Generoaren eraikuntza nola egiten den, nola muga litekeen eta era zabalagoan nola bizi aipatuko da lerrootan. 

Neska, mutil edo ez-bitar bezala hezterako orduan topa litezkeen trabak eta aukerak begiratzeko hurbilpen bat da hau.

Azken urteetan gaiari buruzko informazioa eta formazioa areagotu baldin bada ere, ez dira gutxi bidean sortzen diren galdeikurrak. Galdera eta zalantzei lur bat ipintzeko hiru adituren hitza izango da ardatz erreportajean, Maider Sagredo Eskuderorena, Aitziber Estonbarena eta Jone Zalduegirena. Sagredo Sorginlore proiektuko partaidea eta gizarte hezitzailea da, Estonba sexologoa da eta, besteak beste, Harremanak eta Lilima elkartearekin sexuen hezkuntza-tailerrak eskaintzeaz arduratzen da eta Zalduegi, ostera, Emoki Elkartekoa da eta heziketa sexuala eta familiarra bideratzen ditu, besteak beste.

Abiapuntu gisa generoaren definizioa jarrita, hala dio Sagredok: “Sorginloretik eraikuntza sozial gisa definitzen dugu, non egitura orokorra eta ekonomikoa batzen diren eta arau sozialak dauden. Egitura horrek, emakumeak, gizonak eta ezbitarrak leku batean edo bestean kokatzen ditu, bakoitzari botere eta balio ezberdinak emanez”. Zalduegik Emokiren begirada zein den argi dauka: “Sexologiatik abiatzen garenez, guk eraiki dezakegu gure feminitatea edo maskulinitatea nahi dugun moduan. Sexatzeko hamaika modu daude; hamaika modu emakume eta gizon izateko. Ez gara jaiotzen generoarekin, gizartean sexatzen gara. Izan genitzake genital batzuk edo besteak, baina definitu, gero egiten gara. Jaiotzen garenetik sistema bitar batean banatuta gaude eta horregatik sortzen dira hainbeste nahasmendu, baina berez, nahikoa litzateke esatea nahi beste modu daudela neska izateko edo mutila izateko. Ordea, ez da horrela gertatzen, denok baitauzkagu gure eskemak errotuta”. Estonbak, azken urteetan ikusiak eragindako zalantzetatik, honakoa dio: “Kulturak eta gizarteak kokatzen dituen hainbat rol eta estereotipo daude mutilentzat edo neskentzat, baina denok horietan mugi gintezkeela sentitzea da gakoa, ez horiek deuseztea, ez eta rol batzuk goraipatzea eta besteak deabrutzea ere; begiratzeko daude, aukeratzeko. Genero eraikuntza, identitatearen eraikuntzan dagoen beste alderdi bat da, ez bakarra, eta identitatearen eraikuntzan bere garrantzia duen arren, askoz ere faktore gehiago daude. Horrez gain, hasiera batean umearentzat bere gorputza izango da identifikaziorako tresna eta horren arabera hasiko da identitate eraikuntza hori sortzen”.

 

“Sexatzeko hamaika era daude, emakume eta gizon izateko hamaika era.

Ez gara generoarekin jaiotzen, gizartean sexatzen gara”

Jone Zalduegi, Sexu eta familia hezitzailea

 

