Elkartu eta hitz egin; galdetu eta zalantzak argitu; esperientziak partekatzeko bildu dira gurasoak Elduaingo baserri batean, igande pasa. Haurdunaldiaz, erditzeaz edo umeen hazieraren inguruan egiten diren idealez eta horiek ez betetzeak sortzen dituen frustrazioez mintzatu dira oraingo honetan amak,  egiati, zintzo. Eta baita gizarteak ezartzen dituen idealak eta ereduak ez betetzeak sortzen dizkien zalantza eta minez ere.

 Aurrera, ezkerrera, aurrera, eskuinera eta aurrera”, diote Eliren  azalpenek, “bidearen ondoan harrizko etxe eder bat aurkituko duzu”. Etxera iristerako bi emakume pasian dabiltz, gurpildun karrotxoekin. Enara eta Miren dira, Inhar eta Iraiarekin. Ezker-eskuin handiagoa da ume festa, eta baserri barruan jarraitzen du: siestatik esnatu berri da Elur, eta artean begiak itxita zupatzen du amaren bularra.

 Mahaiaren bueltan jarri dira Enara Olazabal, Miren Intxausti, Itziar Saenz de Ojer, Idoia Garcia, Eli Trojaola eta Nagore Plaza, erditze ondoren batzuek sentitutako bakardadetik, pediatrei esan beharra izaten dizkieten gezurretara pasatzen dira. Iñaki Zulaikak behin eta berriz errepikatzen dio kazetariari, “jarri profesionalen desprofesionaltasunaren kontu hau, haiek laguntzen ez digutelako behar izaten baitugu guk beste guraso batzuei entzutea, haien laguntza”. Gurasoen arteko hizketaldiek, partekatzeak, laguntza jasotzeak “bizirautearen eta bizi-tzearen arteko diferentzia” ekartzen diela azaldu du Iñakik. Puntutik puntura gaiak harilkatzen dituzte mahaiaren bueltan, aitari espazioak uzteaz, edota idealez eta frustrazioez gordin mintzo dira batzutan Elduaingo baserrian (Gipuzkoa) igande pasan elkartu diren guraso hauek. Gordin bezain benetako.

 Idealizazioez hasi da hizketan Eli, haurraren zenbait momentu idealizatu eta idealizazioak betetzen ez direneko frustrazioez. Mirenek segituan erantzun dio, idealizazioak haurdun gelditzen den unetik hasten dela bat egiten, edo lehenago, haurdunaldia imajinatzen hasten denetik. Bere erditzea idealizatu zuen Mirenek, eta ez zen bete. “Eta hor gelditzen zaizu frustrazio hori, betiko. Ziur nengoen erditze naturala izango nuela, ziur nengoen gai izango nintzela”. Baina erditzeko unean, minak hasi orduko beldurrek gain hartu zioten. “Ez nintzen neure erditzea kontrolatzeko gai izan, euren eskuetan utzi nuen eta ez nintzen nire erditzeko protagonista izan, ez nintzen gai izan erabakiak hartzeko eta orain pena horixe daukat, arantza hori, tristura hori”.

 Berez, idealak edukitzea, bere horretan, ez dela txarra dio Itziarrek, “arazoa buruan daukagun ideal hori ez betetzean gure burua birrintzeko daukagun joera da”, mahaiaren bueltan dauden emakume guztiek onetsi dute Itziarren esana. Berak ere idealizatu zuen bere erditzea, hau da, bazekien nolakoa zen beretzat erditze ideala, “eta lan egin nuen eta prestatu egin nuen, eta bete egin zen”; baita Eliren kasuan ere, etxean erditu zen, berak nahi zuen bezala, berak kontrolatuz bere erditzea, “nik hor ez daukat frustraziorik”. Idealak edukitzea edo gauzak nola egin nahi dituzun jakitea bezain inportantea da, Enararen arabera, jakitea gauzak beti ezin direla nahi bezala egin: “Erditze naturala nahi izan arren, gauzak ez badoaz nahi bezala, epidurala edo zesarea egin beharko dizutela jakitea eta horretara irekita egotea inportantea da, gero frustraziorik ez edukitzeko”. Norberaren esku zer dagoen eta zer ez jakitea, norberaren mugak ezagutzea eta muga horien barruan egindakoarekin konformatzen eta gozatzen ikasi beharko luketela dio Idoiak.

 Edoskitzearen adibidea jarri du Mirenek. Garbi zeukan Iraiari bularra eman nahi ziola, umearentzat onena hori zelako, baina edoskitzeak ekar ziezaizkiokeen minak ezagutzeak eta laguntza edukitzeak minak eragin ziezaizkiokeen beldurrak gainditzen lagundu ziotela dio; edoskitze asko bertan behera gelditzen direla idealizatu egiten delako, eta minak hasten direnean espero ez direlako; “ni odoletan nengoen, baina banekien ez zela erraza izango eta pasatu egin beharko nuela, ondo informatua nengoen, eta alde mingarriak aurrez ezagutzeak lagundu egin zidan”. 

