorako bide

Zer da inklusioa? Galdera horri erantzuna ematen saiatu ziren Inklusioaren bidea saretzen izeneko kongresuan parte hartu zuten adituak. 

 

Ume guztiek aukera berdintasuna izatea oso garrantzitsua dela eta inklusioa sustatzeko ikasleen parte hartzeak berebiziko garrantzia duela azpimarratu zuten Donostian bildutako adituek. Horretarako ahotsa eman behar zaie, euren ikuspuntua adierazteko aukera, eta ondoren haiek esandakoa aintzat hartu. Hori baita, hain zuzen ere, eskola inklusiboaren oinarria: ikasleen ahotsa entzutea. 

Ikaskuntzarako Diseinu Unibertsalari (IDU) buruz mintzatu zen Carmen Alba Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakaslea eta, diseinua egitean, ikasle guztiek ikas dezaten, guztiak aintzat hartu behar direla azpimarratu zuen. Horretarako, beharrezkoa da ikasleak ezagutzea: indibidualki, talde gisa, nolako interesak dituzten, euren motibazioak zein diren…  Garbi utzi zuen: “IDU ez da teoria bat eta ezta errezeta bat ere, eredu bat da. IDU begirada aldaketa bat da. Zailtasunak dituzten ikasleak gure irakasteko moduak dituen hutsuneak ikusten laguntzen digute: ikasle batek ikasten ez duela pentsatu beharrean, agian, guk zerbait aldatu behar dugula pentsatu behar dugu”. Albaren arabera IDU ez da helburua: “Helburua ume bakoitzak ikastea da. Eskola inklusiboa izango da ikasleak ikastea, parte hartzea eta zoriontsu izatea lortzen badu”. Bide horretan, feedback-a hasieratik jaso behar dela azpimarratu zuen Albak: “Prozesua amaitua dagoenean, ez du zentzurik, ordurako ez baitago aldatzeko aukerarik. Feedback-a hasieratik eta prozesuan zehar egin behar da, zeren lana egiten gaizki hasten bagara, zaila da ongi amaitzea”. 

IDUz harago joan beharra nabarmendu zuen, bestalde, Federico Waitoller, Illinoiseko Unibertsitateko irakasleak. Kulturei garrantzia ematen dieten pedagogiak izan zituen hizpide: “Ikasle batek desgaitasuna izan dezake, baina batzuetan zailtasunak beste alderdi batzuetatik datoz eta IDUk ez du hori kontuan hartzen. Ikasleak desgaitasun, genero, arraza, etnia, klase sozial… desberdinetatik iristen dira gure eskoletara eta IDUk gutxi begiratzen die horiei guztiei”. Kulturei garrantzia ematen dieten pedagogiek ikasleek berezkoak dituzten tresna kulturalak ikaskuntzarako eta parte hartzeko tresna gisa hartzen dituzte, eta ikasleen kultur errepertorioa aintzat hartzen dute eduki akademikoak ikasteko baliagarria dela sinetsita. “Ikasleei euren identitatea sostengatzen erakutsi behar zaie”, nabarmendu zuen Waitollerek. 

Eskoletan parte hartzea bultzatzearen beharraz mintzatu zen Teresa Susinos Kantabriako Unibertsitateko irakaslea: “Parte-hartzearen gaia politikoa da eta modu erradikalagoan hartu behar dugu. Parte-hartzea pertsonek mundu errealean eragiteko duten gaitasuna dela uste dut”.

Metodologietan jarri zuen arreta, bestalde, Laura Rayón Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakasleak. Inklusioak ikasle guztien beharrei erantzungo dieten metodologia malguak behar dituela esan zuen eta horien artean foto-elizitazioa azpimarratu zuen: “Irakasleek ikasgelan gertatukoei argazkiak ateratzen dizkiete. Atentzioa eman dien uneak izaten dira: emozio bat izan liteke, arazo bat, haserrea, lorpen bat… Argazkiak egiten dituzte eta ondoren eztabaida egiten dugu. Gertaera jakin batetik abiatuta, irakasleek argazkian agertzen den hori kontatzen dutenean, esperientzia bat eraikitzen dute. Argazkian ikusten dutena deskribatzen hasten dira, baina deskribapen horren atzean esanahiak, dilema profesionalak, kezkak, elkarbizitza, dibertsitatearekiko atentzioa… ateratzen hasten dira. Eta kontakizuna egitearekin batera, irakasleak euren burua ulertzen hasten dira. Sortzen den esperientzia berri horrek etorkizunerako proiekzioa sortzen du, oso terapeutikoa delako. Euren burua ulertzen doaz, nor diren ulertzen doaz… Prozesu oso aberatsak dira; motelak, baina oso aberatsak, eta kontakizun horietatik zer zailtasun dituzten, nolako lorpenak eskuratzen dituzten… ikusten joatea lortzen dugu”.  

Rayón-ek garbi du: “Hezkuntza praktikaren transformazioa gerta dadin, irakasleek lan egiteko modua transformatu behar dute”. Izan ere, horixe da inklusioa Rayón-en aburuz: bidea eta transformazioa.