Mikel Etxaburu, HUHEZI-ko irakaslea eta ikerlaria

Ikaslearen ikasketa prozesua modu kolektiboan pentsatzea, ekitea eta ebaluatzea. Horixe da irakaskidetza Mikel Etxaburu Huheziko irakasle eta ikerlariaren esanetan. Bitarteko bat baino ez da, irakasleen helburu nagusia ikasleen garapenean eragitea baita. Talde lana eskatzen du eta nork bere buruko hormak zartatzea ere bai. Betiere, lana ilusioz eta pasioz egiteko helburuz. 

 

Ko-irakaskuntza, irakaskidetza, ko-dozentzia, irakasletza konpartitua… kontzeptua bakarra da, baina izendapenak ugari. Zertaz ari gara horietaz ari garenean?

Oinarrian eraikuntza kolektiboa duen ikasketa prozesu bat da. Irakasleok aspaldi ari gara bide kolektibo horiek egiten, baina askotan modu intuitiboan egiten ditugu eta irakaskidetzak zera bilatzen du: bide intuitibo horietatik abiatuta, egiten ari garen horri identifikazio maila bat ematea sistema bihur dadin. Intuizioa abiaburua da eta ondoren ezinbestean ebaluagarria izango den objektibazio prozesu bat behar da. Bitarteko ebaluagarriak planteatzen ez baldin baditugu, ziur aski aurrera egingo dugu, baina iparra ongi kokatu gabe. Irakaskidetza enborreko hautu pedagogikoa da eta identifikaziorako urratsa egitea eta horretarako dispositiboak zein izan beharko liratekeen ezagutzea eskatzen du. Funtsean ikaslearen ikasketa prozesua modu kolektiboan pentsatzea, ekitea eta ebaluatzea da irakaskidetza. 

 

Irakaskidetzak talde lana eskatzen du. Irakasleen arteko harremanak lantzea ere eskatuko al luke?

Derrigorrez. Irakaskidetzak norberak duen onena eskaintzea eta besteak eskain diezazukeen onena zeure egiteko prest egotea eskatzen du. Irakaskidetzaren oinarria eremu berean eta une berean bi irakasletik gora lanean aritzea baldin bada, horrek elkar ezagutza maila handia eskatzen du. Elkar osatzea ekarri beharko luke eta elkar osatzeko ariketa zintzoak egin behar dira, nork bere buruarekin lehenik eta alboan dugun pertsonarekin ondoren. Eta osatze hori alderdi pertsonalean gertatu behar da, baina baita konpetentziei eta ezagutzei dagokienez ere. Askotan pentsatzen da paretak botatzeak, adibidez, irakaskidetza ahalbidetuko duela, eta pareta fisikoak botatzea erraza da, baina bestelakoak botatzea, ez da erraza izaten. Irakaskuntzan aritzeko geure buruko paretak zartatzea ezinbestekoa da. Orain arte zure gela, zure ikaslea –zure hori erlatibizatuta, jakina– izan den hori partekatu behar duzu eta horretarako borondate esplizitua behar da. Jakina, baita errespetuzko jarrerak eta malgutasun handia ere. 

Bizitzarako ikasbide ere bada irakaskidetzan aritzea. Irakasleen formazio pertsonalerako eta formazio akademikorako baliagarria da. Irakasleren bat agian ez dago bere konfort eremu horretatik ateratzeko prest –eta horretarako dituen arrazoiak ulergarriak eta zilegi izan daitezke–, baina ardura komuna dugu eta gure misioa zein den argi izan behar dugu. Geure misioa bakarra da: ez dugu beste misiorik aurrean dugun pertsona horren garapenean eragitea baino. Eta borondate hori garrantzitsua da, baina ez da nahikoa nahiarekin, bulkada batekin, intuizio batekin. Ikastetxeak horren aldeko hautua egin behar du. Zuzendaritzak bere plan estrategikoan kokatu beharko luke hautu pedagogiko hori, merezi duen sostenguarekin. Batzuetan ez da baldintza fisiko hain onik egongo, baina baldintza humanoetan, hau da, eremu subjektiboan, baldintza oso egokiak egongo dira. Kasu horretan sormena aplikatuko dute eta gauza zoragarriak aterako zaizkie, irakasleek elkarrengandik ikasteko gogoa izango dutelako. Ikastetxearen aldetik babesa, entzutea egon behar du, zuzendaritzak proaktiboa izan behar du, eta baldintzak edozein direlarik ere guztia ahalik eta egokien kudeatzeko borondatea, eskuzabaltasuna… egon behar dira. Azken batean ikastetxe horren garapen estrategikoari eragiten dion hautu pedagogiko zentral bati buruz hitz egiten ari gara. 

