Imanol Alvarez Varela, Bilboko Ellacuria-Zurbaran institutuko Filosofia irakaslea eta hikhasitarra.

 

Urtero legez, heldu dira oporrak. Honezkero nabigatu ditugu ebaluazio bilerak. Baina aurtengoetarako beranduegi bada ere, meloi hau zabaldu nahiko nuke. Darion hatsetik usteldurara pasatuko gara bestela. 

Berrikuntza eta ikasleekiko hurbiltasuna exigentzia ezarekin nahasteak sor ditzakeen arazoak iradokitzen saiatu nintzen aurrekoan. Zentzu horretan, kalifikazioa, ikasleek duten onena ematera bultzatzen dituen beste baliabide bat dela ahaztu dugula dirudi. Eta bai; Hezkuntza Sailak eskola porrota ezkutatzeko sartzen digun presioari bota diezaiokegu errua, baina onar dezagun guk ere, bostak beste alde batera begira jartzen ditugula. Bakea denontzat. Hortxe gero gure ikasleen ulermen eta adierazpen maila eskasa, edo lanerako jarrera zein ardura falta. Eta, pertsona baten ibilbidea edozein delarik ere, arrakastarako ezinbesteko baloreak dira biak.

Badakit ekainean ospatzen ditugula Gabonak, baita ikasleekin antze handia behar dela edo ikasle bakoitzak bere zirkunstantzia akademikoak eta personalak dituela. Baina ulergarria denaren atetik filtrorik gabe pasatzen ari gara. Gatazka ez da inoren gustuko, noski, baina ekiditeak gatazka handiagoetara garamatza. Geuk geurea eginda, ikasleek eurena egiten ez baldin badute, ez diegu inolako mesederik egiten urte batean eta hurrengoan pasoa emanez. Ahalegintzea gaitasun bat da, besteen moduan. Noiz eta nola barneratuko dute? 

Ohikoa bilakatu da ikasleak adinagatik edo jarrera txarragatik pasatzea, kexatzen diren gurasoak dituzten ikasleak pasatzen diren moduan. Errepikapenak ezer onik ekarriko ez diela argudiatu ohi da, falazia bi argudio berean: etorkizuna ezagutzen dugula dirudi eta bi aukeren artean bata txarra denez, bestea ontzat ematen dugu. Ulertzen dut estigmarekiko beldurra, baina guk indartzen dugu errepikapena muturreko salbuespen bilakatzen dugunean. Portzierto, hurrengo ikasturtean laguntza irakasle bat zurekin egoteak estigmatiza dezakeen maila berean. Horretan ere, modernismotik postmodernismorako saltoan, mundua banakoari moldatzea banakoa munduari moldatzea baino egokiagoa dela iruditu zaigu. Ez goi eta ez doi. Oreka da bidea.