Zaldibiako Lardizabal eskola, HUHEZIko eta UEMAko adituekin elkarlanean.

 

Euskararen erabilerari eutsiz, jatorri ugaritako familien arteko elkarbizitza zaintzeko prozesua egiten ari da Zaldibiako Lardizabal eskola, HUHEZIko eta UEMAko adituekin. Ikasturte honetan, urrats bat egin dute aurrera elkarrekin: ikasturte hasierako guraso bilerak eraldatu dituzte. HUHEZIko Euskara eta kulturartekotasuna hezkuntza komunitateetan jardunaldien bigarren ekitaldian eman dute esperientziaren berri. 

 

Zaldibia herri euskalduna da, euskararen arnasgune bat, UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko herria; baina, azken urteetan izandako immigrazio handiaren ondorioz, aldatzen ari da egoera soziolinguistikoa. Ez euskara eta ez gaztelania ez dakiten familiak etorri dira Zaldibiara, jatorria nagusiki Marokon, Errumanian edo Pakistanen dutenak, eta elkarbizitza zaildu egin da. Hezkuntzara etorrita, familia berriak euskara ez jakiteagatik hezkuntza komunitateko bizitzatik kanpo geratzen hasiak zirela ohartu zen eskola, hala zuzendaritza nola Ausa Gaztelu guraso elkartea. 2020an, korapiloa askatzen hasteko bideari ekin zion hezkuntza komunitateak, asmo argi batekin: euskaraz bizitzen jarraitzea eta, aldi berean, elkarbizitza sustatzea. 2021-2022 ikasturtean abiatu zuen Zaldibiako Lardizabal eskolak euskararen eta kulturartekotasunaren proiektua, HUHEZI Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko adituen eta UEMAko teknikarien laguntzarekin, eta, ordudanik, plano teorikoan ez ezik, eguneroko bizitzan ere eragin duten urratsak egin ditu Lardizabal eskolak. Aurten, beste urrats praktiko bat egin dute elkarrekin: ikasturte hasierako guraso bileren forma aldatu dute, euskara erdigunean jarrita, familien elkarbizitza bultzatzeko. 

Bi arrazoirengatik proposatu zioten HUHEZIko Karmele Perez eta Amelia Barquin irakasleek Lardizabal eskolako elkarbizitza sareko talde eragileari ikasturte hasierako guraso bilerak eraldatzea: batetik, hizkuntza irizpideengatik eta bestetik, parte hartzea sustatzeko. “Badakigu ikasturte hasierako guraso bilera garrantzitsua dela: guraso gehienak elkartzen dira bilera horietan, eta une horretan hasten da harremana tutorearekin. Baina, batzuetan, irakasleok ez gara oso pozik gelditzen formarekin. Zergatik berrikusi behar dira gurasoekin egiten diren lehenengo bilera horiek? Batetik, hizkuntza irizpideak berrikusi behar direlako eta, bestetik, bileraren egitura bera berrikusi behar delako; bilera horren forma ez da aldatu azken hamar-hogei urteotan zehar”, azaldu zuen HUHEZIko Amelia Barquin irakasle eta ikertzaileak. “Zaldibiako esperientziak erakutsi digu udalerri euskaldunetan behintzat posible dela guraso guztiok bat eginda ikasgela berean eta espazioa eta denbora partekatuz elkar ulertzea eta informazioa eskuratzea”.

 


"Zaldibiako esperientziak erakutsi digu udalerri euskaldunetan behintzat posible dela guraso guztiok bat eginda, ikasgela berean eta espazioa eta denbora partekatuz, elkar ulertzea eta informazioa eskuratzea"

Amelia Barquin, HUHEZIko irakaslea eta ikerlaria


 

