Ekainaren 5ean, Bilboko erdigunean, 20. Euskal Eskola Publikoaren Jaia egin da. Arriaga plaza, Areatzako kaia, Areatzako pasealekua, Erripako kaia eta Naja guneak erabili dira. Ikuskizun ugari eta jendetsuak egon dira egunean zehar.EAEko Hezkunza Saileko arduradunak bertaratu direla-eta, Santutxuko Karmelo ikastolako hainbat guraso, ikasle eta irakasle ezarri nahi zaien fusioaren aurka agertu dira. Hainbat sindikatuk beren kexua agertu dute, eta, horrez gain, politikoen adierazpenak egon dira hirueleko ereduaren aurka.

 Antolatzaileen prentsa-oharra

 

Jai arrakastatsua ospatu da gaur Bilbon eguraldi on eta giro ederrarekin. Milaka pertsona hurbildu dira Bilboko Areatzara eta egitarauko jarduera guztiak ospatu dira inolako arazorik gabe. Janari guztia amaitu da ere.

 

Goizeko 11:00etan egin da hasiera-ekitaldia Arriaga Antzokian. Bertan izan dira Bilboko alkate Iñaki Azkuna eta Ibone Bengoetxea Hezkuntza zinegotzia, Hezkuntza administrazioko ordezkariak (Isabel Celaá sailburua eta sailburuordeak), legebiltzarkideak, hezkuntza arloko ordezkariak (CEAPA, BIHE, Sarean, Herrikoa..), sindikatuak eta kultura eta euskararen arlokoak (Kontseilua, AEK, UEU) besteak beste.

 

Euskal Eskola Publikoa euskal hezkuntza sistemaren ardatza dela gogoratu du Ana Puente EHIGEko presidenteak hasierako hitzaldian eta honen alde egiteko arrazoiak zeintzuk diren gogoratu du: kalitatezko Euskal Eskola Publikoa, berritzailea, doakoa, guztiona, solidarioa, euskalduna, laikoa, autonomoa, inklusiboa, demokratikoa, herriari lotua...

 

Hasiera ekitaldian entregatu dira Guraso Elkarteen Hezkuntza-Jarduera Onen lehiaketaren sariak eta aipamen bereziak. Aretxabaletako Kurtzebarri institutuko guraso elkarteak jaso du lehen saria, Bilboko Juan Delmás eskolakoak bigarrena eta Olaberrikoak hirugarrena.

 

Ekitaldi berberean egin da lekuko aldaketa Zarautzko Orokieta herri eskolako zuzendari eta ikasketa buruarekin, bertan ospatuko bait da 2012an Euskal Eskola Publikoaren 21. Jaia.

 

Goizeko 11:00etatik arratsaldeko 8ak arte luzatu dira jarduera guztiak jende ugarirekin. Bazkari orduan pintxo eta paella guztiak amaitu dira.