 

"Funtsean, irakaskidetza ikaslearen ikasketa prozesua modu kolektiboan pentsatzea, ekitea eta ebaluatzea da"

 

Modu intuitibotik modu kontzientera pasatzeko prozesu bat bizi behar da, beraz.

Zalantzarik gabe. Gauzak eremu kontzientean lantzen ez badira, ondoren ez da transformaziorik etorriko. Bi irakaslek edo gehiagok gela batera sartu aurretik, saioa elkarrekin pentsatuko balute, aldez aurretik pentsatutako rolen arabera arituko balira eta ondoren hori ebaluatuko balute, lana emankorragoa izango litzateke. Obsesionatu gabe; irakaskidetza bitarteko bat baino ez da, ez da helburu bat. Helburu bakarra aurrean dugun pertsona horren garapena da. Ez dago beste helbururik; gainerako guztiak bitartekoak dira. Beraz, aplika gaitezen ilusioz, pasioz, gogoz eta energia guztiarekin. Ikasleei ezin diegu gu emateko edo esploratzeko prest ez gauden ezer eskatu. 

 

Helburu nagusia pertsona bakoitzaren garapena da. Irakaskidetzak, irakasleen arteko elkarlan horrek, zer onura ekartzen dio pertsonaren garapenari?

Irakaskidetzaren bidez ikasketa prozesua pertsonalizatuagoa egin liteke. Ez soilik behar zehatzak dituzten ikasleekin, baizik eta orokorrean. Begirada zailtasunetan kokatzen dugu maiz, baina badira beste ikasle asko oso ondo ari direnak eta horiei gehiago eskaini behar diegu. Dauden lekutik harago iristeko bitartekoak eskaini behar dizkiegu guztiei. Irakaskidetzak hori eskain dezake irakasleen rolen bidez. Rol bakoitzak bere helburu pedagogikoak dituela ulertuz. Toki berean gertatzen denari buruzko hainbat begirada izatea, bi, hiru, sei begirada izatea, zoragarria da. Hortik diagnostiko anitzagoa, osatuagoa, ebaluagarriagoa… aterako da eta ikaslearen gaitasunak eta aukerak biderkatuko ditugu. Ispilu modukoa da: ikasleek batera ikusten gaituztenean, batera aritzen, batera lanean, batera hanka sartzen… Haiek ere bide hori egin dezaketela ikusiko dute. 

 

"Orain arte zure gela, zure ikaslea –zure hori erlatibizatuta, jakina– izan den hori partekatu behar duzu eta horretarako borondate esplizitua behar da. Jakina, baita errespetuzko jarrerak eta malgutasun handia ere"

 

Ko-irakaskuntzak ikasgelan bi irakasle edo gehiago sartzea eskatzen du. Irakasle kopuruari dagokionez, ba al da mugarik? 