Euskara, komunikazioaren erdigunean

Hizkuntzen kudeaketari dagokionez, ikastetxe askok ez daukate irizpide argirik ikasturte hasierako bileretarako; hala ikusi dute HUHEZIko ikertzaileek. “Orain arte, ikasturte hasierako lehenengo bileran, hizkuntzei dagokienez, hainbat estrategia erabili dira. Testuinguruaren arabera, euskaraz soilik egin izan dira bilerak; edo euskaraz eta, bukaeran, laburpena egin izan da gaztelaniaz; edo, leku batzuetan, gaztelaniaz egin dira. Beste batzuetan, bi bilera egiten dira, euskaraz bata eta gaztelaniaz bestea; edo xuxurlariak erabiltzen dira; edo PowerPointak itzultzen dira… Berdin da zer egiten dugun hizkuntzen kudeaketaren gainean, ez gara oso pozik gelditzen”. Zaldibian, premiazkotzat jo dute eskola osoak ikasgela guztietako bileretarako irizpide bateratuak edukitzea, eta hori erdiesteko, aldibereko itzulpena probatu zuten. Bilera euskaraz egiten du irakasleak, eta, itzulpena behar duten gurasoek aldibereko gaztelaniako itzulpena jasotzen dute. Bileretan parte hartu duten gurasoek ondo hartu dute, Barquinek azaldu zuenez: “Guraso guztiak bilera berean elkarrekin egoteak poza ematen du, eta, gainera, denbora laburragoa da, ez baita itzulpenarekin denbora galtzen”.

Itzulpena eskolako irakasle batek egiten du, ikasgela bazterretik, eta premia duenak bere sakelakoaren bidez entzuten du aldi berean, Telegram aplikazioarekin. Itzulpena behar duen pertsona bakarra dagoenean ere, egokiagotzat jotzen dute adituek Telegram aplikazioa erabiltzea, xuxurlaria ondoan edukitzea baino. “Era horretan, pertsona hori nahi duen lekuan eser daiteke, eta itzultzaileak ez du haren alboan egon beharrik; beraz, ez daude gertutasun fisikora behartuta”. 

Izan diren zailtasunak, oro har, teknikoak izan dira. Telegram kanala aurrez instalatu eta prestatu behar da; wifia behar da, eta entzungailuak, eta bateria zaindu behar da… Bilera aldi berean itzultzeak buruhausteak ekar diezazkioke lan hori egitea egokitu zaion irakasleari, ez baitira itzultzaile profesionalak. “Badakigu itzulpenak ez direla perfektuak izaten, baina konplizitatez eta kariñoz egiten dira, eta inor ez da kexatu itzulpen kaxkarra egin diotelako. Pertsonek eskertzen dute konplizitatea”, adierazi zuen Barquinek. Zalantzarik ere sortu zaie bidean: “Familia etorri berri askoren etxeko hizkuntza ez da gaztelania, eta, bilerak gaztelaniara itzultzen baditugu, gaztelania indartzen ari ote gara? Badaukagu kezka hori. Dauzkagun baliabideen arabera egiten dugu lan eta taldean euskaraz eta arabieraz egiteko gai den pertsona bat badaukagu, bikain. Pertsona horien bila gabiltza, eta pertsona horiek gure ikasleak izango direla pentsatzen dugu”.

Hizkuntzen kudeaketaz gain, ikasturte hasierako guraso bileren forma ere aldatzea proposatu zieten HUHEZIko adituek Lardizabal eskolako irakasleei. “Bileren egitura zaharkituta gelditu dela iruditzen zaigu; irakasleak hitz egiten du, eta, bukaeran, gurasoek galderak egin ditzakete, edo zerbait esan dezakete; baina, oro har, komunikazioa norabide bakarrekoa izaten da. Dagoeneko ez dugu horrela jarduten ikasleekin, eta, beraz, gurasoekin jarduteko modua aldatzea proposatu genien”. Bi zatiko bilerak egitea proposatu zieten Lardizabal eskolakoei gurasoen parte hartzea, komunikazioa eta elkarbizitza sustatzeko. Lehenengo atalean, irakasleak ohiko azalpenak ematen ditu, eta, bigarren zatian, elkarrekintzarako denbora hartzen da. 

Bileraren bigarren partean, parte hartzeko saio bat aurkezten die tutoreak gurasoei. “Lau, bost edo sei laguneko taldeetan jarrita, eskolako gai baten gainean dinamika bat egitea proposatzen diegu, elkarrekin gogoeta egin dezaten, eta, gero, taldean atera dena ikasgelako beste gurasoekin partekatzen da. Amaitzeko, jasotze ekintza egiten da. Jarduera horrek elkarrekin hitz egiteko eta elkar apur bat ezagutzeko aukera ematen die familiei. Dinamikak harremana, komunikazioa eta parte hartzea dakartza. Guraso bileran 20 bat minutuz gai bati buruz giro onean hizketan aritu badira, gero, elkar agurtuko dute guraso horiek eskola atarian edo kalean, eta, agian, hitz batzuk trukatuko dituzte herrian. Hori gertatzen dela esan digute”, azaldu du Barquinek.

