BIHE (Bigarren hezkuntzako zuzendarien elkartea), EHIGE (Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkartea) eta SAREAN elkarteek (Lehen Hezkuntza zuzendarien elkartea) “Euskal Eskola Publikoa haratago” izeneko dokumentua aurkeztu dute Bilbon. Beren ustez, Euskal Eskola Publikoak dituen erronka garrantzitsuenak bildu dituzte bertan.

"Lan-prozesu luze baten emaitza da dokumentu bizi hau; izan ere, hezkuntza-komunitatearen ekarpenak jasotzeko asmoa dugu. Euskal hezkuntza sistemari buruzko edozein eztabaidetan kontuan hartzeko dokumentua izatea espero dugu.

Dokumentuaren helburuak:

-Legedian etengabe ematen ohi diren aldaketek, desoreka eta eragin negatiboa egin diote ikastetxeetako proiektuen jarraipenari. Aldaketa hauei aurre egiteko beharrak, eta Euskal Herriko Hezkuntza Sistemaren berezitasunek, Euskal Eskola Publikoaren identitate propioa joan dira modelatzen.

-Azken urteotan ikastetxe publikoetan egin diren praktika pedagogikoek hezkuntzaren hobekuntzari egin dizkioten ekarpenen mamia biltzea eta eskolei eta gizarteari ondare hau proiektatu nahi diegu dokumentuarekin.

-Dokumentuarekin ere aitorpena egin nahi diogu gizarteari: askotan jabetzen gara eskola publikoetan egiten den kalitatezko lan duinak ez duela merezi duen oihartzun publikorik izaten. Horregatik, dokumentuaren arrazoietako bat da gizarteari zuzenean protagonistak garenak eskola publikoaren errealitatea eta nahiak azaltzea. Dokumentua bera ez da nahikoa ikastetxe publikoetan egiten den guztia azaltzeko, baina bai sintesi on bat, jada egiten dena eta egin nahi duguna azaltzeko.

-Deia egiten diegu hiritarrei eta denon ordezkariak diren arduradunei, kalitatezko eta euskalduna den eskola publikoa berma dezaten, Euskal Herriak duen gizarte-ondare garrantzitsuenetako bat delako. Hezkuntza Publikoa kohesio soziala, euskal gizarte justuagoa eta herri bezala bizikidetza iraunkor bat sustatzeko oinarrizko baliabidea da."

Dokumentu osoa ikusi hemen: www.euskaleskolapublikoa.eu