Euskal jendartea aldatu den neurrian, euskal curriculuma gaurkotu behar dela iritzi dio hainbat eragilek.

Adostasun handiz ondu zuen euskal hezkuntza komunitateak ‘Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculuma’ 2006an. Ezinbesteko erreferentzia izan da Euskal Herria ardatz nahi duten hezitzaileentzat. Orain, ia 20 urte geroago, euskal jendartea aldatu den neurrian, euskal curriculuma gaurkotu behar dela iritzi dio hainbat eragilek. Asmo horrekin Eusko Ikaskuntzak jardunaldi bat egin zuen uztailaren 19an Baionan.

 

Euskal hezkuntza komunitateko eragile esanguratsuenen partehartzea izan zuen prozesu zabal eta sakon baten ondoren, 2006an onartu eta argitaratu zen Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculuma, adostasun handiz. Bere ibilbidea egin du ordutik: ezinbesteko erreferentzia izan da ia 20 urtez euskara eta euskal kultura ardatz nahi dituen hezkuntza sisteman; ezinbesteko erreferentzia, Euskal Herria herri gisa, hezkuntzatik josteko. Urteak, ordea, ez dira alferrik igaro, eta jendartea aldatu eta berkokatu den neurrian, euskal curriculumak ere gaurkotze eta berkokatzea behar ditu. Hala iritzi dio Eusko Ikaskuntzak, eta prozesu bat abiatu du euskal curriculum berrituaren inguruan “herri hausnarketa sustatzeko” . “Euskal curriculumak zer berkokatze behar duen aztertu behar dugu, bai hezkuntzan baina baita globalizazio garai honetan ere”, adierazi zuen Eusko Ikaskuntzako Hezkuntza Batzordeko Proiektuen arduradun Beatriz Akizuk, Baionan uztailaren 19an egindako Hezkuntza etorkizuneko jendartea kohesionatzeko tresna: euskal curriculumaren ber-irudikatzea izeneko jardunaldiaren aurkezpenean. “Hezkuntzarekin lotutako zeharkako gai komunak ditugu euskal lurralde guztietan eta horien gaineko herri hausnarketa bultzatzea da gure bide-orria. Euskal Herriko jendartearean aniztasunaz jabetuta, euskara eta euskal kultura tresna garrantzitsuak dira identitate partekatuaren eraikuntzan, eta ondorioz, jendartearen eta lurraldearen kohesioan”.

 

“Ez gara zerotik abiatzen”

 

“Euskal curriculumaren ber-irudikatzea egiteko une honetan, ez gara zerotik abiatu behar”, horixe izan zen Lore Erriondo EHUko Pedagogia Saileko irakaslearen eta Hik Hasiko kidearen mezua. Erriondok 2006an buru-belarri parte hartu zuen euskal curriculumaren lanketan. “Azken hamarkadetan hasi baldin bagara ere euskal curriculumaz hitz egiten, edukiak sortzen askoz lehenago hasi ginen: gure herriak bere buruaren kontzientzia hartzen duenetik, abertzaletasunaren hastapenetatik, euskal irakaskuntzan urratsak egiteko ikasmaterialak sortu dira. Edukietan argi izan dugu, hastapenetik, zer den transmititu nahi izan dena”. 1920raino egin zuen atzera Xabiertxo materiala gogora ekarriz. Horrela, hamarkadarik hamarkada, aurrera urratsak egin dira, irakasgaietako materiala sortuz 30etan;  editorialak sortuz 40etan, hezkuntza ez formaleko komikiak 60etan… 

Garaian garaian, Espainiako zein Frantziako Hezkuntza legeek utzitako “askatasun espazioetan” garatu izan da euskal dimentsioa. “Aspaldi ginen bide honetatik abiatuak”, adierazi zuen Erriondok, gogora ekarriz 1866rako RM Azkue ikastola martxan zela Lekeition. “Ohituak gaude borroka egiten eta ez amore ematen. Orain ere ez dugu ahaztu behar ez daukagula Euskal Hezkuntza Sistemarik, eta nor izateko borrokatzen segitu behar dugula. Jarraitu behar dugu elkartzen eta adosten, zerk batzen gaituen ikusiz, nor izan nahi dugun eta oinak lurrean jarriz, une bakoitzean zer egiteko aukera daukagun aztertuz, amore eman gabe”. 