Generoari begiratu ondoren, eraikuntzari begiratzeko eskatuta, gogoetarako deia egin du Sagredok: “Eraikuntza hasiera-hasieratik hasten da; ume baten zain dagoenean norbait, izan haurdun dagoelako, harreran hartuko duelako... Zer behar daukagu bere generoa jakiteko? Pentsa dezagun horretan; zertarako jakin behar dugu, zer informazio ematen digu edo zer da behar duguna? Behar hori baldin badaukagu, zerbaitegatik da. Pertsona bati etiketa bat jartzen diogunean, neska edo mutilarena, informazio piloa ematen digulako. Aldatu egiten zaigu hari hitz egiteko modua, galdetzeko modua... Haurrak ere begiradetatik jasotzen duena ezberdina da bi kasuetan, eta horrela, txiki-txikitatik lehen momentutik. Umetatik, ukitzen zaituzten modua, begiratzekoa, keinuak... Ezberdinak izaten dira normalean”. Bide beretik heldu dio erantzunari Zalduegik ere: “Umearen sexuari buruzko galderak jasotzean deseroso senti gintezke batzuk; pilotoa martxan dugunontzat ere, aldiro erantzutea, justifikatzea... Ez da erraza izaten eta unearen edo moduaren arabera baita nekagarria ere. Normalean, gainera, espektatiba asko jartzen dira jaio ez den pertsona horrengan, identitate bat sortzen hasten gatzaizkio jaio aurretik; zuretzat garrantzia du jakiteak zakila edo alua daukan? Ados, zuk jakingo duzu, baina behintzat ongi legoke jabetzea nondik datorkigun gogo hori, edo behintzat, espektatiba horiek jartzen ari garela berarengan eta, ziurrenik, jaio eraikitzen joaten da, sentitzen edo ikusten hasten den ondoren ere hala egiten segiko dugula”. Zalduegik egoerak kontrolatu nahiari egozten dio jakiteko grina hori, ziurtasunak edo ebidentziak eduki nahi izateari, urduritasuna eragiten ei duelako norbait edo zerbait ez etiketatzeak, “ez jakiteak kutxa arrosean edo urdinean sartu behar dugun”. Horrelako egoeren aurrean norbere burua eta energia babestearen garrantzia azpimarratu du Sagredok eta buruan erantzun azkar eta moldagarriak izatea baliagarria dela dio, galdetzen ari denaren profilaren edo testuinguruaren arabera erabiltzeko: “Batzuetan dena baino konplexuagoa egiten dugu elkarrizketa; zer den galdetzen digutela? Bada, bere izena zein den erantzun eta kito! Norberak bilatu behar ditu berarentzat erosoak diren erantzunak eta jarrerak”.

 

“Ez dezagun deabrutu ez femeninotzat duguna ez eta maskulinotzat

duguna ere, habita dezatela 'continuum' hori”

Aitziber Estonba, Sexu hezitzailea

 

Galderari beste ertz batetik begiratzen dio Estonbak eta informazio bat gehiago baino ez dela dio: “Izenari buruz ere galdetzen zaio eta inori horrek ez dio harridurarik sortzen eta izenak ere baditu bere kutsu berritzaile edo klasiko, euskalduna edo erdalduna edo... Informazio guztiek dute etiketa bat edo karga bat, eta egia da, zalantzarik gabe, justu aipagai dugunak kalte eta mailaketa handiak ekarri dituela, baina ez dut uste horren irtenbidea kategoria horiek (neska edo mutil) ezabatzea denik, baizik eta ume edo nerabe horri laguntzea neska edo mutil izaten era askean, horrek mugarik sortu ez diezaion. Etiketa horiek energia efizientzian laguntzen dute. Gure esku dagoena da eredu zabalak ematea, adibide izatea eta rol klasikoak iraultzea. Pentsatu behar dugu horretan guztian garapen ebolutiboak duen garrantzian. Umeak, bere identitatea eraikitzen ari delarik (6 urte arte gutxi gorabehera), ziurtasuna behar du, eraikuntzan dago eta gauza argiak, sinpleak eta ordena ematen diotenak bilatzen ditu, eta horixe eskaintzen diote rolek eta estereotipoek. Helduoi dagokigu rol horiek guztiak denen eskura jartzea, helduagoak direnean erabakiak askatasunez hartzeko gai izan daitezen”.

