Datuek ez dute beste aldera begiratzen uzten: bi egunetik behin, gutxienez pertsona bat hiltzen da suizidio bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan.

 

Egunero hamar saiakera egoten dira. Gazteen artean gaixotasunez besteko heriotza arrazoi nagusia da. Gazte horietako asko eta asko gure ikastetxeetan daude. Ondorioz, hezkuntza-zentroak prebentziorako gune garrantzitsuak dira. Neurriak jarrita, sentsibilizazioan eta prebentzioan eraginda, nerabeen suizidio asko saihestu egin daitezke.

 

Datu ofizialen arabera, bi egunetik behin, gutxienez pertsona bat hiltzen da suizidio bidez, Euskal Autonomia Erkidegoan. Gazteen artean, heriotza naturala ez den kasuen arrazoi nagusia da; 15-29 urte bitartean, auto-istripuetakoen bikoitza. Gazte horietako asko eta asko gure ikastetxeetan daude. Suizidioa eta suizidio saiakerak gertatu egiten dira DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeetan. Gure ikastetxeetako errealitateek ez dute beste aldera begiratzen uzten. Hezkuntza komunitatea eragile giltzarria da suizidioaren prebentzioan, esku-hartzean eta posbentzioan. 

Agustin Erkiziaren arabera, merezi du hezkuntzan ere beste aldera ez begiratzeak eta gai honi heltzeak, “suizidioa prebenitu daitekeelako”. Erkizia Biziraun elkartearen sortzailea da, bere emazte Eva Bilbaorekin batera. Biziraunek suizidioz hildako pertsonen senideei laguntza eskaintzen die, eta gizartean sentsibilizazio eta formazio lan handia egiten ari da. “Suizidio kasu guztiak ezin dira prebenitu, baina portzentaje batean prebenitu daitezke; beraz, merezi du esfortzu bat egiteak”. Erkiziaren arabera, hainbat suizidio aurreikus daitezke suizidatzeko asmoa duten pertsonek arrastoak uzten dituztelako: “Arrasto horiek aurrez identifikatzea benetan zaila izaten da, baina gai izango bagina, zenbait bizitza salbatu ahal izango lirateke”. Finlandiako kasua jarri du adibide moduan: “Mundu mailan suizidioaren prebentziorako plan bat abian jarri zuen lehen herrialdea izan zen, 90eko hasieran. Planeko neurriak martxan jarri ondoren, suizidio kasuak hirutik batera murriztea lortu zuten. Zer lan egin dute? Protokoloak bai, baina batez ere gizartearen sentsibilizazioan eragin dute”.

Baina gure gizartean, oraindik ere tabua den gai bat da suizidioa, eta beraz, ezezaguna. Erkiziaren arabera, tabua puskatu egin behar da eta argi hitz egin behar da suizidioari buruz, “baita hezkuntza komunitatean ere”. Beharrezkoa ikusten du hezkuntza komunitatea sentsibilizatzea eta formatzea, egungo errealitateaz jabetzeko. “Eskola konfiantza-eremua izan daiteke gaizki dagoen ikaslearentzat; gazteak agian lagun bati arrastoren bat azal diezaioke, edo harreman estua duen edo gustura sentiarazten duen irakasle bati ‘oso gaizki nago’ esan diezaioke, ‘ez diot bizitzari zentzurik aurkitzen’; irakasle batek halako mezu bat jasotzen duenean, bideratzen jakin behar du, baliabideak ezagutu behar ditu eta babestuta sentitu behar du”. 

 


"Irakaslea pertsona klabe bat da suzidioaren prebentzioan, eta horregatik egon behar du sentsibilizatua eta formatua, baina ardura osoa ez da berea"

Agustin Erkizia, Biziraun elkartearen sortzailea


 