 

"Ez dugu ahaztu behar ez daukagula Euskal Hezkuntza Sistemarik, eta jarraitu behar dugula nor izateko borrokatzen.  Elkartzen eta adosten jarrai behar dugu"

Lore Erriondo, EHUko irakaslea

 

Aurrera begira jarri zen, bada, Nora Salbotx Amaiurko eskolako zuzendaria, Hik Hasiko kidea eta Eusko Ikaskuntza hezkuntza proiektuko zuzendaria. “Tresnarik baldin badugu, sarez gaindi, mugaz gaindi, euskal hezkuntzagintzan ari garenok batzeko, hura curriculuma da”. Beraz, eta 2006ko curriculumaren “erro humanistikoari jarraiki” (izan ere, Salbotxen aburuz, “edukiari beharrean dagoeneko ikasleari eta pertsonari begiratzen dion Delorsen eta abarren begiradak Euskal Herrian lehenik euskal curriculumari esker lur hartu zuen”), baina “mundializazioari erantzunez eta ziurgabetasun garaiotara egokitzeko” lau erpinetatik tira egin zuen euskal curriculuma ber-irudikatzen hasteko: teknologiaren erronkatik, klima larrialdiaren erronkatik, hezkidetzatik eta feminismotik eta euskal kulturaren erronkatik. 

Duela 17 urteko curriculumak “bikain” jasotzen ditu, Salbotxen ustez, teknologiari dagozkion erronkak. “Pentsamendu kritikoaz, teknologiak gauzak aldatzeko ematen dizkigun aukerez, sormenaz eta berrikuntzaz ari da, bertzeak bertze, euskal curriculuma”. Alta, aitzinean erronka berriak ikusten ditu egun: “Big-data edota irakasleen eta gure ikasleen bizitzekin lotutako datu andana horrek kezkatu beharko gintuzke; mundu birtualetan eta ziber geletan diharduten denbora puxka esanguratsuak; hodeian uzten ditugun datuen ondorioek; algoritmoek aukeratzen dizkiguten hizkuntzak edota adimen artifizialak”. 

Klima larrialdiaren erronkei dagokienez, 2006ko euskal curriculumak Natur eta Osasun Zientzien atalean kokatzen zuen ekologia hitza, Salbotxek azaldu zuenez, baina, Amaiurko maistraren aburuz, gaur erronkak Natur Zientzien esparrua gainditu du: “Orduan euskal curriculumak iragarri gisara, ezinbertzekoa da gure ikasleek jakin dezaten, eta egiten eta ekiten jakin dezaten, lurraren estraktibismoa geldituko duten gaitasunak. Gaitasun ekosozialak, ingurugiroaren justiziarenak eta zaintzarenak txertatu behar dira gure curriculumetan. Planeta bizigarri bat bizitzeko eta gozatzeko haien eskubidea delakoz eta baita gure betebeharra ere, hezkuntzatik”.

 

"Badakigu botere harremanez, emakumeek zientzian (ez) daukaten presentziaz, eta euskara eta feminismoaren hartu emanez. Hori poblematizatu behar dugu hezkuntzatik"

Nora Salbotx, Amaiurko zuzendaria

 

Euskal curriculuma, feminismotik

 

Berdintasuna, hezkidetza eta (eko)feminismoarena da, Salbotxen aburuz, garaiotan euskal hezkuntzak artatu behar duen beste erronka bat. 2006ko curriculumak Mundu ikuskerak eta erlijioak atalean egiten zion erreferentzia feminismoari, elkartasunarekin, bakegintzarekin, ekologismoarekin eta justizia sozialarekin batera. Amaiurko zuzendariaren aburuz, euskal curriculuma berritzeko ariketan ezinbestekoa da ikuspegi feminista osoki eta zeharka txertatzea: “Gaur gainera badakigu, ekonomia, antropologia, arkitektura, pedagogia, zientzia politiko, eta abar feministek irakatsita, bizitzak erdigunean jarriko dituzten politikak egin behar direla. Eta zaintzaren etikarako pedagogia egin behar dugula. Baita, curriculuma zeharkatuz dena birpentsatzeaz gain, hezkuntzarako espazioa bera ere ezbaian jartzeko ordua dela”. Eduki “inportanteen zerrendan”, entziklopediarenean, “aho tradizioa, sukaldeetan transmititu diren ezagutza ezinbertzekoak, ‘emakumeen gauza horiek’, oikosarenak” falta direla sumatzen du adituak: “Badakigu botere-harremanez, emakumeek zientzian (ez) daukaten presentziaz eta, baita euskararen eta feminismoaren arteko, euskararen eta ekologiaren arteko, euskararen eta teknologiaren arteko, euskararen eta elikadura burujabetzaren arteko hartu emanez ere. Hori guztia problematizatu beharko dugu, baita hezkuntzatik ere. Akaso hezkuntzatik inondik baino lehenago. Euskal curriculuma aukera on bat da horretarako”.