Estonba haurra identitatea eraikitzen ari denean errespetuz eta gozo hartzeaz ari da eta hari horri tiraka darrai Zalduegik, haurren gustuak oso estereotipatuak direnean egin behar genukeenaz galdetuta: “Urrats bat atzera egin behar dugu gogoetarako: estereotipikoa izateak zer inporta du? Alabak printzesa trajea nahi duela eta semeak kamioiak? Goazen jolasten uztera, agian arreta handiagoa jarribehar genioke jolasteko moduari, jolasari baino; nola komunikatzen diren, zer irudikatzen duten jolas horretan dabiltzanean... Jostailu aukera zabala izatea funtsezkoa da, eskura izatea esperimentatzeko eta garatzeko tresna ezberdinak... Hortik aurrera, arnasa hartu eta aurrera; joerak beti egongo dira, beraz, utzi izaten eta kito”. Estonbak kezkaz bizi ditu generoa lantzeko zenbait joera: “Orain printzesa jantzia debekatua dagoela dirudi, ez dugula nahi haurrek hori janzterik... Baina hori beste muga bat da, garai batean muga zurrunak ziren bezala neskek edo mutilek zer jantzi edo zerekin jolastu behar zuten, ez ditzagun orain muga zurrun horiek aplikatu beste aldera... Beraiek zer egin behar dute? Dena probatu, denarekin jolastu... Eskura jarri mila aukera eta pertsonaia zehatzen bat gorpuztu nahi badute, gorpuzten utzi. Bestela mugatu egingo ditugu berriz ere”. Sistema bitarrean bizi beharraren kargak hirurek ala hirurek aipatzen dituzte eta, Estonbaren kasuan, konstruktoaren berezko oinarri faltaz dihardu: “Sistema bitarra marko sexologikoan ez da sartzen, ez da existitzen, continuum bat da, alde batean feminitatea dago eta maskulinitatea bestean. Ez dago ezer ehuneko ehun ez maskulinoa ez femeninoa, joerak dauden arren, intersexualitatearen kontzeptua gehiago zabaldu eta erabili behar genuke, geure burua ulertzeko, onartzeko eta maitatzeko bidean. Genitalitateari edo hormonei dagokienean ez dago berez bitartasunik, hala saltzen bazaigu ere”.

 

 

“Pentsa, aurreratu samar gaudelakoan, baina San Tomas iritsi

eta zein arropa aukeratzen dugu bakoitzarentzat?”

Maider Sagredo Eskudero, Gizarte hezitzailea

 

Sagredok ere “probatzen uztearen alde” egin du, probatu nahi duena ohiko eskemei dagokiena izan edo ez: “Probatzen utzi behar zaion? Bai. Beste aukera batzuk eskaini? Baita hori ere; probatu ezean ezinezkoa baita zer gustatzen zaigun edo zer gusta dakigukeen jakitea. Eskaintzen dizkiegun liburuetan edo ikus-entzunezkoetan ere gakoa ez da zein kolorez janzten den protagonista edo zenbat distira egiten duen, agian protagonistak zein rol duen aztertzea garrantzitsuagoa da; protagonista arrosez baldin badago goitik behera baina rol boteretsua baldin badu... Koloreak eta markak baino gehiago zaindu behar dira rolak nire ustez. Bestetik, ikus zenezake zure umea benetan den futbolzalea ala taldearen parte izateko ari den hori sumatzen; bakarrik dagoenean baloiarekin dabil jira-biran? Gauza horiek begiratzea eta aukerak eskaintzea da gakoa”. Aukerak eskaintzeaz eta momentu egokian eskaintzeaz ari da Estonba: “Psikomotrizitate saioak gidatzen ditugunean, adibidez, oso argi ikusten dugu askotan: neskak sartzen dira, etxe bat egiten dute, arauak ipini... Mutikoek, berriz, askotan koltxonetetan salto egin, blokeak altxa... Beste jarrera batzuk izaten dituzte. Halakoetan, mutiko horiei nekatzean erretiratzeko, arrastan ibiltzeko... proposamena egitea egokia litzateke eta neska horiei pultsio hori sustatzea, su hori. Oso gozoa denari amorrua ateratzen lagundu behar zaio eta deskarga behar handikoari, jasoketarako tarteak eskaini. Denok dugu bietatik, denetatik; joera bat ala beste izan, beraz, elkar elikatzea eta joera guztien onurak zukutzea da gakoa; ederra da norberarena sutsu babesten eta defendatzen jakitea, baina baita era leunean jokatzea eta pazientziaz itxaroten jakitea ere. Ez dezagun deabrutu ez femeninotzat duguna ez eta maskulinotzat duguna ere, habita dezatela continuum hori”.

