Esperientzia: Eusle egitasmoa Lasarte-Oriako Oriarte BHIn

Eusle egitasmoan parte hartzen ari diren ikasleei euskaraz bizitzeko tresnak eskaintzen saiatzen dira Lasarte-Oriako Oriarte BHIn. Eusle gelan, ikasle talde txikia izanik, harremanak zaintzeko aukera handiagoa dute, eta babes handia ematen diote elkarri. Kulturartekotasunak duen garrantziaz eta potentzialaz jabetu dira Oriarten. 

 

Euskaraz ez dakiten ikasle etorri berriei laguntzeko ekimena da Eusle. Saioa Gomez da Lasarte-Oriako Oriarte BHIko Eusle gelako tutorea, eta Eusle zer den eta beretzat zer suposatzen duen azaldu du: “Murgiltze eredu bat da, ikasle etorri berriak euskaran murgildu daitezen sortutako programa. Eta gehituko nuke baita ere harrera programa bat dela”. Oriartek etorri berriak diren ikasleak hartzeko harrera plana du, eta kulturartekotasuna zainduz diseinatutako plana da. Gomez: “Zuzendaritzak familia etorri berriei harrera egiten die, informazioa jasotzeko elkarrizketak egiten dira gurasoekin, eta gauza bera egiten da ikasleekin ere. Aurreko urtean Eusle egitasmoan parte hartu zuten ikasleak Eusle enbaxadore izendatzen ditugu, eta haiek egiten diete harrera iritsi berriak diren ikasleei. Ikastetxeak dituen bi eraikinak ezagutzen dituzte, eta programaren nondik norakoak azaltzen dizkiete. Gelan ere gaia lantzen dugu: gainerako ikasleek badakite ikaskide berri bat etorriko dela, eta materialarekin lagunduz edota proiektuekin lagunduz egiten diegu harrera”.  

Ikasleentzat haien hizkuntza mailari egokitutako plana diseinatzen dela azaldu du Gomezek: “Iristen direnean A1 mailan daudela esaten dugu, baina nik A zeron daudela esaten dut, euskaraz ez baitakite ezertxo ere. Ondoren, erreferentzia gelara joaten direnean, euskaraz jarraitzen dute, eta, oinarri horretatik abiatuta, edukiak lantzen hasten dira. Euskaraz hitz egin dezaten nahi izaten dugu, baina horretarako tresnak eman behar dizkiegu, eta elkarreragina eskatzen duten jarduerak eta ekintzak sortu behar ditugu. Denok dakigu oso zaila dela hizkuntza berri batean ekoiztea”. 

 

"Euskaraz hitz egin dezaten nahi dugu, baina horretarako tresnak eman behar dizkiegu, eta elkarreragina eskatzen duten jarduerak eta ekintzak sortu behar ditugu"

Saioa Gomez, Eusle gelako tutorea 

 

Baliabideak eta denbora

Lasarte-Oria ez da euskararen arnasgune bat, eta erreferentzia gelara joaten direnean, gaztelaniaz aritzen dira barra-barra. Hori ere zaintzen ari direla dio Gomezek: “Ikasleak zer gelatan sartu, nola bideratu… begiratzen dugu, eta gelan bertan Eusle bikoteak sortu ditugu, elkarren artean euskaraz aritu daitezen”. Oso proiektu polita dela dio Gomezek, baina lan handia eskatzen duela: “Ez dugu soilik Eusle gelan daudenekin lantzen, azken batean hezkuntza komunitate osoa horretan inplikatu nahi dugu”. Erresistentziak ere izaten dira, eta hori guztia ongi kudeatu behar da. Badira, esaterako, seme-alabei euskarak ezertarako balio ez duela esaten dieten gurasoak, eta ikasleak ideia horrekin joaten dira ikastetxeetara. Hori guztia ere landu egin behar izaten dute. 

Hasierako oinarrizko prestakuntza jasotzeaz gain, hilero prestakuntza osagarria jasotzen dute Eusle irakasleek. Gomezek oso baliagarria dela dio: “Eguneroko lanerako erremintak eskaintzeaz gain, elkarren artean koordinatzeko aukera ere ematen digu. Hasi nintzenean, saretze horrek asko lagundu zidan, indarra eman zidan”. 

Astero, hamar ordu pasatzen dituzte ikasleek Oriarteko Eusle gelan. DBHko 2. maila bukatutakoan amaitzen da Eusle egitasmoan parte hartzen jarraitzeko aukera, eta, hortik aurrera, DBHko 3. eta 4. mailetan HIPI programan sartzen dituzte ikasleak. Euskara lantzeko astean lau ordu izaten dituzte, baina Oriarten denbora tarte hori bikoiztu dute, eta zortzi orduz aritzen dira, modu horretan errazagoa baita jarraipena egitea. Ikasle bakoitzari egokitutako planari DBH osoan eusten diote, eta irakasle bakoitzari dagokio ikasleek duten euskara mailara egokitzea. “Denbora behar da eta hori da, hain zuzen ere, Euslek ematen ez diguna. Nik DBH osora zabalduko nuke, zeren hizkuntza ikasteko lau urte behar izaten dira gutxienez. DBHko 2. maila amaitzen dutenerako, euskarazko A2 maila lortzea da helburua, baina ikerketek diote hizkuntza bat ondo ikasteko, gutxienez, bost urte behar direla”, aipatu du Gomezek. Eta honela jarraitu du: “Euskaraz ikastea ikasleen eskubidea da. DBHko 4. mailara euskara jakinda iritsi behar dute, bestela haien eskubideak urratzen ari gara. Murgiltze programak behar ditugu, bestela ezinezkoa izango baita DBH amaitzerako ikasleek euskarazko B2 maila izatea”. 