Ezin euskal curriculuma gaurkotu euskal kulturak egun dituen erronkak aintzat hartu gabe. Amets Aranguren kantari eta Kontseiluko proiektu-buruaren hitzak ekarri zituen Salbotxek hizpidera: “Euskal kulturaren transmisioak gaur egun ez luke izan behar X nor zen jakitera mugatzen den ariketa; baizik eta transmisioa euskaraz sortzera bulkatzen gaituen indarra izan behar da”. Baina galdera airean utziz amaitu zuen bere hitzartzea Amaiurko eskolako zuzendariak: “Kulturak joskintza komunitariorako potentziala, gaitasuna du, baina, eta zer da euskal kultura gaur? Zer da transmititu beharko genukeen grina, bulkada, hori?”.

“Euskal kultura euskaraz egiten dena da, euskaratik pentsatu eta egiten dena; berdin dio zer adierazpidetan”, erantzun zion Gotzon Barandiaranek. Idazleari egokitu zitzaion euskal curriculumaren ber-kontzeptualizazio ariketan euskal kulturaren dimentsioan sakontzea. “Hizkuntza bat eta bere kultura ezin dira bereizi, hizkuntza guztiek dituzten hiztunek erabiltzen dituzte sormen adierazpideak komunikatzeko, eta euskarak ere bai. Euskara eta bere kulturgintza bereiziezinak dira”. 

Barandiaranentzat hezkuntza arautua funtsezko eremua da euskal kulturaren transmisioa egiteko. Eta halaber, kulturak  balio erantsia ematen dio hezkuntzari, “pertsonen eta herrien garapen integralerako elementu funtsezkoa” den neurrian. “Emozioak eta pentsamenduak euskaraz adierazteko gauza ez diren ikasleak dauzkagu. Hau da, pertsona moduan garatzeko ezinbestekoak diren tresnak ez dauzkate euskaraz. Baina, berez, ez dago ikas-egoerarik zeinetan ikasleak ez daukan emoziorik edo ariketa intelektualik egiten ez duenik. Beraz, gaitasunaz ari gara. Gure iritziz, sormena izugarrizko baliabidea da euskara gaitasuna lantzeko. Ikasleak mugatu egiten ditugu ez baldin badiegu erakusten sentimendu bat edo pentsamendu bat adierazi dezaketela, adibidez, antzerkiaren, arte plastikoen, bertsolaritzaren, musikaren, literaturaren, zinemaren, komikiaren bitartez”.  

Euskal curriculuma kaxoitik atera eta ber- irudikatzeko unea iritsi den honetan, Barandiaranen aburuz, “dena daukagu irabazteko. Euskarazko kulturgintzaren bidez heziketa eraldatzaile bat diseinatzeko aukera handiak ikusten ditugu bizitzeko eredu hau aldatzeko”. 

Salbotxen eta Barandiaranen ildotik, “aukera sakon bezain zirraragarria” dugu uneotan euskal curriculuma euskal herritarrak kohesionatzeko tresnatzat berrirudikatzeko, Irene Lopez-Goñirentzat. Nafarroako ikastolen elkarteko aholkulari,  Hik Hasiko kide eta NUPeko irakasle izan denak 2006ko curriculumaren lanketan parte hartu zuen, eta orduko lanari bere balioa errekonozituz “gaur berriro egin beharko bagenu”, hainbat gauza aldatuko lituzkeela aitortu zuen. Horretarako, pedagogian cirruculuma sortzeko erabiltzen diren lau iturri aztertu zituen: iturri soziologikoa, epistemologikoa, filosofikoa eta psikologikoa. 

