Gemma Riera, VIC unibertsitateko irakaslea

 

 

Ikaskuntza Kooperatiboaren ekarpen pedagogikoak inklusioaren norabidean mintegia eskaini zuen Gemma Riera Vic unibertsitateko irakasleak, Hezkuntza, Filosofia eta Antropologiako Fakultatean, Inkluni Iker-taldeak gonbidatuta. Aniztasuna artatzeko GRAC ikertaldeko kidea da, eta talde kohesioaren eta ikaskuntza kooperatiboaren lan-lerroan dihardu. 

 

Zein da ikaskuntza kooperatiboaren jatorria?

Jatorria eskola inklusiboan dago. Baina zehaztu dezagun zer den eskola inklusiboa. Mundu guztiak hitz egiten du inklusioari buruz, baina gero batzuetan iritzi desberdinak aurki ditzakegu gaiari buruz. Susan Bray Steinbacken definizioan, hezkuntza inklusiboa prozesu bat da, eta prozesu horren bidez ikasle guztiei, desgaitasunengatik, arrazagatik edo bestelako edozein diferentziagatik bereizkeriarik egin gabe, gela arrunteko kide izaten jarraitzeko aukera ematen zaie, kideengandik eta kideekin ikasiz. Geletan daukagun aniztasunari erantzuteko, ezin dugu gaur egungo planteamenduekin jarraitu, ezin dugu gelan instrukzio prozesuekin jarraitu. Beste modu batzuk bilatu behar ditugu ikasle guztiengana iristeko. Irakaslea ezin da zatitu orain ikasle bati eta ondoren beste ikasle bati erantzuteko, irakasleok estrategiak bilatu behar ditugu gelako diferentzia indibidualei, banakoen diferentziei, erantzuteko. Estrategia horietako bat ikaskuntza kooperatiboa da, ikasle guztiengana iristeko baliabide bat da; hau da, gelako ikasle guztiek elkarrekin ikasteko bide bat da.

 

Aniztasuna aipatu duzu. Nola definituko zenuke aniztasuna ikaskuntza kooperatiboaren ikuspuntutik?

Banakoen diferentzien multzo moduan definituko dugu. Aniztasunari ikuspuntu desberdinetatik begira diezaiokegu. Aniztasuna hezkuntza premia bereziko ikasleei buruz aritzeko soilik erabiltzen baldin badugu, fokua ikasleengan jartzen ari gara. Eta hor gelditzen gara; izan ere, fokua ikaslearengan jartzen dugunean, gauza gutxi egin dezakegu ikaskuntza prozesuak hobetzeko. Aldiz, aniztasuna banakoen diferentzia multzoa dela ulertzen baldin badugu, fokua ikasle guztiengan jartzen dugu eta testuingurua aldatzen dugu. Eskola inklusiboak testuingurua aldatzen du. Testuingurua da egokitu behar dena, ikasleak ikasi ahal izateko eta parte hartu ahal izateko oztopoak testuinguruan baitaude. Testuingurua aldatzen baldin badugu, ikasleek parte har dezakete. Eskola inklusiboan, ikasleengana iristeko modua aldatzen badugu, guztiek par hartu dezakete. Ikasleari soilik begiratzen badiogu, zaila izango dute, testuingurua aldatu gabe, guztiek parte hartzea.

Batzuetan parte hartu ezin duten ikasle horien azalean jartzen naiz. Nola sentitzen da ikaslea premia bereziko geletara bidaltzen dugunean? 

 

Testuinguruan aldaketak egin behar ditugula esan duzu. Zer-nolako aldaketei buruz ari zara?

Aldaketak egiten hasi aurretik, gelako testuinguruan ikasleen parte-hartzea eta aurrerapena saihesten duten zer-nolako oztopoak dauden identifikatu behar dugu. Informazioaren irisgarritasunari loturiko oztopoak izan daitezke: autonomia mugatzen dutenak; espektatiba baxuak izatea ere ikasle horren ikaskuntza mugatzea da; antolakuntza zurrunak ikasle gutxi batzuen beharrei soilik erantzuten die, esate baterako: nik gelan metodologia zehatz bat erabiltzen badut, soilik hiruzpalau ikasleren premietara egokitzen naiz, baina ikasteko beste modu batzuk, beste motibazio batzuk eta beste interes batzuk dituzten ikasleak ez dira zurruntasun horretara egokitzen. Eta orduan zer gertatzen da? Nik esandakoa ulertzen ez duten ikasleek besteak molestatzen dituztela. Arazoa da nik gelan azaltzen dudana ez dela euren ikasteko modura egokitzen. Garrantzitsua da ikasgelan ikasle guztiengan iristeko metodologia desberdinak garatzea. Josep Maria Jarqueren hitzak ekarrita, ez dago erantzun berdinik guztientzako eta ez da bikaintasun bakarra existitzen; ikasle guztiak bikainak dira eta ikasle guztiengana iristeko gakoa testuingurua aldatzea da. 

