Europako herrialdeetan hezkuntzaren arloan dauden beharrei, eta bereziki, Bigarren Hezkuntzako ikasleek dituzten premiei erantzuteko jarri zen martxan Golden 5 programa 2004an. Ikasgeletako dibertsitatea egoki kudeatzea da proiektuaren egiteko nagusia. Ikasle bakoitzaren ahalmenak bere gorenera eramatea du helburu eta, horretarako, ikaslearen gaineko begirada baikorrean oinarritzen da, alderdi positiboetan fokua jartzeak motibazioa handitzen duelako, eta motibazioak, era berean, ikaslearen eraginkortasuna.Euskal Herrira orain dela hiru ikasturte heldu zen Golden 5 programa, Berritzeguneetatik bideratuta, Maria Jose Leraren laguntzarekin. Uneotan guztira 86 ikastetxe ari dira parte hartzen egitasmoan.

Alderdi positiboetan begirada jarriz

“Pentsatzen dugun horixe ikusten dugu”. Oinarri horren gainean eraikitzen da Golden 5 proiektuaren atzean dagoen filosofia guztia. Teoria horren arabera, giza garunak pentsatzen duenaren arabera hautematen du errealitatea. Premisa hori ikastetxeetako eguneroko jardunera eramanez gero, hainbat paralelismo egin daitezke. Esate baterako, irakasleak pentsatzen badu ikasle jakin batek arazo akademikoak dituela eta gainera jarrera txarra duela, horixe izango da gelara sartzen denean ikasle horrengan ikusiko duena. Irakaslearen ikuspegi horrekin baina, arazoa handitzeko arriskua egon daiteke, “ikuspegi negatiboek jokabide negatiboak dakartzatelako”.  Egoera mota horiei buelta ematea, hau da, negatiboa positibo bilakatzea proposatzen du Golden 5ek eta irakasleari hainbat estrategia eskaintzen dizkio ikasle guztiez era baikorrean pentsatzeko eta pertsona denen alderdi positiboak ikusi eta bistaratzeko: “Pertsona batek arazo akademikoak dituela eta gainera jarrera txarra duela pentsatzen badugu ere, aldi berean, pentsa dezakegu ikasle horrek ikaskideekin erlazionatzeko gaitasun itzela duela. Beraz, jar dezagun arreta gaitasun positibo horretan eta indartu dezagun ikaslearen alderdi hori”, hala dio Maria Jose Lera Sevillako Unibertsitateko Psikologiako doktoreak eta Golden 5 programaren sortzaileetako batek. Irakasleen begirada aldaketan jartzen du fokua, Golden betaurrekoak janzteko eskatzen die irakasleei, eta lehen begiratuan erraza ematen badu ere, oso konplexua dela gaineratzen du, “zoritxarrez askoz errazago ikusten ditugulako pertsonen eta gauzen alderdi negatiboak positiboak baino”. 

Golden 5ek ikasle bakoitzaren onena ateratzea du xede, bakoitzaren ahalmenak bere gorenera eramatea, eta horretarako ikaslearen gaineko begirada baikorrean oinarritzen da, alderdi positiboetan fokua jartzeak motibazioa handitzen duelako, eta motibazioak, era berean, ikaslearen eraginkortasuna.

Europa mailan, hezkuntza arloan dauden beharrei, eta bereziki, Bigarren Hezkuntzako ikasleek dituzten premiei erantzuteko jarri zen martxan Golden 5 programa. Proiektuaren inguruko webgune ofizialean (www.golden5.org) zintzilikatuta dauden txostenetan ageri den moduan, Europar Batasuneko herrialde guztiek badituzte hainbat erronka komun hezkuntzari dagokionez. Horietan nagusiena aniztasunaren kudeaketa da. Izan ere, gero eta dibertsitate kultural, sozial, ekonomiko, ideologiko… handiagoa dagoenez, ikasgelak geroz eta heterogeneoagoak dira, eta irakasteko formula tradizionalek, usu, ez dute balio.