Esperimentaziorako, hautatzeko eta bizitzeko aukera zabala eskaintzean ados daude denak, beharrezkoa bezain aberasgarria delako euren eta jendartearen garapenerako, baina ez diete ez-ikusiarena egiten bidean topa litezkeen zailtasunei. Sagredoren kasuan, aipatzen du, bide nagusitik ateratzen diren gurasoek, hezitzaileek edo umeek askotan “urruntze bat” bizi dutela, ezezagutzaren eta beldurraren ondorioz, normalean: “Bide idatzitik ateratzen direnek askotan distantzia hori jasaten dute, helduok ez diegulako aurre egiten gure beldurrei, elkarrizketa normal bat izan beharrean, ez dakigunean haur edo nerabe bat neska edo mutila edo ez-bitarra den, hanka ez sartzeagatik, gatazka saihestearren, aldendu egiten gara askotan berarengandik... Gainera gauza gehiago gehitzen zaizkio maiz horri; asoziazio zentzugabe batzuk egiten ditugula eta behin neska edo mutila den definitzean zer gustatzen zaion ondorioztatzen dugu, eta jakina, hori ez da genero marka baten araberakoa. Heteronorma horretatik ustez ateratzen den norbait identifikatzean, gainera, harro sentitzen gara detektatu dugulako, pin bat merezi bagenu bezala... Oraindik lanketa handia daukagu egiteko, nahiz eta beste herrialde batzuk baino aurrerago gauden.

Pentsa, aurreratu samar gaudelakoan, baina San Tomas iritsi eta zein arropa aukeratzen dugu bakoitzarentzat?”. Kasu konkretu honetan, haurrari berari aukera ematea aholkatzen du, gona edo galtzak jantzi nahi dituen libreki erabaki dezan, eta aukeraketa beste balio batzuetatik ere bidera litekeela dio; erosotasunetik, adibidez.

Arroparen harietatik segiz, Zalduegik ere aukeran ematea defendatzen du, baina sinplifikatuz, gehiegizko aukera konplexuegia izan bailiteke ume batentzat: “Aukeran laranja ala arrosa jarriz, tarteka dinosauruak eta tarteka adarbakarrak jantziz, normotipikoak ez diren familiak erakutsiz, aitona-amonekin pedagogia lana eginez, gai hauez hitz eginez... Era askotara zabal genitzake generoaren mugak euren buruetan”. Aldi berean, erlaxatzea ere ezinbestekoa dela uste du, bestela edozein erabaki “seinaletzat” har baikenezake eta gehienetan erabaki txikiek, bere horretan, ez lukete halako pisurik izan behar ez guretzat, ez txikientzat ere.

 

Entzutea, galdetzea eta berriz entzutea

 

Aintzane Muniaguren Sagardui eta Asier Corrales Ureta Ekaitza Corrales Muniagurenen gurasoak dira. Ekaitza neska transa da eta umetatik adierazi du, era ezberdinetan, nor den. Orain gutxi, 7 urterekin, gurasoei jakinarazi die, argi eta garbi. Bere aitak gogoan du eguna: “Etxera heldu nintzen eta han topatu nituen ama eta biak negarrez eta sartu orduko esan zidan Ekaitzak bera neska dela eta beti izan dela. Esan zigun momentutik aurrera dena izan da familia-babesa, maitasuna eta aurrera egiteko gogoa, etxeko guztion partetik”. Gogoan dute “nesken gauzatzat hartzen diren jarduerak eta arropak” zituela txikitatik gustuko, baina, aldi berean, ezezagutza handia zutela gaiaren inguruan eta ez zutela ondorio lasterrik atera nahi, azken batean berdin baitzitzaien panpinekin jolastea gustuko izatea.

Amak gogoan du mozorro-guneetan beti aukeratzen zituela emakumeak irudikatzen zituzten mozorroak eta ez zutela inongo trabarik jartzen, baina bi gurasoek aitortu dute kosta egiten zitzaiela arropa denda batera sartu eta Ekaitzak eskatzen zituen arropak erostea, horiek mutil batek ezin zituela jantzi esaten zioten, ikaraz: “Ordura arte agian gauza asko egin genituen gaizki, baina orain dena ongi egingo dugu, ahalik eta ongien behintzat!”, dio amak. Bolada iluna pasa zuen Ekaitzak, “zena izaten uzten ez” ziotelako eta eskolan ere eragina izan zuen aldi hark, baina etxekoei esatera ausartu zenetik denak egin zuen hobera eta dagoeneko izena eta sexua aldatuta dauzka Euskal Herri mailan eta endokrinoarekin harremanetan daude. Ekaitzaren erritmora egin nahi dute bidea eta Naizen elkartearen laguntzarik ez zaie falta. Haurra entzutearen eta hari galdetzearen garrantzia azpimarratzen dute. Ekaitzari aholkua eskatuta, berriz, argi dauka: “Esan. Esan gurasoei, ingurukoei... Esan”.