Testuingurua banakoen diferentzietara egokitzen baldin badugu, ikasle guztien presentzia, parte hartzea eta progresua lortuko ditugu. Hiru p-ak. Guri ez zaigu presentzia soilik interesatzen, kontua ez da ikasle guztiak gela berean egotea soilik, ikaskuntza kooperatiboari ikasle guztiek parte hartzea eta guztiek aurrerapenak egitea interesatzen zaio, hori da inklusioa. 

 


"Aniztasuna banakoen diferentzia multzoa dela ulertzen baldin badugu, fokua ikasle guztiengan jartzen dugu eta testuingurua aldatzen dugu".


 

Ikasle guztiak gelan elkarrekin egoteak ikasle guzti-guztiak aberasten dituela diozu, ez soilik hezkuntza premia berezietako ikasleak. Nola?

Inklusioa ekitate eta justizia auzi bat da. Desgaitasun bat edukitzea ez da sententzia bat, desgaitasun bat daukan pertsonak, beste edonoren moduan, eskola arruntean egoteko eskubidea dauka edo, herrialde inklusiboek dioten moduan, “guztien eskolan” egoteko eskubidea dauka. Ikasle guzti-guztientzako beharrezkoa da gelan elkarrekin egotea, denok elkarrengandik ikasten baitugu. Gizartean bizitzen ikasteko, garrantzitsua da gelan ikasle guztiak elkarrekin egotea, ikaslea eskolatik ateratzen denean, kalean eta lan munduan, gizartea heterogeneoa baita. 

 


"Desgaitasun bat edukitzea ez da sententzia bat, desgaitasun bat daukan pertsonak, beste edonoren moduan, eskola arruntean egoteko eskubidea dauka"


 

Zer baliabide proposatzen dizkiezu irakasleei gelako aniztasunari erantzuteko? 

Hiru osagai aipatuko dizkizuet aniztasunari erantzun ahal izateko. Batetik, ikaskuntza pertsonalizatua. Gure hezkuntza erantzuna, hau da, irakasten dugun guztia, ikasleen ezaugarrietara eta beharretara egokitu behar da. Ez bada egokitzen, ikasle horrek ez du ikasiko, eta, gainera, baten batek ondokoari enbarazu egingo dio, ez baitu ulertzen gelan gertatzen ari dena. Hori lortzeko ikasleen ezaugarrietara egokitu behar gara, ikasle bakoitzaren kapeluari begiratu behar diogu. Horrek gure ikasleak oso ongi ezagutzea eskatzen digu. Lana da bai, baina kalitatezko lana da. Irakasleok ikasleek aurrera egin dezaten nahi dugu, parte hartu dezaten nahi dugu, beraz, egokitzea eta pertsonalizatzea gure lana da. Ongi baliatutako denbora da, kalitatekoa, ikasleek ikasi egiten dutelako, ala nahiago dugu lan azkar bat egin eta ikasleek ezer ez ikastea?

Ikasle ezberdinei erantzuteko beste osagai garrantzitsu bat metodologia autonomoak indartzea izango litzateke. Esate baterako, txokoetako lana edo ikasle bakoitzak banaka lan egitea bultzatzen duten metodoak. Alde batetik oso garrantzitsua delako autonomia sustatzea, izan ere, hezkuntzaren oinarrizko helburuetako bat ikasleen garapen pertsonala lortzea baita, baina inportantea da, baita ere, autonomia sustatzen duten metodologiak erabiltzea ikaslea pentsatzen eta lan egiten ari den bitartean, irakaslea laguntza behar duen beste ikasle batengana joan daitekeelako. 

Beste osagaia ikasleak eurak dira. Irakasleok tresna oso garrantzitsu bat daukagu gelan eta ez dugu erabiltzen aniztasunari erantzuteko. Ikasleek euren ikaskideei lagundu diezaiekete, eta horrek euren ikasketa prozesuan laguntzen die, ezagutzak indartzen, transmititzen eta partekatzen ikasten dute  —hau Vygotsky da, “interakzioz ikasten dugu”—. Are gehiago, taldean lan egiten ikasten dute, ez soilik baliabide moduan, eduki moduan baizik. Taldean lan egiteko konpetentzia ez da ahoz ikasten, praktikatuz ikasten da.