Ez. Ez dago toperik. Aurreko batean sei irakasle egon ginen ikasgelan elkarrekin. Sei irakasle leku berean une berean sartzeko, aurretik diseinu lan handia egin behar da, zer helburu bilatzen dugun jakiteko, gutako bakoitzaren rola helburu horren zerbitzura jartzeko eta momentu bakoitza zertarako den garbi izateko. Egoki eginez gero, emaitza ederrak lortzen dira eta ebaluazioa ere oso interesgarria da. Behin klasea amaitu ondoren seirok biltzea eta egindakoa ebaluatzea oso interesgarria da. Irakaskidetza ezinbestekoa da proiektuka lan egiteko. Proiektu batek hainbat konpetentzia eta hainbat ezagutza biltzen ditu eta pertsona batek nekez bilduko ditu horiek guztiak. Irakaskuntza tradizionalak egin izan duen eta oraindik maiz egiten duen akatsa da ezagutzak modu isolatuan irakastea, eta era horretan ikasleen ulermena mutilatu egiten dugu. Baina ezagutzak testuinguru jakin batean interakzioan jartzen baldin baditugu, guztiak logika handiagoa hartzen du eta ikasleek askoz modu egokiagoan, integralagoan eta sakonagoan barneratzen eta gogoratzen dituzte edukiak, gehiago parte hartzen dute… Ikasketa prozesua askoz ere eraginkorragoa da. Hori guztia aurrera eramateko baliabide asko behar dira, hori bai. Lau orduko saio batean sei irakasle sartzeko baliabideak behar dira, baina azpimarratu nahiko nuke baliabide gutxirekin gauza zoragarriak egin daitezkeela. Baliabide optimorik ez badago, beste indar gune batzuetara joko dugu: gogoa, sormena, elkarrekintza… eta ondoren joango gara baldintza objektiboagoak osatzen. Baldintza objektiboak eta subjektiboak eduki behar ditugu eta horien arteko uztarketa ahalik eta harmoniatsuena bultzatu behar dugu.  

 

Irakasleei segurtasunik ematen al die talde lanean aritzeak?

Batzuetan bai. Biluzte lan handia egin behar duzu eta norbera pozik biluzten da zer erakutsi duenean, baina zer ezkutatu duenean, nekezago biluzten da. Horretarako konfiantza handia behar da, eta konfiantza espazio horiek berariaz landu behar dira. Beldurra eta erreparoa duten irakasleei lasai hartzeko eta haien neurrian emateko esango nieke. Elkar ulertzea eta elkar onartzea ezinbestekoa da. 

 

Irakasleen rolak aipatu dituzu. Zein dira?

Hainbat dira eta rol bakoitzak helburu jakin bati erantzuten dio. Hasieran hainbat rol hartzeko eta ondoren irakasleoi egokien datozkigun horietara mugatzeko joera izaten dugu, eta begirada ikasleengan kokatu beharrean geure zilborrerantz joaten gara berriro ere. Hori ekidin beharko genuke. Etengabe gogorarazi behar diogu geure buruari geure misioa aurrean dugun pertsonaren garapena dela. Gehien erabiltzen diren rolak, intuizioz erabiltzen direnak, zein dira? Demagun ikasgelara bi irakasle sartzen direla: batek azalpenak emango ditu eta besteak behaketa lana egingo du. Baina horrelakoetan, behatzaileak maiz ez du jakiten zer behatu behar duen. Zergatik? Ba, alboan duen irakaslearekin saio horren helburu zehatza zein den ez duelako aldez aurretik adostu. Eta zer behatu behar duen ez baldin badaki, bueltaka ibiliko da, lagunduko du, baina zer ebaluatuko dute ondoren? Askotan ez gara rol bakoitzak duen potentzialitate guztia esplotatzeko gai izaten. Rolak murrizteko tentazioa izaten da eta fokua aldatuz joaten da, fokua ikaslea izan beharrean, norbera izaten hasten da eta gure konfort eremura itzultzen gara. Hori apurtu egin behar da: geure buruari zer garen eta zertarako gauden gogorarazi behar diogu eta rol bakoitzaren potentzialitateari ahalik eta zuku gehien atera behar diogu. Horretarako aurre-diseinua ezinbestekoa da. Behatzaileak zehatz-mehatz jakin behar du zer behatuko duen, ebaluazioa horren araberakoa izango delako. Rolak intuizioa eremu objektibora bideratzeko zubi dira eta rolen diseinu horretan oinarritzen da, batez ere, irakaskidetzaren jarduna. 