Ikasgeletako dibertsitatea egoki kudeatzea da beraz, Golde 5 proiektuaren egiteko nagusia. Hartara, irakasleek bi aurpegiko errealitatea izan behar dute kontuan: aniztasunari modu kolektiboan erantzuteko premia duen gizartea batetik; eta ikasle bakoitzaren behar indibidual akademikoak nahiz sozialak artatzeko gai izango den hezikera bestetik. Xede bikoitz horrekin, eta hezkuntzan ikasleen motibazioa hobetzea ipar hartuta, 2004an abiatu zuten proiektua Europako bost herrialdetako profesionalek: norvegiarrek, belgikarrek, italiarrek, poloniarrek eta espainiarrek. Hasieratik, Europar Batasunak diruz lagundu zuen.

Euskal Herrira orain dela hiru ikasturte heldu zen Golden 5 programa, Berritzeguneetatik bideratuta, Maria Jose Leraren laguntzarekin. Blanca Kerejeta  eta Marisol Uria, Ordiziako eta Donostiako Berritzegunekoa aholkulariak, azaldu bezala, elkarbizitza proiektua lantzen ari zirelarik ezagutu zuten Golden 5, gustatu eta ikastetxeei proposatzea erabaki zuten. Hasiera hartan Durangoko, Lasarte-Oriako eta Ordiziako Berritzeguneetako ikastetxeak hasi ziren egitasmoa euren ikasgeletan txertatzen; uneotan berriz, horiezaz gain, Gipuzkoako ia beste Berritzegune guztiak ere sartu dira proiektuan eta guztira 86 ikastetxe ari dira parte hartzen; hastapenetan daude batzuk, sakontze-mailan besteak.  

Espektatibak eta atribuzioak

Golden 5 programa bi teoria nagusitan oinarritzen da: batetik, espektatiben teorian, eta bestetik, atribuzioen teorian. Espektatiben teoria, Pigmalion efektua ere deitzen zaiona, 1978an Rosenthal-ek garatutako teoria da. Haren esanetan, irakasle batek ikasle batenganako espektatiba altuak baditu, ikasle horrek emaitza akademiko hobeak lortuko ditu; aldiz, espektatiba baxuak baditu, ikasleak emaitza okerragoak izango ditu. Lerak azpimarratutako eran, teoria horren funtsean dagoen oinarria da “pentsatzen duguna ikusten dugula”. Hala, irakasle batek norbaitenganako espektatiba altuak baldin baditu, beste guztiaren gainetik, haren emaitza onak ikusiko ditu, eta ondorioz, ikasle horren arrakastarako aukera hazi egingo da; haren akatsak, ostera, nekezago ikusiko ditu irakasleak eta hortaz, ikasle horrek porrot egiteko duen probabilitatea jaitsi egingo da. “Azken batean, espektatiba positiboa bada, ikasleari laguntza estra bat ematen diogu emaitza onak izan ditzan; espektatiba negatiboekin berriz kontrakoa gertatzen da eta emaitza txarretara bideratzen dugu ikaslea”. Ikasle batenganako espektatibak baxuak diren kasuetan, irakasleak pertsona horren alderdi negatiboa besterik ez duela ikusten uste du Lerak, eta gainera, etengabe bere ideia baieztatzen duela ikasle horrek ematen dituen erantzunak edota dauzkan jarrerak txartzat emanaz, eta ondorioz, egoera nabarmen okertzen dela. Izan ere, ikaslearengandik jasotako erantzunek irakasleari sinestarazten diote egoera horrek ez duela irtenbiderik, ikasle horrekin saiatzea alferrikakoa dela. 

