SAREANek eta BIHEk antolatuta, Euskal Eskola Publikoaren 1. jardunaldiak egin ziren apirilaren 18an, Gasteizen. Besteen artean, Nuria Giné LOMCE legearen ondorioen gainean aritu zen, eta, Carles Monereo, berriz, konpetentzien ebaluazioaz.

SAREAN  eta BIHE Elkarteak apirilaren  18an, Gasteizko  Mendizabala Instituan   “Euskal Eskola Publikoaren I. Jardunaldiak” burutu ditu. SAREANek EAEko Haur eta Lehen Hezkuntzako 180 ikastetxe publiko biltzen ditu eta BIHE elkarteak Bigarren Hezkuntzako 100 ikastetxe. Bi elkarteen helburu nagusia hezkuntza publikoaren kalitatea hobetzea  da .

Lehenengo aldia da SAREAN eta BIHE elkarteak elkarrekin Jardunaldi bat egiten dutela, baina jadanik, 11 urte igaro dira bi elkarteak elkar lanerako hitzarmena sinatu zutenetik.

Geroztik, bi elkarteok EHIGErekin batera “Euskal Eskola Publikoa, Gaur, Bihar”  ekimena osatu dute.  Lankidetza honen ondorioz zenbait proiektu garrantzitsu burutu dira;  azkena “Euskal Eskola Publikoa Haratago” dokumentua publikatzea izan da. Aurrerantzean, dokumentu hau izango da Euskal Eskola Publikoa hobetzeko bidean,  elkarte hauen ekimen partekatuen gidari.

“Euskal Eskola Publikoa Haratago” dokumentuan  zehazten ditugun aspektu batzuk, hau da, Ebaluazioa eta Eskola Arrakasta,  aztertu eta landu dira Euskal Eskola Publikoaren I. Jardunaldietan. 

 

Euskal Eskola Publikoaren I. Jardunaldiak aukera  eman du  Hezkuntza Publikoko  irakasle, zuzendaritza talde, aholkulari pedagogiko, hezkuntza arduradun, etab-en arteko elkarlana gauzatzeko eta ikastetxeetan dauden  praktiken inguruan gogoeta eta iritzi trukaketa egiteko.

Jardunaldien hasiera Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak eman du. Hezkuntza Sailaren helburu nagusia etengabeko hobekuntza bultzatzea dela aipatu du. Horretarako, “Euskal Eskola Publikoa Haratago” dokumentua tresna baliagarria dela azpimarratu du,  bere eginkizunean sarritan erabiltzen duela gaineratuz.

 Ondoren, Kataluniako Unibertsitateko irakaslea den  Nuria Giné anderea aritu da “Aprendizaje social y evaluación inclusiva”ren inguruan. Hezkuntza arloan erreferente garbiak izatearen garrantzia azpimarratu du. Bere iritzian, egiten jakitea baino garrantzitsuagoak dira kalitatea bultzatzeko aukeratzen ditugun erreferenteak. Puntu honetan, gaineratu du LOMCE-k orain arteko Hezkuntza filosofia errotik aldatuko duela. 

 Ondoren  Kataluniako Unibertsitate Autonomoko irakaslea den Carles Monereo jaunak  “Ebaluación Competencial” –ren inguruan jardun du.

 Bere hitzaldian, ikaslea ebaluatzeko era  aldatzearen garrantzia azaldu du  eta gaineratu du aldaketa honek ikaste prozesu osoaren aldaketa dakarrela. Onartu du aldaketak egitea ez dela erraza eta daukagunetik abiatuta pausoak ematen ari garela, ikastetxe desberdinetan dauden esperientziak frogatzen duten bezala. 

 

Ikastetxeetan egin den hainbat  lan kinka larrian LOMCErekin

Hitzaldien ondoren osatu diren lan taldeetan  baieztatu da, azken urte hauetan irakasleek egin duten ahalegina, bai formatzeko baita metodologia  berriak martxan jartzeko ere. Honekin batera, ebaluatzeko erak ere aldatzen ari  dira eta ondorioz, ohiko azterketek behar berrietara egokitzeko birmoldaketa sakona jasan beharko dutela ikusi da. Norabide horretatik abiatuta, konpetentziak neurtzeko teknika desberdinak erabiltzen hasi dira ikastetxe askotan. Hala ere,  oraindik formazio eta  esperientzi onetatik  ikasteko beharra dagoela aipatu da. Bestalde, kanpo ebaluazioek (Ebaluazio Diagnostikoak eta Pisak) izan duten eragin baikorra aztertu da,   baina LOMCEren kanpo ebaluazioak atzera pausoa ekarriko duenen beldur azaldu dira partaideak. 

Gai honen inguruan esperientzia desberdinak ezagutzeko aukera izan dugu arratsaldean:  ebaluazio konpetentziala Amara Berri eta  Sils ikastetxeetan.

 

Eskola  Inklusibotik ikasle guztien arrakastara

Lan taldeetan ere  eskola arrakastaren faktoreak aztertu dira. Hauen artean batzuk: eskola inklusiboa, komunitate osoaren parte hartzea, helburu komunak, denen arrakasta ziurtatzea, giro ona, ebaluazioa eta hobekuntza iraunkorra… 

Jardunaldietan bildutako partaideen hitzen arabera argi geratu zen  Eskola Publikoak egin duen  inklusibitatearen aldeko apustua, etorkizunerako aukera dela. Eskola guztietan dauden  Urteko Planak eta Memoriak  aukera ematen dute hobekuntza  proiektuak garatzeko eta ebaluatzeko.  Azpimarratzeko da,  ikastetxe asko plangintza hauek garatzen lagunduko dien Kalitatea Hezkuntzan Proiektuan sartuta daudela.  

Ildo honetatik, arrakasta faktore den  eskola komunitatearen lankidetza  garatua duen Toki Alai DBH institutuaren esperientzia  ezagutzeko   aukera izan dugu

LOMCE lege proiektuak, Hezkuntzaren kalitatea eztabaidagai ezarri duen garai honetan, beharrezkoa ikusten dugu gaurko Euskal Eskola Publikoak hezkuntzaren kalitatea nola ulertzen duen azpimarratzea, eta hurrengo urtetan kalitatea hori hobetzeko eman behar diren urratsak zehaztea.

Hezkuntza Sailak beti izango ditu SAREAN eta BIHE elkarteak norabide honetan lan egiteko prest.

Sarean eta BIHE elkarteak

2013ko apirilaren 18a