Bi aldeak irabazten ateratzea da gatazkari konponbidea emateko modurik onena Paco Cascon psikologoaren ustez. Horretarako, hainbat urrats markatzen ditu: aurkezpena, elkar ezagutza, konfiantza, estimua, komunikazioa eta kontsentsua.

Pertsona batek, berak nahi duena lortzeko, inguruko pertsonaren bati hark nahi duena egitea eragozten dionean sortu ohi dira gatazkak; bi pertsona edo gehiagoren artean interes, nahi, borondate… kontrajarriak daudenean, hain zuzen. Sokatiran bezala, batak alde batera eta besteak bestera tira egiten dutenean.

“Gatazka” hitza entzun orduko, edonork irudika ditzake guraso eta seme-alaben artekoak, bereziki nerabezaroan. Baina, Paco Cascon psikologoak ohartarazten duen bezala, gatazkak nerabe garaian ikusgarritasun handiagoa har badezake ere, giza harremanen parte dira, eta, beraz, bi lagun baino gehiago elkartzen diren edozein tokitan sor daitezke.

Pertsona orok dituen behar emozionaletan egon ohi da, Casconen esanetan, gatazkaren jatorria. Horregatik, guraso eta seme-alaben arteko tira-birak kudeatzeko haurrek etapaz etapa dituzten premiak ezagutzeak eta komunikazio bide egokiak irekitzeak asko lagun dezakeela uste du.

Edozein kasutan, Casconek Astigarragan Gatazkan eta gatazkarako hezten izenburupean emandako hitzaldian argitutako eran, gataz-ka prozesu bat izan ohi da, eta, beraz, zenbat eta lehenago aurre egin, orduan eta hobe. Sarri, ordea, gatazka prozesuko azken unea dela uste ohi da, hau da, krisi egoerari edo arazoaren eztandari deitzen zaio horrela. Eta, Casconek adierazi bezala, eztanda une horixe da, hain zuzen, gatazka bati aurre egiteko unerik okerrena. Lehenik eta behin, “une horretan buruarekin baino gehiago barrenarekin funtzionatu ohi dugulako, eta momentu horretan, jada, komunikazio bide ia guztiak hautsita egon ohi direlako; bi aldeen posturak, berriz, bata bestearengandik oso urrun eta erabat ankilosatuta. Gainera, krisi egoera horretan etengabe sintomak aztertzen jarduteko arriskua legoke, zergatietan arretarik jarri gabe”.

Jarrerak eta ondorioak

Bost jarrera mota har daitezke Casconez iritziz gatazken aurrean, eta, horretarako, pertsona bakoitzak ingurukoekin duen harremana eta lortu nahi dituen helburuak hartzen dira kontuan.

- Bost jarrera horietako batean garrantzitsuena da norberak nahi duen hori lortzea, nahiz eta horretarako beste pertsonarekin duen harremana suntsitu. Casconek azaldutako moduan, norgehiagokako jarrera litzateke hori, muturrera eramana. “Edozerk balio du nik nahi dudan hori erdiesteko”. Eredu horretan pertsona batek irabazten du eta besteek galdu: “Nik irabazten dut, zuk galdu” eredua deitzen dio psikologoak.  

- Bigarren eredu batean pertsonen arteko harremanak hartzen du garrantzirik handiena, nahiz eta norberak ez lortu nahi zuen hori. Amore emateaz, bestearen nahietara makurtzeaz edota sumisioaz mintzo da Cascon: “Zuk irabazten duzu, nik galdu egiten dut” ereduaz, hain zuzen. f

- Hirugarren ereduan, arazoei ihes egiteko edota gatazkak saihesteko jarrera hartu ohi da, Casconek adierazten duenez. “Kasu horietan ez da lortzen nahi dena eta gainera harremana kaltetu egiten da. Bi aldeak ateratzen dira galtzen”. “Nik galdu egiten dut, zuk ere bai” eredua litzateke. Izan ere, ikusi nahi ez arren eta beste aldera begiratu arren, gatazka ez da desagertzen; bere horretan irauten du.

- Gatazken aurrean har daitekeen laugarren jarreran norberak nahi duena lortzea garrantzitsua da, baina baita besteak nahi duena ere. Era berean, elkarren arteko harremana zaintzeari ere inportantzia ematen zaio. “Nik irabazten dut, baina baita zuk ere” eredua deitzen dio Casconek. Kolaborazioaz nahiz kooperazioaz hitz egiten du kasu horretan.

- Dena den, bi aldeek % 100 irabaztea zaila da, eta kasu batzuetan, ezinezkoa ere bai. Horrexegatik, Casconen esanetan, bosgarren eredu bat ere planteatu beharra dago. “Nik irabazten dut eta zuk ere bai, baina ez % 100ean”. Negoziazioaren eta kontsentsuaren eredua aipatzen du psikologoak.