Helburuak bete ahal izateko, funtsezkoa da parte hartzea. Horregatik, gurasoak bilerara erakartzea beharrezkoa denez, motibazioan eragiteko premia ikusi dute HUHEZIkoek: “Irakasleek diote bileretara guraso gehiago etortzea nahiko luketela. Hain zuzen ere, gehien behar dutenak, atzerritar jatorriko guraso batzuk, izan ohi dira gehien huts egiten dutenak”. Horiek ere bilerara erakartzeko, hainbat estrategia proposatu zizkieten HUHEZIkoek Lardizabalgoei: batetik, umeek eurek egiten dituzte gurasoentzako gonbidapenak ikasgelan; bestetik, umeek oparitxo bana prestatzen dute gurasoentzat. Era berean, ideia ona izan daiteke bilera amaieran gurasoek seme-alabentzat opari bat egitea ere…

Aurrera begira, Zaldibiako elkarbizitza prozesuko guraso bilerei dagokienez, bi erronka zehaztu zituen Barquinek: “Batetik, irakasle batzuen erresistentziak kudeatzea; eta bestetik, sistematizatzea, ongi ateratzen diren estrategiak mantendu egin behar baitira. Aldaketa xumea dela esan liteke, baina, aldi berean, oso indartsua. Hau probatu dugu, eta ezin da atzera egin; ezin ditugu bilerak lehen egiten genituen bezala egin”. 

Zaldibian ez ezik, UEMAko beste hainbat herritan ere ari dira Euskara eta kulturartekotasuna herri euskaldunetan egitasmoa garatzen. 2022-2023 ikasturtean, Aizarnazabalen, Ibarran, Leitzan eta Ondarroan landu zuen UEMAk egitasmoa, eskolekin. Ikasturte honetan, berriz, Alegia, Arbizu, Areatza, Asteasu, Azpeitia, Bera, Itsasondo, Legorreta, Lizartza, Markina-Xemein, Mutriku, Oñati eta Oriora zabaldu dute egitasmoa. Horietan guztietan, guraso bilerak Zaldibiako eskema berriarekin egitea proposatu dute HUHEZIko adituek. 

 


"Talde txikietako dinamiketan gurasoen artean gatazkak sortuko ote ziren kezka zuten irakasleek. Gero, ordea, balorazio ona egin dute talde dinamikez"

Eider Amundarain, Lardizabal eskolako zuzendaria


 

Bileretarako galderak

  • Zer egin dezakegu gure umeei laguntzeko haien artean harreman onak izan ditzaten?
  • Nola susta edo hobetu genezake familien arteko harremana eskolan?
  • Zer da zuretzat garrantzitsua edo eskolak kontuan hartzea nahiko zenukeena?
  • Zein da eskolako alderdirik onena? Zer da gehien balioesten duzuna?
  • Nola ospatu genitzake umeen urtebetetzeak eskolan, modu inklusibo batean?
  • Nola kudea genitzake umeen arteko istiluak?
  • Zer ekarpen egin dezakete gurasoek eskolan?
  • Eskolara zer egitera etorri nahi duzu?
  • Zer espero duzu ikasturte berri honetan? 

 

Zaldibiako irakasleen eta gurasoen balorazioa

Lardizabal eskolako zuzendari Eider Amundarainek adierazi zuenez, ez zuten espero HUHEZIko irakasleek ikasturte hasierako guraso bilerak aldatzea proposatuko zietenik “zaharkituta” zeudelako. “Gure hasierako kezka euskararen eta kulturartekotasunaren gainekoa zen, eta gure nahia ikasgelako bilera guraso guztiek ulertzea zen, ez ikasgelako bilera aldatzea. Eskola publikoan, irakasle berri pila bat izaten dugu ikasturte hasieran, eta lehendik ere urduritasun eta lan handia ekartzen duen bilera izaten da ikasturte hasierakoa. HUHEZIkoak eurak etorri ziren eskolara, klaustro osoari azalpenak ematera, eta berehala hasi ginen denok lanean”. Irakasle guztiek eraldatu zituzten guraso bilerak, hizkuntzen kudeaketari eta egiturari dagokienez. 