 Haurdunaldia, erditzea, etxeratzea, edoskitzea... Nagorek dio egunero daudela idealak, amatasunaren inguruan ideal asko zabaltzen direla, batetik; eta norberak egiten dituela “bere pelikulak” bestetik. “Ama perfektua eta ume oso politaren irudia da saltzen dena, hori da aldizkariek erakusten dutena eta nahi gabe ere gure buruetan sartzen den ideala. Jaiotzen denean, ordea, umea zatarra da, nahiz eta maite duzun, zimurtua ateratzen da eta zatarra da, eta hor, dagoeneko, ideal bat puskatzen da; eta atzetik bestea: ez zarela ama perfektua izango”.

 Egunerokotasunarekin loturiko ideal bat ez betetzearen frustrazioa du Elik, “beti gogoan daukadan arantzatxoa: psikomotrizistek esaten dute umea bakarrik uzteko bere mugimenduetan libre, eta prest dagoen neurrian joango dela mugimendu berriak bilatzen; bere kabuz eseriko dela, hasiko dela oinez, ez esertzeko ume bat bera gai izan arte... Elur ez zen batere gustura egoten etzanda, eta oinez ibiltzen hastean eskuak eskatzen zituen. Banekien onena 

etzanda uztea eta eskurik ez ematea zela, baina nik ideal horiek bete nahi nituelako bion artean gatazka sortu zen, eta azkenean eskuak eman dizkiogu”. Erabaki hori lasaitasunez hartzea gustatuko litzaiokeela dio Elik, “eta ez hainbeste gogoratzea ez nuela egin beharrekoa egin”.

 “Birrintzea, ‘matxakatzea’” behin eta berriz aipatzen dute amek, “gu gara geure buruak birrintzen ditugunak”. Ume oso polit eta ama pefektuaren argazkia osatzeko, sexu harreman atseginak dituzten bikote ereduak sartzen ei dira idealetan. “Umea eduki aurretik pentsatzen duzu sexua gero ere lehen bezala izango dela, eta ez da; ez da umeak ez dizulako uzten, norberak ez daukalako gogorik da”, dio Elik. Mirenek ere aurretik uste zuen berak “zainduko” zuela bikotekidearekiko harremana, “baina gero ez zaude horretarako, gogorik ez daukazu. Eta gizonak eskatu ala ez, zuk zeure burua birrintzen duzu, exijitu egiten diozu”. Gogo faltaz gain, Nagorek erantsi du erditze ondoko sexuari buruz hitz egitean inork ez duela esaten mina ematen duenik: “Fisikoki min hartzen da sexua egitean, eta ez dakizu zenbateraino den normala, eta noiz pasako den, ze inork ez du hitz egiten min hartzen denik”.

 ‘Matxakea’, baina, batzuetan kanpotik, jendearengandik, datorrela diote. “Zuk zure haurdunaldiaren, erditzeren eta umearen hazieraren inguruko ideia batzuk izan ditzakezu, baina gizarteak beste ideal batzuk ditu, eta ideal horiek betetzen ez dituzunean, askotan, ez zaituzte errespetatzen”. Itziarrek esandakoarekin erabat ados dago Miren, “nik oso gaizki eraman dut jendeak ez nauela errespetatu ikustea”. Hasieran umeak euren ohean lo egiten zuelako; gero, zapian, gainean eramaten zuelako; gero 6 hilabetez baino dezente gehiago edoskitu zuelako... “denbora guztian nire postura defendatzen aritu beharra neketsua eta injustua egin zait”, dio Itziarrek.

 Izebak, osabak, bizilagunak, adiskideek, ezezagunek, sekula hitzik esan ez zietenek... haurra edukitzean denek eta denetik galdetzen diete gurasoei.  “Haurrak gurekin lo egiten zuela-eta, ea ezkonbizitzarekin zer egiten genuen galdetu zidan osaba batek”.  Askotan “jendearen galdetu beharrak edo gomendioa eman behar horrek” norberaren ideiak eta ekintzak zalantzan jartzera eraman ditu gurasoak, Elik azaldu duenez: “Zuk zure irizpideak dituzu, eta zure ibilbidea; baina ibilbide horretan intseguru zoazenean eta norbaitek zerbait esaten dizunean min handia ematen dizu”. Badu gomendio bat horrelako kasuetarako Elik: “Saio batzuk egin beharko genituzke gure senarekin konektatzeko, eta horrek segurtasuna emango liguke; hori ez du inork hankaz gora jarriko”.