Irakasleak, familiak, ikasleak eta osasungintza

Erkiziak formazioa aldarrikatzen du, lehenik eta behin irakasleentzat. “Lehendabizi suizidioaren fenomenoa ezagutu behar da; gero arrastoak identifikatzen ikasi; arrisku faktoreak eta babes faktoreak ezagutu, eta horrekin guztiarekin, ez begiratu beste aldera: arriskuan egon daitekeen norbait ikusten baldin badugu, inguratu eta galdetu zer moduz dagoen, eskua luzatu, ikus dezala ez dagoela bakarrik”. Egoeraz jabetu arren ingurukoek beste aldera begiratzea tamalgarria izan daiteke ikaslearentzat, baina irakasleari ere “kalte handia” egin diezaioke ikasleak, zoritxarrez, bere buruaz beste egingo balu. “Irakaslea pertsona horri laguntzen saiatu baldin bada, bere kontzientziak bakean utziko du, ‘egin nezakeena egin dut eta saiatu naiz’; baina ez baldin badu laguntzeko ahaleginik egin, erru sentimendu horri buelta emango dionik ez dago”. 

Irakaslearen babesa nabarmentzen du Erkiziak behin eta berriro, sentsibilizazioaz eta formazioaz gain. “Kontuan izan behar dugu gaizki ikusten dugun ikasle batengana joaten den irakasle horrek babestua sentitu behar duela, bestela irakaslearen esku erantzukizun handiegia uzten da, ikasle horren bizitza baitauka esku artean, eta, beraz, irakasleak babestua egon behar du”. Irakasleek baliabideak behar dituzte, laguntza eta sarbide zuzena osasun alorrean, luzamendurik gabe. Baina Erkiziak nabarmentzen du ez direla nahikoa gaur egun dauden baliabideak horrelako egoera batean dagoen pertsona bati laguntzeko: “Irakasleek ere presionatu egin behar dute arriskuan egon daitezkeen gazteei erantzuteko baliabide gehiago egon daitezen. Irakaslea pertsona klabea da, eta horregatik egon behar du sentsibilizatua eta formatua, baina ardura osoa ez da berea”. 

Irakasleez gain, suizidioa prebenitzeko beste hiru oinarri aktibatu behar dira, Erkiziaren arabera: gurasoen kolektiboa gaiaz sentsibilizatu behar da, hitzaldien bidez, adibidez; bigarrenik, ikasleek eurek ere gaiaz hausnartzeko aukera eduki behar dute; DBH1eko adina egokia iruditzen zaio horretarako: “12-13 urterekin erraz jabetzen dira suizidioaren gaiaz. Hori diogu, gertatu egiten delako; 13 urteko umeen suizidio kasuak dauzkagu elkartean. 16-17 urte berandu da”.  Prebentzioan eragiteko laugarren oinarria  “psikologia zentroetara sarbide zuzena” izan beharko litzateke: “Ikasleari lagunduko badio, helduleku sendoak behar ditu irakasleak: hau guztion ardura da, bakardadea haziz doa, eta elkar zaintza sustatu behar da”.

 

Ondorengo botoia sakatuz suizidioaren prebentzioaren eskema topatuko duzu.

 

Suizidioaren prebentzioa, ikastorduetan

Tolosako Inmakulada Lanbide Heziketako ikastolak hezkuntza proiektuan txertatua dauka ikasleen ongizatearen zaintza.

 

Ohikoa bihurtu zen Inmakulada ikastolan ere ikasleen artean, tarteka, antsietate krisiak bizitzea. “Tarteka” hori, “astero” bihurtu zen, ordea, pandemiaren ondoren. Hau da, berrogeita hamar bat antsietate krisialdi bizi zitzaketen ikasturte batean. Hezkuntza komunitateak, irakasleak eta zuzendaritzak, baina baita ikasleek ere, gaiari adarretatik heltzea erabaki zuten, eta ikasleen ongizate emozionalari arreta jartzea. Ezinbestekoa da ikaslea, pertsona ongi egoteko, eta funtsezkoa da baita ere, ikasketak aurrera eraman ahal izateko; Nahia Apeztegia Inmakuladako ikasleak dioen moduan, “ni ez banago ongi, nola eramango ditut ikasketak ongi aurrera?”.