Irakasleen balorazioa garrantzitsua izan da esperientzia honetan. “Irakasleen iritziei dagokienez, nola sentitu diren galdetu diegunean, urduritasuna aipatu digute, batetik, ikasgelako bilera urduritasuna sortzen duen bilera delako beti; baina, bestetik, talde txikietako dinamiketan gurasoen artean gatazkak sortuko ote ziren kezka zuten irakasleek. Gero, ordea, balorazio ona egin dute talde dinamikez”, Amundarainek azaldu zuenez. Egitura berriak dakartzan zailtasunen artean, lan gehiago egin beharra nabarmendu dute irakasleek. “Ikasgelako bilera bakoitzean, lau irakaslek hartzen dute parte, eta baita bilera aurrez prestatzen ere. Bi irakaslek aurkezpena egiten dute; beste irakasle batek itzulpena egiten du, eta beste batek, zaintza lana. Eskolako helburuekin lerrokatua dago eskola bilera, eta, beraz, beste nonbaitetik kendu, eta horri eman behar zaio ondo egiteko behar den denbora”. Irakasle berri bat datorrenean, beti beste irakasle baten laguntza daukala adierazi zuen zuzendariak. “Guraso berriei bezala, irakasle berri guztiei ongi eman behar zaie egitasmoaren berri; garrantzitsua da guztiek esparrua ongi ezagutzea”.

Abantailen artean, gurasoen kolaborazioa nabarmendu zuen zuzendariak: “Funtsezkoa izan da guraso konplizeak lortzea”. Gurasoen balorazioak ere jaso zituzten, egitura berriarekin egindako bileren amaieran: “Gurasoek nabarmendu zuten asko gustatu zitzaiela talde dinamiketan hitz egiteko tartea edukitzea, egunerokoan ez baitute halako espaziorik edukitzen. Komunikazioa, gertutasuna eta gurasoen eta irakasleen artean sortzen den giroa baloratu zuten. Gurasoek erabakitzeko aukera izan nahi dute eskolan, eta aurrera begirako bilerak egitura berriarekin egitea eskatu dute”.

Ondorioa da lan gehiago egin behar dela baina gurasoak eta irakasleak gustura sentitzen direla, Amundarainek adierazi zuenez. Hain ona izan da esperientzia, ezen ikasturtean zehar bigarren guraso bilera egiten hasi baitira Zaldibian, eta ez zuten halakorik egiten aurrez. Euskaraz, aldibereko itzulpenarekin eta egitura berriarekin egiten dute bigarren bilera hori ere. Lehen atalean, ikasturtean egiten ari diren lanari buruzko azalpenak ematen ditu tutoreak, eta, bigarren zatian, talde txikietan, ikasgelakoei interesatzen zaien gai baten gaineko solasaldiak egiten dituzte gurasoek. 

 

Lardizabal eskolaren arabera, bileretan zaindu beharreko ezaugarriak

  1. Garrantzitsua da bileretara joatea. Helburuak betetzeko, gurasoen parte hartzea zaindu behar da. Bileretara joan daitezen motibatu behar dira, behar den kasuetan tutoreak abisu zehatzak emanez. Garrantzitsua da tutoreak jakitea nor etorriko den bilerara, eta, beraz, gurasoek aurrez jakinaraztea joango den ala ez.
  2. Denbora eman behar zaio gonbidapenak ongi prestatzeari.
  3. Arlo teknikoak zaindu behar dira, bilera aurretik eta bileran zehar. Pertsona batek hartu behar du horren ardura: entzungailuak, wifia, Telegram aplikazioa telefono guztietara egokitzea… 
  4. Irakasle berriei laguntza eman behar zaie, eta ongi azaldu behar zaizkie proiektuaren zehaztasunak.
  5. Zaintza zerbitzua eskaintzen da bilera guztietan, haur txikiak zaintzeko, eta irakasle batek egiten du zaintza. Jendea bilerara etorriko dela ziurtatzeko garaian, garrantzitsua da familia batzuentzat zaintza zerbitzua emango dela jakitea. 
  6. Gurasoen kokapena ere zaintzen dugu: ez dira edozein modutan esertzen, ez biribil handian gaudenean eta ez talde txikietan gaudenean ere. 
  7. Ama hizkuntzekiko keinu bat izaten dugu; hasieran eta bukaeran, hitz batzuk egiten ditugu gurasoen jatorriko hizkuntzetan.
  8. Garrantzitsua da bilera laburra izatea: azalpena eta talde txikiko dinamika ordubetean egin behar ditugu. 
  9.  Ziurtatu behar da haur guztiek izango dutela gurasoen oparia. Gurasoren bat ez bada bilerara joan eta ez badio semeari edo alabari oparirik egin, beste haurrei ere ez zaie oparia emango, guztiek jasotzeko aukera izan arte.
  10. Argazki bat bidal daiteke gurasoen Telegram taldeetara bileran parte hartu izanagatik eskerrak emateko.