Irakasle askok galdetzen digute zer esan nahi ote dugun rolak orekatuak egon behar direla esaten dugunean. Orekak ez dira portzentajeen araberakoak, ez da komeni irakasle bat beti rol berean egotea. Rolak txandakakoak izan behar dira zeren betikotzen baldin badira, ikasleek leku batean edo bestean kokatuko gaituzte eta hori apurtu egin behar da. Azalpenak ematen dituenak beste gauza batzuetan ere aritu behar du. 

 

Nola bizitzen dute irakaskidetza ikasleek?

Haiekin aurretik egin dugun prozesuaren araberakoa izaten da. Ikasleak ez dira hartzaile soilak, pertsonak dira. Pertsona guztiak eragile, sortzaile, egile… gara. Geure lana begirada horrekin egin behar dugu eta ikasleek zertan ari garen jakin behar dute. Nola ez dute jakingo haien ikasketa prozesua zertan oinarritzen den? 

 

"Irakaskidetza bitarteko bat baino ez da, ez da helburu bat. Helburu bakarra aurrean dugun pertsona horren garapena da. Ez dago beste helbururik; gainerako guztiak bitartekoak dira"

 

Baina normalean ez dago hori jakinarazteko ohiturarik.

Inondik inora ere ez, hartzaile soil gisa hartzen ditugulako. Ikasleak ikas-komunitatearen ardatza dira. Beste guztiak ardatz horri eragiteko bitartekoak gara. Haiekin zer egin nahi dugun, nola landu nahi dugun… jakin behar dute, eta haien konplizitatea eta oniritzia ezinbestekoak dira. Besteak beste, ondoren gu eta ikastetxea ebaluatzeko eskatu beharko geniekelako. Haien hitza beste inorenaren aurretik ipini beharko genuke eta irakaskidetza zer den, zer egin nahi dugun, haien aurrera etorri aurretik zer lan egiten dugun… jakin beharko lukete. Ikasleen begirada aintzat hartu behar dugu, batzuetan geuretik geurera aritzen gara eta hori ez da hezkuntzaren eta irakaskuntzaren helburua. Lantzean behin galdu egiten gara.

 

Batez ere etapetan gora egin ahala, ezta?

Bai. Etapetan gora egin ahala perspektiba galtzen joaten gara eta edukiek hartzen dute garrantzia. Irakaskuntzaren funtsaren begirada galdu egiten dugu eta hori katastrofe bat da. Ikastetxe gehienek euren hezkuntza proiektuetan pertsona kritikoak eta autokritikoak nahi dituztela diote, baina kritikoak zerekiko? Ikasleak kontra egiten badizu, egiten duzunarekin ados ez badago, aintzat hartuko al duzu? Edo ikuspegi kritikoa zurea berresteko soilik nahi duzu? Sortzaileak izatea nahi dugu. Baina zu ados ez zauden espazio bat, begirada bat sortzen baditu? Gaur egungo gizarte ereduak exijitzen duen parentesi horren barruan ibiltzeko moduko kritikaz, autokritikaz, sormenaz ari gara, baina inor ez dadila parentesi horretatik atera. Eta parentesia curriculuma bera izan liteke. Curriculumak porotsuak izan behar dira, eskuzabalak izan behar dira, ausartak, gauzak gehitu behar dira, beste batzuk agian kimatu behar dira… eta egin daiteke, inork ezin du dekretuen eta legeen atzean babestu. Irakasleak hori egitera gonbidatzen ditut. Parentesi horretatik atera behar da benetako irakaskuntza prozesu askatzailea egingo badugu. Parentesitik kanpo dauden errealitateak zentraltasuna hartzen dutenean gertatzen dira aldaketa prozesuak. Irakaskidetzak bide hori egiteko aukera ematen du taldean eta norabide berean pentsatzen hasten zarelako. 