Funtsezkoa da haurrei txikitatik negoziatzen erakustea, Casconen arabera. Eta edozein gatazkaren aurrean, “nik irabazten dut, zuk irabazten duzu” eredurantz joatea. Baina horrek ez luke esan nahiko beste eredu guztiak okerrak direnik: “Helburuak garrantzitsuak ez badira eta harreman hori gehiegi axola ez bazaigu, gatazkari bizkarra ematea bera —lehen begiratuan hain txarra eta negatiboa dirudiena— aukera ona izan daiteke”. Psikologoaren irudiko, komenigarria da gatazka bakoitzaren aurrean ea helburuak garrantzitsuak diren eta ea harremanak axola digun neurtzea, energiarik alferrik ez xahutzeko.

Konponbidea nola?

Gatazkak pizten direnean, identifikatu eta aurre egiten saiatzea da egokiena, Paco Casconen ustez. Horretarako, hainbat erreminta, gaitasun eta estrategia daudela eta haurrei horiek erakutsi behar zaizkiela dio. Nola eskolan hala etxean gatazkak kudeatzea eskailera bat eraikitzen joatea bezalakoa dela gaineratzen du. Eskaileraren lehen mailan taldeko kideen aurkezpenak leudeke, “familietan baliteke beharrezkoa ez izatea, baina eskolan oso baliagarria izan daiteke”; bigarren mailan berriz, elkar ezagutza, “eta ez ezazue pentsa aldamenekoa horrenbeste ezagutzen dugunik”; eta hirugarren mailan konfiantza. Psikologoaren hitzetan, kontuan izan behar dugu konfiantza irabazi egiten dela, ez inposatu, eta pertsona batekin konfiantza sortzea errazagoa dela konfiantza hori errekuperatzea baino: “Konfiantza oso garrantzitsua da, baina behin galduz gero oso nekeza izaten da berreskuratzea”. Eransten du errespetuan eta arduran oinarritu behar duela konfiantza horrek: “Konfiantza dagoenean gauza guztiak ahalik eta modu onenean interpretatzen dira, konfiantzarik ez dagoenean berriz, ahalik eta era txarrenean, eta ondorioz, gaizki-ulertuak sortzen dira. Konfiantza dagoenean gainera, gure aldetik egin dezakegun guztia egiten dugu gatazka konpontzeko; ez dagoenean, berriz, kontrakoa gertatzen da”.

Eskaileraren laugarren mailan estimua legoke. Casconen esanetan, hori ere oso garrantzitsua da, bereziki neraberazoan, norberaren irudia eraikitzeko aroa delako: “Izugarrizko tranpan erori gara, gizarteak mespretxuaren betaurrekoak jantzi dizkigu eta bizitza osoa gustatzen ez zaigun eta gaizki dagoen horren gainean hizketan igarotzen dugu, baina oso gutxitan erreparatzen dugu ondo dagoen horretan. Okerraren pedagogian ari gara hazten gure seme-alabak eta hori izugarrizko akatsa da. Mespretxuaren betaurrekoen ordez, estimuarenak jantzi behar genituzke”. Pertsonen alderdi onari begiratzea eta ezaugarri positiboetan arreta jartzea litzateke adituaren aburuz, horretarako gakoa. Gustuko hori baloratuz, nabarmenduz, indartuz gero… bestearen irudi positibo bat eraikiko genuke eta horrek gatazken konponbidea asko erraztuko liguke.

Komunikazioa dago gatazkei aurre egiteko Casconek irudikatzen duen eskailera horren bosgarren mailan. Bere hitzetan, inportantea da ondo adierazten jakitea, baina batez ere —eta bereziki nerabeen kasuan— garrantzitsuena entzuten jakitea da. Adituak gaineratzen duenez, ez du edozein entzute motak balio, ondo entzuteak aktiboki entzutea esan nahi baitu eta besteari entzuna dela sentiaraztea: “Kendu komunikazio hesi guztiak eta sentiarazi iezaiozu entzuten duzula, axola zaizula, eta zure bizitzako denboraren zati bat merezi duela”.

Eskaileraren seigarren eta azken mailan kontsentsua legoke. Casconen aburuz, familietan gauza guztiak ezin dira kontsentsuatu, baina bai esplikatu. Negoziatzeko orduan, berriz, gatazketan eragina duten hiru ezaugarri bereizi behar direla dio: pertsonak, arazoak eta prozedurak. “Sarri, arazoak eta pertsona maila berean jartzen ditugu eta gogorrak izaten gara ez soilik arazoarekin, baita pertsonarekin ere; baina ez luke horrela behar: arazoaren aurrean bai, baina pertsonekin ezin dugu gogorrak izan”.