 

"Dena daukagu irabazteko. Euskarazko kulturgintzaren bidez heziketa eraldatzaile

bat diseinatzeko aukera handiak ditugu bizitzeko eredu hau aldatzeko"

Gotzon Barandiaran, Idazlea

 

Lehen begirada, ikuspegi sozialetik

 

“Euskal curriculuma idatzi zenean gutxien kontuan hartu zen eremua soziologikoa izan zen. Euskal curriculuma eraberritu nahi den une honetan gabezi horri erantzun bat ematea gomendagarri litzateke”. Datu soziolinguistikoek kezkatzen dute bereziki, zer esanik ez Nafarroako ikuspegitik, eta baita soziologiaren aniztasunak ere. Iturri soziologikotik, hizkuntzaz gain, feminismoa, garapen jasangarrirako helburuak eta inklusioa “osotasunean ulertuta” izan behar lirateke kontuan.

Iturri epistemologikoa ere errebisatu behar da: “Arlo bakoitzeko adituek orriak eta orriak nahi dituzte euren arloaz. Gai izan beharko genuke euskal curriculumean proposamen epistemologiko interesgarri, txiki eta argia egiteko, ez beste Biblia bat”. 

Ostera, iturri filosofikoari dagokionez, konpetentzien gaiarekin kontuz ibiltzeko deia egin zuen: “Konpetentziak indar ekonomikoetatik etorri zaizkigu, Pisa eta Munduko Bankua esaten ari dira eredu akademizistak ez diola erantzuten egungo ekonomia sistemari; baina horren aurrean irakasleok alderdi humanista konpententzien munduari erantsi behar diogu”. 

Iturri psikologikotik asko edan dela esan zuen Lopez-Goñik: “Euskal curriculumari Psikologiak helduleku sendo bat eman behar dio, aspalditik onartua daukaguna: nola ikasten den eta prozesuak zein diren, soziokonstruktibismoak erakusten digu”. 

Erriondo, Salbotx, Barandiaran eta Lopez- Goñiren hitzaldiez gain, euskal curriculuma ber-irudikatzeko beste hainbeste gako eman zituzten EHUko Oihana Leonetek, Bernat Etxapare lizeoko Iban Thicoipek, Ikastolen Elkarteko Zigor Ibarzabalek, Estia enpresako Cynthia Lamothek eta EHUko Itziar Azkuek, azken hiru horiek Hik Hasiko Ainhoa Azpirotzen gidaritzapean. Hezkuntzaren gaineko hausnarketa prozesuaren fase berri bat ireki zuen Eusko Ikaskuntzak uztailaren 19an, hurrengo mugari nagusian burutuko duena, 2024ko udazkenean ospatuko duen Eusko Ikaskuntzaren XIX. kongresuan.

 

Liburu Zuria helburu

 

Eusko Ikaskuntzak abiatu duen prozesuaren helburua Euskal Herriko Hezkuntza Sistemaren Liburu Zuria idaztea izango da, hezkuntzak epe ertainera eta luzera begira beharko duen marko partekatua zehazteko. Hezkuntzatik ere, Euskal Herriaren kohesioa da Eusko Ikaskuntzaren helburua, eta beraz, adostasunak izango ditu jomugan. Uztailaren 19ko jardunaldiaren ostean, irailaren 30ean Ficoban egin zuen hurrengo urratsa.

 

Jardunaldian esanak

 

"Euskaraz eta euskaratik ikasi behar dugu, maleruski euskaraz ikasten dugu, baina ez euskaratik.”
(Iban Thicoipe, Bernat Etxepare lizeoko zuzendaria)

Motxila batzuk dakarzkigu eta elkarrekin jardun beharrean, askotan, elkarren kontra jarduten gara. Hori gainditzeko momentua iritsi zaigu.” (Zigor Ibarzabal, Ikastolen Elkarteko hezkuntza arduraduna)

Hizkuntza irakasteko, hizkuntzen irakasgaietatik harago hartu behar dira espazio berriak.”
(Oihana Leonet EHUko Hezkuntza Zientzien Saileko irakaslea)