Eskolan bertsolaritza sustatzeko egitasmoa Bertsolaritzaren geroa ziurta­tzea da Bertsozale Elkartearen egiteko nagusia. Horretarako, hainbat esparrutan eragiten du, besteak beste, transmisioan. Zeregin horretan, Bertsozale Elkartearentzat funtsezkoa da Euskal Herriko haur eta gaztetxoek bertsolaritzaren ­oinarri-oinarrizko ezagutza ­izatea, gure herri-kulturaren ondareetako bat den heinean.

Ikastetxeetan egiten duen ­lanak bi norabide hauetan lagunduko dio bertsolaritzari: bertsolaritza indartzen eta partaidez elikatzen, alde batetik; eta, bestetik, herrietan bertso-eskolak sortzen edo abian daudenak partaidez ­hornitzen. Bertso-eskolak ­sendotzeko, beraz, funtsezkoa da ikastetxeetan neska-mutilei ­bertsolaritza hurbiltzea.
Bertsolaritzaren transmisioa ­eremu berriak irabazten ari da ­urtetik urtera. Horren isla dira ­amaitzear den 2011-2012 ikasturteko datuak. 
Guztira, Euskal Herriko 374 ­ikastetxetan landu da bertsolari­tza. Iazko ikasturtearekin alderatuta, 47 ikastetxe berri aritu dira ­egitasmoan. Ikastetxe horietan, 20.270 ikasle aritu dira bertsolaritza lantzen, iaz baino 2.828 ikasle gehiago. Ikasle horiekin guztiekin batera, Bertsozale Elkarteko 36 bertso-irakasle aritu dira, gainera. 
 
Bertsolaritza hezkuntza arautuan
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, Humanitate eta Hezkuntza Zien­tzien Fakultateko (HUHEZI) adituen ­aholkularitzarekin, Bertsolaritzaren Curriculuma Lehen Hezkuntzan lana argitaratu zuen 2008an. Lan hori da, hain zuzen, Bertsozale Elkarteak ikastetxeetan duen egitasmoaren oinarri teorikoa. 
Bertsolaritzaren Curriculumean oinarrituta, Bertsozale Elkarteak Gu ere bertsotan egitasmoa eskaini zien ikastetxeei. Egitasmoa ikasturte osokoa da, eta, astero edota bi astez behin, ordubeteko eskolak eskaintzen dizkio bertsolaritzari. Eskolak Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetan ematen dira batik bat, Euskarako ikasgaiaren barruan.
Eskola horiek Bertsozale Elkarteko irakasleak gidatzen ditu, tutorearen ­laguntzaz. Bertsozale Elkarteak argitaratutako Gu ere bertsotan ikasliburua baliatzen dute ikasleek eskola horietan. Irakasleek, berriz, audio- eta bideo-material osagarriak dituzte eskura. 
Egitasmoaren inguruan, era berean, hainbat ekimen berezi antolatzen dira ikastetxeetan: jaialdiak, kantaldiak, bertso-saioak, eta abar.
Ikasliburuak ikuspegi komunikatiboan oinarritzen diren 9 sekuentzia didaktiko lantzen ditu, audio eta bideo ­osagarriez lagunduta. 
Gu ere bertsotan 1 eta Gu ere bertsotan 2 liburuek osatzen dute ikasmateriala. Lehena 2010-2011 ikasturtean ­argitaratu zuten, eta euskal materialen alorrean Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ematen duen saria jaso zuen, “ikasmaterial osagarririk hoberena” atalean.
Ikasturte honetan, bi berrikuntza nagusi izan ditu egitasmoak. Alde batetik, Bertsozale Elkarteak eta Ikastolen Elkarteak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute, eta abian jarri. Hitzarmen horri esker, bi elkarteak elkarlanean aritu dira datozen urteetan. Hauek dira ­hitzarmenaren ildo nagusiak: Euskal Curriculumaren barnean bertsolaritzari dagokion tokia zehaztea; bertsolari­tza eskola-orduetan ematea; bertsolaritzari lotutako materiala elkarlanean ­egitea; ikastoletan zein herri-mailan bertso-eskolak eta bat-bateko taldeak sustatzea; eta, azkenik, Eskolarteko Bertsolari Txapelketa elkarlanean antolatzea.
Bigarren berrikuntza, beste aldetik, bertso-irakasleen prestakuntzarekin lotuta dago. Ikasturte osoko prestakuntza bideratu da, eta irakasleek berek aukeratu dute aurtengo gaia: irakasleen estrategiak.
...