 

Nola jakin genezake gure eskola, egunerokoan, inklusiboa den ala ez? Egokitzapenak eginda, zer ezaugarri izan behar ditugu kontuan benetan modu kooperatiboan jarduten dugula ziurtatzeko?

Hainbat ezaugarri izan behar ditugu kontuan: nola egiten dugu lan gela barruan? Nola egiten ditugu talde heterogeneoak? Talde horiek egiteko garaian, zer eduki beharko genuke kontuan, ikasleen motibazioak, interesak, gaitasunak, elkarri laguntzeko gaitasuna…? Proposatzen dugun ekintzaren egitura zein den kontuan eduki behar dugu; ikasleak nola antolatzen dira? Nola egiten dute lan? Nola hartzen dute parte? 

Irakaskuntza eta ikaskuntza prozesua egituratzeko hainbat modu daude, guk hiru irakasle profil identifikatu ditugu: batetik, egitura indibidualista erabiltzen duen irakaslea; ikasle bakoitzak dagokiona egitea nahi du irakasle horrek, beste kideek egiten dutenari arretarik jarri gabe. Badago profil konpetitiboago bat: irakaslearen kontsigna honakoa da: “Lehenengo bukatzen duena lehendabizi aterako da atarira”, hau da, elkarren lehian jartzen ditu ikasleak. Egitura indibidualistan ez dira ikasleen arteko harremanak existitzen; inor ez da beste inori laguntzen ari. Egitura lehiakorretan, berriz, ikasleek ez diote elkarri laguntzen, besteari laguntzea norberarentzat kaltegarria baita. Eskoletan beste egitura bat ere ari da loratzen, eredu kooperatibotik lan egiten duen irakaslearena. Irakaslearen helburua ikasleek, bat eginda, elkarri laguntzea izango da.

 

Zer baldintza eskatzen ditu talde-lanak, ikaskuntza kooperatiboaren ikuspuntutik?

Lana benetan kooperatiboa dela esateko, bi baldintza bete behar dira. Batetik, mundu guztiak parte hartu behar du eta, bestetik, elkarrekintza aldiberekoa izan behar da. Batzuetan, denok parte hartzen dugu, baina ez dago aldibereko elkarrekintzarik, hau da, ez dago eztabaidarik, ez dago erabakimen bateraturik. Beraz, horri semikooperatiboa deituko genioke. Bi baldintzak betetzeko, ikaskuntza egituratu behar dugu. Spencer Kagan pedagogoarengandik hartu ditugu bi baldintza horiek. Berak honako hau dio: “Ekintza kooperatiboaren egitura ekintza edo lan bat egiteko unean ikasleek jarraitu behar dituzten eragiketen antolaketa zehatz bat da, parte hartze ekitatiboa ahalik eta gehien ziurtatzen duen egitura izango da, hain zuzen ere. Ikasle guztiek ekintzan modu ekitatiboan parte hartzeko aukera eta obligazioa eduki behar dute eta bigarrenik, aldi bereko elkarrekintzan jardungo dira: talde bateko ikasle guztiek euren ikuspuntua adierazteko, besteekin eztabaidatzeko eta elkarrizketan jarduteko aukera eta obligazioa izan behar dute, akordio batera iritsi arte”. 

Horrez gain, Cohenek dio ikaskuntza kooperatiboa izan dadin, beharrezkoa dela ikasleen rolak eta ardurak ezartzea, horrek taldearen funtzionamendua arautzen duelako. Rolak eta ardurak banatuta baldin badaude, zehaztuta daukagu nork kontrolatu behar duen denbora, ahots tonua, nor izango den idazkaria… Horrek lana egituratzen laguntzen du. 

 


"Ikaskuntza kooperatiboa eskolako proiektu izan dadin, zuzendaritza- aldeak konpromiso handia eduki behar du berrikuntza lerro horrekiko, eta lidertza hartu beharko du"


 

Funtsezkoa deritzozu modu kooperatiboan eskola mailan lan egitea. Zergatik?

Ikaskuntza kooperatiboa eskolako proiektu izan dadin, zuzendaritza taldeak konpromiso handia eduki behar du berrikuntza lerro horrekiko, eta lidertza hartu beharko du. Nola? Antolakuntza-egitura aldatuz, beste modu batera antolatzeko eta planifikatzeko denborak eta espazioak eskainiz. Oso garrantzitsua da, baita ere, eskolan ikaskuntza kooperatiboko batzordea egotea eta hor ziklo bakoitzeko ordezkariak egotea. Irakasleek laguntza eta aholkularitza behar dute ikaskuntza kooperatiboan formatzen direnean.