 

Erabakiak, begiradak eta galderak

 

Haur edo nerabe batek bere generoaren eraikuntza era askean bizi badu eta esperimentaziorako irrikaz baldin badago, jendartearen begirada zaharkituarekin talka egin lezake eta min hartu. Nola utzi aske izaten bere askatasunaren praktikan neurriz kanpo sufritu gabe? Nola jakinarazi bere praktikak arazoak sor diezazkiokeela?

Ala ez zaio jakinarazi behar? Galdera praktiko horietatik abiatu dira aholkuak eskaintzeko hiru adituak, tartean, Zalduegi: “Demagun mutil batek soinekoa jantzita joan nahi duela. Nola egin? Espazio seguruak eskainiz eta abixatuz, badagoela jendea agian sistema bitarrean sinesten duena. Ongi dago berak jakitea pertsona guztiek ez dutela gustuko guztia. Ahalduntze hori baldin badu, jakingo du non sentitzen duen indarra soinekoarekin azaltzeko eta non ez.

Baina, bai, zaindu behar dugu bide horretan; benetan nahi al du esposizio hori? Jabetzen al da? Berarekin hitz egitea da onena. Haur eskolan ez da gertatuko talka handirik, izatekotan 4 urtetik aurrera izango da... Lekua eta unea aukeratu behar dira. Gurasoen begiradan errua sortzen da batzuetan hau erregulatu beharrarekin, baina bestela pentsa genezake; guk ere ez dugu agertzen identitate bera leku guztietan, elkarrizketa hau, esaterako, segun eta norekin den, agian ez nintzateke egongo hain erlaxatuta; bada, pentsa txikitxo baten azalean, are nabarmenagoa dela aldea. Guk uste baino gehiago eta hobeto ulertzen dituzte gauzak, beraz azaltzea da bidea; agian ez dela eroso egongo edo zerbait esan diezaioketela... Eta guneak bilatzea”. Bat dator Estonbak esandakoa ere, berak ikusten du azken urteetan aldaketa handia gertatu dela buru irekierari dagokionean, baina oraindik ere ziurrenik ume hori bakarra izango dela; gona daraman eskolako mutil bakarra: “Etxean bi gauzak uztartu daitezke; esan geniezaioke eskubide guztia daukala hala joateko, baina ulertarazi behar zaio zerekin topo egin dezakeen. Irakasleak alde dituzte, lehen ez zutena, lagundu eta babestuko dutelako edozein espresio. Baina Realeko kamisetarekin doanak biziko ez dituen egoera batzuk bizi beharko ditu. Ikusi egin beharko da zein den beharra edo proba bat den edo zer eta nola egin... Momentuz, ez daukagu nahi dugun gizartea, tamalez, baina horretan ari gara eta iraultza horretan helduok izan behar dugu gidari, ez haurrek”. Gizarte desiragarriago bat eraikitzeko bide horretan, ereduak eskaintzearen garrantziaz aritu da Sagredo eta haurraren edo nerabearen ausardia saritzeaz, eurak ere jabetzen baitira inguruan ez dutela bide hori urratzen duen inor: “Hitzezko estrategia batzuk eman geniezazkioke, erantzun logiko eta errazak izan ditzaten (“zer zerikusi du gona janzteak eta neska izateak?”). Komunetako ateetako marrazkiak kalte handia sortu du baina jar genezake arreta salbuespenetan: Donostian danborradan traje asko daude gonarekin, beste kultura batzuetan txertatuta dago gizonezkoek gona erabiltzea... Testuinguru aproposak eskaini behar zaizkio pertsona horri, pausuak emateko gune seguruak eta, aldi berean, naturaltasunez egin bidelaguntza hori. Geroni eredu emaile izatea garrantzizkoa da eta, adibide izanez, berarengan aukera aniztasuna sustatzea”.