Espektatiben teoriak dioena kontuan izanik, Golden 5 programak irakasleei esaten die ikasle guztienganako espektatiba altuak eduki behar dituztela. “Badakit zaila dela, baina sikiera, saiatu egin behar dugu, eta batez ere, modu intentzionatuan saiatu behar dugu”. Lerak azaldutako moduan, ikasle batzuk nahi eta nahiez ikusi egiten dira (parte hartzen dutelako, ideia berriak 

ematen dituztelako, soluzioak proposatzen dituztelako, aldamenekoarekin etengabe hizketan ari delako, etxeko lanak egiten ez dituelako…); beste batzuk, berriz, oharkabean pasatzen dira, haiengan ez du inork arreta jartzen, ikusezinak dira. Kasu horietan, berariaz, irakasleek ikasle horiek dizdira egiten duten arloak bilatu, ikusarazi eta goratu behar dituztela dio Lerak, eta gaineratzen du, garrantzitsua dela modu kontzientean hartzea jarrera hori, ikasle horien alderdi positiboak gurariaz bilatu ezean, inoiz ez direlako aintzat hartuak izango.

Heiderren atribuzioen teoria ere aspalditxokoa da, 1958koa hain zuzen. Atribuzioak pertsona bati atxikitzen zaizkion ezaugarriak dira (alferra da, txukuna da, bizkorra da, lotsagabea da, euskara ona du, kalkuluak buruz egiteko erraztasuna du…), eta teoria horren arabera, gizakiak beste pertsona batzuek egindako atribuzioak baieztatu ohi ditu eta gainera atribuzio hori egiazkoa dela ziurtatzeko adibide zehatzak bilatu ohi ditu. Zergatik baina? Erantzun argia ematen du Lerak: “Hirugarren pertsona baten gaineko atribuzioak beste pertsona batekin partekatzen ditugunean, gu bion arteko harremana estutu egiten da eta gizakiok besteekin ondo eramateko joera dugu”. Hori ia modu inkontzientean gertatzen den zerbait dela dio. Bere esanetan, irakasle batek beste irakasle batekin ikasle baten inguruko edota gela baten gaineko atribuzio bat partekatzen duenean —“ikasle hau zeinen alferra den”—, beste irakasleak atribuzio hori baieztatu egingo du eta esango du: —“bai, egia da, nirekin ere gehientxoenetan etxeko lanak egin gabe ekartzen ditu”—. Kasu horietan, ikasle horren ezaugarri negatiboak ugaritu egiten direla eransten du adituak, eta “txarraren txarrarekin” negatibotasunaren elur bola handituz joaten dela. Aldiz, ikaslearen gaineko atribuzio baikorrak partekatzen badira beste irakasleekin, ikasle horren alderdi positiboak indarra hartuko du eta ikaslea bera loratuz joango da. “Irakasle batek esaten badu: ‘Ikasle honek ekarpen oso interesgarriak egiten ditu eztabaidetan’, besteak esango du: ‘Hala da bai, nirekin ere hobetzen ari da, jarrera aldatu du eta lehen baino gehiago hitz egin eta aportatzen du”’. Teoria horri jarraituz, atribuzioak partekatu eta baieztatu egiten direla jakinik, Golden 5-ek proposatzen du ikasleen gaineko atribuzio positiboak soilik egitea eta negatiboak alde batera uztea.

Bi teoria horiek kontuan izateaz gain, Golden 5 programak audientzia efektuaz ere hitz egiten du. Zer da, baina, audientzia efektua? Atribuzio bat taldean partekatzen bada, atribuzio horretan egiten den balorazioa talde horretan dauden pertsona kopurura iristen da eta haiek ere norbereganatu egiten dute atribuzio hori. Adibide bat jartzen du Lerak: “Ikasle jakin batek ingelesez oso ondo ahoskatzen duela esaten badugu 25 ikasleko gela batean, atribuzio hori 25 aldiz biderkatzen da, audientzia efektua oso boteretsua baita, eta azkenean, audientziak ikasle horren ahoskera onean soilik jarriko du arreta; gaizki ahoskatzen duenean ostera, ez dio inori atentziorik emango, ikaskideek ez baitute uste ikasle horrek oker ahoska dezakeenik ingelesez”. Atribuzio negatiboekin ere gauza berbera gertatzen da: “Irakasle batek ikasgela guztiaren aurrean esaten baldin badu, ‘ikasle honek ez daki esaldi bat taxuz osatzen’, gainontzeko ikasle guztiek, hau da, audientziak atribuzio hori partekatu egingo du eta pentsatuko du ikasle horrek oso gaizki idazten duela. Ikaskideek beraz pentsatzen dutenak eragin zuzena izango du ikasle horrek bere buruaz duen ikuspegian ere. Horregatik dit besteen aurrean atribuzio positiboak soilik egitea komeni dela, eta negatiboak norberarentzat gordetzea inorekin partekatu gabe”. 