 

Kulturartekotasunaren garrantzia

Kulturartekotasunaren balioa eta garrantzia azpimarratzen dute Oriarten, curriculumaren parte izan behar duela defendatzen dute, eta kulturen arteko aberastasun horretatik abiatuta antolatzen dute Eusle gelako jarduna, Gomezek azaldu duenez: “Etorri berriak ere gure ikasleak dira; guretzat denak hemengoak dira. Eta Eusle gelak asko laguntzen du harrera horretan. Jakina, bakoitzak bere identitatea du, ikasgelan hizkuntza asko entzuten ditugu, istorio asko daude… Harremanak lantzeko aukera paregabea dugu egunero. Eta ikasle berriak iristen direnean, lehendik daudenek oso pozik hartzen dituzte”. 

Huheziko Amelia Barquinek eta Ane Urizarrek kulturartekotasunari buruz eskainitako prestakuntzak berebiziko garrantzia izan zuen Gomezentzat: “Ikuspegia aldatu behar dugula ikusi dut, argi eta garbi. Etnozentrismo handiz jokatzen dugu batzuetan, eta botere harremanak izaten ditugu, baina gu denok gara, eta asko gara. Kontuan hartu behar dugu kultura ez dela soilik herri batetik bestera aldatzen; etxe batetik bestera ere aldatzen da, maiz. Ate zoragarria ireki zidan ikastaro hark”. 

 

"Euskaraz ikastea ikasleen eskubidea da. DBHko 4. mailara euskara jakinda iritsi behar dute, bestela haien eskubideak urratzen ari gara"

Saioa Gomez, Eusle gelako tutorea

 

Gela bakarra 

Eusle gela bakarra dute Oriarten, eta ratiotik gora daude, 14 ikasle baitaude gelan. Horrek ikasleei behar den moduko arreta eskaintzea oztopatzen duela dio Gomezek: “Gehiegitxo da, ezin diezu nahi adina arreta eskaini, baina tutoreekin elkarlanean aritzen gara, eta horrek asko laguntzen du”. Astero biltzen den Eusle batzordea dute Oriarten, baina Gomez egunero egoten da orientatzailearekin. Zubi lan hori oso garrantzitsua da, eta tutoreekin ere harremana etengabea da.

Proposamena egin zioten, eta hori onartuta, bi ikasturte egin ditu Gomezek Eusle gelako irakasle gisa. Lanpostu finkoa du –Eusle irakaslea izateko baldintzetako bat da, taldeak egonkortasuna izan dezan–, eta esperientzia du murgiltze eredutan. Era berean, garrantzitsua zen hizkuntzen didaktikan esperientzia izatea eta hainbat egoeratara egokitzeko eta ikasleak babesteko gaitasuna izatea. Bi ikasturteetan ikasleen prozesu osoa ikusi du: “Oso esperientzia polita da. DBHko 3. mailan dauden ikasleak euskaraz ari direla eta pozik ikustea gauza handia da, eta oso gustura nago. Polita izaten ari da, proiektuekin ere askatasun hori dugu”. Proiektuka egiten dute lan Oriarten, eta komunikazioaren ikuspegitik hori oso garrantzitsua dela azpimarratu du Gomezek. Errutinak egiten dituzte egunero, eta elkarreragina bultzatzen dute. Ikasleei bizitzeko tresnak eskaintzen saiatzen dira, azken batean.

Egoera gogorrak bizi izandakoak dira atzerritik iristen diren ikasle asko, baina bertakoek ere motxila astuna izaten dutela dio Gomezek: “Hemen ere denetik dago. Bizitza hobe baten bila datozela pentsatzen dugu askotan, eta posizio horretatik hitz egiten dugu, baina niri kulturartekotasunak erakutsi didana da bakoitza datorren moduan datorrela. Egoera gogorrak bizi izan dituzte askok; familia eredu desberdinak daude, baina hemen ere gauza bera gertatzen da”. Eusle gela, hala ere, babesleku bat da, eta ikasleei asko laguntzen die denak egoera bertsua bizitzen egoteak. Indar handia dutela eta maitasun handia ematen dutela dio Gomezek: “Zoragarria da. Denbora eskaintzea eta elkarri entzun ahal izatea… oso garrantzitsua da”. 

 

"Etnozentrismo handiz jokatzen dugu batzuetan, eta botere harremanak izaten ditugu. Kontuan hartu behar dugu kultura ez dela soilik herri batetik bestera aldatzen; etxe batetik bestera ere aldatzen da, maiz"

Saioa Gomez, Eusle gelako tutorea

 

Oso balorazio ona egiten du Gomezek, baina bidean oztoporen bat edo beste aurkitu du: “Ikasle bat, adibidez, berak ezer jakin gabe ekarri zuten jaioterritik Euskal Herrira, eta amorru handia zuen… Gehienetan ez zuela ezer egiten sentitzen nuen, eta gogorra izan zen. Eta ratioak ere hor daude: ez da gauza bera hamar ikasle edo hamalau ikasle izatea”. Berak argi dauka badirela programa aurrera eramateko beste zailtasun batzuk, esate baterako, komunitate osoa inplikatu beharra eta denbora falta: “Denbora behar da denon inplikazioa lortzeko, baina gauza asko ditugu esku artean, eta estresatuta gaude denok”.