Antsietate krisiak baino egoera larriagoak ere bizi izan dituzte Inmakuladan, Inmakuladan ere: ikasleren baten suizidio saiakerak, kasurako. Eta ez dute beste aldera begiratu, unean-unean artatu, osasungintzako baliabide urriekin moldatu eta suizidioaren prebentzioan lan egin dute Inmakuladan. Ana Monge zuzendariarekin batera, Enara Larrain eta Itxaso Urbieta irakasleak —Biziraun elkarteko kidea ere bada Urbieta— dira osasun emozionalari, baina bereziki suizidioaren prebentzioari lanketa eskaini diotenak. “Suizidioaren gaia gazteen artean egon badago, beraz, helduok eta, gure kasuan, hezitzaileok heltzen ez badiogu, zurrumurruetatik eta usteetatik helduko diote ikasleek gaiari. Horretan ere lidertza egoki bat behar dute”, dio Larrainek. Haatik, irakasleak gaiari heltzeko, nondik eta nola heldu jakin behar du, Larrainen aburuz: “Gutxieneko formazio bat beharrezkoa dugu, isiltasuna ez da egokia baina ausardia gehiegi ere ez da eduki behar, zuhurtziaz hitz egin behar da. Ezin dugu suizidioaz hitz egin aukera bat balitz bezala, ‘Jon suizidatu da bullyinga jasaten zuelako’. Prebentzioan eragin nahi badugu, formazioa eta eskura ditugun materialak eta baliabideak ezagutu behar ditugu”. Formazio horretan, Urbietaren arabera, “suizidioari buruz barneratuta dauzkagun mitoak deseraikitzea eta alarma seinaleak ezagutzea funtsezkoa da, eta baita, kasu baten aurrean, pertsona hori bakarrik ez uzteko, eskura zer baliabide ditugun ezagutzea ere”. Urbieta eta Larrainen ustez,  nerabeen geletan ohiko bihurtu diren asalduren inguruko formazioaz gain, irakasleak bestelako zeharkako gaitasun batzuk ere landu behar ditu ikasleengana gerturatzeko eta harekin hitz egiteko. “Irakasleak ezin du ikaslearen egoera konpondu, baina lagundu diezaioke bideratzen eta bakarrik ez uzten”.

 


"Suizidioari dagokionez, irakasleok beste aldera begiratzea ez da aukera bat. Nola kontzientziatu irakasleak? Datuak ikusi besterik ez dago"

Itxaso Urbieta, Biziraun elkarteko kidea eta Inmakuladako irakaslea


 

Berpiztu Batzarra, buru osasunaz lasai hitz egiteko espazio segurua

Inmakuladak hezkuntza proiektuan txertatuta dauka ongizate emozionala. Ikasleen Berpiztu batzarra sortu zuten pandemia ostean, ikasleek eurek ongizate emozionalaz, baina bereziki suizidioaz hitz egiteko eta euren buruak formatzeko espazio seguru bat behar zutelako. Bi astez behin biltzen dira ikasleak batzarrean buru osasunari loturiko hainbat gai lantzeko. Hazitokia proiektua ere sortu dute eta astean lau orduz ongizate emozionalari hainbat modutan arreta eskaintzen diote: hiruhilekoz hiruhileko, dinamikak, materialak, gidoiak eta ekintza ludikoak prestatuak dituzte hainbat gai jorratzeko. “Lau ordu eskaintzen dizkiogu astean, eta inbertsio handia da, bai pertsonala ta baita ikasketa prozesuan ere, baina emaitzak jasotzen ari gara: lehen astero antsietate krisi bat izaten genuen, eta orain ikaragarri murriztu dira halakoak”, azaldu du Larrainek. 

Urbietarentzat ez da aukera bat, hezitzailearen egitekoa da bere gelako ikasleen ongizate emozionala zaintzea, eta beraz, suizidioaren prebentzioa presente izatea. “Suizidioari dagokionez, irakasleok beste aldera begiratzea ez da aukera bat. Nola kontzientziatu irakasleak? Datuak ikusi besterik ez dago. Ez dugu ezer egiten eta datuak gorantza doaz; beraz, ezer ez egiteak ez digu balio. Beldurra galdu behar diogu suizidioari buruz hitz egiteari, irakasleon kezkak eta zalantzak mahai gainean jarri behar ditugu, eta geure buruak formatzeko pausoa eman behar dugu”.