Edozein atribuzio positibok, ordea, ez du balio. Lerak esplikatutako moduan, atribuzioek ebidentzia errealetan eta sinesgarrietan egon behar dute oinarrituta. “Ingelesez ondo ahoskatzen ez badu, ez dugu bere ahoskera goratuko, bai ordea, akaso, ingeleseko eskolan zer nolako arreta jartzen duen, edota ingelesezko abestiak zein gogoz entzuten dituen”. Ingelesezko ahoskera ona duela esatea bezalako aipamenekin soilik, haur horren atribuzio positiboak ugalduz joaten direla dio adituak, eta atribuzio positiboak ugaritzen diren heinean, ikaslearen motibazioa ere handitu egiten dela. “Ikasle horrek bere buruarengan duen konfiantza eta autoestimua ere hobetu egiten dira eta eutoefizientzia sentimenduan irabazten du. Positiboak positibora garamatzan ziklo bat irekiko dugu hala. Ikasle hori seguruago sentituko da eta ingelesa ikasteko gogo handiagoa izango du. Ondorioa zera da: ikasleak motibatuz, ikasle horiek erronka akademikoak gainditzea eta arrakasta izatea lortuko dugula”.

Kontzientzia hartzea

Golden begiradaz mintzo den arren, begirada aldaketaz hitz egin baino nahiago du kontzientzia hartzeaz solastu Lerak. Izan ere, bere ustez, irakasle gehienek txertatuta dute begirada mota hori eta modu inkontzientean erabiltzen dute euren eguneroko jardunean, baina soilik ikasle batzuekin, “onak” diren haiekin hain zuzen, “berezko diztira” duten horiekin. Horrexegatik, bere ustez, garrantzitsuena da irakaslea konturatzea gelan dituen ikasle guztietara zabaldu behar duela begirada hori, modu kontzientean: “Oso ondo doazela uste duten edota gogoko dituzten ikasleekin erabili ohi dute dagoeneko irakasleek begirada mota hori. Haiengatik arduratu egiten dira, haien gurasoak kalean ikusiz gero, euren alaba edo semearekin zeinen gustura dauden komentatzen diete, gelan oso ondo tratatzen dituzte ikasle horiek, etab.”. Arazoa horiekin ez, baizik eta ikusten ez diren haiekin dagoela eransten du Lerak. Ikasle “grisak” deitzen diete horiei, oharkabean pasatzen direlako, ez direlako nabarmentzen. Eta are arazo handiago izaten da geletan okerrak egiten dituztelako edota jarrera txarra dutelako ikusten diren haiekin. Horiei guztiei ere betaurreko positiboekin erantzun behar zailea dio Lerak. Helburua da ikasle batzuekin dagoeneko existitzen den harreman-eredua ikasle guztietara zabaltzea.

Bakoitzaren premietara egokituta

Amezketako Zumadi eskolan duela bi ikasturte jarri zuten martxan Golden 5 proiektua, Lasarte-Oriako Berritzegunetik bideratuta, Maria Jose Leraren gidaritzapean. Lehen ikasturtean gela batean soilik hasi ziren program txertatzen, bigarren ikasturtean ziklo osoan ezartzea erabaki zuten. 