 

Viceko unibertsitateko zure lan taldeak Aprender para cooperar /Aprender a cooperar programa garatu duzue ikaskuntza kooperatiboa gelan inplementatzeko.  Hainbat fasetan egituratu duzue prozesua. Zein dira?

Programa horretan taldean ikasten irakasteko hainbat ekintza bildu ditugu, eta horiek hiru esku-hartze eremu osagarritan banatzen ditugu. A esku-hartze eremua gelako taldea kohesionatzera bideraturiko ekintzak lirateke, taldean lan egiteko prestatzeko, pixkanaka ikaskuntza komunitate txiki bihurtzeko. Taldea prestatu egin behar da. 

Dinamika asko daude, baina gelan zerk huts egiten duen ikusi behar dugu lehendabizi. Arazoa izan daiteke ez dutela elkar ezagutzen, bada ezagutzarako dinamika asko daude. Arazoa baldin bada gure gelako taldean ez dagoela ikasleren batekiko errespeturik, zailtasunen bat duelako, adibidez, arazo horri aurre egiteko dinamikak baliatuko ditugu. Non huts egiten dugun identifikatzeko test bat daukagu prestatuta, eta horren araberako dinamikak egitea proposatzen dugu. 

 

Behin gelako talde kohesioa lortuta, zein  izango lirateke hurrengo urratsak?

A eremuko dinamikekin taldea kohesionaturik dagoenean, eduki curricularrak modu kooperatiboan lantzen hasi gaitezke, egiturak erabiliz, B eremuan. Egiturak edukiak parte hartzea eta elkarrekintza sustatzen duten lantzeko baliabideak dira. Modu horien bidez, guztien parte hartzea eta interakzioa lantzen dugu. 

Ondoren, C eremuan, talde lana eduki moduan lantzen ikasteko ekintzak bideratzen dira. Taldea autoerregulatzeko C eremura pasatzen gara, eremu horretako ekintzen egitekoa taldearen funtzionamendua autoerregulatzen laguntzea da, ardurak banatzen dira, arauak ezartzen dira eta konpromisoak jartzen ditugu; eta ebaluatu egiten da, bakoitzak bere burua ebaluatzen du, elkar ebaluatzen dute eta taldea ere ebaluatzen da. Oso garrantzitsua da eremu hori, gaitasun sozialak garatzen diren eremua baita. Eremu honrretara iristen ez baldin bagara, ezin dugu ebaluatu taldean lan egiteko gaitasuna. Gaitasun horiek guztiak garatzeko tresna bat baliatu dezakegu: taldearen koadernoa. 

 

Familiak aipatu dituzu. Seguraski gutxien ukitzen direnak dira ikaskuntza kooperatiboan. Nola egin daiteke lan familiekin ikaskuntza kooperatiboaren baitan?

Familiekin ere lan egin behar da, bereziki banakoen diferentziak onartzen ikasteko. 

Familien arteko harremanak lantzea oso garrantzitsua da, aurreiritziak saihesteko; ezezagutzagatiko aurreiritzi horiek baitira ondoren ikasleek bueltan eskolara ekartzen dituztenak. Berez ez da zaila gurasoekin modu kooperatiboan lan egitea. Haurrekin egiten ditugun dinamika batzuk balia ditzakegu familiekin ere. Bilerak, adibidez, dinamiken eta egituren bidez egin ditzakegu. Lehenengo talde osoari azalpenak eman eta ondoren elkarrizketarako hainbat taldetan jorratzea izan daiteke aukera bat. Edo ikaskuntza kooperatiboari buruzko saio bat egin dezakegu. Garrantzitsua da, baita ere, familiek jakin dezaten zergatik ari garen modu kooperatiboan lan egiten.

 

Galdera laburrak

01.  Eskola garaiko oroitzapen on bat? 

Udak nire familiarekin.

02. Eskola garaiko oroitzapen txar bat? 

Kide batzuek baztertu nindutenean eta bullynga esperimentatu nuen garaia.  

03. Nolako eskola amesten duzu? 

Ikasle guztiak balioetsiak, errespetatuak eta babestuak sentitzen diren eskola.

04. Zuretzat garrantzitsua den balore bat?
Zintzotasuna.

05. Hezkuntzari buruzko film bat edo liburu bat? 

La Escuela Extraordinaria libura, Roger Slee-ena.