 

Irakaskidetzak  ez dio ikastetxeari aparteko aldaketarik eskatzen. Irakasleak hasi al daitezke beren kabuz hori guztia praktikan jartzen? 

Bai, baina zuzendaritzak bide eman behar die. Oinarrian egiten den ariketa da, behetik eta talde lanean. Zergatik ez dugu irakaskuntza taldean ulertzen? 

 

"Ikasleak ez dira hartzaile soilak, pertsonak dira. Pertsona guztiak eragile, sortzaile, egile... gara. Begirada horrekin egin behar dugu geure lana eta ikasleek zertan ari garen jakin behar dute"

 

Egoak sartzen dira hor askotan, ezta?

Bai. Eta egoek segurtasunik ezarekin lotura dute. Ego handia duenak segurtasun falta handia du eta bakarrik aritu nahi du, ikasgela itxita. Irakaskidetzak hori apurtzen du, horregatik da garrantzitsua konfiantza izatea, hitz egitea, biluzte ariketa neurtuak egitea eta eremu ez formaletan lortzen dugun konplizitatea sustatzea.

 

Eta zer gertatzen da zuzendaritzak irakaskidetzaren bidea hartzea erabakitzen baldin badu, baina irakasleek horretarako motibaziorik ez baldin badute?

Ez duela funtzionatuko. Irakaskidetza prozesu moduan irudikatu behar da eta prozesuak beti dira dialektikoak eta joan-etorrikoak. Pazientzia, lasaitasuna, eskuzabaltasuna… eskatu behar dira. Irakaskidetza hautu pedagogiko oso indartsua eta enborrekoa da. Osagarria da eta gainerako arloak ez genituzke baztertu beharko. Zentzuz jokatu behar dugu. Irakaskidetzak bertute asko ditu, baina orain arte egin ditugun gauza askok ere bertute handiak dituzte eta zergatik ez dugu nahastura hori bilatzen? Batzuetan klase magistralak ere eman behar dira. Behar den hori identifikatzea, diseinatzea, pentsatzea… gakoa hor dago. Guztia irakaskidetzara mugatzen baldin badugu, bitartekoa denak pisurik handiena hartuko du eta fokua aldatuko dugu. Fokua ikaslea baldin bada, goazen ikustera zein metodok ematen dituzten emaitza onak. Zuhaitz baten modukoa da: enborra irakaskidetza izan liteke, baina adarrak beste hainbat izan litezke. 

 

 

Galdera laburrak

01. Eskola garaiko oroitzapen on bat? 

Ipurbeltz komikia lehen aldiz jaso nuenekoa. Euskarazko komiki bat ikusi nuen  lehenengo aldia izan zen. 

02. Eskola garaiko oroitzapen txar bat? 

Selektibitatea. Uste dut ni eta beste asko izorratu gaituela. Ez azterketa beragatik baizik eta azterketara iritsi aurreko urteengatik. 

03. Nolako eskola amesten duzu? 

Hezkuntzak oraindik deskubritu gabe dauden eremuak deskubritzeko aukerak emateko balio behar du. Harago pentsatzeko aukera zabaldu behar du eta etorkizunera proiektatu beharko genuke. 

04. Zuretzat garrantzitsua den balio bat?

Elkarrekiko eskuzabaltasuna bidean aurrera egiteko gakoa da. Elkar ulertzea, eskuzabaltasuna eta norbere tokitik ateratzea. 

05. Hezkuntzari buruzko film bat edo liburu bat? 

La ola filma. Baldintza objektibo eta subjektibo zehatzak baldin badaude iraganeko hainbat gauza errepikatu daitezkeela adierazten du. Horren atzean manipulatzeko gaitasuna dago eta irakasleok gaitasun handia dugu geure aurrean duguna manipulatzeko. Botere handia dugu eta horretaz kontziente izan behar gara, botere hori erlatibizatzeko eta aurrean dugunari bere kabuz bizitzen uzteko.