Golden 5ek zehazten dituen estrategia  samurrenekin hasi ziren Amezketako eskolan. Bazuten, gainera, ezaugarri bat alde: Zumadi eskola txikia da eta irakasle guztiek ikasle denak ezagutzen dituzte eta taldeak ere ez dira ikasle askokoak, hortaz, zenbait estrategia —adibidez, ikasleak pasabidean izenez agurtzea, haien eskolaz kanpoko ekintzez informatzea eta arduratzea…— Golden 5 txertatzen hasi aurretik ere erabiltzen zituzten: “Gauza batzuk beti egin izan ditugu, eta horrek aukera eman digu modu pertsonalizatuan estrategiak ezartzeko. Ikasle bakoitzak dituen beharren arabera, estrategia bat edo beste aukeratzen dugu, ikasle hori pixka bat loratu dadin eta diztira egin dezan”. Nerea Etxezarreta Amezketako eskolako aholkulariaren hitzak dira. Golden 5 martxan jarri dutenetik modu kontzienteagoan eta sistematizatuagoan lan egiten dutela dio, eta gelan parte-hartzea kostatzen zitzaion ikasle baten kasua jartzen du adibide gisa: “Gelan ikasle guztiei galdera ireki ugari egitea erabaki genuen, erantzunak eskatzea eta ekarpen guztiak ontzat hartzea eta eskertzea. Parte hartzea kostatzen zaion pertsona horren erantzuna une horretarako egokia ez izan arren, gure estrategia da, ekarpena gordetzea eta beste momenturen batean, beste gairen batekin lotuta, hizpidera ateratzea. Orduan, ikasle hori jada ondo sentituko da bere ekarpenak ere zerbaiterako balio izan duelako eta hurrengoan ez zaio horrenbesteko kostako parte hartzea”.

Oharkabean pasatzen ziren ikasleei arreta jartzen hasi ziren Amezketan, haien alderdi positiboak bistaratzen, haien eskolaz kanpokoari garrantzia ematen, etxerako lanen antolaketan laguntzen eta segituan ikusi zuten emaitza: “Harreman pertsonal bat sortzen baduzu ikasle mota horiekin, berarekiko espektatiba onak dituzula sumatzen badu ikasleak, segurtasuna sentitzen badu, beti tratu onak ematen badizkiozu… berak ere barnean daukan on hori guztia eman nahiko du, horrek pertsonen baitan motibazioa piztearekin du zerikusia eta kasu horietan ikasleei aurpegia ere aldatu egiten zaie: burua tenteago ibiltzen hasten dira, alaiago daude, politago…”. Bere buruarengan konfiantza gutxi zuen ikasle baten kasua gogoratzen du Etxezarretak: “Ikasketetan ere nahiko juxtu zebilen, beti arrastaka bezala, etxean ere oso espektatiba baxuak zituzten berekiko, etxerako lanak egiten denbora mordoa pasatzen zuen, egonean… Guk konfiantza eskaini genion umeari, berarekiko genituen espektatibak onak zirela ikusarazi genion, segurtasuna eskaini genion, motibatu egiten genuen eta konturatu ginen neurri horiekin ikaslea gelan gustura sentitzen hasi zela. Orduan familiarekin harremanean jarri ginen eta sinetsarazi genion haien umeak bazezakeela eta laguntza apur batekin ondo jarduteko modua zuela. Ondorioz, etxekoek ere haurrarekiko jarrera aldatu egin zuten, eta gurasoekin batera etxerako-lanak kudeatzeko estrategia bat diseinatu genuen.  Hala, gurasoekin hasieran astero eta gero hamabostean behin elkartuz, konturatu ginen estrategia funtzionatzen ari zela eta umeak hobera egin zuela. Denok geunden gusturago. Azkenan, ikasle hark ikasturtea ondo amaitu zuen, eta gainera, bere buruarengan konfiantza eta segurtasun dezente irabazi zuen”.